Amurizak zioskunez

iraila 24, 2012 @


amuriza

Ikasturtean sartu berritan gaudenez, erdi hausnarketa erdi liburu iruzkin batekin hastea erabaki dugu, gogoetari derrepentean eta bortxaz ez ekiteko. Aurkezpenari dagozkion berriak gorabehera, aski oharkabean sartu zen gurean Xabier Amurizaren Euskara Batuaren Bigarren Jaiotza (Lanku, 2010), lan oparo eta ezbairik gabe landua. UEUko ikastaroen barruan aurkeztu zuen autoreak liburua, zeina “Euskara eguneroko lantresna dutenen artean, diskurtso handiak baino soluzio txiki bat nahiago duten guztiei” eskaini baitzien. Halere, berriztarrak sarreran dioenez, liburua hamarnaka urte lehenago idatzi zuen, Elhuyar Hiztegia eta 3000 Hiztegia sortu aurretik ere. Saiakera argitaratzeko, ordea, ez zion testuari orrazketa batzuk baino eman. Esan bezala, bada, saiakerak ez du oihartzun handirik izan, ez bada erreportaje edo interneteko iruzkin batzuk, eta horregatik aukeratu dugu, iruditzen baitzaigu Amurizak egindako lana, ematen dituen soluzioekin ados egon zein ez, nabarmentzekoa dela. Atal batzuk aukeratu eta zertzelada batzuk baino ez ditut emanen, beste liburu oso bat beharko litzatekeelako saiakera honi erantzuteko.

Osoa

Hiru adar sendotan banatzen du liburua: euskararen hutsuneak, aditza eta lexikoa. Lehenengo multzoan, nabarmentzekoa da erlatiboari eskaintzen dion gogoeta. Egitura erabilgarria eta onartua izanik ere, maiz baztertu egiten dela dio Amurizak, aurreiritziengatik-edo. Esan behar da, ordea, aunitz ikertu dela erlatiboaren inguruan, eta hizkuntza langai dutenek hamaika buelta eman dizkiotela auziari. Aurreko mendeetako idazle gehienek erabili arren, garbizaletasunaren erruz “non”, “zein” eta beren aldaerak ez dira egun apenas erabiltzen; Amurizak adibideen bidez eta deklinabide kasu guztiak aintzat hartuz aztertzen du, horiek bultzatzearekin batera. Pasarte honi buruzko iruzkin askorik ez dut, aski ados bainago horien erabilerarekin eta planteatzen dituen aukerekin. Baten batek esanen du honako esaldi hau ez dugula inoiz ahozko hizkeran sortuko: Zu ez al zara atrakatzaile hura, bere argazkia zabaldu zutena (zeinaren argazkia zabaldu zuten)… telebistan? (42.or). Agian hala da, baina hamaika dira idatzizkoan eta ahozkoan bat egiten ez duten moldeak, alderdi pragmatikoek baldintzatuak maiz; gainera, moldeak argiak eta baliagarriak badira eta on baino kalte egiten ez badute, ez dut ez erabiltzeko arrazoirik ikusten.

Lehenengo atalean kontuan hartu beharreko zenbait aspektu agertzen zaigu: izen baten mendeko perpausak eta horien inguruko joera oker zabalduak (zeren-zertarako[1] ez bereiztearena, kasu). Baina badira, baita ere, zalantzagarriak egin zaizkidan zenbait proposamen. Esaterako, Amurizak hizkuntza ekonomiarako hautua egiten du liburu osoan, eta joera hori deklinabide-kasuen joskeran ere azaltzen du. “Zerbaiten beldur” esaera errepikatzen bada, adibidez, esamolde osoa errepikatzeko ohitura dugu: Ez naiz zure beldur, zure mihiaren beldur baizik. Amurizak, elipsiaz baliatuz, beste hau proposatzen du: ez naiz zure beldur, zure mihiaren baizik (55.or). Argi dago ulertu ulertzen dela, baina beste moldea hain barneratua izanik, bigarren zati horri zerbait falta zaiola dirudi. “Efektu oratorioren bat lortzeko ez bada, hizkuntza aurreratua ez da errepika zale”, dio autoreak. Izan ere, saiakeraren izenburuak badu bigarren zati bat, “osoa, lehiakorra, nazionala” izenekoa, eta horiek azaltzen zaizkigu Amurizaren proposamenen jomugan.

Zalantzazkoa iruditu zaidan beste bide bat konparatiboena izan da. Beheranzko graduatzaileetan gutxi-gutxiago-gutxien adberbioa “muzin gabe” onartzea eta goranzko konparatiboa “ez” aurrezkiarekin erabiltzea, alegia. Honela: Biak dira txar, baina baten bat izango da gutxiago txar, ezta? edo Zein da ez-merkeago? edo Txar-txarretan ere, baten bat izango da gutxien txar, ezta?[2] (72.or). Proposamen moduan ongi dago, sinplea eta argia da, eta baliteke inoiz gutako baten batek ahoz halako zerbait sortu izana, testuinguruak eskatuta; baina beste behin ere, zail ikusten dut ezerezetik sortu eta nagusitzea, batez ere badugulako beste bide errotu bat eta bien arteko ñabardura ez zaidalako hainbestekoa iruditzen. Ez nuke esanen hori euskararen hutsune bat denik, alegia.

Lehiakorra

Ekonomiarekin jarraituz eta aditzen atalera jauzi eginez, pare bat kontu aipatu nahiko nituzke, oraingoan bai, aplikagarriak iruditzen zaizkidanak. Batetik, des- aurrezkia jarrita -ra- artizkia duten aditzena; desbideratu aditzak bidetik atera edo bidea galdu esan nahi badu, eta artizkiak nora adierazten duela kontuan izanik, kontzeptua eta -ra- kontraesankorrak lirateke. Autoreak desbidetu proposatzen du, beraz. Hamaika aditz forma laburtzen ditu, bai elipsiaren bidez (dirutu “diru asko egin” esateko, adibidez) bai ezabaketaren bidez, “TU-DU atzizkiak edozein hitz adiztu baitezake” (121.or). Ni horrekin aski ados nago, argia eta naturala da; naturala diot, euskara barru-barruan ez duten hiztunek ere sortzen dutelako[3]. Gauza bera dio zerrendan jartzen dituen erdal atzizki adizgileak kalkatzearekin, esaterako, espainolezko -izar delakoa; horrela, bada, euskaraz zuzenean normalizatu eman beharrean, normaldu beharko luke (Euskaltzaindiak biak onartzen dituela esan behar da, eta esanen nuke testuinguruak baldintzatuta egiten dela bataren edo bestearen alde).

Aditz trinkoei buruz ere badu pasarte bat, non trinkoen apologia bizia egiten baitu. Dagoeneko galdu direnak berreskuratzeaz gain, asmatu ere egiten ditu batzuk, analogiaz. Aditz trinkoen zale banaiz ere, uste dut hobe dugula daudenak erabiltzea, asmatzen hastea baino. Halere, agian oker nabil eta ez da hain zaila ere forma trinko berrien zabaltzea eta errotzea, zeren eta izan zen sare sozialetan “datsegit”, “daitort”, “daflipat” eta gisako batzuk sustatu zuenik, eta orain maiz aurki ditzakegu (hori bai, lehenengo pertsonan, bereziki).

Aditz-izenei buruzko atalean ere bada harritu nauen zerbait. Ohikoak diren aditz batzuk zerrendatzen ditu, ondoan dagozkien euskaratutako gaztelerazko izenekin (sartu: entrada, jaio: nazimendu, geratu: parada, itxoin: esperantza…), eta euskarazko izenik ez dakigula dio (131.or). Baina zerrenda luze horretako gehienentzako badugu euskarazko izena, aski ezaguna, gainera (sarrera, jaiotza, geraldi, itxaropen…). Baliteke nik arrazoiketa edo esan nahi zuena gaizki ulertu izana, oso agerikoa iruditzen baitzait bestela akatsa; alta, saiatu arren, ez diot beste esanahirik aurkitu.

Nazionala

Lexikoari eta hiztegiei dagokienez, gaur egungo ereduaren koherentzia eza azpimarratzen du Amurizak, hots, “kontzeptu bakoitzaren familia osoa (izen, aditz, adjektibo, aditz-izen eta denak) unitarioki soluzionatu behar dela, eta gero hitz bakoitzaren aplikaera guztiak ere aurreikusi behar direla” (209-210.or). Esaterako, “maiz” adberbioaren familia osoa ematen du: maiz, maiztu, maizte, maiztasun, maizko-maizkor-maiztar-maiztun-maiztaile, baita esamoldeak ere, maiz ibili/joan/izan kasu (161.or). Tradizioari eta erabilerari begirako irizpideak jarraituz, hitzak erraz eta hainbeste erreparorik gabe sortu beharko liratekeelakoan nago ni; atzizkiek badute zerbait ona, adierazkorrak eta argiak direla. Maizkor aurretik inoiz entzun gabe ere, “gauzak maiz egiteko joera duena” edo antzeko zerbait dela asma dezakegu, testuinguruak lagunduta, baita ere.

Halaber, autoreak uste du purismoak kontzeptuen zehaztasunari kalte egiten diola, eta horregatik dago beste hizkuntzetatik hartu beharreko hitzak mailegatzearen eta eredu europarragoari begiratzearen alde, nahiz eta euskal hitzen lehentasuna aldarrikatu. Horrela, “berezi” hitzarekin espainolezko “típico, extravagante, exótico, especial” kontzeptuak ematen baditugu, ñabardurak galtzen direla uste du. Ez dut uste adibididerik argiena denik, hor tipiko eta exotiko dagoeneko hartu ditugulako, eta “extravagante” esateko badugulako bitxi edo nabarmen esatea. Alta, adibidean geratu gabe ideian geratzen bagara, ziur naiz itzultzaileok ere egin dugula inoiz topo halako adiera anitzeko euskal hitzekin. Ñabardurak badirenean tira, ados egon naiteke, baina batzuetan susmoa dut erdaretan sinonimoak diren hitzei ere bilatu nahi zaiela bi ordain euskaraz, horrek hizkuntza aberastuko duelakoan.

Labur bada ere, berriztarrak argi uzten du euskalkien oinarrizko ezagutza bat izan beharko genukeela guztiok, eta, era berean, euskalki barruan ere, batuak tokian tokira egokitu beharko lukeela, hizkera mailan, behintzat. Hala gehitzen du, gainera: “Bizkaitarrok gara geure euskalkia ezelako baldintza barik entregatzen aurreratuenak” (221.or). Baldintza barik horrena eztabaidagarria da, baina baieztapenaren zergatietan sartu gabe, baliteke euskalki hori ez darabiltenen artean euskalkirik ezagunena hori izatea. Baina berriz diot, zergatietan sartu gabe.

Bukatzeko, ez laburtzeko

Azkenik, literaturaz eta itzulpenaz esaten duenetik ere bildu nahi izan ditut pare bat ohar. Bukaeran, Literatura eta lighteratura izeneko atalean zera dio: “Nire aldetik, gero bertatik nahi beste bidaia egingo badut ere, basea neure lurra da, neure ingurua, neure izena, neure bizitza. Lur arrotzak, izen arrotzak ez zaizkit interesatzen. Bai interesatzen zaizkit, nola ez, autore arrotzak, baina ez arrotz itxuraz janzten diren, edo jantzi nahi duten euskal idazleak” (270.or). Eta hor uzten dut.

Itzulpenari buruzko aipuak pare bat baino ez dira, eta, hala ere, ikuspuntua ez da ez batean ez bestean oso ona: “…tentazio oker bat izan liteke itzulpengintzan maiz aholkatzen den mozketa edo esaldia bitan zatitzea (…) Metodo honi arlote eta baztergarri deritzot. Esaldi originalaren itxura eta intentzioa guztiz apurtzen dira. Ezin dugu esaldiak arbitrarioki aldatzen edo moldatzen jardun, egitura funtzional argi eta soil bat ez edukitzearren” (48.or). Aipuaren azken esaldiarekin ados nago, jakina, edozein itzultzaile egonen litzatekeen bezala. Nik neuk inoiz moztu izan ditut esaldiak itzultzerakoan, baina ez arbitrarioki, baizik eta euskarak hala eskatzen zuela iruditzen zitzaidalako, ez neure buruari eta irakurleari gauzak errazteko, baizik eta kate mintzatuaren mesedetan. Edo hala pentsatu izan dut beti; alegia, ez doako mozketa suntsitzailerik.

Sarreran esan bezala, orrazketa txiki bat baino ez zion egin Amurizak hamarnaka urte aurretik idatzitako testuari argitaratzeko prestatu zuenean. Orrazketa arinegia, apika, susmoa baitut zuzenak ez diren gauzetarik aunitz saihestu ahal izanen zituela eguneratze zorrotzago batekin; alta, gerta zitekeen, baita ere, azterketa sakonagoa egiteko tartea hartu izanez gero, liburua sekula ez kaleratzea, beti baitago zer hobetu. Hori kenduta, arazorik larrienak proposamenak praktikara eramaterakoan sortuko liratekeelakoan nago (eta hori da, hain zuzen saiakera honen helburua), esan bezala, zenbait proposamen oso bortxatuak iruditu baitzaizkit. Egia da, ordea, euskara batua abiarazi zenean ere euskaltzale askok ez zuela uste zenbait proposamen aurrera eginen zuenik. Baliteke liburuko hainbat gauza banan-banan aztertu beharrekoak izatea, baina beste soluzio batzuei ez diet beharrik ikusten. Alegia, ez zait iruditzen euskarak Amurizak dioena bezainbeste hutsune izatea; batzuk bai, jakina, eta horiek betetzeko proposamenak ongi etorriak eta aztertu beharrekoak izanen dira. Soluzioak proposatzeaz gain, eztabaida sortu nahi zuen Amurizak saiakerarekin, eta, tamalez, ez dut uste helburua lortu zuenik. Horregatik ere ekarri nahi izan dugu hona, zuen iruzkinekin bigarren aukera bat izan dezan.


[1] “Ez dira berdin etxera iristearen poza eta etxera iristeko poza”, 52. or

[2] Adibide horietako bakoitza testuingurutik aterata dago, eta, beraz, baliteke hain agerikoak ez izatea.

[3] Tafallan, esaterako, “gezurtu” eta “korrikatu” aise entzun daiteke, nahiz eta ez aditz forma guztietan.