Idazleak itzultzaile: Uxue Alberdi

urria 19, 2012 @


ee001452

Atal berria abiatzen dugu gaurkoan Elearazin, Idazleak Itzultzaile, literatura sistemetan askotan eta gure egoera diglosikoan are sarriago elkartzen baitira bi ogibideok. Itzultzaileak Mintzo atalaren ildotik itzulpengintzaren hainbat aspektu jorratu dituzten autoreak elkarrizketatuko ditugu, horien hitzak interesgarriak eta argigarriak izango direlakoan.

Sorta estreinatzeko Uxue Alberdirekin (Elgoibar, 1984) jardun dugu, izan ere, atzo bertan aurkeztu zen Donostiako Udal Liburutegi zaharrean Aulki Jokoa (Elkar, 2009) nobelaren gaztelaniazko itzulpena, hain zuzen, El juego de las sillas (Alberdania, 2012), Miren Agur Meabek eman duena. Alberdi eta Meabe bertan izan ziren Jorge Giménez Bech Alberdaniako editorearekin batera. Galdera-erantzunei heldu aurretik hemen dituzue motzean bilduta esandakoetatik mamitsuenak iruditu zaizkigunak.

Giménez Bechek eman zion hasiera aurkezpenari, Alberdiren eleberriak literaturaren plazari dakarzkion onurak aipatuz. Editoreak Alberdiren idazketa estiloaren soiltasuna eta aldi berean zehaztasuna goraipatu zituen, izan ere, bere ustez hizkuntzaren ekonomiari sekulako etekina ateratzen dio egile honek. Giménez Bechen esanetan zaporeak, koloreak, ukiak edo sentimenduak idatziz transmititzea dagoen eta gauza zailenetarikoa da, baina Alberdik paregabeki lortu du, artifizio eta puzketarik erabili gabe, gainera. Iruditzen zaio hain zuzen estilo soil hauek izaten direla itzultzeko konplexuenak eta Meabek asko zorroztu behar izan duela lapitza, euskarazko testuaren ñabardurak harrapatzeko. Eleberriaren gaiari eta giroari dagokienez iragana eta oraina ezin hobeto uztartzen dituela azpimarratu zuen.

Jarraian itzultzailearen txanda iritsi zen eta poetak aitortu zigun poz handia hartu zuela Uxuek liburua itzultzeko deitu zionean, izan ere, asko gustatu zitzaion haren lehendabiziko ipuin-bilduma Aulki bat elurretan (Elkar, 2007), zeineko narrazio bakoitza elur koilarakada baten modukoa begitandu baitzitzaion. Meabek asko gozatu zuen itzultze-lanarekin, are, nobela gaztelaniaratzea egunero ordenagailu aurrean esertzeko motibazio bilakatu zitzaion. Berak ere liburuaren estilo soila baina doia laudatu zuen, beste hainbat aspekturekin batera, hala nola, lehenengo kapitulua, paragrafo bakarrekoa  eta sekulako indarra duena; herri txikiko giro kostunbrista, zeina oso ezaguna egiten baitzaio Lekeitiokoaren antzekoa delako; eta azpi-gai anitz eta interesgarriak. Itzultzeko orduan aurre egin beharreko arazo tekniko ekidinezinez esan zuen ez zirela gehiegi izan, arestian aipatu bezala itzultze lana batez ere plazera izan zelako, eta gehienak esamolde, hitz-joko eta berben polisemiarekin loturikoak izan zirela. Zenbait adibide aipatu zizkigun, eta konponbideetan askatasunez eta sormena erabiliz jardun zuela, hitzari lotuz baino esanahi eta efektuari erreparatuta.

Bukatzeko Uxue Alberdik hartu zuen hitza eta eskerrak eman nahi izan zizkion Meaberi hain itzulpen dotorea taxutzeagatik. Alberdi jakitun zen euskaraz indarra zeukaten zenbait pasartek pisua galdu zezaketela erdaretara eramatean, baina Meaberen itzulpenean ez da inondik inora horrela gertatu, kontrara, ahuldu beharrean are indartsuago ageri direlako aipatu zatiak. Hitzen Uberanekoek bideoan jaso dituzte autorearen hitzak, tartean Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalariak eleberriko protagonisten izenen inguruan egindako gogoeta ederra eta hortaz, hemen emango diogu amaiera kronikari eta hasiera elkarrizketari.

Elearazi: Sortzaile eta kazetari gisa ezagutzen zaitugu gehienbat, baina itzulpen-enpresa batentzat askotariko testuak euskaratzen aritua zara, nola oroitzen duzu esperientzia? Nahiago duzu literatura-itzulpena?

Uxue Alberdi: Hasteko esan behar dut itzulpena beti atsegin izan dudala eta nire unibertsitaterako bigarren aukera hain zuzen itzulpengintza ikasketak zirela. Ondoren,  agentzian lanean hasi nintzenean ofizio paraleloa zen, aldi berean literaturan eta bertsolaritzan aritzea ahalbidetzen zidana, ordutegi malgua zuen-eta. Bederatzi hilabete inguruz jardun nuen, hain justu lehenengo liburuaren amaiera aldera eta bigarrenarekin martxan jartzen ari nintzenean. Lege eta administrazio testu asko itzuli behar izan nituen eta egia esan, nahiko lan astuna zen, gaia ere ez zitzaidalako interesgarriegia iruditzen. Gainera, zerbait egiten dudanean nire indar guztiak jartzen ditut, eta frustragarria zen jakitea ahaleginak ez zuela zinezko erantzunik jasoko, itzulpen horiek hein handi batean burokrazia hutsa direlako, soilik elebitasun legea betetzeko pentsatuak. Hala ere, garai bertsuan haurrentzako liburuak ere itzuli nituen Ttarttalorentzat, adibidez, Ferida Wolff eta May Savitz Harrieten Ipuinen haria (2008), Koos Meinderts eta Anette Sieniegen Itsasargia (2007) eta Inge Mischaert eta Marieke Coenenen Baltaxar inoizko astorik bakartiena (2010).  Horiek bai oso gustura ekarri nituen. Itzulpena niretzako literaturaren beste genero bat da, sormen lana zalantzarik gabe, izan ere, autorearen ahotsa zeureganatu eta ondoren helburu hizkuntzara eramatea ez baita inolaz ere eginkizun mekanikoa.

E.: Iaz Justin Halpern estatubatuarraren Aitaren Pitokeriak (Alberdania, 2011) itzuli zenuen. Nola sortu zen proiektua? Nolakoa izan zen oro har itzultze-prozesua: zailtasunak?

U. A.: Haurdun nengoela, kazetaritza eta beste lanak utzita, Inazio Mujika editoreak deitu zidan ea itzulpenekin jarraitzen nuen galdetzeko eta baietz esan nion, izan ere orduan denbora libre dezente neukan. Halpernen liburua euskaratzea proposatu zidan, nik ez nuen autorea ezagutzen eta literaturaren ikuspegitik ez zen nire gogokoenetarikoa, dena dela, freskoa zen eta irakurlego gazteagoarentzat ondo funtzionatu zezakeela iruditu zitzaidan. Liburu honen genesia Twitterren dago, idazleak ez zuen argitalpenean pentsatuz hasi, baizik eta bere aitaren ateraldiak eta bitxikeriak kaleratzeko modu gisa. Egunero jartzen zuen esaldiren bat eta sekulako arrakasta izan zuen, liburuaz gain orain telesaila egiten ari dira. Aita nahiko ez-ohikoa da, Torrente moduko bat, nolabait eta liburuak bere pasadizoak, zertzeladak eta zirtoak biltzen ditu. Alde horretatik ahozkoa da oso eta nik uste Mujikak nigan pentsatu zuela nire bertsolari alderdia kontuan hartuta, idazle alderdia bainoago.

Itzultzeko orduan izandako arazoetan aipagarriena agian irainen kontua da, izan ere ia pasarte guztiek dutelako “fuck” edo “shit”-en bat eta hori euskaraz ematea ez da erraza. Nire aitak euskaraz darabilzkien irainak eta Getariako kaleetan aditzen direnak aintzat hartuta eman nion irtenbidea horri, zerrenda bat osatu liteke liburuan ageri diren euskarazko biraoekin.

E.: Itzulpenak egiten jarraitzeko asmorik duzu, agian jadanik proiekturen bat buruan?

U. A.: Une honetan ez, eta esan bezala, orain arte itzulpena gehiago izan da ogibide modukoa, batez ere enkarguz egin dudana. Hala ere badut ohitura obraren bat asko gustatzen zaidanean proposamena argitaletxeetara bidaltzeko, neu prest egongo nintzatekeelako horiek moldatzeko edo besterik gabe, euskaraz egon beharko zuketela iruditzen zaidala jakinarazteko.

E.: Aurkeztu berri den eleberriari buruz galdetu nahi genizuke orain. Etxe honetan batzuontzat derrigorrezkoa eta besteentzat eskubidea den bezala elebiduna zara, baina hala ere ez duzu auto-itzulpenaren bidetik jo. Zer dela eta?

U.A.: Nirea elebitasun praktikoa da, ez literarioa eta gaztelaniaz asko irakurri eta irakurtzen dudan arren, euskaraz bizi naiz eta euskarazkoa da nire jarioa, finean, nire hizkuntza da. Gaztelaniatik euskarara itzultzen oso eroso sentitzen naiz baina ez naiz gai ikusten alderantzizkoa egiteko.

E.: Nola sortu zen Aulki Jokoa itzultzeko proiektua? Zuk aukeratu zenuen itzultzailea? Nolakoa izan da prozesua eta Miren Agur Meaberekiko harremana?

U.A.: Pixka bat korapilatsua, egia esan. Lehendabizi Alfaguarakoek proposatu zidaten, izan ere, Unai Elorriagak nire liburua gomendatu baitzuen Madrilen emandako hitzaldi batean eta ondoren baita zenbait pasarte itzuli ere, argitaletxekoei erakusteko. Haiei gustatu zitzaien eta eleberri osoa ekartzeko interesa agertu zuten, nik Unairi galdetu nion ea berak egin nahiko zukeen baina lanpetuta zebilela-eta ezin izan zuen. Orduan Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Miren Agur Meabe gomendatu zidan eta hark burutu zuen itzulpena. Alfaguarakoekin azkenean ez zuen funtzionatu baina Alberdaniatik eskaini zidaten orduan eta primeran joan zen, gaztelerazkoa jada prest zegoelako.

Alfaguarakoen jarrerak badauka mamia, izan ere, lehendabizi ontzat eman zuten itzulpena baina ondoren zenbait irakurleri pasa zieten eta haien ustez eleberria fragmentatuegia zen eta egun molde horretako literatura ez omen dago modan. Galdetu zidaten ea ez nituen pasarte batzuk luzatuko eta gehiago garatuko. Ezezkoa eman nien, noski, eleberria jada amaitutako zerbait zelako, jada jatorrizko hizkuntza batean argitaraturiko obra, nolabait esateko, haientzat artean enbrioia izan arren niretzat haur bat zena. Garbi ikusi nuen gainera jarrera hori agertu zutela euskarak bizi duen bazterketa egoeragatik, estatus faltagatik. Ziur naiz ez zirela horrelakorik esaten atrebitu ere egingo, adibidez, ingelesez idazten duen norbaiti.

Miren Agurrekin harremanetan izan naiz itzulpenaren prozesu osoan gaur arte. Aurkezpenari buruzkoak ere konpartitu baititugu. Ez nion eskakizunik egin, konfiantza osoa nuen beregan, baina itzuli zuenean elkarrekin gelditu ginen bere zalantzei buruz hitz egiteko, esaldiren bat modu batera ala bestera jarri erabakitzeko… Ikuspuntuak bateratzeko. Hasieratik asko gustatu zitzaidan itzulpenak hartu zuen bidea, hasieratik ikusi nuen Miren Agurrek erabat bereganatu zuela “Aulki-jokoa”ren tonua, eta gazteleraz duen soinua ere etxekoa egiten zait.