Autoreak plazara: Slavoj Žižek

abendua 19, 2012 @


zizek

Azken urteotan izugarrizko sona hartu du esloveniar filosofo eta teorialari honek, onerako zein txarrerako. Slavoj Žižekek hainbat arlo landu ditu, baina bereziki ikertu du hegelianismoa, marxismoa eta Lacanen psikoanalisia, wikipediak dioskunez. Aski konplexuak diren teoriak “guztion” eskura jartzen ditu ezin geldirik egon horregatik edonor urduri jartzeko gai den filosofoak. Ikerlaria eta irakasle badabil ere, azken urteotan hemendik hara dabil hitzaldiak ematen. Euskal Herrira ere behin baino gehiagotan etorri izan da; prentsak eman digu oharkabean pasatu ez diren bisita horien berri, Argiak eta Berriak kasu. Ez gara gu hasiko Žižeken teoria nahiz burutazioen berri ematen, aski ezagunak baitira honezkero. Horregatik, The Guardian egunkariari eskainitako elkarrizketa bat euskarara ekartzea erabaki dugu, ez agian oso teorikoa eta filosofikoa, baina bai autorearen isla izan nahi duena. Horretaz gain, Iruñean eman zuen hitzaldiaren zati bat azpidatzi dugu, aski famatua. Azpidatziak irakurri behar dituenak hizlariaren nerbioa galduko du, zorionez edo zoritxarrez, norberak epai dezala. On egin!

Slavoj Žižek: “Gizateria ongi dago, baina jendearen %99 ergel aspergarria da”

Finantza krisiari erantzunak dituen jenioa? Edo filosofiako Borat? Teorialari kulturala amodioaz mintzo zaigu, sexuaz eta zergatik gauzak ez diren inoiz diruditenaz

The Guardian, 2012ko ekainaren 10ean, igandea

Erreportajearen egilea: Decca Aitkenhead

Argazkilaria: David Levene

Slavoj Žižekek ez daki zein den Ljubljanan bere apartamentuko ate-zenbakia. “Ez dio axola”, esaten dio argazkilariari, zeinak atea jo nahi baitu. “Sar zaitez ate nagusitik, eta ondoren pentsatu politikoki eskuin muturrekoa den norbaiten gisan: ezkerretik eskuinera egiten duzu, eta gero, korridore bukaeran, eskuinera berriz”. Baina, galtzekotan, zein da zenbakia? “Uste dut 20 dela”, iradoki du Žižekek. “Baina batek daki; begiratzera noa”. Hor doa, beraz, korridorean, bere atea zabaldu eta begiratzera.

Argazkilaria agurtuz, Esloveniako hiriburua urrunetik seinalatzen du. “Han, kontrakultura erakunde gisako bat dago; haiek gorroto naute, nik gorroto ditut. Hori da gorroto dudan ezkertiar mota. Muturreko ezkertiarrak zeinen gurasoak oso aberatsak baitira.” Gainontzeko eraikinak, dio, gobernuko ministerioak dira. “Gorroto dut”. Egongelan dago berriz, espazio funtzionaleko gela txiki klinikoki txukunean, ez duena estetika agerikorik, ez bada Call Of Duty: Black Ops bideojokoaren afixa eta Joseph Stalinen irudi bat. Žižekek Disney merchandising-arekin apaindutako McDonald’s etxeko ontzi batean Coke Zero isuri du, baina sukaldeko armairu bat zabaldu duenean, arropaz beterik dagoela ikusten dut.

“Gizon zoroaren gisan bizi naiz!” dio, eta apartamentutik bisitaldia eskaini digu sukaldeko armairuak arropa besterik zergatik ez duen erakusteko. “Ikusten duzu, ez dago inon tokirik!” Eta, egiaz, gela oro DVD eta liburuekin estalita dago, lurretik sabaira; bere 75 liburuetako aleek, hamaika hizkuntzetara itzuliek, gela oso bat betetzen dute.

Žižeken liburu guztiak irakurri badituzu, nik baino gehiago egin duzu honezkero. 1949an sortua, filosofo eta kultur kritikari esloveniarra Titoren gobernuan hazi zen aurreko Jugoslavian, non disidentzia susmoek leku akademiko bakartura eraman baitzuten. Mendebaldearen arreta jaso zuen 1989an, ingelesez idatzitako lehen liburuarekin:The Sublime Object of Ideology, Žižeken heroi handi Hegelen berrirakurketa bat, beste heroi baten ikuspegiaren bidez, Jacques Lacan. Ordutik, Living in the End Times gisako liburuak, filmak –The Pervert’s Guide To Cinema kasu– eta ezin zenbatu ahala artikulu plazaratu ditu.

Kultur teoriaren parametrotatik, Žižek kontrako mutur ulerterrazenean kokatzen da; baina horrek halere non uzten duen ikusteko, hona aipu tipiko bat Žižek: A Guide for the Perplexed izeneko liburutik, ulergarriago egiteko asmoz: “Žižekek Hegelen aurkitzen du Lacanentzako tokia, Erreala hartuz fenomenoen baitan  auto-zatiketa eta auto-bikoizketaren korrelaziotzat”.

Žižeken munduko jarraitzaile amorratuak haserrarazteko arriskuaz jakitun, esanen nuke bere obretako anitz ulergaitzak direla. Halere, anbizio bizigarriarekin idazten du, eta bere tesi nagusiak halako ikuspegia eskaintzen du non kritikariek ere aitortu behar baitute hausnartzea eragiten duela. Labur esanda, autoreak diosku deus ez dela inoiz dirudiena, eta kontraesana kasik guztian kodetzen dela. Erradikala edo subertsiboa –edo, sinpleki, baita etikoa ere– iruditzen zaigun gehienak ez du deus aldatzen.

“Sagar ekologiko bat erosten duzunean bezala, arrazoi ideologikoengatik egiten duzu, ongi sentiarazten zaitu: ‘Ama Lurrarengatik zerbait ari naiz egiten’, eta abar. Baina zer zentzutan konprometitzen gara? Konpromiso faltsua da. Paradoxikoki, halakoak egiten ditugu benetan gauzak egitea saihesteko. Ongi sentiarazten zaitu. Birziklatzen duzu, hilean £5 bidaltzen dituzu umezurztegi somaliar batera, eta egin duzu egin beharrekoa”. Baina, egiaz, status quoa aurkaritzarik gabe bizirautea ahalbidetzen duen segurtasun balbula batean aritzeko engainatu gaituzte? “Bai, hori da”. Mendebaldeko liberalek identitate politikekiko duten obsesioak klase borrokatik aldentzea baino ez du helburu, eta Žižekek existitu den komunismo bertsio bakar baten alde egiten ez badu ere, berak izendaturiko “marxista konplikatua” izaten segitzen du, ideal iraultzaileak dituena.

Bere kritikarientzako, norbaitek modu gogoangarrian esan bezala, filosofiako Borat da, efektu probokatzaileak lortzeko baieztapen eskandalagarriak bata bestearen atzetik botatzen baititu. “Hitlerrek zuen arazoa da ez zela nahikoa bortitza” kasu, edo “Ni ez naiz gizakia. Ni munstroa naiz”. Batzuek gutxietsi egiten dute, polemista zentzugabe bat dela esanez; beste batzuek beldur diote, neo-marxismo totalitarioaren aldeko asaldatzailea delakoan. Finantza krisia hasi zenetik, ordea, ekonomia-atzeraldiko izarraren estatusa eman diote, jeinu intelektual gisan ohoratzen duten jarraitzaile sutsu uholdea eraginez. Bere arrakasta Žižekek gustuko duen paradoxa horietako bat da, izan ere, dioenez, nahiago luke inorekin mintzatu beharko ez balu.

Ez zenuke halakorik esanen agurtzen gaituenean adierazten duen manera on energetikoari erreparatuz gero, baina berehala azaltzen digu bere arreta kamuflajea besterik ez dela misantropia ezkutatzeko. “Niretzat, infernuaren ideia amerikar motako festak dira. Edo, hitzaldi bat emateko eskatu eta halako zerbait diotenean ‘Hitzaldia eta gero harrera txiki bat baino ez da egonen’, badakit hori infernua dela. Horrek esan nahi du ergel frustratu guztiak, hitzaldiaren bukaeran galdera bat egiteko gai ez direnak, hurbildu eta, gehienetan, hala hasiko direla: ‘Žižek doktorea, badakit nekatuta egonen zarela, baina…’ Hara, joan zaitez popatik hartzera. Nekatuta nagoela baldin badakizu, zergatik zatoz galdetzera? Gero eta estalinistago bihurtzen ari naiz. Liberalek beti diote totalitarioei buruz gizateria, bere horretan, gogoko dutela, baina ez dutela enpatiarik pertsona jakinengatik, ezta? Ados, guztiz bat egiten dut horrekin. Gizateria? Bai, ongi dago –hitzaldi on batzuk, artelan on batzuk. Pertsona jakinak? Ez, %99 ergel aspergarriak dira”.

Batez ere, ezin ditu ikasleak jasan. “Inondik inora. Zur eta lur geratu nintzen, adibidez, behin, AEBetan oraindik ere irakasle nintzela –berriz eginen ez dudana– ikasle bat hurbildu eta zera esan zidanean: ‘Badakizu, irakasle, interesgarria iruditu zitzaidan atzo esan zenuena, eta pentsatu nuen oraindik ere ez dakidala nire lana zeri buruzkoa izanen den. Agian, hausnarketa batzuk gehiago esaten badizkidazu, etorriko zait ideiaren bat.’ Hoa popatik! Nor naiz ni hori egiteko?”

Žižekek Europa eta Amerikako irakasle lanpostu gehienak utzi behar izan ditu halako ikasle jasanezinengandik urrun egoteko. “Bereziki gorroto dut nigana arazo pertsonalekin datozenean. Nire ohiko erantzuna hau da: ‘Begira nazazu, begiratu nire tikei, ez duzu ikusten zoratuta nagoela? Nola bururatzen ahal zaizu ni bezalako gizon ero bati eskatzea zure arazo pertsonalekin laguntzeko?’” Argi dago esan nahi duena, Žižekek aski irudi fisiko harrigarria baitu –hartz arre baten antzekoa, behin eta berriz aurpegia basaki ukituz, silaba batetik bestera oro da usaintze, arnaste eta keinu. “Baina funtzionatzen du! Oraindik ere konfiantza dute nigan. Eta hori gorroto dut zeren –eta hau da ez dudana gustuko gizarte amerikarretik– ez dut gogoko zabaltasun hori, lehenengoz norbait ezagutzen duzunean bezala, segituan hasten baitzaizu bere sexu-bizitzari buruz mintzatzen. Gorroto dut, gorroto dut hori!”

Barre egin behar izan diot horri, Žižekek bere sexu-bizitza ekarri duelako hizpidera hitzordu hau hasi eta gutxira. Igogailuan gora ari ginela aipatu du neskalagun batek “adostasunezko bortxaketa” deitzen duen hori eskatzen ziola. Pentsatzen nuen Hegeli buruzko liburuaz hitz egin nahiko zuela, baina interes handiagoa zuen, antza, sexuaz mintzatzeko.

“Bai, izan ere oso erromantikoa naiz. Badakizu zein den nire beldurra? Sexuarekiko etiketa postmoderno, permisibo eta pragmatiko hori. Izugarria da. Sexua osasungarria dela diote; bihotzarentzako ona da, odol zirkulazioarentzako ona, erlaxatzen zaitu. Musuak ere aipatzen dituzte, musukatzeak giharrak garatzen dituztelakoan; izugarria da, jainkoarren!” Kontaktu-agentziek amodioaren arriskua “azpikontratatzen” dutelako promesak lur jota dauka. “Dagoeneko ez da pasio absolutu hori. Sexua maitasunaren parte dela pentsatzea gustatzen zait niri, badakizu: ‘prest nago ama bera esklabo saltzeko zuri betiko larrua joko badizut.’ Bada zerbait polita, esanguratsua, horretan. Modu sendagaitzean naiz erromantikoa.”

Pentsatu dut galdera bat egin behar niola, baina berriz alde egin dit. “Muga arraroak ditut. Ni naiz oso… ados, beste detaile bat, izorrai: sekula ez naiz gai izan –emakumeak nahi izan arren– utzki sexua”. Utzki sexua? “Ah, uzki sexua. Badakizu zergatik? Ezin nuelako nire burua konbentzitu benetan gustuko zuela. Beti izan dut susmo hori, eta itxurak egiten baditu, niri erakargarriago iruditzeko? Gauza bera gertatzen da felazioarekin; sekula ez naiz gai izan emakumearen ahoan isurtzeko, zeren, berriz ere, pentsatzen dut hori ez dela isuririk dastagarriena. Eta itxurak egiten ari bada?”

Eskuekin konta ditzake berarekin oheratu diren emakumeak, negozio hori guztia larrigarria iruditzen baitzaio. “Ezin dut gau bakarreko afera bat izan. Inbidia ematen dit egin dezakeen jendeak; zoragarria litzake. Ederki nago, goazen, bang-bang –bai! Baina niretzat, lotsagarriki intimoa da… nik zer dakit, jainkoarren, izugarria da beste norbaiten aurrean biluzik egotea, ez dakizu? Bestea gaiztoa bada eta oharren bat egiten badu –‘Kar, kar, zure sabela’, edo beste edozer–, guztia zapuztu daiteke, ezta?” Gainera, ezin du inorekin lo egin ez badaki betiko egonen ahal direla elkarrekin. “Nire harreman guztiak –horregatik dira hain gutxi– kondenatuta zeuden eternitatearen ikuspegitik. Termino zakar horrekin zera esan nahi dut, agian iraunen zutela.”

Baina Žižek hirutan dibortziatu da. Nola darama hori? “A, esanen dizut, bai. Badakizu Marx gaztea (ez dut Marx idealizatzen, tipo nazkagarria zen, pertsonalki, baina logika zoragarria zuen)… Hala zioen: ‘Zuk ez duzu ezkontza desegiten soilik; dibortzioak esan nahi du atzeraeraginez adierazten duzula maitasuna ez zela benetako maitasuna.’ Maitasuna badoanean, atzeraeraginez adierazten duzu ez zela benetako maitasuna ere.” Hori da berak egin zuena? “Bai! Guztiz ezabatu nuen. Ez da dagoeneko maiteminduta ez nagoela pentsatzen dudala. Sekula ez nintzela egon pentsatzen dut.”

Hori irudikatzeko-edo, begiratu bat ematen dio erlojuari; bere 12 urteko semea, hurbil bizi dena, berehala helduko da. Nola eginen dugu bera hemen dagoenean? Ez kezkatu, diosku Žižekek, seguru berandutzen dela; bere amaren tardantzaren erruz: “Nire emaztea izan dela dioen puta.” Baina, ez al ziren ezkondu? “Tamalez, bai.”

Žižekek bi seme ditu (besteak hogeita hamar urte inguru ditu), baina sekula ez zuen aita izan nahi. “Nire bi semeak maitatzeko formula kontatuko dizut. Hau da nire alde liberal eta bihozbera. Ezin diot eutsi, norbait mindua edo ahula eta abar ikusten badut. Beraz, semea erabat nahi ez nuenean ere, horrek eragin zidan are gehiago maitatzea”.

Orain badakit ez garela hurbildu ere eginen Žižeken Hegeli buruzko liburu berrira, Less Than Nothing: Hegel and the Shadow of Dialectical Materialism. Horren ordez, seme gaztearekin hartu dituen oporren inguruan mintzo zait. Azkena Burj Al Arab hotelera izan zen, Dubaiko tenplu grotesko handinahi zatar bat. “Zergatik ez? Zergatik ez? Gauza zoroak egitea maite dut. Baina nire zeregin marxista egin nuen. Taxi gidari pakistandarraren lagun egin nintzen, semeari eta bioi errealitatea erakutsi ziguna. Langileak nola bizi ziren, egitura guztia azaldu zigun, nola zegoen kontrolatuta. Semea ikaratu egin zen.” Uda honetan Singapurrera joanen dira, 50 solairuko etxe orratzen gainean eraikitako igerilekuak dituen irla artifizial batera. “Horrela, han igeri egin eta behera hirira begiratu dezakegu: ‘Kar, kar, izorrai!’ Hori gustatzen zait niri egitea, gauza erabat zoroak.” Ez zen hain dibertigarria semea gazteagoa zenean. “Baina orain, halako erritmo bat ezarri dugu. Ordu batak arte lo egiten dugu, gosaltzera goaz, hirira gero –kulturarik ez, kontsumismoa edo gisako gauza inozoak bakarrik–, afaltzera itzultzen gara berriz, ondoren zinemara joaten gara eta gaueko hirurak arte jokotan aritzen gara.”

Nire buruari galdetu diot zer pentsatuko duten honi buruz Žižeken jarraitzaile gazte sutsuenek, eta kezkatu naiz pentsatzean ez ote diren haserretuko zerbait serioagoa lortu ez izanagatik. Baina Žižekentzat, Dubaik munduari buruz esaten digu defizitari buruzko eztabaidak, demagun, esan dezakeena bezainbeste. Seme itxuraz gozo eta adeitsua heldu denean, Žižek finantza krisiaren bidera eramaten saiatu naiz, bere miresleek erantzun erradikal bat esperoko duten jarrera har dezan.

“Beti nabarmentzen dut: ez espero nigandik halakorik. Ez dut uste ni bezalako norbaiten zeregina denik irtenbide osoak proposatzea. Ekonomiarekin zer egin galdetzen didatenean, ta nik zer ostia dakit? Uste dut ni bezalako jendearen zeregina ez dela erantzunak ematea, baizik eta galdera egokiak egitea.” Ez dago demokraziaren aurka, per se, baina uste du gure instituzio demokratikoak ez direla dagoeneko gai munduko kapitalismoa kontrolatzeko. “Gero eta adostasunezko erreforma egoki gehiago funtziona dezake, agian, herri mailan.” Baina txokokeria sagar ekologiko eta birziklatzearen kategoria berari dagokio. “Zu ongi sentiarazteko egiten da. Baina egungo galdera handia da nola antolatu mundu mailan jarduteko, nazioarte itzel batean, arau autoritarioren batera atzera egin gabe.”

Nola gertatu halakorik? “Ezkorra naiz, izan ere, garai arriskutsuetara heltzen ari baikara. Baina arrazoi beragatik naiz baikorra. Ezkortasunak esan nahi du gauzak lohitzen ari direla. Baikortasunak esan nahi du hau dela, hain zuzen, aldaketa posible den garaia.” Eta zeintzuk dira gauzak ez aldatzeko aukerak? “A, hori gertatzen bada, orduan gizarte autoritario apartheid berri batera hurbiltzen ari gara poliki. Ez da izanen –hori nabarmendu behar dut– autoritarismo zahar ergela. Hau molde berri bat izanen da, oraindik ere kontsumista.” Mundu osoak Dubairen antza izanen al du? “Bai, eta Dubai, badakizu, beste aldea literalki esklaboak dira.”

Bada zerbait hunkigarria Žižeken hizkera jaso bihurri horretan, ez dakit nola azaldu. Ez nuen espero hain atsegina izanen zenik, baina zinez da konpainia dibertigarria. Pentsatzen nuen lortuko nuela jakitea jeinua edo zoroa den, baina jakin gabe jarraitzen dut. Galdetu diot noraino hartu behar dugun, bere ustez, serioski, eta esan du nahiago duela beldur eman pailazo itxura eman baino. “Gehienek uste dute txantxatan nabilela, gauzak puzten, baina ez; ez da horrela. Hasieran txantxak kontatzen ditut, gero benetan aritzen naiz. Ez, artea da mezu serioa helaraztea txantxen bidez.”

Duela bi urte aurreko hortza erori zitzaion. “Semeak badaki lagun on bat dudala; biotako inor ez da gaya, lagun onak baino ez. Hortz gabe ikusi ninduenean, zera esan zuen: ‘Badakit zergatik.’ Nire semeak! 10 urte zituen! Badakizu zer esan zidan? Pentsatu, lotu, modurik zikinenean.” Uste dut irudika dezakedala. “Bai! Zupatzen! Esan zidan nire laguna kexatu egin zela hortza bidean zegoelako.” Žižekek orro egin du barrez, aita harrotasun argiz.

“Eta badakizu zer izan zen tragikomikoa? Hori esan eta gero, zera gehitu zuela: ‘Aita, ongi kontatu dut txantxa?’”

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=UytmW9Sj2eA]