Idazleak mintzo: Eider Rodriguez

martxoa 11, 2013 @


eider-ona

Urte bat bete du elearazi atariak. Hori dela eta, aste ezohikoa prestatu dugu, egunero jarriko baitugu post bat; hori bai, asteburuan jai, elearaziko kideek ere lana ez den bestelako ospakizun moduak ezagutzen baitituzte. 2012ko martxoaren 11n ekin genion zorakeria honi, eta, bitxia bada ere, zorakeria elikatzen segitu nahi dugu. Gaizki eginikoetatik ikasi eta ongi eginikoei eutsi. Beti diogun bezala, beharrezkoa dugu horretarako irakurleen parte hartzea eta aholkuak, itzulpen-proposamenak edota askotariko kritikak, baita kolaborazioak ere.

Urtea ospatzeko, elearazikideon idazle kuttunetako bat galdekatu dugu, idazle izateaz gainera, itzulpen-lanak ere egin izan baititu. Zorrotz erantzun die galderei, eskertu diogun freskotasun eta naturaltasunez. Noizbehinka beharrezkoak baititugu akademiatik eta zehaztasunetatik alde egiten duten ahotsak. Ez da horregatik, ordea, gutxiago interesgarri. Eider Rodriguez idazle oreretarra aski ezaguna da gurean, eta ez du, beraz, aurkezpen luzerik behar. Halere, apika ez da hain ezaguna itzulpengintzarekin duen lotura, eta horregatik, lau hitz eginen ditugu horren harira: idatzitako hiru ipuin-liburuak itzuli/bertsiotu ditu gaztelaniara, horietako bi Zigor Garrorekin batera. Iazko urrian, EIZIEk antolatuta, Idazlea itzultzaileen lantegian saio ederrean parte hartu zuen, Paueko unibertsitatean. Horretaz gainera, Irene Nemirovskyren Dantzaldia ere euskaratu du. Gure aldetik, besterik ez: plazera izan da, Eider!

Duela gutxi EIZIEk antolaturiko itzulpen-lantegian izan zara Paun, Katu jendea ipuina ardatz hartuta. Nolakoa izan da esperientzia?

Hiru egun eman nituen zazpi-zortzi itzultzailez inguratuta, etxetik urrun, eta hala ere, ez zen dirudien bezain beldurgarria izan. Aspaldi zait miresgarria itzultzaile ofizioa eta itzultzailearen figura bera, hain temosoa, hain diskretua baina askotan apasionatua, eskrupulosoa eta lotua eginbeharrari… Arraroa izan zen haiekin bizitzea: nik idatzitako testu baten bueltan ibili ziren hiru egunez, nigana zuzenduz zalantza teknikoak uxatzeko (“nolakoa da etxea barrutik?”, “hesia egurrezkoa da ala metalezkoa?”, “zer janari mota da katuak jaten duena?”)… Modu batean ernegagarria egin zitzaidan, nire egoari ez zitzaion gehiegi gustatu haiekin egotea ez baitzioten ipuinaren “artea”ri kasurik egiten! Bestalde, oso-oso aberasgarria izan da, testuaren ertz ezkutukoenak azalarazi zituztelako, batzuetan baita nik ezagutzen ez nituenak ere.

Ipuina xehe-xehe eginen zenuten; erreparatu al zenien aurretik lantegian aztertu zenituzten ipuinaren aspektu guztiei?

Itzultzaileak irakurle pribilejiatuak dira, eta nik nire testu baten irakurraldia zuzenean jarraitzeko pribilejioa izan dut. André Gabastou itzultzaileak esan zuen pertsonaietako bat, Yves, nekatua zegoela, burges txikien nekadura zela berea, eta hala behar zela islatu frantsesezko dialogoetan. Ni ez nengoen horretaz jabetuta, baina bai, egia da, pertsonaia hori nekatuta dago. Beste adibide bat: Itziar Otegik esan zidan gaztelaniazko bertsioa euskarazkoa baino gordinagoa dela, eta horretaz ere ez nengoen jabetuta, eta bai, egia da, puskaz gordinagoa da gaztelaniazkoa. Nik neuk ikusi gabekoak azalarazi zituzten, ispilu lan ikaragarria baita testu bat itzultzea, grano eta zikinkeria guztiak ikusten dira, den-denak.

Zuk zeuk ere itzuli zenituen zure hiru ipuin-liburuak. Batzuek bertsioak direla diote, besteek itzulpena. Zer diozu zuk?

Ez dakit zein den bi terminoetan nireei gehien doitzen zaiena, eta ez zait askorik inporta. Oso naturala egiten zait nire euskarazko testu bat gaztelaniara itzultzea, isurtzea bezalakoa da, kasik etenik gabe gertatzen den zerbait. Mintegian bertan esan nuen bezala, gutxitan elkarbizi dira nire baitan euskara eta gaztelania hain modu goxoan: nik euskaraz idatzitako literatur testu bat gaztelaniara isurtzen dudanean nire bi erdiek oso bat osatzen dute, bi hizkuntzen arteko ohiko konbibentzia zibilizatua bakanal bilakatuz. Ezin azalduzko sentimendua da, nire burua itzultzen dudanean soilik sentitzen dudan sentimendua, baina ez nuke ez itzulpen ez bertsio gisa definituko, beste hitz bat eskatzen duen sentimendua baita.

“Ispilu lan ikaragarria da testu bat itzultzea, grano eta zikinkeria guztiak ikusten dira”

Zigor Garrorekin egin zenituen bi itzulpen. Hobeki moldatzen zara beste itzultzaile batekin edo arrazoi praktikoengatik da?

Arrazoi praktikoak izan ziren tarteko, baina baita sentimentalak ere. Zigor eta ni herri eta garai berekoak gara, ondoz-ondoko auzotan hazi gara, antzeko gauzak ikusi ditugu geure etxeetako leihoetatik… ez dakit, baina nolabait ere humus beretik gatoz, eta esango nuke humus horrek nolabait ere determinatu egiten duela mundua izendatzeko modua. Gero, gutariko bakoitzak oso ibilbide ezberdina izan du, Zigor espetxean dago, eta hala ere, begira, mundua antzera izendatzen jarrai dezakegu. Horretaz gain, oso antzekoa da gure gaztelera eta ez da egon koherentzia arazo handirik berak itzulitako errelatoen eta nik itzulitakoen artean.

“Gaztelerara itzultzean (…) nire buruari traizio egin nion, eta [kontakizun bat] kendu nuen, eta horren ordez, beste bi kontakizun berri jarri nituen”, zenion irratian, Un montón de gatos (Caballo de Troya, 2012) liburuaren harira. Euskarazko irakurleari ere traizio egitea ez da hori?

Oso dramatikoa gelditzen da horrela irakurrita! Katu jendean bada tonuagatik buruko-min dezente eman zidan narrazio bat, liburuaren doinua puskatzen zuena eta gaztelaniazkoan kendu egin nuena. Trukean beste bi narrazio sartu nituen gaztelaniazkoan, horietariko bat euskaraz behin ere argia ikusi gabekoa, nahiz eta euskaraz sortua izan, eta bai, sentsazio arraroa eragin zidan, gazi-gozoa, baina ez nuke traizioaren mailara igoko, horiek irratian epatatzeko esaten diren, ditudan, tontakeriak dira!

Itzulpen horietan egin dituzun egokitzapenak linguistikoak izan dira bakarrik, ala gaztelaniazko irakurlea, publiko teorian askoz zabalago bat, izan duzu buruan ipuinak gazteleraz ematerakoan?

Askotarikoak izan dira. Katu jendea narrazioan bi bizilagunen arteko harremanaz gain Hendaiako egoera diglosikoa edo triglosikoa da zehar gaietako bat, euskal irakurleak erraz harrapa dezakeena azalpen erantsirik gabe, baina erdal irakurle arruntak (eta Euskal Herriko erdal irakurlea ere zaku honetan sartzen dut), bere autismo elebakarrean, ezingo luke ulertu, eta ondorioz, testu barruan moldaketak egin behar izan ditut Euskal Herriko hizkuntz-egoera oin-oharretan jasoko ez banuen.

eider

Eider Rodriguezen ipuin-liburuak eta gaztelaniazko bertsioak hurrenez hurren.

Nola uste duzu eragiten duela aurretik ziur jakiteak lan bat itzuliko dela (norberak edo kanpoko batek) lan hori idazteko prozesuan?

Ez zait inoiz halakorik gertatu baina dudarik gabe zeharo baldintzatzailea behar du izan, iruditzen zait, euskaraz idazten dugunok baldintza horrekin idatziz gero gaietan eta hizkuntzan estandarizatzeko arriskua geneukakeela, nolanahi den ere, beste liburu batzuk idatziko genituzke itzulpenaren eragiletza pean idatziz gero. Saizarbitoriaren Martutene klabe horretan idatzi izan balitz guztiz bestelako liburua litzateke, adibidez.

Zureez gainera, Irene Nemirovskyren Dantzaldia (Txalaparta, 2006) ere itzuli zenuen. Entzun dizugu, ordea, itzulpen-esperientzia hori ez zela hain polita izan, eta hala, ez duzu besteren besterik plazaratu.

Ez, ez zen gozoa izan. Uste dut Dantzaldia itzuliz ikasi nuela itzultzailearen lana zinez estimatzen. Hizkuntz gakoak ez ezik, idazlearen mundu ikuskerarekin bat egin behar hori, ufa!, itzultzailearena ez da niretzat eginiko ofizioa. Hura bai, traizio ez dakit, baina bai hanka-sartze eta gaizki-ulertze sentsazio etengabea, telefono puskatu batetik ariko banintz bezala…