Nina Simone

martxoa 14, 2013 @


ns70

Nina Simone, pasaporteko izenez Eunice Kathleen Waymon (AEB, 1933 – Frantzia, 2003)  kasik aurkezpenik behar ez duen musikari aparta; pianojolea, abeslaria eta konpositorea, AEBetako beltzen eskubide zibilen aldeko borrokalari nekaezina. “Soularen abade gorena” izendatuak txiki-txikitatik agertu zuen musikarako dohain aparta, hiru urterekin pianoa jotzeko gai zen. AEBetako musika eskola handienetan sartzen saiatu zen, Filadelfian zein New Yorken baina ez zuten hartu, Simonek beranduago jakin zuenez, beltza zela-eta. Bikaintasuna, baina, ezin izan zuten luzez ezkutatu, Simone Filadelfiako taberna batean hasi zen kantuan eta disketxe txiki bati arreta eman zion. Hortik aurrera, zuzenean gorantz ilargira arte.

1970 inguruan AEBetatik alde egin zuen, Martin Luther Kingen erailketaren ondotik. Ezin zuen gehiago jasan segregazioaren zama. Barbadosen, Suitzan, Ingalaterran eta Frantzian bizi izan zen.

Gaur dakarkiguna, baina, atzerriratzea baino lehenagokoa da, 1969ko udakoa hain zuzen, New Yorken antolatu zen Harlem Cultural Festival-ean emandako kontzertu baten zatia. Aipatu jaialdia AEBetako beltzek sortutako artea sustatzeko eta garaiko harrotasun beltzaren mugimendua bultzatzeko sortu zuten. Simonek “Four women” (Lau emakume) kantatu zuen bertan. Abestiko emakume bakoitzak hezurmamitzen du emakume beltzen gainean jendartean (ze)(da)goen estereotipo/arketipo bat. Modu doilorki kuriosoan, zenbait entzulek arrazistatzat hartu zuten abestia eta hainbat irrati-kate onberetan debekatu egin zuten.

Datorren hilabetean beteko dira 10 urte Simone zendu zela. Hona gure omenaldia, adiorik ez.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=a_f80xpq7qA]

Nire azala beltza da

Nire besoak luzeak

Nire ilea kizkurra

Nire bizkarra indarrez betea

Indar nahikoa hartzeko min dena

Behin eta berriz egin didatena

Nola esaten didate?

Nire izena da Izeba Sarah

Nire izena da Izeba Sarah

Nire azala horia da

Nire ilea luzea

Bi munduren artean

Kokatzen da nirea

Nire aita zen aberatsa eta zuria

Ama bortxatu zuen gau ilunaren azpian

Beraz, hemen nago.

Nola esaten didate?

Nire izena da Saffronia

Nire izena da Saffronia

Nire azala beltzarana da

Nire ilea ongi dago, leuna da

Baina nire aldakek gonbidatzen zaituzte

eta nire ahoa ardoa lakoa da

Zeinen neskatila naiz ni?

Zure izan naiteke nahi baduzu erosi

Nola esaten didate?

Nire izena da…

Azukre Koxkor

Nire azala marroia da

Nire manerak latzak

Ikusten dudan lehen ama hiltzen dut

Gogorregia izan baita nire bizitza

Gogorregia, eguzki bero hau, gogorregia!

Zeharo mingostuta nabil egunotan

gurasoak esklaboak izan nituen-eta

Nola esaten didate?

Nire izena da…

PEACHES!

Tags: