Arraroak

martxoa 28, 2013 @


genderpoo-1

(Irudian Coco Riot artistaren Genderpoo lana).

Min joan da martxoa. Udaberriak ez du bizitza berririk ekarri, lore bakan batzuk asko jota zenbait zuhaitzen apaingarri gisa; ez du aurrekoarekin errotik hautsi, negutik herrestan genekartzan aje eta inertziek gurekin iraungo dutela dirudi azken egunotako gertakariak ikusita. Martxoaren zortzia indar xut bat izan zen, azazkaletaraino iritsi zitzaiguna baina gero bazoaz apurka makaltzen, argi dago egutegi zuritzailearekiko zorra kitatzea besterik ez dutela nahi gehienek. Zuk, baina, egun horretan denek bere egiten dituzten aldarrikapenak martxoaren hogeita hamaikara arte eta are! hurrengo hilabeteetan zehar ere eta hori gutxi balitz egunerokora eta gainera alor guztietara hedatu daitezen nahi duzu. Eta horretan diharduzu. Horretan dihardugu. Martxoko irakurle eskola feministan gutxi batu ginen, baina gogotsu.

Silvia L. Gilen Nuevos feminismos. Sentidos comunes en la dispersión. (Traficantes de Sueños, 2011) mardulari heldu genion berriro, oroitzen ez baduzue, urtarrilean jada ibili ginen liburu horren bueltan. Hala ere, lehenengo kapituluari besterik ez genion eman arreta, hain zuzen, autonomiaren gaia jorratzen zuenari. Atzo, aldiz, bigarren kapitulua analizatzea izan genuen helburu; hirugarrena zintzilik gelditzen da, agian beste baterako edo besterik gabe norberak bere etxean, lagunartean, habitatean eztabaidatu dezan.

“Genealogía de la diferencias” izenburupean, Gilek deskribatzen ditu feminismoaren subjektuaren definizioa zabaltzeko, hetereogeneotzeko eta konplexuago bilakatzeko prozesuaren nondik norakoak. Hain zuzen, feminismo klasikoak feminismoaren subjektu bakartzat jartzen zuen Letra larrizko Emakume bakarrari kontrajarrita, feminismoaren korronte modernoek terminoa pentsatzeko beste modu bat aldarrikatu zuten, beraien ustez subjektu izatea ez baitator irizpide esentzialistetatik (kasu honetan, emakumetasunetik), ezpada subjektuak nahiaren eta borondatearen ondorioa izan behar duela eta, horrela, subjektua izango dela subjektua eraiki nahi dutenek elkarlanean sortuko dutena. Hobeto bizitzea posible izatea ahalbidetzeko gai izango dena. AEBetako queer mugimenduan kokatzen da marko berri honen hasiera, halaber queer mugimendua azaleratzeko orduan eragin behin betikoa izan zuen HIESaren agerpenak. HIESak komunitate bat oso modu bortitz eta erabatekoan estigmatizatu izanak ekarri zuen beste komunitate (disidente?) batzuek borrokara lotzea, kasu feministak, anti-militaristak, okupak etab., nahiz eta beraiei gaixotasunak zuzenean (orokorrean) ez erasan. Arraroen indarra. Queer-ek funtsean arraro esan nahi baitu.

Subjektu bakarraren ikusmoldeari egin zitzaion beste kritika potenteenetako bat feminista beltz eta mestizoengandik etorri zen, izan ere, feminista burgesek bere eskaerak egitean emakume mota bat, zuria eta burgesa (munduko biztanleriari arreta pixka batekin erreparatuta gutxiengo bat dena, bestalde) besterik ez zuten kontuan hartzen, subjektutzat zuten Emakume esentzial horrek ez zituen beste emakumeak inondik inora barnean biltzen. Sufragistek, esaterako, maiz langile beltzak edo indigenak izaten zituzten etxean zaintza-lanak baldintza eskasetan egiten. Gilek adibide batekin erakusten du emakume ororen beharrak ezin direla berberak izan, egoeraren eta baldintzen eragina ukaezina baita. Kasu, feminista burges zuriek emakumeen segurtasunerako kalean polizia gehiago jartzea eskatu zuten eta baita lortu ere; auzo pobreetako emakume beltzentzat, aldiz, poliziaren presentzia handiagoa kondena bat zen, poliziek berek bortxatzen baitzituzten zigorgabeki.

Hori AEBetan. Gilek estatu espainiarrari dagokionean dio feminismoa beti izan dela anitza, ez zuela goi-klase batek ezarri baizik eta sortzetik beretik izan zela askotarikoa, mugimendu anti-frankistatik eta langile-mugimendutik borrokatu zenez. Horrez gain, arrazaren diskurtsoek ez dutela estatuan horrenbesteko pisua izan, estatuan ez delako arraza ugaritasunik izan beranduagora arte. Arrazoiketak zalantzak piztu ditu taldean. %100 ezin badaiteke ere baieztatu, ez dirudi erraza hasieratik mugimendua anitza izatea, borroka feminista langile-mugimendutik abiatu izana ez baita zentrismoen aurkako bermea, langile-mugimenduak ere soilik langile mota jakin bat, soldatapekoa, hartu izan baitu aintzat. Bestetik, taldekide batek zorrotz aipatu duenez, estatu espainiarrean arrazakeriaz hitz egitean ezinbestekoa da ijitoez aritzea, ijitoekiko arraza diskurtsoa oso markatua da eta ez da, inondik inora, atzokoa.

Bestetik, eta Gilen lana landu genuen aurreko eskolan hainbatek aipatu bezala, batez ere Bartzelona eta Madrileko mugimenduetan fokatutako liburua da hauxe, eta interesgarria litzateke feminismoaren bilakaera eta barne-eztabaidak eta korronteak Euskal Herriaren marko zehatzean aztertzea, etorkinen eta arrazakeriaren gaiak beste dimentsio bat hartuko bailukete, eta mugimendu feminista abertzale eta ez-abertzaleen arteko harremanak ere, ziurrenik, hausnarketarako bazka mamitsua emango luketelako.

Gilek sakonki lantzen duen beste gai bat da lesbiana taldeena eta lesbiartasun politikoarena eta separatistarekin lotutakoa. Mugimendu feministan 80. hamarkadatik bertatik hasita lesbiana taldeek presentzia eta zeresan handia izan zuten (Bizkaia hainbat aldiz aipatzen da), ondare hori guganaino modu nahiko lausoan heldu den arren eta, are, egun iruditu badezake ere gaurkoa borroka garaikide bat dela, hainbesteko aurrekaririk gabea. Lesbiartasun politikoa ere aipatzen du, alegia, lesbiana izatea aldarrikatzea jarrera politiko bezala eta ez hainbeste zure ohean (edo autoan edo komunean) egiten duzunaren arabera; lesbiana izateak ahalbidetzen baitzuen garaiko derrigorrezko hetereosexualitateak inposatutako kate batzuetatik askatzea: ezkontza, amatasuna, etxeko-lan errekonozimendurik gabea.

Subjektu aniztasunaren aitortzatik ondorioztatu daitekeena eta erabilgarriena zaigun lezioa da feminismo bakoitzak egoerara egokitu behar duela eta estrategikoki ezin direla eskakizun absolutuak egin. (Badirudi esan gabe doala, baina, badaezpada). Alegia, patriarkatuaren aurkako eta askatasunaren aldeko borroka mundu mailakoa izatea beharrezkoa bada ere, lurralde eta kasu bakoitzean borroka hori artikulatzeko modua desberdina izango da ezinbestean, uneko, tokiko eta kasuko beharrak ez baitira berberak izango.

Gilen liburua alderik alde zeharkatzen duen beste gaietako bat zaintzarena da. Jendarte jakin batek zaintza kudeatzeko duen modua jendarte mota horren adierazgarria da. Zaintzaren problematikak agerian uzten du eredu kapitalistaren kontraesanetako bat, alegia, kapitalismoak sustatzen duen norbanako eredu autonomoa (zentzu indibidualistan), ez duena ez inoren beharrik ezta inorekiko erantzukizunik, faltsua dela, edozein unetan hautsi daitekeela gaixotasun edo ezbehar bat gertatzean edo, besterik gabe, norbanakoari zahartzarora abailtzean. Zaintzaren gaiak modu nabarmenean azaleratzen du gizakia abere soziala dela, komunitate afektiboaren beharra duena. Euskal Herrian, izakiaren sozialtasunaz zabal idatzi duenetako bat Eduardo Apodaka soziologo eta filosofoa izan da, gaiaren inguruan interesa duenarentzat jakingarri da Norberaren autonomia krisian (Pamiela, 2012) lana.

Eskolaren bigarren zatian Oier Guillanek idatzitako Arra.Arraroa (Artezblai, 2010) antzezlana aztertu genuen. Testu indartsua da, eta maskulinitatea lantzen duen ikusmoldearen aldetik, berritzailea eta interesgarria oso. Bakarrizketa edo aitorpen modura dago egituratuta eta Guillanek kolokan jartzen ditu gizon eredu maskulinoaren zimenduak, argi erakusten du patriarkatuaren genero rol zurrunek gizonengan ere eragina dutela. Gizon omen diren guztiak ez direla eroso sentitzen matxoaren larruan, alegia. Gizon taldeek jada zenbait urte daramatzaten arren martxan, niretzat behintzat hau izan da euskal letretan aurkitu dudan hausnarketa horren lehen begien bistako emaitza, patriarkatuarentzat gizon izatea zer den eta gizonak zer diren kritikoki eta generoaren prismatik jorratzen duen estreinakoa.

Fisiko motak berebiziko garrantzia du. Antzezlaneko arra.arraroa fisikoki oso maskulinoa da, handia, hazpegi gogorrekin etab. Ezaugarri horiek zeharo baldintzatzen dute gainontzeko pertsonak berarengandik espero dutena (borrokazalea edo kirolari iaioa izatea, adb.) eta baita ere, beste pertsonek berarekiko hartuko dituzten jarrerak (defentsiboa, kasu). Kontatzen duenagatik, egiten duen biluzte ariketaren ondorioz, badakigu bera ez dela horrela sentitzen, ez duela indarkeria ez txirrindularitza gustuko, eta, kontrara, poesia maite duela.

Testuari begira jarrita ikusiko dugu nola:

A!!

Nola sartu naiz esku hauetan!

A!!

Nola heldu naiz bular honetara!

A!!

Nola iritsi naiz honera barrura!

Guillanek hiru esalditan hausten duen ustez gizonezkoek sexuarekiko duten jarreraren mitoa, izan ere, gizona ziurgabe ageri da, urduri, iradokitzen du ez dela guztiz kontzienteki eta borodante fermuz iritsi egoera horretara. Bera ere sentitzen dela galdurik batzuetan. Irudi hori erabat kontrajartzen zaio imajinario heterosexual normatiboan ageri den gizontasunaren moldeari, non, gizona izaten da beti larru-jotzea gidatzen eta kontrolatzen duena.

Hetereosexuala izan nahi dut errudun sentitu gabe

Interesgarria da eskolan aipatu dugun fenomenoa, batik bat komunitate batzuetan garatu dena, non heterosexuala izatea erreprimitu bat izatea bilakatu baita, non heterosexuala bazara zeure burua zuritu behar baituzu. Derrigorrezko heterosexualtasunetik derrigorrezko homosexualtasun edo bisexualtasunera joan da pendulua (zenbait komunitate mugatutan, noski, letra larrizko Jendarteak beti bezain heteronormatibo eta homofobo baitirau –edo gehiago–). Benetako askapena ez datza soilik sexualitate bat besteagatik ordezkatzean, denak barne hartzean baino. Etiketen suntsitzean baino. Garapen hauek, noski, denbora behar dute, baina, bereziki garrantzitsua da mugimendu askatzaileen baitan oso kontuan hartzea inertzia hertsi horiek erreproduzitzearen arriskua. Bestalde, gai honek azaleratzen duen beste zalantza bat, etiketei loturikoa baita ere, honakoa da: azken hiru urteetan ez baduzu larrua jo, hetero-/homo-/bisexuala zara oraindik? Ez ote zaude autosexuala izatetik gertuago? Gainera, salbuespenak salbuespen, orokorrean bataz besteko biztanle batek bere bizialdian txortan ematen duen denbora kontuan hartuta, zeina (demagun) lotan edo lanean ematen duguna baino askoz laburragoa baita, zergatik da hain erabakigarria gure identitatearen eraikuntzan?  Zergatik eragin du horrenbeste min eta jazarpen eta zapalkuntza? (Ziur hau jada bikainki disekzionatu zuela bere garaian Foucaultek, baina planteamendua oso baliagarria iruditzen zait, jendea sailkatzeko orduan darabilzkigun eta hain normalak diruditen irizpideak zalantzan jartzeko).

Eta puntu honetan nik beti bezala alde egin behar… Kronika aberastu nahi duenak atea jo besterik ez du!