Idaztea ahanztea da*

apirila 7, 2013 @


pessoa-luis badosa

(Irudia: Luis Badosa margolariarena da, eta Homenaje a Pessoa du izena.)

Berriako Hirudia ataleko bederatzigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

«Literatura da bizitzari entzungor egiteko modurik atseginena», idatzi zuen, baita ere, Pessoak, eta hori bera egozten zien Landerrek aurrekoan bere lagun literatoei, alegia, inguruan gertatzen ari diren askotariko sarraskien aurrean mutu segitzea. Idazleek prentsan edo bestelako komunikabideetan egungo egoeraz iritzirik ematen ez dutela, inolako jarrerarik agertzen ez dutela ulertu nion nik Landerri, ez liburuetan, fikzio omen diren horietan, posizionatzen ez direnik; baina Iñigoren artikuluak hasierako interpretazioa nahastu dit, eta uste dut bi plano (bereizezin) bereizi behar direla.

Batetik, idazlea bera dugu, errealitateari bizkarra eman eta mundutik aparte bizi dena, ondoko gremiokoari (izan bertsolari, izan itzultzaile edo editore) ahotsa altxatzen diona mehatxagarri sentitzen duenean, bere bizi-espazioan sartu dela iruditzen zaionean —alderantziz ere gertatzen da—. Etxeko goxotasunak eta tabernako musika ozenak eskaintzen duen intimitatean esanen ditu esan beharrekoak idazleak, erakutsiko du jarrera bat, plazarako jauzi hori egitera ausartu gabe; beharbada, inozoki, bere obraren ustezko neutraltasuna ez izorratzeko eta irakurleak ez uxatzeko. Beste kontu bat da inork idazleen iritzia jakin nahi duen, edo idazleek eurek autoritate/behar hori duten beren iritzia plazaratzeko.

Iruditzen zait, ordea, liburuetan bai agertzen dutela idazleek posizio bat, fikzioaren bidez maskararen atzean babesten badira ere. Ez esplizituki ez figuratiboki agertzen ez dutenean ere, posizio batetik ari dira, eta hautu bat egin dute, beraz, isiltasun horrek markatzen du jarrera, eta deuseztatzen usteko fribolitatea. Horretaz maiz mintzatu gara, ordea, eta ez diot berriz helduko.

Harold Pinterren antzezlanei buruz idatzi zuen saiakera bat Martin Esslin kazetariak, antzerkigileak berrogei urte ere ez zituenean. Ordurako, kritikari anitzek egozten zioten Pinterri apolitikotasuna, haren antzezlanak espazio eta gai pribatuetan gertatzen zirelako, besteak beste; garaiko elkarrizketak irakurrita, gainera, badirudi antzerkigileak berak irudi hori eman nahi zuela. Gerora, ordea, Pinter nazioarteko PEN taldeko kide izan zen, apartheidaren kontrako eta Kubaren aldeko mugimendutan parte hartu zuen, eta Palestinarentzako justizia eskatzeko juduen aldarria sinatu zuen. Ekintza horien guztien aurretik idatzitako saiakeran, ordea, Esslinek dio boterearen politika etxe girora eramaten duela Pinterrek, eta pertsonaiak, kanpokoaren beldurrez, beren buruarekin konfrontazioan jartzen dituela; finean, hori guztia bada ekintza politiko bat. Izan ere, garaiko zenbait autoreren existentzialismoari jarraikiz, Pinterren ustez, pertsonaren izateak baldintzatzen du bere pentsamendua.

Ez dut uste indibidualismoak —moralarekin loturarik ez duen indibidualismo batek— kontra egiten dionik kolektiboari, ez bada elikatzen. Hara zer zioen Sarrionandiak horren harira: «Ni indibidualista naiz, neure bizitzari buruz erabaki nahi dut, eta horrexegatik parte hartu nahi dut erabaki kolektiboetan. (…) Askatasun indibiduala aitzakiatzat harturik erabakimen indibidualak murriztea trikimailu hutsa da» (hAUSnART 0). Bi noranzkotan baizik ez da efektiboa izanen, hots, norbanakotik kolektibora eta kolektibotik norbanakora. Hiromi Yoshidari esker euskaraz dugun Takiji Kobayashiren lanean esaten da «iraultza sukaldean hasten d[el]a» (armiarma.com). Luze daramate hori esaten Bilgune Feministakoek, gizarteak elementu pribatu edo intimotzat dituenei estatus politikoa emateko aldarria egiten dutenean, esaterako.

Eta ildo horri tiraka, hasierara itzul gaitezke. Izan ere, zergatik espero dugu orain arte ahorik zabaldu ez dutenek egungo hondamendiaren aurrean publikoki erantzutea? Non zeuden eremu pribatuan eskubideak zapaldu diren urte hauetan guztietan, demagun, emakumeen eraso sistematikoan, orain artikulu miseriazko bat eskatzen diegun idazleak? Balio al du deusetarako arrautza apurtu denean asaldatzeak, baldin eta kolpe bakoitzarekin kraskatu dutenean beste alde batera begiratu badugu?

* Goiburua ere Pessoarena da, hain zuzen, artikulu honen lehenengo esaldiaren aurreko esaldia da Livro do Desassossegon.

Tags:  ,