Ez da normala

urria 29, 2013 @


weems-photo-006

(Mirror, mirror. 1987. Carrie Mae Weems. Egin klik irudian obraren sorpresa deskubritzeko)

Hemendik aurrera bi hilabetean behin (gutxi gorabehera) kolaboratuko dut Noticias taldearen Ortzadar gehigarriarekin. Liburu-kritikak idatziko ditut. Lehen fruitu hau urriaren 26ko alean argitaratu zen.

EZ DA NORMALA

Izenburua: Genero-ariketak

Argitaletxea: Edo!, 2013

Hainbat egile

Kritika hau ez da kritika normal bat, ezin du izan, liburu hau berau ez baita liburu normal bat, ezpada gure jendartea markatuko duen mugarri bat. Txoko honetan estreina idazten dudan egunerako, beraz, ezinezkoa zitzaidan liburu hau ez zen beste edozein obra aukeratzea, jakin badakidan arren aise egoki diezadaketela autobonbolariaren etiketa, hain eskarlata gurean; izan ere, (#NorbaitekEsanBeharZuenHortazHobeNikEgitea) nik neuk euskaratu dut Judith Butlerren artikulu bat bildumarako. Hala ere ez dut uste eremu labainean nabilenik hemen, nire ekarpena mugatua eta partikularra izan zelako eta liburua ia osatuta zegoelarik egin nuelako.

Hori argi utzita, berriz diot: liburu hau ez da normala, eta esamolde jakin hori erabili nahi dut, hori baita zenbait alorretan askatasuna hertsatzeko erabiltzen den arma eraginkorrenetako haatik ezin sotilagoetako bat, bigarren pertsonan adierazita: zu ez zara normala; zenbat aldiz izan da iltzatua liburuak akorduan dituen ikusezinen azaletan?

Ez, liburu hau ez da normala, bazen garaia. Gure herriko tradizio feministaren indarra antzemanezina zen euskarazko apalategietan, eta Genero-ariketak gabezia hori estaltzeko urrats bat da. Isa Castillo Etxano eta Iratxe Retolaza apailatzaileek liburuko atalen antolamenduan 3 pausotako bilakaera irudikatu nahi izan dute, teoria feministak zergatik eta zertarako sortu diren ulertzeko ezinbestekoa: gorputza, ispilua, pentsamendua.

Hasteko, hor dago gorputz ez-normala, ez-onargarria, ez-younameit, guk geuk markatutako muga zurrunen kontra bizitzen saiatzen, liburuan islatuta: superwoman lirain eta gizon alfen eredu ideala (eta faltsua) zorrozki eraitsia (Virginie Despentes); gela bat norberarena lortzeko borroka, eta ohartarazpena, zulo fisikoa bezain garrantzizkoa baita buru barruan gordetzea norberarentzat espazio aske bat, besteei orduka baino aloka ez dakiekeena (Itziar Ziga), drag king tailerren bitartez gorputza eraldatzearen iraultza (Ainhoa Güemes).

Hor dago ispilua, gero, errepresentazioaren ikurretan ikur, geure gorputzaz pentsatzeko haurtzaroan igarotako lehenengo ate: posizio ikusezinenak feminismoaren subjektuan txertatzearen garrantzia –bereziki argigarria putaren posizioaz egiten den zehaztapena– (Medeak); gizon-emakume dualismoa leherrarazteko oihua (manifestu transfeminista); komunen arkitektura desnaturalizatua (Beatriz Preciado); frankismo garaiko kasuen berreskuratzea (Raquel (Lucas) Platero).

Hor dago pentsamendua, senti eta nabaritutakoak analizatzeko lanabes: gorputz politiko feministen bideak (Mari Luz Esteban), queer teorien sorrera-testuingurua (Javier Sáez), queer pentsamenduaren hastapenak (Judith Butler).

Hor dago hori dena, eta askoz gehiago, orri-arte hau erreminta-kutxa bat baita, iradokitzen dizkigun ideiek gure etorkizuneko eztabaidak elikatuko dituzten heinean. Hizkuntzaren aldetik ere bada baliabide-emaile, bukaeran glosategi bat osatu baitu Amaia Alvarez Uriak, dagoeneko ari dena fruituak ematen (Kattalin Minerren proposamena: queer=zernahi).

Ez, liburu hau ez da liburu normal bat. Bada, ordea, irakurgai hausnarrarazle barne-kontraesan-azaleratzaile ezin aproposago bat, guztiok garen zera ez-normal horientzat.