Esan ezin denaz (I)

martxoa 2, 2014 @


Antigone

(Margolana: Antigone, Frederic Leighton, 1882).

Berriako Hirudia ataleko hogeita bigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

 

Mendebaldeko pentsamenduan tragediak leku berezia hartu zuen XX. mendeko eztabaida filosofiko eta etikoetan. Horren ondorioz-edo, Sofoklesen Antigona berpiztu eta oihartzun politiko handia izan zuen, eta hainbat berridazketa, azterketa eta egokitzapen idatzi dira ordutik. Horietako bat da Luis Rafael Sanchez puertorricarraren La pasión según Antígona Pérez: crónica americana en dos actos (1968) antzezlana. Horretan ere Antigona borrokaren eta erresistentziaren ikur da, ordena zapaltzaile baten kontra matxinatzen den gazte printzipioduna. Gina Beltranek dioenez, ordea, Antigonaren bertsio latinoamerikarrean gazteak interpretazio-ekintza apurtzaile batekin lortzen du tiranoaren ordena totalitarioa iraultzea (452ºF, 10.zk). Goazen, baina, urratsez urrats. Antigonak estatu legea hausten du; krimena konfesarazteko monsinore Escudero bisitan joaten zaionean, gazteak esaten dio senidetasunezko eta maitasunezko ekintza iraultzaile bat izan dela. Monsinoreak, ordea, akusazioak bi sentimendu horiek ezeztatzen dituela erantzuten dio, eta haren delitua lapurreta dela. Monsinoreak bere zentzua inposatzen du Antigonaren interpretazioaren gainetik, bada, Antigonak bere ekintzei emandako dimentsioa ezeztatuz; horrela lortzen du neskaren borroka kriminalizatzea eta legearen urraketa huts bihurtzea. Baina monsinoreak egiatzat duen zentzua ez da prentsak eta Elizak babestutako erregimenaren egia besterik.

Goetheren Werther gaztearen arrangurak (itzul. Matias Mugica) liburuak ematen dio izena Werther efektuari. Alemanak 1774an argitaratu zuen eta arrakasta itzela izan zuen gazteen artean; hainbeste non protagonistaren suizidioa kopiatu eta bere buruaz beste egin baitzuten hainbat irakurlek. Hori dela eta, Italian, Alemanian eta Danimarkan zentsuratu egin zuten. Sentimendu negatiboren bat eragin dezakeela? Fuera, errotik moztu eta listo. Beste modu batera esanda: ziurtasunak ezbaian jar ditzakeela? Konponbidea bera da. Idatziak debekatzeko ekinean, ezaguna da Faurisson auzia. Lyongo unibertsitateko literatura irakasle Robert Faurissonek testu batean adierazi zuen zalantzan jartzen zuela holokaustorik egon ote zen. Talde antifaxistek mehatxatu eta eraso egin zioten, epaitu zuten eta eskola ez ematera ere zigortu zuten. Faurissonek bere eskubide legalak aske erabili ahal izateko eskaera bat sinatu zuen Chomskyk, besteak beste. Faurissonen posizioa defendatzea egotzi zioten hizkuntzalariari orduan, eskuinak zein ezkerrak. Posizio hori gaitzesteko ere exijitu zioten. Chomskyk bere erabakia justifikatu behar izan zuen, eta adierazpen askatasunak iritzi edo posizio baten nondik norakoen defentsarekin zerikusirik ez zuela azaldu zuen. Adierazpen askatasunaren defentsa egiteko asmo zuen Chomskyk, eta aldarri horri gaitzespenez (eta gaitzespenaren exijentziarekin) erantzun zioten.

Ezagun genuen belar txarra hazi da azkenaldian gurean ere. Sastrerekin gertatu bezala, orain bost bilbotarri urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri diete prentsan kaleratutako gutun batean esandakoengatik. Gasteizko Alde Zaharreko presoen senideen aldeko kalejira batean kantatzeagatik bi bertsolari eta abeslari bat Madrilen epaitu dituzte aste honetan bertan, beste 11 auzokiderekin batera. Joxe Azurmendik kontatzen du Aussaresses jeneralak Aljeriako gerran armadak egindako torturak harro-harro eta gordinki kontatu zituela liburu batean, eta horregatik Errepublikak auzipetu zituela bai jenerala bai editorea; «ez ziegetan torturak eragiteagatik, ezpada ‘torturaren apologia’ egiteagatik». Hain zuzen, Joxe Azurmendik maisuki jorratu du ez bakarrik pentsamenduaren kontrol etiko, politiko eta morala, baizik eta pentsamendua kondenatzearekin batzuek duten tema. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Antigona puertorricarraren obraren bukaeran, erregimenak ezarritako zentzua eta esanahia iraultzeko gaitasuna erakusten du gazteak. Bere interpretazioa inkisidoreen mezu ofizialaren gainetik ezartzeko ausardia du Antigonak, eta horrek gaztearen diferentzia espazioa ezaugarritzen du. Antigonaren benetako ekintza iraultzailea, beraz, bere mundu ikuskera ezartzean eta tiranoaren inkisizio ideologikoa haustean datza.