Amiri Baraka – Why is We americans

maiatza 26, 2014 @


amiri-baraka

(Irudia: Amiri Baraka)

Hilabete honetako kolaborazioak Estatu Batuetan harrapatu nau oporretan, Alabamako errepide amaigabeen eta Mississipi ibaiko rock ‘n roll doinuen artean. Banuen bideo bat erdi prest zuei aurkezteko, baina bertakoekin garagardo bitsetan solasaldi anitz trukatu ostean, aurrez ezagutzen ez nuen pertsonaia handi bat deskubritu dut, Amiri Baraka. Urtarrilean zendu zen 1934an jaiotako poeta eta aktibista polemikoa. 50 eta 60. hamarkadetan Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduan aritu bazen ere, kritika latzak zuzendu zizkion indarkeria eza eta desobedientzia zibila aldarrikatzen zituen mugimendu hari. 1965. urtean Malcolm X hil zutenean Harlemera joan zen bizitzera eta bertan, “mundu beltza” eraikitzeko bidean indarkeria ezinbestekoa zela aldarrikatu zuen. ITU bandak haren poema batzuk itzuli zituen ingelesetik euskarara bere heriotzaren harira, eta horrekin batera Barakaren bizitzari buruzko hainbat datu bildu zituen. Edukiak ez errepikatzearren eurek idatzitako artikuluaren linka utziko dizuet, eta poemak eskura izan ditzazuen ere: http://ituliteratura.wordpress.com/2014/03/31/amiri-baraka-6-poema-euskaraz/

Sarean topatu ditudan poema-bideoen artean ‘Why is We americans’ aukeratu dut Amiri Barakari omenaldi xume hau egiteko. Zoratzeko moduko abiaduran aritzen bada ere, ikaragarria iruditu zait bertso bakoitzean biltzen duen indarra. Zuekin, Amiri Baraka.

[Behar izanez gero, bideoaren ostean ulertzeko ez horren errezak iruditu zaizkidan erreferentzia kulturalen bilduma txiki bat aurkituko duzue.]

‘Sambo': beltzak mespretxuz izendatzeko AEBetan erabili izan den izena.

Li’l Abner eta Daisy Mae: AEBetako komiki satiriko bateko pertsonaia nagusiak.

Beverly Hillbillies: AEBetako telebista seriea. Kalifornian bizi den mendiko familia batek petroleoa aurkitu eta aberastea lortzen du. Serieak aberats berri hauen bizitza kontatzen du.

Amiri Baraka – Why Is We Americans.

“Zergatik gara Gu amerikarrak” izeneko poema bateko zati bat da hau. Baina errealitatea zati bat besterik ez da telebistan.

Zergatik gara Gu amerikarrak? Zergatik gara Gu amerikarrak?

Bu-de-daaaa. Bu-de-daaaa. Bu-de-daaaa. Bu-de-daaaa. Bu-do-do. Be-De-De-De-Bu-De-Bu-Bup-Boo-Boo.

Ni bera naiz nahi dudana. Benetan. Ni eta ni neu. Eta hori ni naizena naiz eta ikusten dudana eta sentitzen dudana eta nor naizen. Zer den, nor den da, eta ni naizenean zer den izaten da… Hemen egongo naiz, nahi baldin badut, esan bezala, autodeterminazioa, baina ez nator tribu ergel batetik, mandoa nahi dugu, eta lurra, blue chip-eko hirurehun urtetan egin dezakezue eragiketa osoa. Debalde egiten genuen garaiko nekazari bakoitzaren batez besteko soldata ordaintzea nahi dugu, banku nagusi batean. Gehi kalteak, hildako guztiengatik, iruzurrengatik, lintxamenduengatik, justizia ezagatik, gezur eta muntaiengatik, bermerik gabeko atxiloketengatik, zigorrengatik, izaera eta arraza hilketengatik. Historian zehar eginiko irainengatik, karikatura itsusiengatik, ‘sambo’ izenagatik eta Fetchiten filmengatik ordainketa nahi dugu, esan edo egin dituzuen gauza mingarri guztiengatik. Hartu zenituzten lur guztiengatik, bortxaketa guztiengatik, Rosewoodeko gertakizunengatik eta suntsitu dituzuen Wall Street beltz guztiengatik. Hezkuntza kaskarrarengatik, lanen galeragatik, bizi garen txabola segregatuengatik, suntsitu eta hil gintuzten gaixotasunengatik, txikitu gintuzten polizia ero guztiengatik. Lapurtu zenituzten musika eta dantza guztiengatik. Estiloengatik. Hizkuntzagatik. Bereganatu zenituzten jantzi modernoengatik. Gelditu dituzuen karrera guztiengatik. Hauek denak nazio afro-amerikarrari eginiko kalteak ordaintzeko eskakizun zehatzak dira.

Bu-de-daaaa. Bu-de-daaaa. Bu-de-daaaa.

Gu guztiontzako hezkuntza, eta esklabotzak beltz gehiagorik ez kolpatzea nahi dugu. Jende natibo guztiarentzako, eta barregarri gisa aurkezten dituzuen zuri gaixo guztientzako, Li’l Abner eta Daisy Mae gisakoentzako, Beverly Hillsera iritsi ez ziren Beverlyko menditar guztientzako. Aitonen testamentuetan Harvarderako sarrerarik lortu ez zuten guztientzako. Haiei ordaintzea nahi dugu, primeran, eta lurrak lapurtu zenizkieten mexikarrentzako. Zuek Texas, Arizona, Kalifornia, Mexiko Berria, Colorado izenez ezagutzen dituzuen Ipar Mexikoko lurralde guztientzako, hori dena, hori dena, hori dena, Bu-de-daaaa do do bap bap bap baaa du de do.

Hori guztia eman behar duzue: autonomia eta kalte-ordainak. Chicano eta Amerikako natiboentzako, euren lurrak euren izpirituekin batera izorratu zenituztelako, Autodeterminazioa eta eskualdeko autonomia eman behar diezue, hori da nik, Guk, eskatzen duguna. Eurek ere gauza bera eskatuko dute, Guk bezala, euren herri zapalduen izenean. Bai, hezkuntza, hori da, berrehun urte. Hornidura-gune nagusi bat nahi dugu, modu demokratikoan hautatutako administratzaileak eta guztion artean hautatutako kontseilua izango dituen banku nagusi bat. Guk antolatzen dugun erreferendum baten bidez erabakiko da. Malcolmek aipatzen zuen Autodeterminazioa elkarren arteko konfiantza errespetu eta defentsa gisa eraikitzeko. Du Bois onak zioenari garrantzia emanez: benetako autokontzientzia. Modu argian esanda, askatasunaren psikologia.

Bu-de-daaaa Bu-de-daaaa Pu de-daaaa Pu de-daaaa bap bap bap bap bu de bu de bu de bu bu.

Orduan hitz egin dezakegu amerikarrak izateaz. Orduan entzun dezakegu zuen ipurdiak sutan jartzeko ezkutuko desirarik izan gabe. Borondatezko batasunaz eta autonomiaz hitz egingo dugu soilik, horiek baitira autodeterminaziorako ditugun armak. Zuen artean demokraziarik baldin badago hortxe agertu beharko duzue. Hori da Gu amerikarrak izateko modu bakarra. Hori da esan daitekeen egia bakarra. BESTELA gerra baino ez da egongo gure artean. Guk nahiago dugu maitaleak izatea, eta abeslariak eta dantzariak eta poetak eta bateria-joleak eta aktoreak eta korrikalariak eta eguzki garren taupadak… baina Gu da, baita ere, gure isiltasun eta immobilismoarekin amaitzea. Gu da zuen usain ezjakinaren eta zuen asmo txarreko infernupean egotearen amaiera. Emazkiguzue geure bizitzak edo presta zaitezte zuenak galtzeko.