Latina, judutarra eta etorkina

uztaila 7, 2014 @


we all can do it

Sarrera-egilea eta itzultzailea: Elixabet San Sebastian Lasa

Elearaziko lehen argitalpena denez, neure burua aurkeztuko dut lehendabizi. Elixabet naiz, tolosarra, eta laster bukatuko dut Itzulpengintza eta Interpretazio Gradua Gasteizen. Horrela ezagutu nuen itzulpengintzaren mundu miragarria, eta ez dut bertatik alde egiteko intentziorik. Eskarmentu handirik ez dudan arren, gogorik eta ilusiorik ez zait falta; hori omen da garrantzitsuena. Garazik galdetu zidanean ea prest nengokeen itzuli berri dudan testua atari honetan argitaratzeko, ez nuen zalantza izpirik izan.

Gradu amaierako lanerako “‒But I know you, American woman” artikulua euskaratu dut, feminismoaren teorizazioaren markoan argitaratutako testu akademiko bat, hain zuzen ere. Testuaren helburu nagusia aldarrikapen bat helaraztea da, bai eta gogoeta eginaraztea ere. Judit Moschkovich da egilea, eta honela dio artikuluan: «Latina naiz, judutarra eta etorkina, dena batera». Horixe izan omen da haren borrokarik handiena, den bezalakoa izatea. Horretaz gain, Moschkovichek aitortzen du beti izan dela feminista. This bridge called my back:Writings by radical women of colour. Horixe da sorburu-testua argitaratu zen liburuaren izenburua. Antologia feminista bat da, zenbait emakumek idatzitako testuz osatua, eta helburuetako bat feminismoaren baitan arrazarekin lotutako gaiak nabarmentzean datza.

Itzulgai hori aukeratu izana ez da kasualitatea; “‒But I know you, American woman” artikulua feminismoaren liburu funtsezkoetako batean argitaratu zela jakinik, gisa horretako lanak euskaratzeko daudenez, eta emakumeen ikusgarritasuna literaturan nahiz itzulpengintzan eskasa dela ikusirik, halako testuak itzalpetik argitara ateratzeko garaia dela deritzot.

Bestalde, xede-testuari buruzko pare bat iruzkin egin nahi nituzke. Itzulpena irakurtzean konturatuko zarete xede-testuko lehen hitza Latina dela eta aurrerago emakume latino erabili dudala; eztabaidagarria, baina hainbat arrazoi daude hautu horren atzean, eta ondorengo lerroetan argituko dut labur-labur:

Latina hitzaren erabilera ‒gaztelaniazko latino marka femeninoa gaineratuta‒ oso zabaldua dago Amerikako ingelesean. Geure hizkuntzak, ingelesak bezala, ez du generorik markatzen izenetan eta izenondoetan: euskarak gramatikalki maskulinoa ez den izendatze neutroa du. Hitzak mailegatzean, gaztelaniaren sistemari jarraiki, «o» hizkia erabiltzen da, eta arazoa da, gaztelaniaren oihartzunagatik, «o» hizkiak maskulinitatea iradokitzen digula hizkuntza horrekin harremana dugun euskaldunoi. Ondorioz, hainbaten iritziz, kontzeptuaren zati bat besterik ez da jasotzen, eta horrek guztiak euskaraz emakumearen irudia desagerraraztea dakar. Gainera, itzulpen-prozesuan generoaren marka galdu da hirugarren pertsona singularreko izenordainetan, ingelesez generoaren marka dutelako eta euskaraz, aldiz, ez. Hortaz, jatorrizkoan markatuago gelditzen da testuaren izaera hori.

Generoaren marka konpentsatzeko, emakume hitza txertatu dut kasu gehienetan. Horrela, idazlearen ideologia errespetatzen da, baita euskararen barne kohesioa ere. Aitzitik, latina hitza erabiltzeak itzulpenaren barne kohesioa kolokan jartzen du, eta euskararen gaur egungo genero sistemaren aurka doa. Baina letra etzanez idatzia egoteak erdal hitza dela adierazten du. Horretaz gain, testuan nabarmendu nahi den hitza markatzeko ere erabiltzen da letra etzana eta, kasu honetan, egilearen helburuetako bat emakumearen ikusezintasunarekin apurtzea da, hain zuzen ere. Mundua izendatzean emakumeen hitza entzun dadin nahiko luke egileak ziur aski, eta hori itzulpenean islatzeak garrantzi handia du, testuaren funtzioetako bat baita. Beraz, xede-testuko lehen hitz horrekin feminitatearen aldarrikapen modukoa egin nahi izan dut; izan ere, idazlearen ideiak ezagututa, hark ere hala egingo lukeela pentsa daiteke.

Honenbestez, eta gehiago luzatu gabe, goza ezazue irakurketarekin!

Gasteizen, 2014ko ekainean

This Bridge Called my Back. Writings by radical women of colour

 

«…Baina nik ezagutzen zaitut,

amerikar emakumea»

Judit Moschkovich

Latina naiz, judutarra eta etorkina, dena batera. Jendeari nor naizen esaten diodanean, normalean nahasmena ikusten dut haien aurpegietan. Halakoetan honela esan ohi diet: «Ikusten dut pixka bat nahastu zaitudala. Nola liteke judutar eta latinoamerikar izatea, biak batera? Bada, egidazu kasu, posible da!»

Hasiera batean, gutun hau beste bati erantzuteko idatzi nuen, nazio mailan banatzen den emakumeen egunkari batean argitaratu zen gutun bati. Gutun horrek nabarmen islatzen zuen anglo-amerikar emakumeek kultura latinoekiko duten ezjakintasun lotsagabea. Nire erantzuna amerikar kultura menderatzaileko[1] emakume guztiei dago zuzendua. Izan ere, anglo emakumeak gutunean islatzen dituen adierazitako eta adierazi gabeko ikuspuntuak nahiz sentipenak behin eta berriz topatu ditut anglo-amerikar emakume askorengan.

Gutuna irakurritakoan honela erreakzionatu nuen berehala: «Ez hitz egin norbaiti/zerbaiti buruz, non eta ez zaren gaiaren inguruko ezjakintasuna onartzeko gai». Edo, bestela esanda: «Ez nauzu ezagutzen, baina nik ezagutzen zaitut, amerikar emakumea». Uste dut kultur opresioaren oinarrietako bat beste kulturak ez ezagutzea dela. Ez dut jotzen errotuta dagoen beste kulturen ezjakintasunaren erantzule gisa inongo banakako amerikar emakumerik; ezjakintasun horren bultzatzaileak zein babesleak amerikar hezkuntza- eta politika-sistemak dira, bai eta amerikar komunikabideak ere. Baina uste osoa dut ezjakintasun horren eraldaketa emakume bakoitzaren esku dagoela.

Gutunean, anglo emakumeak latinoen kulturari[2]buruzko informazioa eskatzen duela dirudi. Jakin nahi du lantinook zer nahi dugun, zeren alde borrokatzen dugun eta abar. Lehenik eta behin, latinoen kulturari buruzko informazio gehiago eskatzen didatenean, eskari sinplea izanda ere, zaila egiten zait erantzutea sentimendu bortitzak eta kontrajarriak izan gabe. Guztiok entzun dugu noizbait: «ez da zapalduaren eginbeharra zapaltzaileari irakastea». Eta, hala ere, «kontsultarako pertsona» ez ezik, irakasle bihurtzeko presioa sentitzen dut maiz. Normalean ez dut entzuten, «Aizu! Zer deritzozu latinoamerikar idazle feminista honi eta horri buruz?», bai, ordea, «Erakutsidazu dakizun guztia». Latinoamerikar emakumeek liburuak idazten dituzte, musika eta abar. Latinoamerikarren inguruko informazio mordoa aise eskura daiteke liburutegi eta liburu-denda gehienetan. Eta nik diot: irakurri eta entzun. Orduan, agian izango dugu elkarbanatzeko zer edo zer.

Bigarrenik, informazioa eskatzen dizutenean, oso zaila da erantzutea paragrafo batean zein bestean latinoen kulturari zuzendutako mespretxuak eta irainak badaude. Herrialde honetan hazitako eta hezitako edonork aukera paregabea du beste kulturen ezjakin izateko, bai herrialde honetako kultura gutxituen ezjakin, baita beste herrialde batzuetakoena ere. Kultur isolamendu baten modukoa da, herrialde honetako jendeari betearazten zaion bizimodu bat, jendea aske senti dadin munduarekin edo Amerikako azpikulturekin harremantzeko garaian. Kontuan izan hizkuntzak ikasteak AEBn duen enfasi falta, baita gainerako herrialdeak mapan kokatzean estatubatuarrek duten ezagutza falta ere. Askotan galdetzen didate, «Non dago Argentina, Europan ala Afrikan?» edo «Ez al duzue, ba, hor behean portugesez hitz egiten?». Nola senti daitezke errudun inondik ere ezagutzen ez duten herrialde bat/norbait gutxiesten dutenean?

Pareka dezagun gizonen eta emakumeen kulturekin gertatzen denarekin: emakumeak gizonezkoen sistemetan bizi dira, gizonezkoen arauak ezagutzen dituzte, gizonen hizkera erabiltzen dute inguruan gizonezkoak daudenean eta abar. Baina, zer dakite benetan gizonek emakumeoi buruz? Boterearen desoreka betikotzeko maneatutako mito madarikatuak, besterik ez. Kultura/herrialde/pertsona dominatu eta dominatzaileen, edo kolonizatzaile eta kolonizatuen kasuak berberak dira. Jatorriz amerikar kulturan hezi ez den emakume elebiduna/bikulturala naiz, baina amerikar sisteman bizi naiz, portaerari lotutako amerikar arauak obeditzen ditut, ingelesez hitz egiten dut ingeles hiztunez inguratuta nagoenean eta abar; eta nire kultura propioari buruzko mito zein estereotipo maneatuekin eta erabateko ezjakintasunarekin topo egitea besterik ez dut lortzen.

Nire kultura latinoak esanahi asko dauzka niretzat: gustatzen zaidan janaria, gustatzen zaidan musika, gustatzen zaizkidan liburuak, hitz egiten dudan hizkuntza, beste herrialde batean nagoenean gogoratzen ditudan zuhaitzak eta lurraldea, kontatzen ditudan txisteak, jendea agurtzean muxu emateko edo besarkatzeko dudan modua eta abar, eta abar, eta abar. Jarraituz gero, ez nuke sekula bukatuko. Horretaz gain, kultura latinoaren baitan aldatu nahi nituzkeen gauzak ere iradokitzen dizkit nire kultura latinoak, eta ez naiz hitz egiten ari gizonak aldatzeaz, sistema zapaltzaileak aldatzeaz baizik. Aldaketa horiek direla-eta ez dut kulturarik gabeko ezerezik aurreikusten; esaten den bezala, «kultura guztiak txarrak direnez, ez dut bat bera ere nahi». Proposatutako kulturarik gabeko ezerez hori amerikar kultura litzateke, patata frijituen eta hanburgesen ‒edo sojazko hanburgesen‒ kultura, amerikar musika irratian entzutearena ‒baita irratsaio feminista batean emititutako amerikar emakumeen musika bada ere‒, norbait agurtzen den bakoitzean muxurik ez ematearena edo ez besarkatzearena eta abar. Eta, hala ere, ezjakintasunaren kultura izateaz gain, herrialdeak/kulturak zapaltzen dituen kultura esplotatzailea izaten jarraituko luke.

Apur bat zehatzago azaldu nahi nituzke anglo emakumeak aurrez aski informatu gabe gutunean egindako zenbait adierazpen. Aipatzen duen Espainiako gobernu faxista ‒latinoen nazio ondare bakarra dela iradokiz‒ AEBren babes ekonomiko eta politiko zabalak ahalbidetu zuen, eta oraintxe bertan munduan dauden beste hainbat gobernu faxistekin berdin gertatzen da, hirugarren munduan, batik bat. Gobernu batek hiritarrak demokratikoki ordezkatzen ez baditu, sekulako aldea egoten da gobernuaren politiken eta herrialdeko kulturaren/herritarren artean. Espainiako Gerra Zibilean eta Francoren agintaldian faxismoaren aurka egondako borroka garratza ezagutuz gero, inork ez lituzke espainiarrak arrazistatzat hartuko. Ez ditut amerikarrak inperialistekin/arrazistekin parekatzen, baina inperialista eta arrazista kontsideratzen ditut kultura dominatuekiko jarrera eta kultura horiei buruzko ezjakintasuna aldatzeko ezer egiten ez duten amerikarrak.

Latinoen kultura ‒hau da, angloa ez dena‒ Ipar eta Hego Amerikan nagusi ez izatea istripu «historikotzat» jotzen den moduan, nik ez diot istripu deitzen Mexikoko lurren jabetzeari, AEBren mugimendu inperialista/espansionista baizik. Natiboen, beltzen, espainolen kulturaren eta noizean behin Europako beste kultura batzuen arteko nahastea da Latinoamerika. Baina amerikar masen kultura da nagusi, amerikar interesak Latinoamerikako ekonomia-sisteman nagusi diren modu berean; halaxe gertatzen da Latinoamerikako herrialde gehienetan, baina ez guztietan. Latinoamerikan, gure kultur adierazpen propioaz gain, amerikar telebista-saioak ikusten ditugu, amerikar musika entzuten dugu irratian, amerikar jeansak janzten ditugu, horretarako dirurik izanez gero; beste modu batera esanda, Amerikarentzat ekonomikoki errentagarria den edozer gauza egiten dugu. Baina, AEBn zenbatetan entzuten duzu kanta bat irratian gaztelaniaz edota ikusten duzu telebista-saio bat gaztelaniaz? Ez naiz hitz egiten ari latinoen komunitateak latinoentzat sortutako irratiez edo telebista-saioez; amerikar komunikabide nagusiez hitz egiten ari naiz.

Inork ez du ukatzen espainiar konkistatzaileek Latinoamerikako biztanle natiboak konkistatu egin zituztenik eta azken horiek oraindik zapalduta jarraitzen dutenik. Hala ere, garrantzitsua da jakitea AEBn bizi diren latinoamerikarrak ez direla «espainiar» konkistatzaileen arraza zehaztugabe batekoak, arraza/kultura anitzeko jendea baizik, eta haien aurrekariak natiboak, beltzak eta europarrak dira. Latinoamerikar kulturaren eta anglo kulturaren arteko desberdintasuna da latinoamerikar herrialde bakoitzak bere kultura indigenak janarietan, musikan, literaturan eta abarretan gorde eta integratu dituela. Argentinako folk musika, adibidez, indio natiboen folk musikan oinarritzen da, instrumentu europarrekin nahiz tradizionalekin musikatzen da, kantak gai tradizionalei buruzkoak izaten dira eta letrak gaztelaniaz edota hizkuntza indigenaz idazten dira. AEBn ez duzu askotan pentsatuko amerikar musika natiboa dela «amerikar folk musika».

Kokoteraino nago latinoamerikar kulturaren ezaugarri suntsitzaileei buruzko iruzkinak etengabe entzun behar izateaz, batik bat, kultura ezagutzen ez duten eta aspaldiko mito ezagunak soilik errepikatzen dituzten emakumeen ahotan. Utzi emakume latinooi zer gertatzen den kontatzen, gauza onak nahiz txarrak. Bertan bizi izan naiz eta, arraioa!, ondotxo dakit nolakoa den. Zurrumurruak, estereotipo arrazistak edo mitoak sinetsi beharrean, entzun nire kulturari buruz esateko dudana. Txintik ere ez da entzuten depresioak jota dauden eskandinaviarren inguruan, txintik ez amerikar kulturan hain hedatua dagoen lehia ankerraren inguruan, ez eta anglo kulturan falta den kontaktu fisikoaren eta gertutasunaren inguruan ere. Horiek guztiak anglo kulturaren ezaugarri suntsitzaileak dira, eta ezin dira bazterrean utzi.

Badirudi honako hau dela beti egin gabe geratzen den galdera: «Kultura horretan ez al dira gizon latinoak (edo beltzak eta abar) gainontzekoak baino matxoago eta emakume latinoak gainontzekoak baino zapalduago?» Hona hemen nik galdera horri ematen dizkiodan erantzunak: 1) Zentzugabea da zapalkuntza sexista konparatzea. Zapalkuntza beti da zapalkuntza, forma edo intentsitatea edozein izanda ere. 2) Zapalkuntza sexista eta heterosexista agerikoa edo ez hain agerikoa izango da, kultura bateko biztanleek komunikatzeko duten gaitasunaren arabera. Anglo kultura puritanoagoa eta adierazkortasun askoz gutxiagokoa izateak ez du esan nahi hain sexista ez denik. 3) AEBk Latinoamerikako eremu gehienak ekonomikoki kolonizatuak dituenez, ezin da kultura kolonizatzaile bat ‒AEB‒ Latinoamerikako kulturekin alderatu. Latinoamerikako emakumeen egoera askoz hobea izango litzateke herrialde kolonizatuetan biziko ez balira. 4) Baina garrantzitsuena da zehaztea feministak garen neurrian gizonezkoei ala emakumezkoei erreparatzen diegun. Kultura guztien baitan beti dago emakumeen kultura bat. Zergatik ikusi nahi dute guztiek Latinoamerikako kultura gizonen ikuspegi batetik? Eta zergatik pentsatu soilik matxo gizonek nahiz apaiz katolikoek osatzen dutela ikuspegi hori? Gaur egun emakume indartsu bat baino gehiago bizi da Latinoamerikan, eta gure historia emakume indartsu famatuz eta ez hain famatuz josia dago. Emakumeei sekula kasurik egin ez zaien moduan, haiei ere ez al zaie kasurik egin behar?

Kultura ez da gorde edo bazter daitekeen zerbait. Nigan dago eta nirea da. Kulturarik gabe perlarik gabeko maskorra nintzateke, baita gainontzekoak ere. Esperimentu psikologiko bat egin zen behin, eta, subjektuak hipnotizatu ostean, etorkizunik ez zutela esan zieten lehenengo. Poztu egin ziren, eta umeak bezain axolagabe bihurtu ziren. Iraganik ez zutela esan zietenean, aldiz, erreakzio katatonikoa izan zuten.

Kultura guztiak baztertu eta berri bat sortu beharko litzatekeela esaten denean, angloak konturatu beharko lirateke ingelesez hitz egiten ari direla horrek dakartzan abantaila eta desabantaila emozional eta kontzeptual guztiekin[3]. Gustuko duzun janaria berbera izango da, jendearekin harremantzeko duzun ohiko modua ez da aldatuko, ez eta zure hitz egiteko modua ere.

Askoren ahotan honako hau entzun dut: «Herrialde honetara datozen immigranteek ingelesa ikasi behar lukete, amerikarren gisara jokatu, eta beren kultura mantentzen saiatzeari utzi. Horixe egingo nuke nik beste herrialde batera joango banintz!». Eta nik diot: «Kaka zaharra!». Batzuetan, immigrantea edo bikulturala/elebiduna izatean sentitzen dena ulertzeko, hori bera bizitu behar da.[4]Bizitzera beste norabait joandako amerikar emakume batek ez al lituzke txikitan egondako tokien eta pertsonen oroitzapenak gogoan izango? Ez al luke nostalgiaz gogoratuko kantu bereziren bat edo herrialde berrian topatzen ez duen janariren bat? Eta ez al luke komunikatzeko mugarik sentituko, bigarren hizkuntza primeran ikasi izanagatik ere, zenbait gauza sakon, emozional ama hizkuntzaren bitartez soilik adieraz daitezkeelako? Ala gurasoei ikasi berri duen hizkuntzan zuzenduko litzaieke? Nire esperientzia pertsonalean oinarrituta baiezta dezaket amerikar emakumeak gauza horiek guztiak bizituko lituzkeela. Oso zaila da nor zaren ukatzea, nondik zatozen, nola sentitzen zaren eta ahalik eta sakonen adierazteko duzun moduari uko egitea zeure burua gorrotatzen amaitu gabe.

Bukatzeko, gutun honek nire frustrazioa adieraztea espero dut. Anglo-amerikar emakumeek feministen edo emakumeen kultura bat garatzeaz hitz egiten dutenean, oraindik ere anglo-amerikar kulturaren testuinguruan planteatzen dute. Kultura berri hori amerikar kultura patriarkala bezain arrazista eta etnozentrikoa izango da. Askotan egin dut topo «desberdina» den oro gizonezkoena dela dioen errealitatearekin. Hortaz, nire kultura latinoari tinko eusten badiot, egitura patriarkal gorrotagarriari eusten diot. Bitartean, anglo estiloaren eta anglo kulturaren araberako mundu-ikuskera duen anglo emakumea «feminista perfektua» da.

Egunen batean, gustatuko litzaidake inork kultur desberdintasunak gehiago azaldu eta defendatu behar ez izatea ‒gutun honetan egiten ari naizen moduan‒. Horretarako, kulturak ezagutzeko prozesuak ezinbestean esperientzia partekatua izan behar du. Esperientzia horretan amerikar emakumeek euren kabuz ikasi behar dute, emakume latinook ezer eskura eman gabe. Baina ez dira aditu bihurtuko liburu, elkarrizketa edo estereotipo bati esker. Oreka hauskor bat da, eta bakar-bakarrik elkartasunarekin nahiz errespetuarekin lor daiteke.

Hona arte idatzitako guztia herrialde honetan immigrante nerabe gisa bizitako eskarmentuan oinarritzen da. Ez ezazu pentsatu aditua naizenik, baina bizitzan zehar neure kabuz eta beste batzuekin etengabe gainditu behar izan ditudan gaiak dira. Ez dut hitz egiten emakume latino guztien izenean, ezta anglo-amerikarrak ez diren emakume guztien izenean ere. Eskerrak eman nahi dizkiet lagunei jatorrizko gutuna idazten nuen bitartean jasotako babesagatik eta feedbackagatik. Guztiak dira anglo-amerikar emakumeak ‒garai hartan ez baitzegoen emakume latinorik nire inguruan‒, eta beren errua edota ezjakintasuna gainditzeaz arduratu ziren.

[1] Jakina, «amerikar kultura» diodanean ez dut aintzat hartzen afro-amerikarra, natibo amerikarra, asiar amerikarra, txikanoa eta abar. Anglo kulturaz ari naiz, amerikar gizartea dominatzen duenaz.

[2] «Latinoen kultura» diodanean, Latinoamerikako kulturak esan nahi dut. Horiek eta Europako latinoen kulturek ‒Frantzian, Italian eta abar‒ zapalkuntza desberdina jasan dute historian zehar.

[3] Utzidazue hizkuntzen arteko zenbait ezberdintasun azaltzen. Ingelesak gauzak idatziz azaltzeko duen modua lerro zuzen bat da ‒ezer berririk ez, ezta?‒. Alegia, sarrerako paragrafoa dago, tesia laburtzen duen esaldia eta ondorioak. Gaztelaniaren idazkera, aldiz, bihurriagoa da eta batzuetan urrundu egiten da pentsaera zuzenetik edo linealetik. Horren aurka borrokatzen dut ingelesez idazten dudanetan, ingeles irakurleek idatzitakoa uler dezaten.

[4]Emakume latinoaeta immigrantea naizenez, ezin dut alde batera utzi hispaniar askok belaunaldi gehiago daramatzatela herrialde honetan angloek baino. Angloek hispanoen lurrak kolonizatu baino askoz lehenagotik zeuden hispaniar kulturak mendebaldean nahiz hego-mendebaldean. Hispaniarrek edozein anglok bezalaxe beren kultur ondarea izateko eskubidea dute eta, izatekotan, gehiago, lehenagotik baitaude hemen.