Juduak sionismoaren kontra, Alemanian Israelen alde

uztaila 28, 2014 @


14

(Irudia: NKUSA taldeko manifestazioa) Ezintasunetik idatzitako kolaborazioa da hau. Hitzok idazten ditudan bitartean egunkarietako zifrek gora egiten dute: 1030 hildako, 20 egun, 6.000 zauritu eta 200.000 errefuxiatu baino gehiago. Gazako errealitate gordina. Sarraski hau gelditzeko itxaropenarekin Euskal Herriko kaleak laster betetzen dira Palestinaren aldeko pankarta, kartel eta ikurrez. Herri txikienetan ere sarraskia gelditzeko kontzentrazioak egiten dira. Nolabait, errealitate horretara ohituta nago ni ere, baina batzuetan etxetik kanpo sekulakoak  bizi behar izaten ditugu. Uztailaren 12 gauean ehun eta berrogeita hamar pertsona atera ziren Palestinaren alde Bremeneko kaleetan, manifestazio horretan apenas zegoen alemaniar jatorriko pertsonarik. Hurrengo egunean egunkarien lehen orrialdeetan manifestazioa hitz bakarrera sinplifikatu zuten: antisemitismoa. Palestinaren alde kalera atera ziren gazte haien oihuak antisemitak omen ziren Alemania zaharrean. Eta ez naiz prentsa sentsazionalistaz ari, ezkerreko egunkariez ari naiz. TAZ egunkariak sekulako artikulu zorrotza idatzi zuen manifestatzaile bakar batek “scheiß Juden” (judu nazkagarriak) oihu egin eta bertan zegoen kazetari bati argazkiak ateratzen utzi ez ziolako. TAZek artikulu hau etiketatzeko “Israelfeinde” (Israelen etsaiak) hitza erabiltzen zuen. Die Welt egunkariarentzako eskandalua da oraindik ere Palestinaren aldeko mobilizazioetan “Kindermörder Israel” (Israel umeen hiltzailea) oihukatzea. Bremeneko zentrotik egin zen bat-bateko manifestaziotik bi egunetara, Bremeneko ezker muturreko hainbat kolektibok deialdi bateratua zabaldu zuten: “Antisemitismoaren aurka, Israelen alde”. Asteartean Bremeneko antifaxista eta ezker muturreko gazteak Israelen alde atera ziren kalera. Hori gutxi balitz, parafernalia osoarekin atera ziren kalera: Israelgo estatuaren banderak, “Israelen aldeko antifaxistak” pegatinak, Alemaniaren aurkako ikurrak… Israeleko lehendabiziko soldadua hil zenean ere, kaleak kartelez bete zituzten. Israel eta Palestinaren arteko gatazka armatua Gazatik ateratzen diren misiletara mugatzen dute behin eta berriro. Interneten begiratuz gero, ikusiko duzue egoera bera Berlinen, Frankfurten, Hanburgon etab. errepikatu dela azken aste hauetan. Gainera, herri eta hiri batzuetan Alemaniako eskuma muturreko taldeak atera dira Palestinaren aldeko aldarria egitera… errealitate konplexu bezain aldrebestua dute herrialde honetan.

Manifestazio hauen atzean Hitlerren garaitik Alemanian gazteen buruetan iltzatu duten erruduntasun sentipena dago. Oraindik ere, judutarrei buruz hitz egiten duten bakoitzean ahotsaren bolumena jaisten dute gazte alemanek. Juduak kondiziorik gabe babesteko sentipen kolektibo indartsua dago, eta ez soilik gobernuaren partetik, erakunde gazte, progresista eta aktiboen partetik baizik. Antisionismoa antisemitismoa da eurentzako. Alemaniako gazte askorentzat zaila bada ere, apur bat irakurriz gero sionismoaren aurka dauden talde judutar mordoa dago. Finean, sionismoa korronte politikoa besterik ez da. Jarraian hilabete honetarako itzuli ditudan bi bideo aurkituko dituzue. Lehendabizikoan Estatu Batuetako NKUSA taldeko judutar ortodoxo bat entzuteko aukera izango duzue. Alemanian Israelen alde ateratzen diren bitartean, Estatu Batuetan sionismoaren aurkako judutarren mugimendu ikaragarria dago. Eta bigarren bideoa ziurrenik ezaguna egingo zaizue, Normal Finkelstein irakasle estatubatuarrak hitzaldi batean neska bati eman zion erantzuna da. Israelgo estatuaren aurka dauden judutarrak existitzen direlako, eta Alemaniako gazteak errealitate honetaz jabetu behar direlako. “Erruduntasuna” ezin daiteke aitzakia izan Israelek egiten dituen bidegabekeriak justifikatzeko. Gora Palestina.

Sionismoaren aurkako judutarrak:

Norman Finkelstein irakaslea:

Antif(Irudia: Berlineko manifestazio bat. “Antifa izateak Israelekiko elkartasuna esan nahi du”)