Suphi Nejat Ağırnaslı, itzultzaile eta gerrillaria

urria 27, 2014 @


suphi

Irudia: www.diken.com.tr ataritik moldatua.

Urriaren 5ean Estatu Islamikoko soldaduek Suphi Nejat Ağırnaslı itzultzaile eta gerrillaria hil zuten Kobanên. Jatorriz turkiarra bazen ere, ikasketak amaitu eta muga zeharkatu zuen YPG eta YPJ taldeetako gerrillariekin batera borroka egiteko. Cihan Tekay kazetariak artikulu bat idatzi zuen Jadaliyya.com atarian bere omenez, eta horixe da hilabete honetan ekartzen dizuedana. Jatorrizkoa hemen.

Suphi Nejat Ağırnaslıren oroimenez.

(by Cihan Tekay)

2014ko urriaren 5ean gure lagun eta kamarada galdu genuen, Suphi Nejat Ağırnaslı soziologo, itzultzaile, idazle eta iraultzailea. Nejat Turkiako eta Ipar Kurdistango Alderdi Marxista Leninista Komunistan (MLKP) eta Kobaneko Herriaren Babeserako Unitateetan (YPG) borrokan ari zela hil zuten, goian bego.

Suphi Nejat Ağırnaslı 1984ko irailaren 22an jaio zen. Bere familia Turkiakoa zen, baina arrazoi politikoak medio Alemaniara erbesteratu behar izan zuen, eta horren ondorioz, Nejatek bertan pasatu zituen bizitzako lehen urteak. Alemanian egindako azterketetan nota altuak lortu zituen arren, unibertsitate ikasketak Turkian egitea erabaki zuen. Marmarako unibertsitateko Soziologia Sailean ikasten hasi zen, baina bertako Göztepe campusean ohikoak diren presio politiko eta eraso faxisten eraginez, campusa utzi behar izan zuen. Bere lorpen akademikoei esker, Turkiako hezkuntza erakunde ospetsuenetako batean sartzea lortu zuen, Boğaziçi Unibertsitatean alegia. Boğaziçin Soziologian lizentziatu ostean masterrarekin hasi zen, eta tesia Istanbulgo Tuzla auzoko ontzioletan gertatutako “istripuei” buruz idatzi zuen (ehunka langile hil ziren gertaera haietan). Diseinu grafiko zalea zen eta unibertsitate garaian kartel ugari egin zituen Boğaziçiko ikasleek antolatutako ekintzak aditzera emateko.

2011n KCK operazioen baitan atxilotu zuten; bere kontrako jazarpenaren froga gisa, ordenagailuko disko gogorra eta klaseetako ordutegiak aurkeztu zituzten. Boğaziçiko ikasleek atxiloketa honen aurka altxatu eta idatzi baten bidez Nejaten kontrako epaiketaren zentzugabetasuna salatu zuten; Nejat epaituz gero Foucault ere epaitu beharko zutela esaten zuten. Aske geratu zenean Bianet berri agentzia askearen bidez honako hau adierazi zuen:

Sozialista naiz eta ezaguna naiz horregatik. Kurdistango gatazkarekiko elkartasuna adierazi izan dut, baina hori lekuz kanpo dago. Gorriak ikusi behar izan ditut eta horren mezua argia da: Turkian gatazka sozial jakin batzuekin konpromisoa hartuz gero hauxe da zurekin egiten dutena, bost axola zaie lan politikoa edo intelektuala egiten duzun. Turkian Kurdistanekin konpromiso politiko edo intelektuala hartzen duten sozialista eta liberalak sorgin ehiza baten mende daude.

KCKri buruzko epaiketak zabalik jarraitzen du.

Nejat langile borrokaren parte zen ere, eta itzultzaile gisa egiten zuen lan. 2012an “Antola daitezke freelance langileak?” izeneko iritzi artikulu bat idatzi zuen Bianeten. Idatzi horretan geroz eta eskasagoak eta malguagoak ziren lan baldintzen inguruan aritzen zen. Bere ustez, beharrezkoa zen antolatzeko modu berri eta anitzak bilatzea: “Imajina dezagun sindikatua baino gehiago den batasun bat; imajina dezagun soilik ekonomikoa ez den batasun kooperatibo zein kolektibo bat; pentsa dezagun kanpotik korporazio diren eta barrutik ongizate komunaren alde egiten duten guneetan, eta ez diezaiegun korporazio bilakatzen utzi”. Nejatek komunismo berri baten aldeko manifestua ere idatzi zuen 2013an, Menkıbe (ipuinak). Azken hori sarean topatu daiteke (turkieraz).

Nejatek kritika gogorrak egin zizkion Turkiako ezker mugimenduari, eta haien artean 2012an Fraksiyon.org atarian idatzi zuen “Sorginaren lapikoan irakiten duten bekatuak” (The Sins that Boil in the Witch’s Brew) da esanguratsuenetako bat. Bertan, Silvia Federiciren Caliban eta Sorgina liburua abiapuntu hartuta, Turkiako ezkerreko mugimenduen kritika zorrotza egiten du. Hauexek dira artikuluaren azken hitzak: “[borroka] komunean parte hartzen duten pertsonak ez dira direnagatik epaitu behar, egiten duten ekarpenaren arabera baizik”. Nejat hil osteko egunetan behin baino gehiagotan errepikatu ziren hitz hauek sare sozialetan (#SuphiNejatAğırnaslı). Bere idatziez gain Nejatek hainbat eleberri itzuli zituen turkierara, besteak beste, We Are Anonymous liburua. Nejat langiletzat zuten hainbat argitaletxek euren doluminak adierazi dituzte Twiterren dagoeneko.

YPGren prentsa guneak Nejaten hilketari buruzko idatzia argitaratu zuen urriaren 13an: “Paramaz Kızılbaş kamaradak gure herriarentzako etorkizun askea eraiki nahian Kobanen egiten ari garen berebiziko erresistentzian parte hartu zuen, eta orain Estatu Islamikoko gure etsaien aurkako borroka ohoretsuan hilezkor bihurtu da.” MLKP alderdiak idatzi bat plazaratu zuen ere, eta bertan lekuko estatu zapaltzaileen zein inperialismoaren aurkako borrokan Nejatek zuen garrantzia azpimarratu zuten: “YPGko gure kideek eraiki zituzten barrikadetara salto egitea erabaki zuenean guda-izen berria hartu zuen (Paramaz Kızılbaş), eta izen horrek ongi adierazten ditu Nejaten pentsamendu eta sentimenduak. Kobanen boluntario gisa aritu eta heriotza gainditzea bera horren adierazpen argienak dira”.

Nejat ezagutzen zuten pertsonetako batzuk bere egunerokotasunaren istorio eta memoriak partekatzen hasi dira ekşi sözlük webguneak sortu duen atal berezi batean. Bertan agertzen diren goraipamenetako batean, Nejat gertutik zein urrunetik ezagutzen genuenon bihotzetara zuzenean hitz egiten diguten esaldi batzuk daude:  “Nejat ez zen inor baino mespretxagarriagoa. Kontrakoa baizik, bera gu baino ehunka kilometro aurrerago zegoen. Bizitza frontera eramatea erabaki zuen, erabaki jakintsu bezain sinplea. Nejatek keinu bat egin zigun Kobanetik, irribarre egin zuen; mezua bidali zigun bere haur-antzeko ahotsarekin, ezin baitzituen “r”-ak ahoskatu… Negar egin dugu. Gauza ona da berari esker negar egin izana, horri esker gure gizatasuna ekarri dugu gogora”.

Nejati maitasun izugarria bagenion ere, Rojavan, Kurdistanen, Turkian eta Sirian erori diren guztien artean beste bat baino ez da. Nejatena bezainbeste ezagutzen ez ditugun beste ehunka historia daude, eskuratu ezin ditugun historiak. Nejaten galerak ezagutzen ez ditugun horien guztien bizitzak gogora ekartzeko ateak zabaltzen dizkigu, berarekin batera eta helburu beraren izenean borrokatu diren guzti horienak, alegia. Horrela, sekula ezagutuko ez ditugun horien historia kontatzeko ezintasuna injustizia ere badela ulertuko dugu.

Suphi Nejat Ağırnaslı hilezkorra da! Argian eta bakean bego.