Egurrak sutarako balio dezan

abendua 2, 2014 @


DSC00034_1

Irudia: Egañaren grafikoetako bat

Larrabetzuko Anguleri ezagunean egin genuen Literatura Eskolako bigarren saioa, Ibon Egaña irakasle eta literatur kritikaria gidari genuela, hain zuzen ere, bi alor horiek lotzen zituen mintzaldiarekin: “Hogeita hamar urte euskal literatur kritikan (1975-2005)”. Izan ere, azken hiru hamarkadetan euskarazko literaturaren kritikak izan duen bilakaera aztertu du Egañak doktore tesian. Laster argitaratuko du horren puska moldatua liburu formatuan, Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik; bien bitartean, ikerketa-prozesuari, marko teorikoari eta atera dituen ondorioei buruzko hainbat zertzeladaren berri izateko aukera paregabea suertatu zen larunbatekoa.

Bi zati nagusitan banatu du Egañak ikerketa, eta horrelaxe egituratu zuen saioa ere. Batetik, marko teorikoagoari dagokionez, kritikaren ikuspegi historikoa geneukake: kritikaren zentzua eta funtzioa aldatuz joan da urteak eta garaiak pasa ahala, ez da berdin-berdin erabilia eta baloratua izan toki batean eta bestean. Hori erakusteko, jarraian xeheago laburtuko ditugun zenbait eztabaida aletu zituen Egañak, euskarazko literaturaren kritikan jarriz arreta, bereziki. Horrez gain, kritikaren dimentsio soziologikoa ere azpimarratu zuen, iruzkin kritikoak ez baitira huts-hutsean pertsona baten iritzi erabat subjektiboak; aitzitik, aditzera ematen dute kritikariak idazten duen sasoian zer irizpide eta balore literario dauden indarrean.

Bestetik, bigarren zatia ikerketa praktikoagoarekin dago lotuta, 1975 eta 2005 urteen artean argitaratutako kritiken azterketarekin, alegia. Egañak neurketa kuantitabiboak egin ditu: zenbat kritika egin diren, zeinek egin dituen… Hainbat aldagai hartu ditu kontuan, hala nola kritikariaren profil profesionala eta generoa. Testuaren mailan ere aztertu ditu iruzkinak, analizatuz aldagai horiek nola baldintzatzen duten kritika bera.

Hainbat eztabaida

Ikuspegi historikoan sakontzen hasita, dagoeneko aurreratu dizuegun bezala, kritikaren izaera aldakorra nabarmendu nahi izan zuen Egañak, literatur kritika ez baita beti berdin baliatua izan, are, garai berean ere, kritika modu diferentetan ulertu dute batzuek eta besteek. XVIII. menderaino atzera eginda ikusiko dugu gaur egunera arte irauten duen zenbait dikotomiak bolada hartako suetan dutela oinarria, hain justu ere, Ilustrazioaren eta Erromantizismoaren artean emandako eztabaidan. Ilustrazioko idealek zientzian dute fedea, analisi arrazionalean eta enpirikotasunean, objektibitatea posible dela sinesten dute. Testuak izan daitezkeela onak edo txarrak, modu unibertsalean, kalitate ukaezina izan dezaketela, metodo zientifikoaren bitartez egiaztatua. Erromantikoen ikuspegia uste horri kontrajartzen zaio, argudio arrazionaletatik harago doazen faktoreek ere eragina dutela aldarrikatuz.

Testuek, diskurtsoek munduaren errepresentazio zehatz bat sortzen dute, balore jakin batzuekin: diskurtsoa ideologikoa da.

Biko horren hariari tiraka, gaur egungo kritikaren beste berezitasun bat aipatu zigun Egañak, hau da, prentsako literatur kritikaren eta kritika akademikoaren arteko bereizketa. Euskal Herrian 90eko hamarkadatik aurrera hasten da banaketa hori nabarmentzen. Bi kritika-moten arteko diferentzia zer den azaltzeko, balorazioa aipatu ohi da. Akademiako kritikak, formalismotik eta estrukturalismotik edan duenak, aldarrikatzen du ez duela baloraziorik egiten, obra aztertu egiten dutela soilik. Jakina, ustezko baloraziorik eza hori ez da guztiz gardena; izan ere, zer obra aztertu aukeratzea bera baloratzea da dagoeneko, esplizitua ez bada ere. Literatur kritika unibertsitatera igarotzeak eta, hortaz, horren onespen-zigilua jasotzeak, eragin positiboa du alorrarengan eta kritikariarengan berarengan: jarduna legitimatzen du. Bestalde, prentsa egindako kritikek eragin sozial handiagoa dute, bermearen faltan.

Literaturaren analisi baloraziorik gabeko horri luze gabe iritsi zitzaizkion kritikak, XX. mendearen bigarren erdian. 70eko hamarkan indartu ziren ikasketak kulturalek (feminismoa, poskonolonialismoa) kontra egin zioten ikuspegi horri, ozen. Edward Saidek, adibidez, salatu zuen testualitatera mugatzen zirenek ekiten zutela testutik kanpo mundurik ez balego bezala, gizarterik ez balego bezala. Hala ere, testuek, diskurtsoek munduaren errepresentazio zehatz bat sortzen dute, balore jakin batzuekin: diskurtsoa ideologikoa da.

Egañak bidegurutze horretan kokatu zuen estetikaren auzia. Bere ustez, gaur egun, kritikak eta horri buruzko hausnarketak alderdi horretan egin behar ditu galdera klabeak. Testualtasun hutsa posible ez dela ikusita, soilik testuen ideologia aztertzera igaroak gara. Ikasketa kulturalek antzeko metodoak baliatzen dituzte filmak edo literatur lanak edo iragarkiak analizatzeko. Demagun: aztertu nahi dute euskaldunak zela errepresentatzen ziren estatu frantsesean 2000ko hamarkadan, bada berdin hartuko dituzte ikus-entzunezko lanak eta poesia. Egañari sortzen zaion zalantza da, ea paradigma berri horretan non gelditzen den forma, non gelditzen den literaturari bakarrik datxekion espezifikotasun estetikoa, non geratzen diren literatur diskurtsoaren ezaugarri bereziak. Forma ere ideologia bada, besterik gabe finikitatu dezakegu eta ideologiaren analisiari eman arreta osoa?

Galdera horiexek dira aurrera begira Egaña gehien kezkatzen dutenak. Zenbat eta kontzientzia gehiago hartu, are gehiago konplikatzen da kritikariak eutsi behar dion oreka berez nahiko zaila. Bere planteamendua zein den galdetuta, hizlariak erantzun zigun ez daukala formula magikorik, hala ere, subjektibitate arrazoitu baten alde egiten du. X liburu gustatu bazaio, badaki hainbat faktore ez-literariok eragina dutela horretan, alegia, subjektiboa ere badela hein batean gustu hori, eta iritzia arrazoitzeko argudio oinarrituak bilatzen eta ematen ditu.

Paradigma berrian, non gelditzen da forma, non gelditzen da literaturari bakarrik datxekion espezifikotasun estetikoa, non geratzen dira literatur diskurtsoaren ezaugarri bereziak? Forma ere ideologia bada, besterik gabe finikitatu dezakegu eta ideologiaren analisira eman arreta osoa?

Soziologia abiapuntu

Hasieran aipatu dugun moduan, soziologiaren tresnak eta nozioak baliatu ditu Egañak bere ikerketarako, hain justu, literatur kritikak ez direlako iritzi subjektibo eta isolatuak, alderantziz, kritikaren garaiko idiosinkrasia literarioak islatzen dituzte. Pierre Bourdieu soziologo frantsesaren ekarpenak hartu ditu kontuan, bereziki. Bourdieuk teorizatu zuen esparruaren kontzeptua. Horren arabera, elkarrekiko harremanean dauden esparrutan antolatzen dira gizarteak. Esparru horietako bat litzateke literaturarena, eta, adibidez, euskal literatura, lotuta legoke euskal gizarteko beste esparruekin, eta, halaber, literatura espainiar eta frantziarraren esparruekin. Euskal literaturaren esparru horretan eragile batzuk daude, lehian, baina ez dute kapital ekonomikoa lortu nahi, ezpada beste mota bateko kapitala, hots, kapital sinbolikoa. Hain justu ere, azken hori da Bourdieuren beste ekarpen nagusietako bat. Jakina, esparruko eragile guztiek ez dute posizio bera, botere-harremanak eta hierarkiazkoak dira euren artekoak.

Kritikara etorrita, esparruaren eta kapital sinbolikoaren ideiak lagungarri suertatzen dira. Literatur iruzkinetan agertzen diren baloreak dagokion esparruko baloreak dira. Idazleek kapital sinboliko handia dute, eta kritikari batek idazle bati kritika on bat egiten dionean, kapital sinbolikoa bi norabidetan partitzen da, legitimazio-efektua bikoitza da. Batetik, idazleari ondo datorkio kritika positiboak jasotzea, bere kapital sinbolikoa eta prestigioa handitzen dutelako. Bestetik, kritikaria baliatu egiten da kasuko autorearen kapitalaz, kasuko idazlea eta liburua oniriztean bere burua ere onirizten baitu kritikari gisa, kasuko idazlearen eta liburuaren kalitatea ikusteko gai izan delako. Kritikariak bi estrategia uztartzen ditu: zer autore goretsi eta zer beste autore egurtu.

Kritikari batek kritika on bat egiten dionean idazle bati, kapital sinbolikoa bi norabidetan partitzen da, legitimazio-efektua bikoitza da.

Euskal literatur kritika: 30 urte

Aipatutako elementu horiek guztiak kontuan hartuta ekin zion Egañak hogeita hamar urtean euskaraz sortutako liburuei egin zaizkien kritikak xehe-xehe aztertzeari. Ezer baino lehen, Egañak argitu zigun ez dituela aintzat hartu haur eta gazte literaturako liburuei zegozkienak, besteak beste, kritikaren hartzailea eta kritikatzen den liburuaren irakurlea normalean ez direlako pertsona bera izaten. Itzulpenen kasuan ere antzeko, Egañak ez ditu ikerketan sartu, bestelako faktoreek ere eragiten dutelako kasu horietan. Itzulpenen harreran interesa duenak Miren Ibarluzearen lana kontsulta dezake.

2200 kritika aztertu ditu guztira Egañak, eta 20 bat aldagai hartu ditu aintzat, ondoren horien arteko gurutzaketak egiteko. Armiarmaren webguneko kritiken hemeroteka erabili du, eta beste zenbait baliabide ere. Euskal kritikaren panorama orokor gisara, 80ko hamarkada mugarritzat jo daiteke, garaitsuan hasi baitziren literatur kritikak sistematikoki argitaratzen lehenik Argia aldizkaria eta ondoren Euskaldunon Egunkaria. Ez da kasualitatea: bi hedabideotan baziren literaturarekin lotura estua zuten kazetariak, eta estrategikotzat jo zuten jardun hori. Pixkana-pixkana medio gehiago batu ziren, elebidunak edo erdaldunak ziren kazetek ere heldu zioten kritikaren amuari. Eusko Jaurlaritza diru-laguntzak ematen hasi zen, euskara hutsezko gehigarriak ateratzeko, eta horrek ere izango zuen zerikusirik. 2002an jo zuen kritika-kopuruak gailurra, 165 argitaratu ziren.

Publikatzen diren kritiken ia %90 positiboak edo oso positiboak dira.

Balorazioaren harira, Egañak aztertu du corpus horretan zenbat kritika positibo eta negatibo dauden, lau azpiatal sailkatuz: balorazio oso ona (soilik aldeko argudioak ematen dituena: %56), ona (liburuaren aldeko argudioak nagusi baina kontrakoak ere azaldu: %28), txarra (kontrako argudioak nagusi baina alde onak ere azaldu: %10), oso txarra (kontrako argudioak bakarrik: %4). Bistan denez, iritzi positiboak dira nagusi. 90eko hamarkadatik aurrera kritika kopurua igotzeak ez du ekarri positiboen eta negatiboen arteko orekarik, aitzitik, negatibo gehienak 90ak baino lehenagokoak dira.

Fenomenoa azaltzeko zenbait hipotesi aipatu zituen Egañak: Atxagaren Sari Nazionalarekin euskal literatura legitimatu egiten da, autonomia lortzen du, esportagarria da, obra unibertsal bat produzitzeko gai. Ondorioz, literatur kalitatearen hobetzea asmo duen egurra suabeago banatzen da, dagoeneko prestigio bat lortua delako. Gainera, idazleen kapital sinbolikoa igo egiten da sasoi horretan eta idazle eta kritikarien rolak bereiziago daude, kapitala oso modu desorekatuan dago banatua. Bestalde, kanona finkatuago dago, gerora Hasier Etxeberriaren liburuan ezarritako bost idazleak dagoeneko ondo onartuak daude. Hortaz, estetikaren aldetik lehia lasaitzen da eta horrek dinamikotasuna oztopatzen du. Azkenik, normalizazioaren ideiak kritika-adierazpide batzuk eragozten ditu. Normalizazioa merkatu-terminoetan planteatzen da, adibidez: orain, normalak izateko, nobela erotikoak falta zaizkigu. Merkatua legitimaziorako instantzia bilakatzen da.

Aipuetatik hipotesietara

Aipuz osatutako txosten mardula eskuratu zigun hizlariak, aipu guztiak ere iruzkin kritikoetatik beretatik edo kritikariek euren jardunari buruz esandakoetatik hartuak. Adibide horiek abiapuntu eta euskarri, bere ikerketaren ondorio batzuk azaldu zizkigun.

Euskarak generoa esplizituki markatzeko dituen erreminten eskasia gorabehera, kritikariek ia beti markatzen dute datu horixe, autorea emakumea denean: neska poeta honek, eskritorak… Monique Wittigek ondo esan bezala, emakumeak nekez erantzi dezake bere sexua.

Kritikarien legitimazio-beharraz: aztertutako pasarteetan argi ikusten da kritikariek euren lana legitimatzeko beharra sentitzen dutela. Segurtasun falta horrek zerikusia izan dezake beste faktore batekin; izan ere, erregulazioa gauzatzen duen alorra da kritika, baina, paradoxikoki, alorra bera ez dago erregulatua: zer ikasi behar du batek kritikaria izateko? Non esleitzen da kritikari-izendapena? Hartara, iruzkingileek askotariko estrategiak baliatzen dituzte gaiari aurre egiteko: hasteko, gehienek ez dute euren gain hartu nahi kritikariaren rola, sarritan errepikatzen dute irakurle soilak direla. Bigarrenik, maiz egiten diote erreferentzia autoreari, kapital sinboliko handia duenean nabarmen, ariketa balioztatzeko.

Generoa eta kritika nahasten direnean: kopuru absolutuez hitz egitean, kritikarien generoari eta autoreenari dagozkien aldagaiei erreparatuta, aurreikusgarriki, gizonezko autoreen liburuak puskaz dira nagusi iruzkinetan, eta emakume kritikariek zertxobait gehiago aipatzen dituzte emakume autoreak gizon kritikariek baino. Emakume idazleen lanak iruzkindu iruzkintzen dituztenean gauza deigarri dexente gertatzen dira, perlatxoak dei genitzakeenak ere. Pare bat baino ez ditugu ekarriko hona. Euskarak generoa esplizituki markatzeko dituen erreminten eskasia gorabehera, kritikariek ia beti markatzen dute datu horixe, autorea emakumea denean: neska poeta honek, eskritorak… Monique Wittigek ondo esan bezala, emakumeak nekez erantzi dezake bere sexua. Azpimarragarria da, halaber, autorearen gorpuztasunak iruzkinetan hartzen duen lekua. Egañaren ustez, gorputzari garrantzia emanda, emakume idazleen autoretasuna ezabatzen da; Foucaulti jarraiki, autore bat ez baita gorputza, autorea harago doan ente bat da, are, autore bat baita, hain justu ere, gorputza ez dena.

Ondorio modura

Saio bizi-bizia eskaini zigun Egañak, eta bertaratuek sarri hartu zuten parte euren intuizio eta iritziekin talde-hausnarketa sustatuz. Etorkizuneko erronkei begira, kontsentsu eta akordio beharra azpimarratu zuten batzuek. Idazle eta literatura munduko kide asko mesfidati agertu izan dira kritikariekiko: idazle frustratuak direla, bizkarroiak… Kritikarien lana ezinbestekoa eta estrategikoa dela aitortu behar dugu idazle, editore eta abarrek, eta beharrezko baliabideak ezarri, kritikarien jarduna errazteko, lan hori gutxietsi beharrean.

Kritikarien lana ezinbestekoa eta estrategikoa dela aitortu behar dugu idazle, editore eta abarrek, eta beharrezko baliabideak ezarri, kritikarien jarduna errazteko, lan hori gutxietsi beharrean.