Zeu ere izan zaitezke aliatu

otsaila 6, 2015 @


The-riot.

Irudia: Stonewalleko protestak, 1969an

Artikulu hau Argia aldizkariko Zirtak sailean argitaratu nuen estreina,  urtarrilaren 25eko alean

Zeu ere izan zaitezke aliatu

Urte berriari hasiera eman genionetik bizpahiru aste pasa diren honetan, eta argi geratu zaizun honetan, berriro ere, temati saiatu ezean, nekez beteko dituzula abenduaren 31n zeure buruari ezarritako helburu horiek guztiak; azken batean data arbitrarioa delako (nolabait neurtu behar baitugu denboraren igaroa), eta erlatiboa, eta hortaz egutegia mudatzearen ekintza ez zaizulako burdin goriaren bortiztasunarekin markatu bihotzean, hala nola trabatzen diren urdailean epifaniak, bidegabekeriak zenbait bidaia eta maitatu izan dituzunen agurra, zure usadioak edo sinesmenak edo birbideratu nahi zenukeen dena delakoa benetan eta derrepentean aldarazteraino (nahiz eta horrek ere diziplina eta buru gogorra eskatzen dituen, gero, egunero); okasio honetan, hain zuzen ere, baliatu nahi nuke zutabe hau geure buruei laguntzeko, besterik ez bada, urte hasierako helburu horietako bat behintzat mamitzen.

Aliatua izateko xede dohatsuaz ari naiz, jakina, aliatua izatea ulertuta modu honetantxe: talde baztertu bateko kideen eskubide-berdintasunaren alde borrokatzen dena, talde baztertu horretako parte ez izanda ere. Adibide batzuekin labur adieraztearren: ni bezalako cis-emakume bat transen alde, ni bezala hemen jaiotako bat paperik ez duen auzoaren alde, zu bezalako aita jator bat ni bezalako neskagazteen alde. Eta abar. Izan ere, Franchesca Ramsey bideoblogariari esker iritsi zaizkit aliatua izateko bost aholku ezinago erabilgarri, eta azpidatzigintzan alfer nabilenez azkenaldi hurbilean baina eskuzabaltasunaren sukar betean natzanez oraindik ere, euskaratu egin ditut, laburtu; funtsean, hitzezko formatu honetara egokitu.

Etxe bat eraikitzearekin konparatzen du kontua Ramseyk: adiskideari lagun egin nahi diozu bere txokoa muntatzen, baina (kasu baterako) igeltseroen jardunaz den mendrena ere ez dakizularik, zimenduak ondo izorra ditzakezu, zeure asmo onenenekin kargatuta ere.

Hortaz, hasteko, 1) jabetu zaitez zeure pribilegioez; eta ez dezazula hitza gaizki uler, pribilegioak edukitzeak ez baitu esan nahi ez duzunik sekula sufritu, ezta ez zarenik sekula borrokatu zerbait lortzeko edo dena emanda jaso duzula ere, ezpada zein zaren dela-eta, ez duzula gauza batzuei buruz sekula pentsatu behar izan, zeure jatorriagatik (adibidez) ez direlako sekula arazotsuak gertatu.

Gero, 2) entzun, eta egin etxeko lanak. Adiskidearen ahotsa entzuteko prest egon behar duzu ikasiko baduzu; gaur egun, sareen bidez, zientoka dira aukerak: aditu, irakurri, galdetu eta egin etxeko lanak sustatu nahi dituzun gai horien berri xehe eta zehatzagoa izateko.

Ondoren, 3) salatu, baina ez dezazula tapatu adiskidearen ahoa. Aliatuaren lana da laguntza ematea, dauzkan pribilegioak erabiltzea beste batzuen kontzientziak iratzartzeko, baina sekula ez adiskidearen ahotsaren gainetik goratuz berea.

Jarraian, 4) jakin noiz edo noiz erratuko zarela, eta eskatu barkamena aldiro. Gauzak desikastea prozesu bat da, bizitza osorakoa eta sarritan zaila, labainak dira lurraldeak, eta aise irristatuko zara. Gogoan izan gakoa ez dela zure asmoa, alegia, asmo onez egin duzun irrist, ezpada eragina, alegia irristatzean zerbait hautsi duzula; beraz, kargu hartzen dizutenean, atzera ere, arretaz entzun, hausnar egin, barkamena eskatu, eta aurrera.

Eta, amaitzeko, guztietan garrantzitsuena, zalantza-izpirik gabe: 5) aliatua zarela esatea baino, aliatua izatea da kontua. Ez da hitz egitea ezpada ekitea, aipatutako lau pauso horiek egunero-egunero egitea.

[youtube https://www.youtube.com/watch?v=_dg86g-QlM0]

Tags: