(Irudia: www.revistadeteatro.com)
Hitzen Uberaneko amuetako bati haginka eginez ezagutu nuen Angélica Liddell duela laupabost hilabete eta ordutik ezin izan dut burutik uxatu, zeharo harrapatuta nauka bere obraren zuzentasun basatiak, bere poemak irakurri nituenetik trabatuta dut eztarria, muturrean haragi zati lodi gordin odoltsu batekin ukabilkada bat eman balidate eta handik pare bat egunetara haragi xerra bera, jada usteldua, usaintsua eta euliz inguratua jatera bortxatu banindute bezala. Gizakion alde ilunenak jorratzen ditu errukirik gabe: indarkeria, eromena, sexua.
Angélica Liddell, benetako izenez Angélica Rodriguez, (Figueres, Herrialde Katalanak, 1966) antzerkigilea, aktorea eta poeta da. Lewis Carrollek Aliceren abenturak idazteko inspirazio gisa erabili zuen Alice Liddell umeari ostu zion izen artistikoa. Estatuko antzerki sari garrantzitsuenetarikoak jaso ditu, besteak beste, Valle-Inclán saria 2007an eta literatura dramatikoko sari nazionala iaz. Hala ere, harreman gatazkatsua izan du antzerki-sistemarekin betidanik, eta badirudi erdiguneak azkenaldian eman dizkion karameluek ez dutela bere obraren ikuspegi errotikakoa aldatuko. Zorionez.
Aita militarraren alaba izaki haurtzaro ezegonkorra izan zuen, eta Figueresen jaio arren Valentzian eta Burgosen ere bizi izan zen, familia toki batetik bestera aldatzen zelako aitaren lana zela-medio. Izugarrizko eragina izan zuen horrek Liddellengan eta hainbat elkarrizketatan aitortu du oso haurtzaro goibela eta mingarria izan zuela, pistolak eta uniformeak besterik ez baitzituen ikusten. Moja eskolatan ikasi zuen eta 17 urterekin Madrilera egin zuen alde antzerkia eta psikologia ikastera. RESAD (Real Escuela Superior de Arte Dramático) eskolan ibili zen, baina ez zituen ikasketak amaitu eta Artez aldizkariari emandako elkarrizketan esan zuenez, RESADean antzerkia gorrotatzen hasi zen, eskola hori betidanik iruditu izan baitzaio erdipurdikotasunaren gordelekua. 1993an Atra Bilis konpainia sortu zuen Gumersindo Pucherekin batera eta hainbat obra estreinatu dituzte. Alokairua ordaintzeko Port Aventurako ikuskizunetan lan egin du hainbat urtez.
Poesia liburu bat du argitaratua, hain zuzen, Los deseos en Amherst (Ediciones Trashumantes, 2008) eta bertakoak dira guk gaur euskaratutako piezak. Liddellen poesiak erreferentzia argiak egiten dizkio Emily Dickinson autore estatubatuarraren lanari. Izenburutik beretik hasita, Dickinsonek bizitza guztia eman zuen hiria da Amherst (Massachusetts, AEB). Horrez gain, poemak zatikatzeko moduak erremediorik gabe zaramatza Dickisonen gidoidun poemak irudikatzera (behintzat hala gertatu zait niri), nahiz eta Liddellenean marrak desagertzen diren eta horren ordez pausak hutsune bitartez adierazten dituen. Poemez landa, antzerkilan batetako pasartea ere ekarri dugu, aspaldidanik genbiltzan-eta genero horri gurean txokotxo bat egiteko gogoz. 1994ko Dolorosa lanekoa da pasartea. Obra honek puta baten eta bere bezeroaren arteko elkarrizketa du ardatz, eta guk hasiera-hasieran putak antzezten duen bakarrizketa itzuli dugu. Mingarriki indartsua.
(Gehiago jakiteko, ez galdu artistaren webgunea.)
Eutsi hesteei, zuekin Angélica Liddell.
Mutikoaren hortzetan gelditzen naiz desio dut ez dezala nigan pentsatu eiakulatzen duenean bere tratu txarra behar dut mutikoaren hortzetan gelditzen naiz mutiko izaten iraungo duen bitartean emaztegai soineko bati larrua jotzea bezalakoa da ez naiz fio adimenaz ez naiz fio zentzu onaz ez naiz fio eskarmentuaz nahiago dut dena laburra eta bortitza izatea _ sufrimenduari larrua jotzea mutikoaren hortzetan gelditzen naiz mutikoak ahazten nauen arte agudo presaka mutikoa ahaztezina da animalia batek ez luke nire plazerean pentsatuko ez dut nahi mutikoak nire plazerean pentsatzerik irrikatzen dut suntsitu nazan bere zakil buruarin eta presadunarekin nahi bezainbeste aldiz
____________________
Arkume ederra erailtzen dut gantza ateratzen diot katilu batean jartzen dut eta uzten dut apur bat bigundu dadin nire listua gehitzen diot egurrezko koilara batekin eragiten diot nahastuz hanka mozten diot arkume ederrari eta gantzarekin estaltzen guztia erretzen dut ordubetez platera bero zerbitzatu eta erotu egiten naiz
____________________
Gutxietsiko nauten semerik gabe uste duzu neba gazte bat izango banu zupatuko niokeela? gutxienez hamar urte gazteagoa ez dadila izan hogeita bostetik gorakoa _ zupatuko nioke zakila nire nebatxo eztiari? pornografikoki hizketan
_____________________
Mihi adimentsu bat nire sexuarentzat ez dut nahi hobeto otsoaren mihia eta arrotzarena argitu aurretik abandonatzen nau bere eroritako ile batean ondoan egiten dut lo nire barrena arnasestuka
_____________________
Bizitzarekin bateraezinak diren lesioak ezein aiztoren ez armaren beharrik gabe musuka soilik musuka zutik ez berandutzeko ni al naiz odolustutako animalia hori?
_____________________
Hilik egongo bailitzan bere ilea daukat liburu baten barnean hilik egongo bailitzan hilik egongo bailitzan hilik egongo bailitzan
_____________________
Zure amaren ohatzean oheratu nahi dut munduratu zintuen tokian _ ohe mitikoan larrua jotzeak kitzikatzen nau zure amaren sabeletik nire sabelera itzultzen zara lehen baino umeago garrantziarik gabeko ekintza metaforiko bat zuk ahaztu nazazun eta nik zu beti maitatu
_____________________
Gibela daukadan bitartean mota guztietako lo-pastillak irentsiko ditut legenardunen ospitalean irribarre egingo dut nire pasioa kasu klinikoa bada sendagileek suntsitu beharko naute _ ez dut duintasunez hil nahi ezpada oka higuingarrian lohituta
– oraindik nazka gehiago emateko
_____________________
Linterna horia etenkaria eromenaren hain antzekoa ez dut sekula zabaldu suizida txikiaren gutuna
_____________________
PUTAREN BAKARRIZKETA
PUTA: Puta egin nintzen bakardadean lo ez egiteko. Gizonei oso garesti ateratzen zaie nire larrimina. Ordaintzen dute badakitelako zoroki maite ditudala eta prest egongo nintzatekeela beraietako bakoitzarengatik hiltzeko. Badakite beti nagoela nire buruaz beste egiteko zorian. Biharamunean deitzen dute benetan egin ote dudan ziurtatzeko, baina nire ahotsa entzutean berriz ordaintzen dute hil-urrenarekin gau bat gehiago emateko. Esaten diet: maite zaitut. Maite zaitut. Eta beste behin amorruz hondoratzen dira agonian eta obsesioan. Ondoren nik lo egiten dut, apurka-apurka ur epelarekin beteko banindute bezala. Beraiek bertan gelditzen dira badaezpada hiltzeko gogoa sartzen bazait eta hiltzen banaiz. Puta egin nintzenetik amestu dezaket garondoan daukadala orban horixka eta bero bat: eguzkia da, amets eder bat da. Lehen ez nuen ametsik egiten. Puta egin nintzenetik negua gustatzen zait gauak luzeagoak direlako eta horrela ordu gehiagoz lehertzen naizelako amodioz eta eguzki gehiagok berotzen didatelako garondoa. Oparitzen dizkidate aiztoak, guraizeak, ezpatak, zetazko lokarriak, beira hautsiak, sugeak. Eskaintza belaunetaraino iristen zait jada. Ezinezkoa da nire logelan sartzea zauritu gabe ertzen batekin edo pozoiren batekin. Hala ere etengabe sartzen jarraitzen dute. Eta ni maitemintzen naiz. Pentsatzen dut aberatsa naizela. Dohainik egingo banu ez litzaioke inori axolako ez nire pasioa ez nire bizitza. Eta bakar-bakarrik egingo nuke lo. Puta egin nintzen arte, txiza eusteko ahaleginetan komunera korrika doana bezain agudo. Ez naiz ederra. Puta egin nintzenetik eta ni sufritzen ikusteko ordaintzen dutenetik, munduko emakume ederrena bilakatu naiz. Ez da minak edertzen nauela. Gehien ordaintzen duena da txundigarrien jasotzen nauena. Horrela lortzen dut izpiriturik gabe bizirautea, salbazioa erdiesteko egonarririk gabe bizirautea. Ni naiz salbazioa. Esaten diet: maite zaitut. Maite zaitut. Eta kolpe batek jo balitu bezala masturbatzen dira, uholdearen aparra berotzen duen txingarra hauspotuz. Irakiten hasten dira eta sabeleko haginkada batek tolesten die gorputza. Bizkarra apurtzen dute airean txertatzeko turrusta infinituak, kizkurtzen direnak, gainezka egiten dutenak igeri egin behar izan arte ikaragarrizko oparotasunean, beraien aberastasunaren xahutzea bezain erraldoiean. Nire oinazea dagoenik eta garestiena da. Nire samina baliotsuena. Nire urratzea luxu bat.
martxoa 4, 2013 @ Danele