«Konturatu naiz ni neu nintzela liburua. Liburuaren gai bakarra idazkuntza da. Beraz, neu naiz liburua»
Marguerite Duras, Maitalea-ri buruz
Mikel Garmendiak ekarri zigun Marguerite Durasen Maitalea (Ibaizabal, 1996) eleberria, Literatura Unibertsala bildumaren eskutik. Hori da segur aski idazlearen obrarik entzutetsuena, nahiz eta 70 liburutatik gora kaleratu zituen. Obra hartatik aurrera estiloa aldatu zuen nolabait, eta eleberri autobiografikoetarako joera hartu.
Guk hobeki egin ezin dugulakoan, Rosa de Diegok Maitalea libururako idatzitako hitzaurrearen parrafo batekin azaldu nahi dugu L’amant de la Chine du Nord testuaren nondik norakoak:
Eta 1984tik aurrera beste modu batera irakurtzen da M.D. Literatura filme bilakatzen du J.J. Annaud-ek 1992an, baina M.D. ez dago ados ez gidoiarekin, ez egokitzapenarekin, eta hala berridatzi zuen Txinako Iparraldeko Maitalea (1991), lehenengo eleberri famatu haren aztarnei beste ikuspegi batetik begiratzeko batetik, bai eta, bestetik, bere eleberria nola egokitua nahiko zukeen iradokitzeko ere. Oso testu ederra da, idazkera objektibo hutsez egina, hirugarren pertsonan, literatur arau eta paktu orotatik aske, modu eder eta bikainean emana. Ez da errepikazio huts, gogoeta berri bat baizik, gai berari buruzko bariazio bat.
Txinako iparraldeko maitalea testua, bada, erreferentzia zinematografikoz dago josia, eta horrela barneratzen du irakurlea ere, planoka, dekoratuka, enfokeka. Hasiera baino ez dizuegu ekarri, aski testuaren edertasunaz jabetzeko eta gehiagoren gogoa pizteko. On egin!
Txinako iparraldeko maitalea[1]
Etxe bat eskolako jolastoki baten erdian. Guztiz zabalik dago. Festa baten itxura du. Straussen eta Franz Lehar-en balsak entzuten dira, baita Ramona eta Txinako gauak ere, leihoetatik eta ateetatik aireratzen baitira. Ura nonahi isurtzen da, barruan, kanpoan.
Erruz garbitzen dute etxea. Bizpahiru aldiz urtean bainatzen dute horrela. Morroi lagunak eta auzoko umeak ikustera joan dira. Ur-zurrusta handiekin laguntzen dute, garbitzen dituzte baldosak, paretak, mahaiak. Garbitu bitartean, musika europarrarekin dantzatzen dira. Barre egiten dute. Kantatu egiten dute.
Festa bizia da, alaia.
Musika ama da, andre frantses bat, pianoa jotzen duena aldameneko gela batean.
Dantzan ari diren horien artean, bada mutil gazte bat, frantsesa, ederra, ari dena dantzan neska gazte batekin, frantsesa hori ere. Elkarren antza dute.
Neska da ez duena izenik izan ez lehenengo liburuan, ez horren aurrekoan, ezta honetan ere.
Mutila Paulo da, neba txikia, arreba gazte horrek, izena ez duen berak, adoratzen duena.
Beste mutil bat iritsi da festara: Pierre da. Neba zaharra.
Festatik metro batzuetara jarri, eta begira geratzen zaio.
Luzaroan begiratzen du.
Eta gero, egin egiten du: baztertzen ditu ikaraturik ihes egiten duten morroi txikiak. Aurrera egiten du. Bikotearengana iristen da, anaia txikia eta arrebarengana.
Eta gero, egin egiten du: sorbaldetatik heltzen dio anaiari, eta behegaineko leiho irekiraino bultzatzen du. Eta, eginbehar krudel batek horretara bultzatuko balu bezala, leihotik botatzen du txakur batekin eginen zukeen gisan.
Anaia gaztea altxatu, eta alde egiten du haren aurrean, oihu egiten du hitzik esan gabe.
Arreba gaztea atzetik doakio: leihotik jauzi egin, eta harengana iristen da. Jolastokiko heskaiaren atzean ezkutatu da, negarrez ari da, dardarka, esaten du nahiago duela hil hori baino… zer hori? Horrezkero ez daki, ahantzi du, ez du esan anaia zaharra zela.
Ama berriz hasi da pianoa jotzen. Baina auzoko umeak ez dira itzuli. Eta morroiek, aldiz, atzean utzi dute umeek desertatutako etxea.
Gaua iritsi da. Dekoratu bera da.
Ama oraindik ere hor dago, arratsaldeko «festa» zegoen tokian.
Lekuak txukundu dituzte. Altzariak beren lekuan daude.
Amak ez du deus espero. Bere erreinuaren erdigunean dago: familia hori, hemen aditzera eman dena.
Amak ez du deus galarazten. Ez du deus galaraziko.
Gertatu behar duen hori gertatzen utziko du.
Hori, hemen kontatzen den istorio osoa.
Ama etsitu bat da.
Anaia zaharrak begiratzen dio amari. Irribarre egiten dio. Amak ez du ikusten.
Liburu bat da.
Film bat da.
Gaua da.
Hemen hizketan ari den ahotsa hori da, idatzia, liburuarena.
Ahots itsua. Aurpegirik gabea.
Oso gaztea.
Isila.
Kale zuzen bat da. Kaleargiek argitzen dutena.
Harriztatua, dirudienez. Antzinakoa.
Zuhaitz erraldoiez inguratua.
Antzinakoa.
Kale honen alde banatan etxe zuri terrazadunak daude. Hesiek eta parkeek inguratzen dituzte.
Postu galdu bat da Indotxina frantsesaren hegoaldean.
1930ean da.
Auzo frantsesa da.
Gauak jasmin usaina dauka.
Ibaiaren melengarekin nahastuta.
Marguerite DURAS
[1] Pasarte hau Literatur itzulpena eskolarako itzuli genuen, eta Bego Montorio irakaslearekin eta klasekideekin batera zuzendu. Zer aldatu eta zer ez, ordea, itzultzaile honen erabakia izan da.
apirila 1, 2013 @ Garazi