Baionan bideak urratzen (I)

uztaila 15, 2013 @


Nueva imagen5

Itzulpena eta feminismoa[1]

Sutsu eman genion hasiera bi hilabetez iragarri ostean azkenean joan zen astean egin genuen eta normalean gertatu ohi denez hain azkar pasatu zitzaigun udako ikastaroari: “Itzulpenaren teoria eta jarduna: bideak urratzen”. Hain justu, Bakartxo Arrizabalagaren eskutik gozatu genuen lehen saioaz; itzulpengintza eta feminismoa uztartu zituen EIZIEko lehendakari ohiak, erantzunak emateko bainoago, galderak egiteko. Izan ere, sarritan sumatzen du langintzan konponbide errazetara jotzen dela, eta hori egiteak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi nahi izan gintuen.

 Bi gaiak dira oso zabalak eta zalantzarik gabe ikastaro oso baterako bazka emango luke bakoitzak bere aldetik; edonola ere, batak bestearekin duen harremanaz gogoeta egitera mugatu ginen gu Baionan.

 Hasteko, itzulpenaren eremuari helduz, Arrizabalagak salatu zuen ezinezkoa dena eskatzen zaiola itzultzaileari, alegia, ikusezina eta neutrala (objektiboa) izatea. Batetik, neutraltasuna ez da existitzen, eta, bestetik, itzultzaileak ikusezin gordeta ere, hots, kanpora begira ikusezintasun itxura emanda ere, faltsua da itzultzailearen gabezia hori, euskarara itzulita dagoen obra bera baita itzultzailearen presentziaren frogarik agerikoena. Horrez gain, traduttore-tradittore famatua ezeztatu nahi izan zuen, itzultzaileak ez diolako inori leialtasunik agintzen, nahiz eta kanpotik ezartzen zaion betebehar hori. Leialtasunaren ideia, oro har, Bibliaren itzulpenetik dator, jainkoaren hitzari zor zitzaion fideltasunaren ondare da, eta horregatik du, hain zuzen ere, hainbesteko zabalkundea mendebaldeko herrietan. Indiako itzulpengintzan, kasu, ez da halakorik agertzen.

 Batzuetan, testuaren beraren edukiak itzultzailea ataka estuan jarriko du, baldin eta itzultzailea ez badator bat testuak dioenarekin, eta itzultzaileak, testu horren egile ere baden aldetik, erantzukizuna duelako. Adibide gisa Itzulist atarian emandako eztabaida aipatu zuen. Termino arantzatsua “copago” delakoa izan zen (Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen neurri bat, medikamentuak erdibana ordaintzeko, Jaurlaritzaren eta gaixoaren artean); izan ere, hainbat itzultzailek “berriz ordaindu” esan behar zitzaiola irizten zioten. Eztabaidak ez zuen, ohiko moduan, behin betiko erantzunik izan. Hala ere, eztabaida garatu izana oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen Arrizabalagak, bertan adierazitako gogoeta eta argudioek aztarna bat uzten dutelako parte-hartzaileengan.

 Itzultzaileari eskatzen zaion neutraltasunaren kontra, Arrizabalagak aldarrikatzen du itzultzaile bakoitzak bere subjektibotasuna baieztatu behar duela: bai, subjektua naiz, eta lan egiten dut egoera jakin batean, botere-harreman jakin batzuen pean etab. Bakoitzaren subjektibotasunean kokatzea oso garrantzizkoa da, eta, halaber, itzulgaia kokatzea. Izan ere, itzulpen-lanak ere bere baldintza (epea, argitaletxea) propioak izango ditu, eta horiek ezinbestean izango dute eragina itzulpen-prozesuan eta emaitzan. Horrekin batera, subjektibotasunari egotzi izan zaion kutsu negatiboa suntsitu nahi du, objektiboak (demagun makina batek egindakoak) ez duelako Egiazkoagoa esan nahi, funtsean, objektibotasun hori subjektu batek kontrolatuko baitu.

 Feminismoari helduz, sistema patriarkala aztertzea eta iraultzea helburu duen pentsamendua da, zapalkuntza baten azalpena eman nahi duena. Hizkuntza hastapenetik izan da feminismoaren kezketarik bat, feminismoa saiatu da aztertzen hizkuntzak nola islatzen duen emakumea, emakumea non dagoen hizkuntzan. Itzulpengintzaren bitartez aise atzeman daitezke hizkuntzen erabilera sexistak; izan ere, gehienetan errazago ikusten da ondokoaren begiko oreztatxoa norberaren bekokiko orbantzarra baino, eta bi hizkuntza alderatzean ere antzeko zerbait gertatu ohi da. Maiz, gurea ez den hizkuntzako erabilera sexistak segituan identifikatzen ditugu; gure hizkuntzakoak, kontrara, barneratuago eta naturalizatuago ditugu.  Argi utzi behar da hizkuntza bat ez dela berez sexista, hizkuntza sistema irekia eta malgua da eta hiztunek egiten dute. Hortaz, gizarte eta sistema matxistan bizi garenez, hizkuntzaren erabilera sexista egiten da, hizkuntza bakoitzak bere baliabideekin baina guztiek ere emakumea zapaldu eta apaletsiz.

 Hizkera ez-sexista erabiltzeko azkenaldian ugaldu diren gidalerroen harira, Arrizabalagak ohartarazi nahi du gisako neurriak antzuak eta are kalterakoak izan daitezkeela, baldin eta aldaketak soilik azalean gertatzen badira; alegia, hitz bat beste batengatik aldatzen bada aintzat hartu gabe aldaketa horren atzean daoen zergatia eta hausnarketa, hots, arazo sozial bati aurre egitea. Kalterakoak izan daitezke berdintasun-irudi faltsu bat zabal dezaketelako.

 Amaitu aurretik ezin aipatu gabe utzi gai hauetan abangoardian ari diren autore eta itzultzaile feministak, zeintzuek elkarlanean sortzen eta itzultzen baitute sistema sexistari arrapostu testuala emateko asmotan. Bereziki sonatuak dira autore eta itzultzaile quebecarrak.

 Azkenik, Arrizabalagak azpimarratu zuen oroz gain kontzientzia hartzea dela garrantzitsua, lehen aipatu bezala, itzulgai baten aurrean jartzen garenean gure inguruko errealitatearen izaera matxista aintzat hartzea eta horren arabera, horri kontra egiteko alternatibak proposatzea. Saiakera batzuek agian ez dute balioko, eta feministok elkarren artean ozen eztabaidatuko dugu zer konponbidek asetzen gaituen gehien, baina funtsezkoa da saiakera horiek egiten hastea.

Nueva imagen3

Itzulpen-teoria euskal itzulpengintzari aplikatua

Atsedenaldiaren ostean Ibon Uribarri EHUko irakaslea eta literatur eta filosofia-itzultzailea mintzatu zitzaigun azkenaldian itzulpen-ikasketen baitan garatu diren ildo berrien inguruan. 1980 hamarkada inguruan itzulpen-ikasketa deskriptiboen mugarria izan zen Gideon Touryren pentsamendutik harago joateko asmoa adierazi zuen Uribarrik; izan ere, Touryren lanak abiapuntu bat izan ziren arren ordura arte batik bat leialtasunaren eta gisako kontzeptuen inguruan ardaztutako eztabaida kutsu metafisikodunetatik ihes egiteko, Touryren ideiak ez dira nahikoa hainbat errealitate esplikatzeko.

 Batetik Touryk bere lanaren objektibotasuna aldarrikatzen du, alegia, esaten du berak errealitatea deskribatzen duela, den bezala. Planteamendu hori oso arazotsua da, faltsua ez bada; izan ere, Bakartxok bere saioan aipatu moduan, errealitatea beti deskribatzen da posizio zehatz batetik, ikertzailea ere subjektiboa da. Horrez gain, assumed translation kontzeptuaren sortzailea ere bada. Horren arabera, itzulpena izango da xede-kulturan itzulpen gisa funtzionatzen duen oro, itzulpen gisa saltzen edo aurkezten den oro.

 Bestalde, Touryren ideia funtsezkoenetako bat izan zen itzulpen-lana xede-kulturako produktu bat dela, soil-soilik. Itzulgaiaren jatorrizko kulturan ez duela ezein eraginik. Kritika asko egin zaizkio Touryri bi planteamendu horien harira, eta azken urteotan badirudi apur bat leundu duela bere muturrekotasun hori (batik bat bigarren gaiari dagokionean). Uribarri ere horrekiko kritiko azaldu zen. Elizabete Manterola ikertzaileak garatutako tesia eta katalogoa (Euskarazko literatura itzulia) aipatu ditu adibide gisa. Ikerketa hori ez litzateke posible izango Touryren ideiak hertsiki jarraituko balira, teorian itzulpenak ez duelako eraginik itzulpenaren jatorrizko kulturan. Ondorioz, ez litzateke aukerarik egongo gertatzen den errealitate bat aztertzeko.

 Uribarriren esanetan, azken hamarkadotan hainbat autorek egindako lanak eta haiek garatutako kontzeptuak oso baliagarriak izan daitezke itzulpen ikasketetarako, eta Touryk abiatutako bide hori sakonean jorratzen jarraitzeko. Teorialari horietako bat André Lefevere belgikarra da. Hark azaldu zuen patronage (babesa emate) terminoa, itzulpengintzari aplikatuta. Bada kultur politika bat, eta horren araberakoak izango dira publikoki sustatzen diren itzulpenak. Euskararen kasuan izan badira gisako sustatze-ekimenak, baina garrantzia eman izan diote batez ere egiteari, eta ez egiten den hori nola egiten den baloratzeari.

 Dekonstrukzioaren teorialariek ekarpen handia egin diete itzulpen-ikasketa hauei. Jatorrizkoa ez dela existitzen jaurti zuen Derridak, eta, hortaz, obra baten azken testua irakurle bakoitzak sortzen duela, obra hori irakurtzen duenean bere testuinguru jakinean.

 Zentsuraren eta boterearen gaia ere oso kontuan hartzekoa da. Orokorrean zentsuraren oso ikuspegi zurruna dugu, batik bat frankismoari lotua. Zentsura, baina, ez da hori soilik: kasu, itzultzaileak edo idazleak bere burua zentsuratzen du, funtsean botere-harreman batzuen testuinguruan lan egiten baitu eta horren arabera hautu batzuk egitera mugatua/behartua baitago. Pierre Bourdieu filosofoaren esparruen logikari jarraikiz, itzulpena kulturaren esparruan gertatzen denez, elementu jakin batzuen arteko hartu-emanen inguruan gauzatzen da, eta elementu bakoitzak indar gutxiago edo gehiago izango du eta horrek, berriz ere, eragina izango du itzulpenean. Arrizabalagak esandakoaren ildotik, itzultzailearen subjektibotasuna adierazi beharra dago, eta, ez hori bakarrik, Uribarrik azpimarratu zuenez beharrezkoa da subjektibotasunaren aitortza ikertzailearen irudira ere hedatzea. Alegia, ikertzaileak ere subjektibotasun eta baldintza eta botere-posizio jakin batzuetatik egiten du lan, interes batzuen arabera etab.

 Euskarazko literaturaren sistemaz dihardutenei kritika egin zien Uribarrik, hain zuzen ere, euskarazko literaturak sistema bat baduela-eta pozik predikatzen baitute, normalizatu garela esanez, eta gainera, sistemaren kontua marko teoriko batekin justifikatzen dute (Itamar Even Zoharren polisistemen teoria). Edonola ere, ez dute aintzat hartzen Even Zoharren planteamenduan oinarrizkoa den zerbait, alegia, itzulpenek literatur sisteman duten pisu izugarria. Euskaraz argitaratzen den literaturaren ehuneko oso handia HGL (haur eta gazte literatura) eta itzulpena da, baina, halere, soilik helduentzat eta jatorriz euskaraz idazten denari ematen zaio arreta sistemaz aritzean. Errealitateari ezikusia eginez bezala.

 Bada, bai, zer aztertua, baina, hasteko, inguruko errealitatea zein den onartu behar da. Uribarriri teoria interesatzen zaio bere inguruan gertatzen diren egoerak azaltzeko, eta horretarako funtsezkoa da baldintzak zeintzuk diren ikustea. Gurean, adibidez, itzulpenak presentzia ikaragarria du, eta hori txarrerako dela uste ohi den arren, aldeko aspektuak ere baditu.

Nueva imagen1

Finlandia itzultzen

Joseba Ossa eta Maia Ossa izan genituen hizlari hurrengo, eta finlandiera itzultzeaz jardun zuten. Izan ere, duela bi urte ekarri ziguten euskarara Sofi Oksanen autore finlandiarraren Garbiketa (Alberdania-Erein) eleberria. Talde-lanean aritu ziren hiru itzultzaile, jada aipatutako izenez gain, Mia Risannenek osatzen baitu itzultzaile-familiako hirugarren ertza. Guretzat arrotzak diren hizkuntzak itzultzearen berezitasunez hitz egin zezaten eskatu genien, eta, beraz, Oksanenen obrarekin izandako esperientzia hartu zuten ardatz.

 Eleberria eta idazlea kokatzeko zertzelada zenbait aipatu zituzten. Oksanenek estoniarra du ama, eta hain justu, herrialde horretako gertaera historikoak jorratzen ditu liburuak, finlandieraz idatzita badago ere. Autofikzioa landu du, eta Garbiketa taxutzeko amonaren bizipenetak baliatu zituen. Estilo zuzen eta gordinean dago idatzirik nobela, eta edukiari berari ere halaxe dagokio, gertaera latzak kontatzen baitira. Esan bezala, eleberria oso testuinguru historiko jakin batean kokatzen da: bi emakumek topo egiten dute Estoniak independentzia bigarren aldiz berreskuratu ostean, 1991 urtearen bueltan. Finlandia eta Estonia ahaideak dira bai hizkuntzaren bai kulturaren aldetik, eta garai bertsuan lortu zuten Errusiarekiko independentzia. Hala ere, Sobiet Batasunak Estonia menperatu zuen berriro 1945ean, eta Finlandiak ez zuen protestarik egin, bere askatasunari esuteko. Estonia berriz askatu zenean Finlandiak jada beste nazioarteko aliantza batzuk zituen, eta harreman konplexua dute orain bi herrialdeek.

 Testuinguru linguistikoaren analisi interesgarria egin ziguten Ossarrek. Edonola den ere pare bat kontu besterik ez ditut aipatuko. Fino-ugriarren familiakoa da suomiera, eta badu antzekotasun morfologikorik euskararekin, hizkuntza aglutinatzaileak baitira biak ala biak. Halaber, biak dira Europako hizkuntza ez-indoeuroparrak. Suedieratik hartutako hainbat eta hainbat mailegu dituzte, herrialdea luzez egon baitzen Suediaren eraginaren menpe. Horrez gain, oso jakingarria iruditu zitzaigun erlatibozko perpausei buruz esandakoa. Finlandiar perpausen egiturari erreparatuta, hasieran zaila zitzaien haiei ere erlatibozko luzeak sartzea, gisakoak arrotzak ziren finlandieran, nolabait esateko, ez-txukunak edo ez-jatorrak. Dena dela, gure “zeina” egituraren antzeko baliabide batekin eman zioten konponbidea arazoari, eta orain ohituta daude, eta erraz darabiltzate. Alde horretatik eredu izan daiteke guretzat.

 Talde-lanean jardutearen gazi-gozoen ingurukoak ere entzun genituen. Taldean lan egiteak etengabe negoziazioan aritzea dakar; ondorioz bakarka egindako lanek prozesu askoz laburragoa dute. Hala ere, taldean itzultzeak lanari ikaragarrizko aberastasuna ere badakarkio, kasuko testuari bueltaka hiru gogo egon direlako, bakarra beharrean, eta hori nabaritzen da emaitzan. Ossa-Risannen familiakoek behintzat hori ondorioztatu dute, kasu honetan, ordaindu beharreko prezioa baino askoz garrantzizkoagoa dela itzulpenak berak irabazten duena.

 Amaiera aldera eztabaida piztu zen oin-oharren gaiaren harira. Garbiketan ez dago bat bera ere, liburuaren editoreak nahiago izaten duelako horrelakorik ez egotea haiek argitaratutako liburuetan (saioak ez badira). Mikel Garmendiaren iritziz ez du zentzurik oin-oharrik erabili ezin izateak; izan ere, itzultzaileak ahalik eta erreminta gehien izan behar ditu eskura, gero erabakiko du zeintzuk erabili edo nola baliatu horietako bakoitza, baina hasiera-hasieratik bat “debekatzeak” ez dirudi logikoena. Ibon Uribarrik esan zuenez, oin-oharrekiko paniko editoriala ohikoa da nazioartean ere, eta horren atzean itzulpena ezkutatzeko asmoa ere bada. Irakurleak badaki testu itzuli bat duela eskuartean, baina, ahal dela, jatorrizkotasun-ilusioa gorde nahi da, eta oharrek erabat hausten dute hori, autorea ez den pertsona batek esku hartu duela gogorarazten baitiote etengabe irakurleari. Zinemaren kasura ekarrita, azpidatzien eta bikoizketaren arteko harremana aipa daiteke. Jendeak nahiago izaten du bikoizketa, jakin badakien arren Helena Bonham-Carterrek ez dakiela gaztelaniaz, ez du nahi uneoro gogorarazi diezaioten.

Nueva imagen

Testu dramatizatuen itzulpena

Lehenengo jardunaldi mamitsuari amaiera emateko Txiliku Aranguren izan genuen. Goenkale telesaileko euskara-zuzentzailea da Aranguren, eta aurretik Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egindakoa da. Saio praktikoa proposatu zigun Arangurenek, eta tarte batez, guztiok aritu ginen Goenkaleko elkarrizketak idazten. Hala ere, jardunari heldu aurretik lanerako zenbait aholku eta abiapuntu eman zizkigun irakasleak.

 Oro har, testu dramatizatuen munduan lan egiten duenak gogoan izan behar du beti hain justu testu horiek dramatizatuak direla, alegia, ez direla argitaratzekoak (gehien-gehienetan, behintzat), baizik eta aktore batek esan behar dituela. Elkarrizketatzaileak/itzultzaileak sekulako testua osa dezake, baina aktoreari ez badio balio prest egon beharko du hori moldatzeko eta aktoreak erabil dezakeen molde batera aldatzeko. Jostunaren lanarekin alderatuz, itzultzaileak ezin du testua behin betiko tankera batean josita eraman. Kontrara, gidoiak patroi bat behar du izan, ahalik eta harilkatuena, aldaketak aise sartzeko moduan.

 Goenkalek badu gidoilari-talde bat, batik bat gaztelaniaz idazten duena (gehienon harridurarako). Horiek badute Biblia bat, eta bertan adierazten da zer gertatuko den sasoi horretan, zer istorio garatuko diren, zer pertsonaia sartuko edo kenduko etab. Biblia horretatik hurrengo urratsa eskaletak idazten izango da, eskaletek eszena deskribatzen dute (elkarrizketa zehatzik eta akotazio edo denborarik gabe). Ondoren, tratamenduak idazten dira, horiek jada datu zehatzagoak ematen dituzte aditzera, adibidez, zenbat iraungo duen eszenak. Tratamendu horrekin egingo du lan elkarrizketa-egileak.

Arratsaldean, eskola guztiak bukatu eta gero, UEUko ikastaroetako ikasle zein antolatzaileok aukera izan genuen Baiona apur bat gehiago ezagutzeko, Emilio Lopez Adanen eskutik. Lapurdiko hiriburuaren historian murgildu gintuen; pasadizoak kontatu zizkigun, mitoak nahiz egitateak, eta karrikaz karrika eraman gintuen, ibilaldi turistikotik harago. Horrela bukatu genuen asteazkeneko eguna, Lapurdum zaharretik hurbilago.

Nueva imagen2


[1] Gaiaz gehiago jakin nahi duenari oso interesgarria irudituko zaio Senez aldizkariko 32. alean Arrizabalagak plazaratutako artikulua. Halaber, Nora Arbelbidek Arrizabalagaren saioari buruzko kronika idatzi zuen uztailaren 11ko Berrian eta UEUko prentsa-bulegoko kideek elkarrizketa egin zioten.