Itzultzaileak mintzo: Itziar Otegi

iraila 9, 2013 @


Elearazi-argazkia-1

(Argazkia: Copyright Edorta Sanz)

Alaba txikiarekin etorri da Gasteizko El Pilar gizarte-etxean genuen hitzordura Itziar Otegi (Oiartzun, 1972). Lanera joan ohi da hara, itzultzaile autonomo baitabil gaur egun. Interpretea ere bada, eta nazioarteko erakunde batean jardun izan du. Irakasle aritu zen bolada batez Gasteizko Letren fakultatean, eta 31eskutik blogean idazten du noiz edo noiz. Literaturaren alorrean, Jules Renarden Axenario (Elkar-Alberdania, 2006) eleberriarekin estreinatu zen, eta gero R.L. Stineren Hil ala bizi (Elkar, 2006), Flannery O’Connorren Ez da erraza gizon on bat aurkitzea (Elkar-Alberdania, 2009) eta Patricia Parryren Bost hitzaldi krimenari eta histeriari buruz (Alberdania, 2009) itzuli zituen. Azken itzulpena du Pasazaitek berriki kaleratutako Etgar Kereten Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk.

Zientzietatik iritsi omen zinen letren mundura.

Bai, Farmazia fakultatean ikasi nuen, eta eremu horretan hasi nintzen ikertzen ere: elikagaien kalitatea, toxikologia, zentzumen analisia… Laborategi batean eman nituen sei urte, eta oso interesgarria zen han egiten genuen lana. Ekoizleen fabriketara auditoriak egiten genituen. Batetik bestera ibiltzen nintzen; behin Madagaskarrera joateko aukera ere izan nuen. Horrek, eta jendea ezagutzeko aukerak oso erakargarria egiten zuen lana, eta piloa ikasi nuen. Baina aspertu egin nintzen, ezin nuen neure burua hamar urteren buruan hori bera egiten irudikatu.

Orduan ekin zenion itzulpengintza eta interpretazioa ikasteari?

Txikitan beti esaten nuen itzultzaile izan nahi nuela, eta horri heldu nion. Gasteizen ikasten hasi nintzen, lanean nengoen bitartean, eta hirugarren ikasturtean Erasmusen joan nintzen, Quebecera. Han izugarri ikasi nuen, eta itzultzean aurreko lana utzi eta autonomo hasi nintzen.

Ikasketak bukatu eta segidan ekin zenion bi alorrak uztartzeari?

Nire lehenengo itzulpena Elhuyarren enkargu bat izan zen, nik karreran erabilitako testuliburu batena, alegia; kimika organikoari buruzko liburu baten zati bat. Zientziaren alorrean espezializatu naiz ni, nolabait. Gainera, karrera bukatzen ari nintzela EIZIEren Literatura Unibertsala deialdira aurkeztu nintzen, Axenario-ren laginarekin. Eta Elhuyarrenak eta LUko esleipenak bidea erraztu zidaten.

Hala ere, lehenengo literatur lana izateko, Axenario konplikatua irudi lezake, nahiz eta Frantzian gaztetxoek irakurri beharreko liburuen artean agertzen den.

Ez zen erraza izan, baina itzulpen oro da konplexua. Renarden liburua testu klasikoa da, eta beste garai bat itzultzea dakar. Oso sotila da, prosa zaindua eta neurtua dauka, eta bigarren zentzuz eta hitz-jokoz betea dago. Ez da esateko testu bat, erregistro formalekoa da, eta nik ez nituen umeak izan buruan hori itzultzean. Hala ere, EIZIEk institutuetara eraman zuen antzezpen bidez, eta oso ekimen polita izan zen. Aditzarekin ere izan nuen zenbait buruhauste, orainaldian baitago; nik burutuan eman nuen, burutugabea pisua iruditzen zitzaidalako. Gaur egun itzuli beharko banu, akaso, gehiago kontrastatuko nuke, baina ez dakit beste bide batetik joko nukeen. Gehiegizko interpretaziorako beldurra ere banuen, zaila egiten zitzaidan muga non jarri zehaztea. Baina hori gaur egun ere gertatzen zait.

Hain zuzen, itzultzerakoan autorea ezagutzea nahitaezkotzat jotzen duzu, nahiz eta horrek ere sor dezakeen gehiegizko interpretazioa. 31eskutik-eko zutabe batean honela zenioen: «Itzulpenak aurrera egin ahala, testua ez ezik, idazlea ere ‘bere’ egiten du itzultzaileak».

Bai, ez diot abantailarik ikusten autorea ez ezagutzeari. Egia da lerro artean irakurtzeko arriskua baduela horrek, baina arrisku hori beti dago, molde ezberdinetan bada ere. Ez dakit hari buruz ezer jakin gabe erabaki egokiak hartuko nituzkeen; autorearen nondik norakoek testua nolabait baldintzatu dezaketela uste dut. Beraz, gustatzen zait autorea ongi ezagutzea, “humanizatzea”, iruditzen zait hobeki prestatua nagoela horrela. Itzuli ahala, epeen erruz aurretik egitea zail baita, autorearen biografia eta beste testu batzuk irakurri ohi ditut. Horrela egin nuen Xabier Queirugak [Pasazaite] Etgar Kereten ipuinak itzultzeko enkargua egin zidanean ere, autoreari buruzko ikerketa txikitxo bat baiezkoa eman aurretik.

Zer moduzkoa izan da zeharbidezko itzulpeneko esperientzia?

Idazlea asko gustatzen zait, eta oso esperientzia polita izan da. Batzuetan  badirudi erreparoa dagoela oraindik ere zeharbidezko itzulpenarekiko, baina bestela ezin ezagutuko genituzkeen ate asko zabaltzen ditu. Israelgo etxeak ingelesezko itzulpena pasatu zien Pasazaitekoei, eta haiek emanda, fidagarritzat jo genuen. Horrekin hasi nintzen, beraz, halako batean zerbaitek “klik” egin zidan arte. Testuan «Goodman» abizeneko norbait agertzen zen, eta pentsatu nuen jatorrizkoan ez zuela izen hori izango. Beraz, jabetu nintzen ingelesezkoak zenbait itzulpen-estrategia jarraituko zituela, eta nik ez nituen horiek hertsi-hertsian jarraitu nahi. Alderaketa egiteko, gaztelaniarako itzulpena hartu nuen. Bi itzulpenak asko gustatu zitzaizkidan, nahiz eta oso desberdinak izan; ingelesezkoa oso ausarta zen, eta egokitzapenera jotzen zuen maiz. Gaztelaniazkoak, berriz, gehiago gordetzen zuen jatorrizkoa, eta lauagoa geratzen zen. Jakin-minak harrapatu eta hebreeraz zekien norbaitekin harremanetan jarri behar nuela erabaki nuen. Bartzelonako neska batekin kontaktua egin nuen, Sandra Cywis izenekoa, eta hura izan nuen informatzaile. Ingelesezkoari jarraitu nion batez ere, zenbaitetan alderaketa egiten nuen gaztelaniazkoarekin eta zalantza nuenean Sandrari galdetzen nion. Asko lagundu dit, ezagun zuen autorea eta Israelgo bizimodu eta historia garaikideari buruz ere gauza asko azaldu dizkit. Oso harreman polita izan da. Euskaltzaindiak oraindik ere arautua ez duenez, Xabier Kintanarengana jo nuen izenak-eta transkribatzeko, hark eginak baititu zenbait itzulpen zuzenean hebreeratik. Iruditzen zait geroz eta gehiago jotzen dudala lankidetzara, han eta hemen galdetzera. Oso aberasgarria da.

axenario

Israeli buruz iristen zaiguna ez da oso atsegina izaten, eta poztekoa da hango testuingurua apur bat gehiago ezagutzeko aukera izatea. Hala ere, liburuan ez dugu askorik aurkitu, ez dago lokalismoz betea, adibidez. Oin-oharren beharrik ere ez duzu izan.

Azkeneko ipuinean agertzen da zerbait gehiago hango egoera, erreferentzia batzuk badaude, arabiarrekiko eta. Hala ere, ipuin gehienetan sumatzen da, atzealdean, tentsio eta etsipen handi bat. Oin-oharrei dagokienez, ez naiz oso zalea; iruditzen zait irakurketa apurtu egiten dutela, eta pedantea ere gerta daiteke batzuetan, itzultzailea testuan nabarmentze hori. Gaur egun internetekin erraz egin daitezke bilaketak, gainera. Ez dut oin-oharrik jarri, baina batzuetan testuan bertan txertatu dut ñabarduraren bat; esaterako, zigarro marka bati lotutako ezaugarriren bat, Sandrak azalduta: Noblesse zigarro merkeak. Hobe da ñabardura bat galtzea nabarmenkeria egitea baino, nire ustez. Bukaeran jarriko nituzke, akaso, ohar batzuk, baina ez zitzaidan beharrezkoa iruditu.

Bi liburu horien artean, hala ere, egin duzu beste literatur itzulpenik.

Bai, gazte literatura itzuli nuen, hain zuzen R.L. Stineren Hil ala Bizi, eta geroago Patricia Parryren Bost hitzaldi krimenari eta histeriari buruz eleberria. Alice Munroren Zorion handiegia bildumako ipuin bat ere itzuli dut, eta horren aurretik Literatura Unibertsala bildumako Ez da erraza gizon on bat aurkitzea. Gauza bat zela eta bestea zela, bi urte eman nituen azken hori euskaratzen. Orain haurrentzako bi liburu euskaratzen nabil, Durangorako aterako direnak. Horietako bat nahiko lan ematen ari zait; beste liburu batzuetako pasarteak ditu, testu klasikoetakoak, hala nola, Altxor Uhartea eta Shakespeareren zenbait antzezlanena. Jatorrizko testua identifikatu behar dut, beraz, eta gero, horietako asko honezkero euskaraz ditugunez, itzulpena(k) bilatu. Batzuetan tradiziozkoak funtziona dezake, baina beste batzuetan moldatu egin beharko dut. Edo sortu, batzuetan zenbait esapide ez baitaude itzulita.

Flannery O’Connor bada nahikoa lokala, hizkeran ere. Nolakoa izan zen Ez da erraza gizon on bat aurkitzea ipuin-liburuaren itzulpena?

Pertsonaien hizkera oso markatua da, eta askotan horrek ezaugarritzen ditu. Zurien eta beltzen artean bada aldea, baina euskaraz bereizketa horri eustea artifiziala da. Nik marka oso sotilak erabili nituen pertsonaia batzuen ahotsean: ahozko hizkera, erregistroa, esaldi laburrak, hika, hiztegian “behe” markarekin agertzen den lexikoa… Hautu batzuk ere egin behar izan nituen; esaterako, nigger izenari “negro(a)” ordaina eman nion. Oro har, geroz eta argiago dut nabarmenkeriek eta estridentziek ez dutela ongi funtzionatzen, testuak sinesgarritasuna gal lezakeela. Euskaraz, gainera, askoz errazago jartzen da guztia auzitan, eta irakurleari testua bitxi edo ez sinesgarria iruditzen bazaio, liburua alde batera utz dezake.

Eta orain baduzu beste proiekturik esku artean?

Haurrentzako bi liburu horiekin nago, eta ZIO bildumako liburu baten itzulpena amaitzen. Bestela, badira zenbait autore itzultzea gustatuko litzaidakeenak, besteak beste, Helene Hanff, Philippe Dorin edo Fred Vargas. Jo izan ditut zenbait ate, baina argitaletxeek beren programari eusten diote, eta ez da erraza hortik kanpo dagoen zerbait kaleratzea. Edo nik ez dut lortu. Baliteke ate egokiak jo ez izana, eta beharbada saiatuko naiz berriz.