Autoreak plazara: Clarice Lispector

urria 21, 2013 @


clarice1

Udako lehorteari aurre egin asmoz BERRIAkoek liburutegi intimoak izeneko atal bat jarri zuten martxan aurten, eta hainbat diziplinatako artistari eskatu zieten haien bizitzako liburu garrantzitsuenez jardun zezatela. Miren Gaztañaga aktoreari egindako elkarrizketari esker deskubritu genuen guk Clarice Lispector (Txetxelnik, Ukrania, 1920 – Rio de Janeiro, Brasil, 1977) idazle brasildarra. Judua izanik Lispectorren familiak Europa utzi zuen, hura artean sehaska-umea zela. Recifen eman zuen haurtzaroa; Rio de Janeiron, ordea, gaztaroa. Zuzenbidea ikasi zuen hiri horretan, hala ere, unibertsitatean zegoen bitartean hedabideetan kolaboratzen eta istorioak idazten hasi zen, dirudienez, Hermann Hesseren Estepako otsoa eleberri izugarria irakurri ostean idazletzarako grina piztu baitzitzaion. Unibertsitate-garaiaren amaieran argitaratu zuen, hain zuzen ere, bere lehenengo eleberria Perto do Coração Selvagem (Rocco, 1943), arrakasta handiarekin.

Virginia Woolfen stream of conciousness-arekin alderatua izan zen Perto do Coração Selvagem segituan; izan ere, pertsonaia nagusiaren bakarrizketa da obraren haria.  James Joycekin ere lotu zuten, hain zuzen, estreinako liburu horren izenburuak eta epigrafeak dublindarraren Artistaren gaztetako portreta obran baitu jatorria. Edonola ere, Lispectorrek berak esan zuenez, ez zuen bi autore haien lana ezagutu liburua argitaratu ostera arte, eta erreferentzia joycearraren atzean Lúcio Cardoso adiskide eta poetaren iradokizuna zegoen. Brasildar letretan haize bafada berritzailea izan zela ezin uka, ordura arte errealismo soziala izan baitzen estilo nagusia, eta edukia gailentzen baitzitzaion formari. Lispectorrek, baina, bestelako bidea hartu zuen, argumentu ia atzemanezinen inguruan kezka eta hausnarketa existentzialak bilbatuz. Bere idazkera fragmentatu eta eliptiko izendatu dute, eta hitzen doitasunak obsesionatu izan zuen beti.

Ikasketak amaitu berritan Maury Gurgel Valente lanbide-kidearekin ezkondu zen. Senarraren diplomazia-jardunaren ondorioz, bikoteak (eta ondoren familiak, bi seme izan baitzituzten) bolada luzeak eman zituen Europan eta AEBetan. Inglaterran, Suitzan eta Italian izan ziren lehenik, eta Washington DC-n gero. Atzerriko tarte guzti horretan Brasilgo hedabideetan idazten jarraitu zuen Lispectorrek, eta literaturgintzan ere oparo jardun zuen. 1959an itzuli zen Brasilera, dibortziatu ondoren. Idazkuntzara emana bizi nahi zuela-eta hartu zuen erabakia. Rio de Janeiro bizi izan zen eta bertan zela idatzi zituen bere nobela esanguratsuenak, batetik A Paixão segundo G.H. (Rocco, 1964) eta Água Viva (Rocco, 1973). Aipagarriak dira ere bere ipuin liburuak: Laços de Família (Francisco Alves-Rocco, 1960), A Legião Estrangeira (Editora do Autor, 1964), eta Felicidade Clandestina (Rocco, 1971), zeinetatik hartu baitugun gaur dakarkizuegun ipuina. Itzultzaile ere aritu zen, besteak beste Edgar Allan Poe eta Agatha Christieren lanak portugesera eramanez.

Zenbait bitxikeria Lispectorren eraginari buruz: Machado de Assisen ondoren, tesi gehien oinarritu dituen autore brasildarra da, 8000 inguru; Cazuza abeslari brasildarrak aipatu du 111 aldiz duela irakurria Água Viva; Hélène Cixous literatura teorialari feminista frantsesak esana da Brasilen badela literatura bat C.A. (Clarice aurretik) eta C.O (Clarice ondoren). Cixousek, halaber, bere teoriako idazkera femeninoaren adibide gorentzat hartu zuen Lispectorren lana.

1977an hil zen, obario-kantzer larriak jota, 57 urte egingo zituen egunaren bezperan. Gaurkoan, omenalditxo bat elearazin, Lispectorri berari, eta gu geu izan ginen (eta garen) haur irakurzaleei.

sudamerica_brasil_recife_0004

(Recife, Brasil).

ZORIONTASUN EZKUTUA

 Bera lodia zen, txikia, oreztaduna, eta ilea kizkurregia zuen, erdi horixka. Bularralde erraldoia zuen; gu denok, aldiz, zapalak ginen oraindik. Hori gutxi balitz, bularraren gainean alkandoraren poltsikoak karameluz betetzen zituen. Baina bazuen zerbait, edozein neskato istoriozale porrokatuk nahiko zukeen zerbait: bere aita liburu-denda baten jabea zen.

Ez zion etekin handirik ateratzen. Eta guk are gutxiago: urtebetetzetan, sikiera liburutxo merke bat ere oparitu beharrean, aitaren dendako postal bat ematen zigun. Gainera postaleko paisaia beti izaten zen Recifekoa, bizi ginen hirikoa, hamaika aldiz ikusiak genituen zubiekin.

Atzealdean “jaioteguna” edo “eskuminak” gisako hitzak idazten zituen, letra ikaragarri finarekin.

A zer talentu zuen krudeltasunerako. Iskanbila handiz karameluak hurrupatzen zituen bitartean, mendekuz egina zegoen, oso-osorik. Nola gorrotatzen gintuen neskatxa hark, modu barkaezinean baikinen politak, garaiak, ile askedunak. Nirekin sadikoa izan zen, basakeria lasaiz. Nire irakurtzeko antsietatea zela-medio, ez nintzen bere umiliazioez konturatzen: gogoko ez zituen liburuak eskatzen nizkion oraindik ere.

Nire buruari tortura txinatarra ezartzeko egun handia iritsi arte. Ezarian bezala, Monteiro Lobatoren Reinações de Narizinho liburua zeukala jakinarazi zidan.

Liburu potolo bat zen, ene Jainkoa, berarekin bizitzeko moduko liburu bat zen, berarekin jateko, berarekin lo egiteko modukoa. Eta nire aukeretatik kanpo zegoen, erabat. Esan zidan hurrengo egunean bere etxera joaten banintzen liburua lagako zidala.

Hurrengo eguna iritsi arte, pozaren pozez, itxaropena bera bilakatu nintzen: ez nintzen bizi, itsaso leun batean igerian nenbilen poliki, olatuek alde batetik bestera garraiatzen ninduten.

Literalki korrika, biharamunean joan nintzen haren etxera. Ez zen pisu batean bizi, ni bezala, baizik eta etxe batean. Ez zidan sartzeko eskatu. Bere begirada nirean iltzatu eta esan zidan liburua beste neska bati utzia ziola, eta itzul nendila hurrengo egunean. Ahozabalik, poliki egin nuen alde, baina tartetxo baten ostean esperantzak berriro hartu ninduen eta kalean zehar jauzika joan nintzen, hori baitzen Recifeko kaleetan barrena ibiltzeko nuen era berezia. Egun hartan ez nintzen erori, liburuaren promesak gidatzen ninduen, hurrengo eguna iritsiko zen, eta, ondoren, egun haren hurrengo egunak nire bizitza osoa izango ziren, amodioa zain neukan mundu zabalean, eta ez nintzen behin ere erori.

Baina gauzak ez ziren hain errazak izan. Liburu-dendaren jabearen alabak plan sekretu bat zuen, barea eta deabruzkoa. Hurrengo egunean bere etxeko atean nengoen, irribarretsu eta bihotza pil-pilean. Soilik bere erantzun lasaia entzuteko: oraindik ez zuela liburua berreskuratu, itzul nendila hurrengo egunean. Une hartan ezinezkoa nuen aurreikustea, beranduago, nire bizitzan, “hurrengo egunaren” drama behin baino gehiagotan errepikatuko zela nire bihotz pilpirakariarentzat.

Eta gisa horretan jarraitu genuen. Zenbat denboraz? Ni egunero joaten nintzen bere etxera, salbuespenik gabe. Batzuetan berak esaten zuen “ba liburua hemen izan nuen atzo arratsaldean, baina zu ez zarenez gaur goizera arte etorri, bada beste neska bati utzi nion”. Eta nik, betzuloak izateko joera nuenak, nabaritzen nuen nola sakontzen ziren betzuloak nire begi harrituen azpian.

Baina, egun batean, ni bere etxeko atean nengoela bere ezezkoa isilik eta umil entzuten, ama agertu zen. Arraroa iruditzen bide zitzaion neskatila haren eguneroko presentzia mutua etxeko atean. Azalpenak eskatu zizkigun bioi. Nahaste isil bat izan zen, hitz ez oso argigarriek noizean behin etendakoa. Andreari gero eta arraroagoa egiten zitzaion hura guztia ez ulertzea. Azkenean, ama ona, ulertu zuen arte. Alabarengana jiratu eta harridura handiz esan zuen “Liburu hori etxean dago-eta! Ez zenuen irakurri nahi ere”.

Emakumearentzat okerrena ez zen izan gertatzen zenaz konturatzea. Are okerragoa izan behar zuen deskubritzea zer-nolako alaba zuen. Isil-isilik begiratzen gintuen: alaba ezezagunaren zitalkeriaren indarra, neskato ilehoria zutik atearen aurrean, leher eginda, Recifeko kaleetako haizearen aurka. Orduan, bere onera itzulita, irmo eta lasai, alabari agindu zion:

-  Liburu hori utziko diozu oraintxe bertan.

Eta niri:

- Eta zuk gorde ezazu liburua nahi adina denbora, ados?

Liburua oparitzea baino baliotsuagoa zen hori, “nahi adina denbora” da pertsona batek, handi edo txiki, nahi izan dezakeen guztia.

Nola kontatu horren atzetik etorri zena? Ni lelotuta nengoen eta horrela jaso nuen liburua eskutan. Uste dut ez nuela ezer esan. Liburua hartu nuen. Ez, ez nuen saltoka alde egin beti bezala. Oinez joan nintzen, poliki-poliki. Badakit liburu lodiari bi eskuekin eusten niola, bularraren kontra estutuz. Gutxi axola du zenbat denbora behar izan nuen etxera iristeko. Bularra bero nuen, bihotza pentsakor.

Etxera iristean ez nintzen irakurtzen hasi. Liburua izango ez banu bezala egiten nuen, soil-soilik beranduago zirrara sentitzeko liburua baneukala konturatzean. Zenbait ordu geroago ireki egin nuen, lerro miragarri batzuk irakurri nituen, berriz itxi nuen, etxean zehar buelta bat ematera joan nintzen, ogia eta gurina jan eta are gehiago atzeratu nuen unea, tarte batez itxurak egiten nituen liburua non gorde nuen jakingo ez banu bezala, gero aurkitu nuen, segundo batzuez zabaldu nuen. Eragozpenik faltsuenak sortzen nituen ezkutuko gauza bat zen zoriontasunarentzat. Niretzat zoriontasuna beti izango zen ezkutukoa. Aurreikusiko banu bezala zen. Zenbat berandutu nintzen! Airean bizi nintzen, harrotasuna zegoen nigan, eta pudorea. Erregina sentibera bat nintzen.

Batzuetan hamakan esertzen nintzen, liburua magalean zabalik nuela kulunkatzeko, hura ukitu gabe, estasi ezin aratzagoan. Dagoeneko ez nintzen neskato bat liburu batekin: emakume bat nintzen, bere maitalearekin.