Ekialdea pittin bat hurbilago

azaroa 19, 2013 @


mo yan

(Irudia: pasa den ostiralean aurkeztu zuten Aiora Jakak eta Maialen Marinek Mo Yanen ipuin-liburua euskaraz).

Iragarpen guztien kontra ez zuen euririk egin larunbat goizean Zarautzen, malekoian haizeak gogor eta hotz jotzen bazuen ere. Sanz Enea liburutegian bildu gintuen Maialen Marin Lacartak, Literatura Eskolaren bigarren saioan. Hogei pertsona baino gehiago agertu ginen hitzordura, jakin-minez, ekialdeak zer ekarriko. Txinatar literatura moderno eta garaikidea: lau bide izenburua jarri zion itzultzaile donostiarrak eskolari. Lau autoreren lau testu ekarri zizkigun, saio dinamikoa egin nahian, eta esan zigun jakin-mina piztea eta saio parte-hartzailea izatea zuela helburu. Eta ezbairik gabe bete zuen hasierako nahia, bada.

Orain arte, txinatar literatura garaikidea ez genuen euskaraz, salbu eta Itxaro Bordak itzulitako poema gutxi batzuk. Orain arte diogu, ostiralean bertan aurkeztu baitzuten Marin-Lacartak berak eta Aiora Jakak Hori da umorea, maisu! ipuin-liburua, iazko Nobel saridun Mo Yan idazlearena. Marin-Lacartak esan zuen ez zuela Txinako historian luzatu nahi, baina garrantzitsua iruditzen zitzaiola hainbat datu ematea, finean, historiako gertaerek literaturan eragina dutelako; dena den, liburu bat gomendatu zigun, horretan gehiago sakondu nahi izanez gero: Narrativas chinas: ficciones y otras formas de no-literatura, David Martínez-Robles (ed), Carles Prado-Fonts (ed), Alicia Relinque, Barcelona: UOC, 2008.

Terminologiaz pare bat hitz esan zituen historiarekin hasi aurretik; «Txinako literatura» zuen hasiera batean hitzaldiak izenburu, baina Txinan badira hainbat hizkuntza, eta haiek ere badute literatura, beraz, «txinatar literatura» izendatzea aproposagoa iruditu zitzaion; «literatura sinofonoa» terminoa ere erabiltzen da, eta nahasgarri gerta daiteke, izan ere, txineraz idatzitako diasporako, Taiwango eta Hong Kongeko literaturari egiten baitio erreferentzia. Hain zuzen, «sinofono» hitza darabilte aldarrikatzeko Txinaz kanpo ere badela txineraz idatzitako literatura, Txinaren nagusitasun horretatik askatzeko, nolabait.

Alde batetik, historia modernoa eta bestetik historia garaikidea bereizi zituen Marin-Lacartak. Lehenengoa hirutan banatu zuen: Qing dinastiaren amaiera, 1912-1925 arteko garaia eta 1929-1945 artekoa; historia garaikidea, berriz, bi alditan: 1949-1976 arteko literatura iraultzailea, eta 1976-2000 urte arteko aldia. Ikuspegi zabala eman nahian, historia modernoko bi autore eta historia garaikideko beste bi ikusi genituen.

Dinastiaren amaiera eta literatura modernoa

Qing dinastiaren azkeneko urteak oso gatazkatsuak izan ziren; krisi handia zegoen bai herrialdean bertan, botere-gatazka, bai kanpoko botereen aurka ere. Modernitatea Txinara ekartzeko lehenengo asmoak, lehenengo hausnarketak egin zituzten. Kanpokoarekiko interes kulturala handiagotzen hasi zen, eta horrek bultzatuta egin ziren hainbat itzulpen. 1911n izan zen inperioaren erorialdia, eta urtebete geroago, berriz, Txinako errepublikaren sorrera.

Lehenengo errepublikarekin batera, ez zen iritsi intelektualek espero zuten oreka, eta are eta beharrezkoagoa ikusi zuten, beraz, Mendebaldeko joerak bereganatzea. Inprentaren sorrerarekin, idatziak ugaritu egin ziren, eta poesiak nagusitasuna galdu eta nobelak hartu zuen. Hizkuntza mailan aldaketa handiak egin zituzten, «hizkuntza zuria» delakoa sortu baitzuten; hala, hizkuntza sinpletu zuten, erraztu, eta gaur egun guztiek idazten dute hizkuntza batuan, ahozkoa oso bestelakoa bada ere. Beraien modernoa sortu nahi zuten; batzuek tradizioari erreparatzen zioten arren, beste batzuek tradizioarekin errotik moztu nahi zuten. Japonia eta Mendebaldea zuten eredu. 1915ean Gazteri Berria aldizkaria sortu zuten, eta bi urte geroago Kultura Berriaren Aldeko Mugimendua. 1919an Pekingo ikasleak plazara atera ziren; Alemania Japoniari ematen ari zen kontzesioak zirela eta, txinatarrek atzerapauso sentipena zuten. Txina osora zabaldu ziren manifestazioak: demokrazia eta zientzia aldarrikatzen zuten, eta gerrako jaunen eta inperialismoaren kontra egiten. Intelektualak gero eta politikoagoak ziren, iraultza beharra zekusaten. Emakumeek egindako literaturak indarra hartu zuen, eta tradizioaren kontra egin zutenez, pentsa zitekeen antzina ez zegoela emakume idazlerik, baina ez da hala; halaber, bazegoen garai hartan iraultzazkoa ez zen literatura. 1925eko maiatzaren hasieran langile bat hil zuen poliziak eta hilabete bukaeran polizia britainiarra tiroka hasi zen; bi gertakari horiek tentsioa izugarri hazi zuten.

Besteak beste, nazionalisten eta komunisten arteko tentsioak pil-pilean ziren. 1927an nazionalista batzuk tiroka hasi eta komunista zenbait hil zituzten, giro horretan, bada, komunista asko joan ziren hiritik landa-eremura. Garai hartan ugariak ziren elkarte literarioak, hainbeste non idazle batek ezin zuen bere kasa deus argitaratu, ez bazen elkarte bateko kide. Askotariko korronteak zeuden: errealismoa, modernismoa, erromantizismoa, herri literatura… Gerra garaia izan zen 1929-1945 artekoa; Japoniaren kontrako erresistentzia gerra lehenik eta gerra zibila geroago izan ziren urteotan. Antzerkiak indarra hartu zuen, propaganda politikoa egiteko oso eraginkorra baitzen.

Marin-Lacartak aukeratutako literatura modernoko bi autoreak Lu Xun eta Shen Congwen izan ziren. Autoreen obrak gaztelaniara edo katalanera itzulita badaude, hizkuntza horietako izenburuak eman zizkigun hizlariak. Orotara lau idazle izan ziren, eta horietako bakoitza aurkeztu eta gero, testu bana irakurri genuen guztion artean, idatzian zer elementu aurkitzen genituen hausnartu eta eztabaidatzeko. Bukaeran jarri ditugu aztertutako lau testuen erreferentziak. Horrela, Marin-Lacartak asmo zuen bezala, parte-hartzaileagoa eta arinagoa izan zen lau orduko saio mamitsua.

Lu Xun (1881-1936) literatura modernoaren aitatzat hartu izan da. Intelektualen kezkak islatzen zituzten haren gaiek: sugarra eta desilusioa, tradizioa eta mendebaldeko garapena, klase intelektualaren alienazioa eta Txinako nazioak sorturiko kezka. Hauek dira haren lanetako batzuk:  Grito de llamada (1923), Nora ezean (1926), Mala herba (1927) eta Contar nuevo de historias viejas (1936). Japonian ikasi zuen, txinatar intelektual askoren antzera, Japonian gauzak nola egiten zituzten ikusi nahian. Ezizen ugari erabili zituen, eta horregatik kosta egin zitzaion ospetsu egitea. Marxismoa ikasten hasi zen, gero eta politikoagoa bihurtzen; nazionalistak kritikatu zituen idatzietan, baina ez zen inoiz alderdi komunistan sartu. Hiltzean, ordea, interesen araberako hautaketa egin eta komunistek Lu Xun kanonizatu egin zuten, iraultza komunistaren sinbolo bihurtuz. Azken ikerketek mito horiek agerian utzi eta autorearen konplexutasuna azaleratu dute, garaiko manipulazioa agertzeko.

Marin-Lacartak maiteago du Shen Congwen autorea (1902-1988). Familia militarra zuen, eta idazle autodidakta izan zen, eskola gaztetik utzi behar izan baitzuen lan egiteko. Kultura berriaren mugimenduan eta hizkuntza modernoan garrantzi handia izan zuen. 1924an kaleratu zuen lehenengo lana, Pekinen zegoela; egoera aldatzeko beharra aldarrikatu zuen. Hainbeste argitaratu zuen, unibertsitateko irakasle postua lortu baitzuen, eta editore ere ibili zen. Zerabiltzan gaiak Hunan mendebaldeko etnien eta naturaren eragina, landako balioak, hiriko bizitza eta tradizioaren eta modernitatearen arteko fusioa izan ziren. 1949an bukatu zen haren ibilbide literarioa, ez baitzuen lotura politikorik nahi, eta hori ez zen zilegi orduan; bai nazionalistak bai komunistak kritikatu zituen, neutro izan nahi zuen, baina mehatxuak jaso zituen, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta, azkenean, gehiago ez idaztea erabaki zuen. Arkeologo hasi zen, museo garrantzitsu batean. 1953an bere obra debekatu zuten, eta testu aunitz suntsitu zituzten. 1980ko hamarkadan, ordea, autorea ikertzen hasi ziren, eta ospea lortu du azken urteotan. Shen Congwenen gaztelaniara itzultzen lehenengoa izan da Marin-Lacarta.

luXunLu Xun (handian) iraultza kulturalaren propaganda-afixa baten ikurtzat erabili zuten.

Maoismoa eta literatura iraultzailea

Literatura garaikidearen hasiera 1949. urte inguruan kokatu zuen hizlariak, eta baikortasunarekin eta gizartearen gorespenarekin hasi zen, baina jarrera horrek ez zuen luze iraun. Kultura instituzionalizatu egin zen, Maoren aginduek jarraitu behar baitzituzten intelektualek ere. 1966an gertatu zen iraultza kulturala, eta klase borrokari buruzko obrak eta antzerkia nagusitu ziren. Tentsio handiak zeuden boterearen barruan, eta «Guardia gorria» armada sortu zuten. Intelektualak klase etsaitzat eta burgestzat hartzen zituen gizarteak, eta, ondorioz, liburu asko erre zituzten. Orain idazle direnak ez zuten hezkuntza jaso. 1976an manifestazioa egin zuten Zhou Enlairen ohoretan, gobernuko kidea zena baina Maoren ez oso gustukoa. Kalera atera ziren herritarrak, beraz, eta haiekin atera zituzten plazara urtetan pilatutako kexak eta egonezinak. Urte berean hil zen Mao Zedong.

Demokraziaren aldeko aldarria nagusitu zen, beraz, agintaria hiltzean. 1981ean Deng Xiaopingek liberazio ekonomiko eta kulturala aldarrikatu zituen hitzaldi ofizial batean. Hala ere, Maorekin gertatu bezala, alde handia zegoen esandakoen eta egindakoen artean. Mendebaldera begira jarri zen berriz Txina, eta itzulpen asko egin zituzten, bereziki teoria kulturalari eta filosofiari buruzko testuenak. Ikertzaileek paralelismoa egiten dute 20ko eta 80ko urteen artean; 20ko urteetan tradizioarekin bukatu nahi zuten, eta hizkuntzan aldaketak egin zituzten; 80koetan, berriz, maoismoarekin bukatu nahi zuten eta hizkera homogeneoa aldatu. Bi hamarkadetan gertatu zen iraultza literarioa. Maoismoaren kontrako ahotsak ugaritu zirenez, erroei begira jarri ziren, txinatar tradizioari erreparatu zioten, betiere nola modernizatu hausnartzeko. Gizartearen frustrazioa 1989ko Tian’anmeneko istiluetan kaleratu zen. Harrez geroztik, merkatuaren indarra handitu besterik ez da egin, eta iraultzan intelektualek zuten indarra eta boterea galdu egin da. Kontsumorantz zuzendutako gizartea bihurtu da Txinakoa.

Laburbiltzeko, bost ezaugarri esleitu zizkion Marin-Lacartak Txinatar literatura garaikideari: 1) idazleek liburuak saldu behar dituzte (aurretik ez baitzuten hori lehen helburua); 2) literaturaren eta politikaren arteko harremana korapilatsua da, ez da zuri ala beltz, konplexuagoa baizik; 3) literaturak harreman estua du zinema eta telebistarekin; 4) polemikak salmentak ugaritu ohi ditu, ez Txinan soilik, kanpoan ere bai (nahiz eta zentsurak, adibidez, ez duen eragozten Txinan zentsuratutakoak irakurtzea); eta 5) ez dira hain ongi bereizten korronte literarioak, sorkuntzarako bideak erraztu egin baitira. Gaur egun ez dute elkarteek lehen bezainbesteko botererik, baina aldizkariek bai. Askotan idazleen kapituluka argitaratzen dituzte aldizkarietan, eta horrek idazketa baldintzatzen du, beraz.

Yu Hua (1960) da literatura garaikideko idazleetako bat. Ospitale baten ondoan hazi zen, eta denetarik ikusi behar izan zuen, haurtzaroan gertatu baitzen iraultza kulturala. Dentista izan zen idazle baino lehenago, eta kulturan zebiltzanak zein ongi bizi ziren ikustean, eta ordura arteko lanbidea gustuko ez zuelako, hasi zen idazten. Haren obra honela bereiz daiteke: 80ko urteetako ipuin abangoardistak (El passat i els càstigs) aski gogorrak eta bortitzak ziren, nazka emateraino; 90eko urteetako eleberrietan pixka bat apaldu zen (¡Vivir!, Brothers…); eta saiakeraren bat ere badu (China en diez palabras). Azken horren argitalpenaren harira, Bartzelonan egin zuen hitzaldiaren zatiren bat ikusi genuen. Esaldi laburrak eta zuzenak erabiltzen ditu.

Azkenik, labur-labur ikusi genuen Mo Yan Nobel sariduna. Batzuetan Faulknerrekin alderatu izan dute, jaioterrian kokatzen dituelako erdi-ametsezko istorioak. Gaztetik utzi zuen eskola lanean hasteko, gero armadan egon zen (nahiz eta gerran sekula egon ez), eta unibertsitatean sartzen saiatu zenean, ez zioten utzi, zaharregia zelakoan. Entrenamendu militarrarekin jarraitu zuen, beraz, eta idazten hasi zen. Literatur saila zuten armadan, eta han parte hartzen zuen bere idatziekin. Gerora, lan batzuk argitaratuak zituenean, unibertsitatean sartzen utzi zioten, eta armada utzi eta editore hasi zen. Mo Yanen ezaugarri dira denbora-jauziak eta deskribapenak, ikus egin baitaiteke kontatzen duena. Horregatik eraman dituzte zinemara, apika, haren obra bat baino gehiago. Nobel saria baino lehenago gaztelaniaratutako itzulpenak zeharka egin dira, eta nahiko kaxkarrak omen dira, baina saria jaso zuenetik zuzeneko itzulpena egin izan dute. Hori da umorea, maisu! kaleratu berriaren «Gizona eta piztia» ipuineko aletxo bat irakurri genuen bukatzeko.

Hauek izan ziren landu genituen testuak:

  • Lu Xun, «Prefacio», Grito de llamada, Iñaki Preciado (itzul.), Madrid: Alfaguara, 1978
  • Shen Congwen, La ciudad fronteriza, Maialen Marin Lacarta (itzul.), Barcelona: Bellaterra, 2013
  • Yu Hua. ¡Vivir!, Anne-Hélène Suárez (itzul.), Barcelona: Seix Barral, 2010
  • Mo Yan. Hori da umorea, maisu!, Aiora Jaka eta Maialen Marin (itzul.), Donostia: Elkar, 2013