Itzuldazleak mintzo: Beñat Sarasola

otsaila 17, 2014 @


benatsarasola

Azken hilabetean egin dizkioten elkarrizketa guztiak ikusita, zaila izanen dugu Beñat Sarasola Santamariari (Donostia, 1984) deus berririk ateratzea, baina saiatuko gara itzulpenera eta beste kontuetara lerratzen. Barka beza irakurleak, hala ere, errepikapen oro. Nazioarteko poeten lanak euskarara ekartzeko proiektua aurkeztu zuten joan den abenduan, eta sekulako arrakasta mediatikoa izan du. Ez da gutxiagorako, oso urriak baitira orain arte euskaratutako poesia-liburuak; hain zuzen, orain baino lehen 100 poesia-liburu itzuli direla kalkulatu zuten, eta hutsune handi hori betetzeko saiakera anbiziotsua da Munduko Poesia Kaierak. Koldo Izagirrek koordinatutako berrogei Poesia Kaiera haiek gogoan, Euskal Herriko mugak gainditu nahi izan dituzte oraingoan. Autoreak aukeratzeko irizpideak hala zehaztu zituzten: XIX. mendearen erdialdetik XX.aren bukaerara artekoak, hilik egotea, kalitatezkoak izatea, jatorri eta hizkuntza aniztasuna eta Mendebaldeko kanona gainditzea. Luzerako gera dadila!

Susa argitaletxeak aterako ditu urtean sei liburuxka, 64 orrialdekoa bakoitza. Aurtengo argitalpenak:  Georg Trakl (itzul. Anton Garikano), Maria Merce Marcal (Itxaro Borda), Aime Cesaire (Iñigo Aranbarri), Carlos Drummond Andrade (Koldo Izagirre), Emily Dickinson (Angel Erro) eta Miguel Hernandez (Josu Landa). Informazio gehiagorako, erosteko eta harpidetzeko: www.kaierak.com.

Proiektu beharrezko bezain ausarta da hau, zorionekoak poesia zaleak. Aunitz kexatzen ginen halakorik ez zelako, baina jendearen erantzuna kexaren tamainakoa izan al da?

Nondik begiratuta. Gu pozik gaude lortzen ari garen harpidedun kopuruarekin, aurreikuspenekin bat datoz. Jakina, gustatuko litzaiguke poesia liburuak eskutik eskura ibiliko balira baina badakigu genero horren harrera murritza izaten dela. Hor gauza asko aipa daitezke, eskoletako literatur programetatik hasita poesia argitaratzeko laguntza gabezia edo desegokietaraino. Hala ere, hori hala izanik ere, kexak alde batera utzi eta lanari ekitea erabaki genuen proiektu buruaski (literarioki zein ekonomikoki) bat martxan jartzen ahaleginduz. Eta horretan gara.

Aurkezpenean esan zenuten bereziki material ona izan zitekeela hezkuntza-esparruan erabiltzeko. Zergatik?

Lehenik eta behin azken bi mendeetako lehen mailako poeten aleek osatuko dutelako bilduma. Hor egongo da laburturik, neurri batean eta denbora igaro ahala eta bilduma osatzearen osatzez, garai horretako poesia behinena. Edizio aski irakurgarriak izango dira: ez oso luzeak, soilak, merkeak, eta poeta bakoitzaren lan onena edo erakusgarriena bilduta izango dute. Beraz, uste dugu poeta bakoitzaren inguruan lan egiteko material ederra izango dela.

Beste baieztapen bat: «bildumak euskarazko lengoaia poetikoa aberasten lagunduko du». Horregatik dira aukeratutako lehenengo sei itzultzaileetatik bost poesia-idazleak? Hots, zer irizpideri jarraitzen diozue itzultzailea aukeratzeko?

Lehen irizpidea, logikoa denez, kalitatearena da. Hau da, itzulpenek ahalik eta kalitate handiena izan dezaten saiatuko gara, eta honenbestez, itzultzaile taxuzkoengana joko dugu. Bost horiek poesia idazleak dira, bai (nahiz eta Josu Landa-ren kasuan, broma zilegi bazait, bere aurreko bizialdiren batean izan zen), baina baita itzultzaileak ere. Aurretik badituzte lanak itzuliak, kasu gehienetan poesiazkoak gainera. Bildumak lengoaia poetikoa aberasten lagun lezake, baina ez poesia idazleek itzul dezaketeelako, baizik eta poesia-corpus itzulia zabaldu eta aberastuko delako, itzulpen horiek edonork egiten dituela ere. Etorkizuneko poesia idazleentzat corpus ederra joango da osatzen ezarian.

Munduko Poesia Kaierekin lengoaia poetikoa aberastuko da, poesia-corpus itzulia zabalduko delako.

Irudipena dugu kopuru aldetik urria bada ere, maila altua dagoela euskaraz sortutako poesian. 

Oro har hitz egitea zaila da baina, bai, uste dut euskal poesiaren maila ez dela beste generoen maila baino eskasagoa. Esango nuke 90. hamarkada arte gutxi gorabehera poesiak gurean izan duen pisu eta joritasunak asko lagundu diela hurrengo belaunaldiei poesia idazteko. Azken urteetan garai horretako poesia-apar hori apaldu da eta espero dezagun bilduma honek ere laguntzea euskal poesia bizi mantentzen (bon, dagoeneko ardura gehiegi ez ote dizkiodan egotzi bildumari…).

Zu zeu itzultzaile lanetan aritua zara, Philip Rothen Nemesis (Meettok, 2011) liburua ekarri baitzenuen. Heriotza, irrazionaltasuna, morala, zaurgarritasuna… Ez da gai gozoa, eta zenbait lekutan kultuzkotzat hartzen den idazle hau itzultzea ere ez zen lan erraza izanen.

Ez zen erraza izan, ez, halako luzera eta sakontasuneko lan bat itzultzeko eskarmenturik ez nuelako eta Rothek itxura batean dirudien baino prosa konplexuagoa darabilelako. Gainera, argitalpen data aldetik ere estu ibili ginen eta testua azken orrazketa baten premian argitaratu zen. Haatik, esperientzia polita izan zen eta dudarik ez, nire idazkera lantzeko ariketa ezinhobea.

Orain gutxi Santiago Onaindia Literatur Ikerketarako XIII. beka jaso duzu, “Literatur aldizkarien eragina euskal sistema literarioaren osaeran” proiektuarekin. Hasierako hipotesiak ere agertu zenituen: «XX. mendean, eta batez ere 36ko gerraren ondorenean, literatura aldizkariek funtsezko garrantzia izan zuten euskal sistema literario modernoaren osaeran, eta gaur egun gure literaturaren erdigune den belaunaldiarentzat (40ko eta 50eko hamarkadetan jaioak) ezinbesteko bitarteko eta heziketa literarioa izan ziren». Gaur egun ez da hain oparoa aldizkarien bidea. Zer heziketa literario ditu orain sistema literarioak oro har eta idazlegai batek zehazki?

Bai, ez ditugu horrenbeste aldizkari (hor dugu ITU hala ere) baina beste bide batzuetatik jaso daiteke bere garaian aldizkariek ematen zutena. Sarean hainbat baliabide ditugu, baina esango nuke aldizkarien espiritua-edo Obabakoa Testiguek, Elearazi blogak (barka aipamena, ez nuke balakuan erori nahi, baina hala iruditzen zait) eta halakoek mantentzen dutela. Hau da, beste modu batera esateko, heziketa literarioan bide “amateur” edo autodidakta horiek bide akademikoak (unibertsitate ikasketak, master ECTS eta beste milonga hainbat) bezainbesteko garrantzia edo handiagoa dutela gure sisteman. Alde akademikotik Euskal Herriaren egoera aski eskasa dela literatur ikasketei dagokionez ez da gauza berria bestalde.

Nik txalotu egiten ditut prekarietate gorria ezagutzeko arriskua hartu duten idazleak. (…) Horren aurrean literaturaren autonomia, ez dakit zerekiko morrontza, eta abarrak aipatzea, pijokeria petite bourgeoisie-a deritzot.

Horrekin guztiarekin gutxi ez eta Sautrelan zabiltza, blogari izan zara orain gutxira arte, Bigarren Modernismoa izeneko tesia aurkeztu berri duzu, Argian idazten duzu eta bi poesia-liburu kaleratu dituzu. Pluriempleora kondenatuta al dago euskal kritikaria bereziki? Hainbat eremutan trebeak diren pertsonak behar al ditu gurean kulturak?

Niri literatura idaztea gustatuko litzaidake beste ezeren gainetik. Baina jakina, bizibidea ateratzeko beste langintza batzuetan ibili behar eta halaxe nabil alde batetik bestera. Hala ere, aski zorionekoa naizela esango nuke, zeren langintza horiek guztiak nahiko lotuta daude literaturarekin, eta neurri horretan, lantegi edo taller bikainak dira niretzat, nahiz eta, bestalde, benetan idatzi nahi dudana atzeratzen eta geroratzen didaten ia etengabe.

Pluriempleo aipatu duzue eta profitatu nahiko nuke hausnarketa bat egiteko. Gure aurreko belaunaldiko hainbat idazlek mesfidati begiratu izan diote literaturaren aldeko bizi apustua egin duten idazleei, lanbide finko seguru bati uko egin dietenei. Kritika horiek normalean, gainera, lanpostu finko aski seguru bat dutenen aldetik etorri dira. Oso injustua iruditzen zait, eta nik txalotu egiten ditut prekarietate gorria ezagutzeko arriskua hartu duten idazleak. Gutxi batzuk ezagunak dira eta jubilazioa segurtatua-edo izango dute baina beste asko hor ibili dira urterik urte, hilabetez hilabete, borrokan eta jubilatzean auskalo ze pentsio izango duten. Horren aurrean literaturaren autonomia, ez dakit zerekiko morrontza, eta abarrak aipatzea, errespetu guztiarekin, pijokeria petite bourgeoisie-a (barkatuko al didate terminologia!) deritzot. Tamalez, garai batean aukera zena egun patua ez ote den nago gainera; alegia, gure belaunaldikook, hegoaldean behinik behin, prekarietatean bizi beharko dugula dela idazle moduan, dela unibertsitateko irakasle moduan, dela titiritero moduan edo dela Kutxabank-eko langile moduan. “Nire zortzi orduak lan egin, soldata ona jaso, nire etxera itzuli eta nire denbora librean, edo are, eszedentzia bat hartuz, idatziko dut” behialako eredu hori finitzen ari da. Beraz, nire balizko plurienpleotasuna ez da existitzen direnen arteko okerrena. Nire adiskide ingeniariak ez dabiltza askoz hobeto.

Filosofia ikasi zenuen, eta esan dezakegu Artearen filosofia, estetika, bereziki hurbil dagoela literaturatik. Nola uztartu dituzu zuk bi eremuak? Ez duzu uste alde handia dagoela gizartearen pertzepzioan eta estimuan bi alorrekiko, eta, ondorioz, literatur autoreekiko eta filosofoekiko?

Nik modu oso naturalean uztartzen ditut. Jendea harritu egiten da baina niretzat biak ere oso gertu daude, literatura konparatuaren ikuspegitik behinik behin. Artearen filosofiaren barne sartzen da literaturaren filosofia, eta hortik oso gertu daude literatur teoria eta literatura konparatua. Gizartearen estimua aipatzen duzue eta zaila zait neurtzen. Idazleek sona handiagoa dutela filosofoek baino? Hori esan nahi duzue? Akaso hala da, bai, baina badaude boladan dauden filosofoak ere: Zizek, Bordieu eta abar. Egia da, hori bai, gure artean filosofo finak ditugula eta, ordea, beren ekarria ez dela gehiegi gizarteratzen. Euskal ikerlari eta irakasle on askoak daude eta apenas dira medioetan-eta ateratzen. Tira, akaso ez da berentzako esparru egokia.

 

MPK_berria

(Jon Urbe, Argazki Press)

Gu baino azkarrago ibili direnak:

31eskutiken Iñigo Roquek egindako elkarrizketa: http://31eskutik.com/2014/01/04/benat-sarasolarekin-hizketan-munduko-poesia-kaierak-direla-eta/

Pompas de Papel irratsaioan egindakoa, Radio Euskadin (gaztelaniaz):

http://www.blogseitb.com/pompasdepapel/2014/01/30/benat-sarasola-coleccion-de-poesia-para-los-euskaldunes/

Ane Undurragak Ortzadarren egindako erreportajea:

https://www.dropbox.com/s/yqzyjnvzdjiyl14/ORTZADAR%2001-02-14.pdf

BERRIAn aurkezpenaren berri:

http://paperekoa.berria.info/kultura/2013-12-03/030/001/zubi_bat_munduko_poesiara.htm

Hitzen Uberan atarian aurkezpenaren berri:

http://www.uberan.org/?kaia%2Fitem%2Fmunduko-poesia-kaierak