SCUM manifestua idatzi zuen emakumea

maiatza 6, 2014 @


Valerie_Solanas

(Valerie Solanas)

Zergatik

Manifestu baten bidez iritsi nintzen beste manifestu honetara, PUTAk eroan ninduen SCUMera[1], Beatriz Espejoren lumak ekarri zidan Valerie Solanasena (gerora aritu naiz dokumentazio-lan sakonagoetan eta konturatu naiz euskaraz ere eskainia zidatela amua, Gorka Bereziartuak lehenik Euskadi Irratian eta ondoren bere blogean esan baitzuen Solanasi buruzko zerbait, baina jarrai dezadan nire hasierako istorioarekin). Lehenak azpimarratzen du bigarrenaren kritikaren zorrotza, argia, eta lehenari damutzen zaio orobat jendeak ez izatea hori akorduan, tristeki Solanas bilakatu delako Andy Warholi tiroa jo zion emakumea baino ez, eta baliteke hein batean zuzen egotea Espejo, baina baliteke hein batean tronpatzea, zenbait tokitan, hainbat tokitan, gorabehera warholiarrari aurre eginda (edo, nork daki, gorabehera warholiarragatik beragatik) Solanasen obrak erein baititu haziak, zalantzak, loreak. Noski Lou Reedek  hitz samurrak eskaini ez zizkion arren, izan dira eta oraindik badira berredizioak eta itzulpenak, irakurketak unibertsitateetan, filmak, biografiak eta fikziozko eleberriak.

Ez dadin gal, Valerie Solanasen izena esateko eta berriz esateko asmoa du post honek, bere izena esan eta berriz esan duten aurrekariak kontuan hartuta eta bere istorioaren hariei jarraitzeko gonbita luzatuz.

Izena

Apirila da hilik krudelena, ez da nik esana. Apirilean jaio eta apirilean hil zen Valerie Jean Solanas (New Jersey, AEB, 1936 – San Frantzisko, AEB, 1988), miseriak gogor jotako familia batera, etorkizunik ez dutenen badaezpadako pentsio batean. Haurra zela aitak bortxatu zuen, bizitza osoan eragin zion horrek. Zenbait urteren ostean aitak abandonatu zituen eta ama berriz ezkondu zen, Valeriek gustuko ez zuen gizon batekin: Red Moran. Amaren eta bere senarren arauei uko egin zien beti, eta bortizkeria ohikoa zen etxean. 15 urterekin kostaldera alde egin zuen, eskola amaitu eta Marylandeko unibertsitatean onartu zuten. Psikologia ikasi zuen, eta ikasle aparte izanik, graduondoko ikerketa egiteko beka lortu zuen. Ikerketa-lanean ezartzen zizkioten mugez eta emakume izateagatik bizitako mespretxuaz nazkatuta bizitza akademikoa utzi eta idazketari lotu zitzaion. New Yorkera joan zen bizitzera. Eskale eta prostituta ere jardun zuen, bere lanetan sarri agertzen denez, beti bere kasa eta ezein ugazabaren aginduei jaramonik egin gabe. Up Your Ass izeneko antzezlana idatzi zuen, eta Andy Warholi eman hark ekoiztu zezan. SCUM manifestua ere garai bertsuan osatutakoa da. Olympia Presseko Maurice Girodias editorea ezagutu zuen, eta hark dirua eman zion, SCUMen oinarritutako eleberri bat idazteko. Gertaera horiekin hasi ziren benetako gorabeherak. Nahasmen handiko garaiak izan ziren, Warholi eta Girodiasi laster agortu zitzaien interesa, eta axolagabekeria hark zinez mindu zuen Solanas. 1968an tirokatu zuen Warhol, eta buru gaitzetarako ospitale batean sartu zuten. Ondoren bi urte egin zituen espetxean, eta 1971n aske geratu ostean, hainbat ospitale izan zituen nahitaezko ostatu. San Frantziskora joan zen bizitzera, prostituzio eta eskaletzarekin jarraitu zuen, eta baita idazten ere. Elkarrizketak eman zizkien hainbat hedabideri. 1988an hil zen, 52 urte zituela.

Manifestua

Chiara-Fumai_Zalumma-Agra-reads-Valerie-Solanas_2013Chiara Fumai artistaren lan bat, Solanasen manifestuan oinarrituta

Antzeko prozesua bizi izan dute Solanasek eta bere manifestuak, bata Warholen tirokatzailea bilakatu duten hein berean, SCUM manifestua (autoekoizpena, 1967) murriztu dute “gizon oro akabatzea aldarrikatzen duen” manifestura. Eta bada hori, ezin uka, Solanasek lehen esaldian proposatzen baitu balizko deuseztatze hori. Dena dela, eta agian manifestua kritikatu dutenei automatikoki okurritu ez zitzaien arren, ez dut uste hainbesteko irudimena behar denik manifestua satira gisa irakurtzeko, manifestu honen gehiegikerian identifikatzeko beste gehiegikeria batzuen salaketa; izan ere, Solanasek gizon guztiak, intrintsekoki eta erremediorik gabe elbarri emozionaltzat jotzeko moduak niri behintzat segituan dakarzkit burura emakumeak azpi-gizakitzat jotzen dituzten hainbat eta hainbat eta hainbat testu erabat zientifiko eta garaian fidagarri. Beltzei eta, oro har, ez-kaukasiarriei buruzko diskurtsoan ere badira hainbat adibide.

Solanasek bikainki ematen dio buelta emakumeen aurka baliatu izan diren diskurtso klinikoei. Sigmund Freud izenez aipatzen ez duen arren, ebidentea da psikoanalisi tradizionalaren kontrako kritika zorrotza, gogoan izan gure protagonistak psikologia ikasi zuela eta ez zituela nolanahiko emaitzak lortu. Gerora ere esplizituki aipatzen du Freuden pentsamenduan giltzarri den “zakilarekiko inbidia”, baina hori ere itzulipurdikatzen du, eta “aluarekiko inbidia” bilakatzen. Gizonei egokitzen die, halaber, izaki erabat sexual eta kontrolagaitzen etiketa, gabeziaren etiketa. Tonu orokortzaile eta totalizatzaile honekin deseroso sentituko dira hainbat, eta ozen deiadarka kexatuko dira beste hainbeste, baina berriz diot, geure kontra erabiliak izan diren estrategiak okatzen baino ez da ari Solanas, eta manifestuari osoki darion umorea funtsezkoa da hori ulertzeko. Bestalde, Solanasen bizimodu askeak, prostituzio- eta eskale-jardunak, droga kontsumoak eta gauzak ozen eta etengabe esateko ausardiak ikaragarri erraztu zuten bere diskurtsoaren deszilegitzea; izan ere, aise hartu ahal izan zuten erotzat, eta bere ekarpen eta interpelazio arriskutsuenak baztertu.

Satiratik harago, iruditzen zait badirela hainbat hausnarketa-abiapuntu interesgarri testu honetan. Batetik, badago hezkuntzaren inguruko gogoeta bat, elitearen ideiarekin lotuta. Goi mailako hezkuntzaren izaera elitista salatzen du autoreak, ikerketak aurrera eramateko bide, burokrazia eta baldintza estuak ditu kritikaren jomuga. Solanasen hitzetan goi mailako hezkuntza garaikidearen helburua ez da benetan zinezko ikerketa sakona sustatzea ezpada elite intelektual eta akademiko bat betikotzea. Bestetik, diruaren perbertsioa ere ikusaratzen du, dirurik gabe gaitz asko amaituko liratekeelakoan. Ez dut uste hain prozesu erraza izango zenik, edonola ere, hain esan-gabe-doan eta hain naturaltzat eta hain ezinbestekotzat jotzen dugun zerbaiti buruzko eztabaida piztea oso zait iruditzen iraultzailea. Azkenik, emakumeok elkartzeko dei bat ere badago manifestuan, emakumeon kontzientzia-hartze baterakoa, eta ez edonolako kontzientzia. Solanasek gonbita luzatzen digu kontura gaitezen zer puntutaraino dagoen oinarrituta bizi dugun sistema emakumeon lanean, eta norainoko boterea eman diezakegun horrek, baldin eta konturatzen bagara eta estrategikoki erabiltzen asmatzen badugu.

Eleberria

A35-s10-Sara-Stridsberg1-3-730x674

Sara Stridsberg idazlea

Drömfakulteten (Ametsen fakultatea) izendatu zuen Sara Stridsberg autore suediarrak Solanasen bizitzan oinarrituta idatzitako nobela, zeinari esker Kontseilu Eskandinaviarraren saria, sari sonatua, jaso baitzuen 2006an. Post honetarako gaztelaniazko bertsioa erabili dut, Escuela de sueños (451 Editores, 2010), Carmen Montes Canok itzulia. 

Hizkuntza orekatzearen artista deitu zuten, lengoaia iradokitzaileki erabiltzeko eta hitzak nahieran esanahitzeko gaitasuna txalotu zioten kontseiluko epaimahaikideek eta zalantzarik gabe Strindsbergena bada fikzio sugerentea, ia onirikoa. Eta ausarta. Eta egitura aldetik ezohikoa. Elkarrizketa batean autoreak onartu zuen nolabait nahi izan zuela deseraiki Solanasek deseraiki moduan, nahi izan zuela eleberri tradizionala puskaz puska desmuntatu, hezurdura bat baino ez aurkeztu, eta euskarri soil horren gainean dago liburua era zeharo zatikatuan antolatua, hainbat generotako teknikak erabiliz ondua, hala nola, antzerkia, dokumentala eta poesia, elkar harilkatzen dituen zutarri nagusia izanik elkarrizketak. Elkarrizketak haurtzaroan amarekin, nerabezaroan Zeta-mutiko maitalearekin, Warhol tirokatu berritan epaileekin, Warhol tirokatu ostean psikiatrarekin, unibertsitatean Cosmogirl azken amorantearekin, unibertsitatea utzi eta New Yorkera heldu berritan Warholekin eta Olympia Presseko editorearekin, hilurreneko gela bakartian narratzailearekin.

Dokumentazio-lan gehiegi egin gabe eta bestela ere urriak direlako Solanasen biografiari buruzko datu fidagarriak, Stridsbergek manifestuan esandakoak baliatu, gertaera jakin batzuk hartu eta horietatik abiatuta irudikatzen dio bizitza. Solanasen bizipen pertsonalak uztartzen ditu gertakari historikoekin, ikusten dugu Stonewall, Hiroshima, Vietnamgo gerra, Betty Friedanen The Feminine Mistique liburu feminista mugarriaren argitalpena, bandera estatubatuarra ilargian, Martin Luther Kingen hilketa eta horren ondoriozko protestak.

Horrela aletzen ditu hainbat gai: prostituzioaren eta ezkontzaren arteko harremana, prostituzioa bera, pobrezia, droga, lehen eta bigarren olatuko feminismoak, emakume borrokalarien heriotzak, emakumeen patu krudelak, AEBetako heriotza zigorra. Horrela zeharkatzen ditugu hainbat toki eta garai: Valerie haurra zeneko abandonua eta bortxa, baina baita irakurzaletasun aseezina ere, eta amarekiko maitasun leiala (Ventorren); kaleko prostituzioa, lehen amodioak, unibertsitatea ordaindu ahal izateko diru-bilketa (Alligator Reef); unibertsitatean lizentzia lortu eta ondoren beka jaso graduondoko ikerketa egiteko, ikerketa nahi bezala egiteko ezintasuna, Cosmogirlekiko harremana (Maryland); manifestuaren idazketa eta banaketa, idaztea, idaztea, idaztea, Warhol eta artearen munduarekiko lehen kontaktuak (New York).

Ez da lehenengo aldia Stridsbergek emakume historiko baten bizitza hartzen duela bere eleberrietarako abiapuntu gisa; izan ere, Happy Sally bere opera priman Sally Bauer izan zuen ardatz, Mantxako Kanala igerian gurutzatu zuen estreinako emakume eskandinaviarra. Horren ostean etorri zen Solanasi buruzko fikzio hau, eta 2010ean, aldiz, Darling River, Nabokoven Lolitari lau bizitza alternatibo eraikitzeko saiakera.

Gainera

Interesa duenarentzat:

Webgune bat, film bat (osorik online topatu dudan bakarra italieraz dago, hori bai), eta biografia bat.

 

[1] Sigla modura hartuta SCUMek esan nahi du Society for Cutting Up Men, alegia, Gizonak mozteko elkartea. Edonola ere, scum-ek ingelesez zaborra, baliorik gabeko (jende)a esan nahi du.