Celosamente itsu

maiatza 14, 2014 @


Fabricio Vanden Broeck

(Irudia: Fabricio Vanden Broeck)

Celosamente gordea irratsaioko guarda izateko amua bota zidaten Manex Agirre eta Gaizka Amondarain Hala Bediko kideek, eta neuk irentsi. Hau da emaitza. Testuak neureak badira ere, abestien aukeraketa Gaizkaren inspirazio itsuari dagokio. Etorkizun luzea opa diogu saioari.

Irratsaio osoa entzungai duzue hemen. Testuak eta abestiak, berriz, azpian.

CELOSAMENTE GORDEA: NOR DUGU GUARDA

[TIN HAT TRIO – Invisible movil]

 

1.-

Sortzean, zabal-zabal begiratzen diogu munduari. Jaioberriak sortu den ingurua begiez irentsi nahi du. Baina ez du, hasieran, tamaina handiko objektuak baizik ikusten, eskala beltz, gris eta zurian. Argia identifikatzeko gai da, mugimenduan dauden objektuak hautemateko. Sei hilabete igaro arte, ordea, ez du pertzepzio eta ikus gaitasun zehatzagoa izanen. Begiak ikasi egiten du ikusten. Begiari irakatsi egiten diogu ikusten, distantziak, koloreak, espazioa. Esperientziarekin ikasten du begiak, beste zentzumenekin loturak ezartzen ditu, garunak estimuluek diotena ondorioztatzen du aurrez duen ezagutzarekin. Interpretatu egiten dugu.

Zuhaitz baten aurrean gaude. Ikusi egiten dugu. Zergatik dakizu zuhaitz bat dela? Enborra du, adarrak, hostoak. Koloreek bat egiten dute. Badakigu zuhaitzak nolakoak diren. Itxi begiak. Ikusten duzu zuhaitza? Benetan ikus dezakezu? Inoiz zuhaitzik ikusi ez bazenu, nola irudikatuko zenuke? Ez, ikusten dugunok ezin dugu zuhaitza beste modu batera irudikatu. Itsutasuna galera edo gabeziatzat hartzen da maiz; ikusmena gaitasuntzat, dohaintzat. Zalantza egiten dut, batzuetan, alderantziz ez ote den.

[SUPREME CUTS – Ciroc waterfall]

2.-

Antzinako Grezian ikusmena eta itsumena hainbat mitoren ardatz ziren. Ikusteko zenbait modu itsutasunarekin zigortzen zituzten. Ikuskerak. Greziera zaharrean «ezagutza»-k ikusmenean sortutako «pertzepzio mentala» esan nahi zuen. Ikusmena ezagutzea zen, argitasunak balio etikoa zuen bezala. Platonek Eguzkiaren analogiaz deskribatu zuen Ongia: haitzuloaren alegorian, Sokratesek argitasun urriko azpimundua konjuratu zuen. Han bizi ziren gatibuek itzalak baizik ezin ikus zitzaketen; haitzuloan ezin dute errealitatea ikusi, objektuen kopiak eta distirak bakarrik. Iluntasuna lausotzeko eta egiaren argia bereganatzeko haitzuloaren ahora hurbildu behar zuten. Ongia eta Eguzkia, edo argia, jakintza eta ikusmena ahalbidetzen zituzten baldintzak ziren.

Iluntasunaren eta ezagutzaren arteko lotura platoniko hori Argien Garairaino nagusitu zen. Hori da Ilustrazioa: argitasuna eta arrazoiaren batasuna. XX. mendean, ordea, tradizio intelektual frantsesean etengabe ageri zaigu begi-zentrismoaren kontrako diskurtsoa. Ikusmenarekiko lilura itzali egin zen, ikusmenaren edozein adierazpenari eraso egiteraino maiz. Zenbait pentsalarik iluntasunari egin zion gorazarre, ikusmenarekiko gehiegizko konfiantzatik eta mendekotasunetik askatzeko.

[PJ HARVEY – Dear darkness]

3.-

Iluntasuna argitasun eza da. Gabezia bat, itxuraz. Gogoa ilun baduzu, penaturik edo haserre zaude. Mintzoa iluna bada, lausoa edo nahasia da. Garai ilunak ahaztu nahi eta ezin ditugun horiek dira. Iluntasunak beldurra dakar atzetik, iluntasunean bizi dira gugan mamuak. Maitasun itsua arrazoituaren kontrakoa da, galdua, nerabea. Argia, berriz, inteligentzia da, ezin ukatua, fidatzekoa. Gauaren iluntasunari egozten dizkiogu gure ekintzak eta lotsak, hark babesten gaitu besteen begiradetatik, epaietatik. Baina erabateko belztasunak izutzen gaitu, norberak kontrolatzen ez duenean. Ez dagoenean geure esku. Beste zentzumen bati fidatu behar diozu orduan begiak ematen ez dizuna. Mesfidantzaz.

Iluntasuna da itsuak ikusten duen hori. Itsu ez garenok, iluntasun eza ikusten dugu. Geurea, gabezia. Djuna Barnesek idatzi zuen emakume batek sekula ez dakiela zer ikusten duen, beraz, dakiena ikusten ahalegintzen dela. Neure begiez ikusi arte ez dut sinetsiko, diogu. Nondik dator geure begiekiko fede hori? Aliceren lurralde miresgarrian[1], deus ez da dirudiena, begiek huts egiten dute hizkuntzaren ilusioaren aurrean:

–Zer esan nahi duzu horrekin? —esan zuen Beldarrak gogorki—. Esplika zaitez!

–Ezin naiz esplikatu, sentitzen dut, jauna —esan zuen Alicek—, ni ez naizelako neu, ikusten duzunez.

–Nik ez dut ezer ikusten —esan zuen Beldarrak.

[PETTI – Itsuak]

4.-

Bahitzaileek gatibuak itsutzen dituzte espazioaren zentzuaz gabetzeko eta mendeko egoera batean uzteko. «Begiak estali zizkidaten Madrilera iritsi orduko. Begiak itxita eramatera behartzen ninduten, eta bestela beraiek estaltzen zizkidaten eskuekin. Berokia guztiz lotuta, begiak estalita eta begien estalkien gainetik beste kaputxa edo trapuren bat jarri zidaten. Beti begiak estalita eduki ninduten galdeketetan, batzuetan belarriak ere…»[2]

Zentzuaz gabetu nahi dituzte. Bahitzaileak identifikatu ezin izateko modua ere bada. Ariel Dorfmanen Herioa eta dontzeilan[3] Paulina Salasek bere torturatzailea ezagutzen du haren ahotsa entzutean. Begiak estalita izan zituen denbora osoan, ordea, eta ezin sala dezake. Emakumeak gatibu hartzen du bere borreroa, justizia bere esku. Miranda doktoreak, torturatzaileak, gaixotzat jotzen du: «ez zaitut inoiz ikusi nire bizitza osoan. Hala ere, oso gaixo zaudela esan diezazuket, anderea»; Gerardok, Paulinaren senarrak, bateratu egiten du emaztearen krisia begiak estalita eduki izanarekin. Erdi Aroan ere itsutasuna zoramenari lotzen zitzaion. Baina Paulina Salasek itsutasuna baliatu eta borroka-tresnatzat erabiltzen du; horrela babesten da, bere barnera bilduz. Itsutasuna bereganatzen du, azpiratzeko modua izatetik menderatzeko modu bihurtzeraino.

[PIANO MAGIC – Vacancies]

5.-

Ensaio sobre la cegueira idatzi zuen Jose Saramagok. Itsutasuna gehiegizko argitasunarekin lotzen da eleberrian, «esne-itsaso» bat da gaixoek jasaten dutena. Ikusteko ezintasunak hausnarrean jartzen ditu pertsonaiak; beren bizitzan nagusi ziren printzipioak berraztertzera daramatza, arrazoimenaren beraren paradoxak agerian uztera. Medikuaren emaztea da ikus dezakeen bakarra. Madarikazio bilakatzen zaio lehen onura zena; komunitatearen parte izan nahi du, besteek sentitzen duten mina ikusi ezin izateko. «Uste dut ez garela itsu geratu —dio medikuak—, uste dut itsuak garela, ikusten duten itsuak, ikusiz, ikusten ez duten itsuak».

Oliver Sacksen liburu batean[4] John Hullen hitz hauek aurkitu ditugu: «Leku batean egotearen sentsazio hori ez da hain nabarmena. Espazioa norberaren gorputzera mugatzen da. Eta gorputzaren posizioa ez da ezagutzen pasatu diren objektuengatik, pasatu den denborarengatik baizik. Posizioa, beraz, denboraz neurtzen da… Zeren, itsuarentzat, jendea, hitz egiten ez duen bitartean, ez dago bertan… mugitu egiten da jendea; denborazkoa da; joan-etorri dabil. Hutsetik sortzen da; eta hutsera itzultzen».

[LOW – Amethyst]

6.-

Ikusten ez duenaren beste aldean dago ikusia ez dena. Gaizki ikusia izatea baino okerragoa da ez ikusia izatea. Ez ezkutuan dagoelako, baizik eta hor egotera ohitu garelako, hainbeste non dagoeneko ez baitugu ikusten. Ez ezkutuan dagoelako, baizik eta deus eragiten ez digulako, ahaztua dugulako, aspaldi erabaki genuelako ez genituela ikusi nahi. Ikusezinak dira gutako gehienontzat. Ez baditugu ikusten, ez daude. Ez badaude, ez digute minik ematen. Ez ikusiak dira, gure bidean jartzen ez diren bitartean.

Umetako ametsetako bat zen ikusezina izatea. Mota guztietako bihurrikeriak bururatzen zitzaizkigun, zigorgabetasuna baitzekarrelako horrek, ikusezina izateak. Baita hormak gurutzatzeko gaitasuna ere. Baina umetako dohain horrek zerikusi gutxi du egun ikusten ez ditugun horiekin. Umetako gaitasunaren irudia aukerazkoa zen, norberak hauta zezakeen noiz izan ikusezin eta noiz ikusgarri. Gaur egungo ikusezinek, gehienetan, ez dute aukeratzerik. Besteok bultzatzen ditugu egoera horretara. Horregatik ez dira ikusezinak, ez ikusiak baizik. Umetako ametsetako bat zen ikusezina izatea. Nirea ez, nik hegan egin nahi nuen.

[BON IVER – Blindsided]

7.-

Duela zenbait urte, venezuelar txiro bati Chavezen gidaritzaz galdetu ziotenean, hala esan zuen: «Nik ez dut Chavez joaterik nahi, ez dudalako berriz ikusezin izan nahi»[5]. Komunikabideen jarreraz ari zen hein handi batean, kolonialismo berriaz; ez izatetik izaterako bideaz. Konkista izan da ikusezintasunaren iturri nagusietakoa. Bortxa, errotik moztea, iluna. Biharamuneko egun argi behartua. Jamaika Kincaidek lotura zuzena ezartzen zuen baratzezaintzaren eta konkistaren artean: deserrotzea, birlandatzea, ongarritzea eta haztea. Kincaidek ikusgarri egiten ditu kolonialismoaren aurreko lurrak eta herri karibeak, baina baita konkistak ekarritako orbainak ere. Min ikusgarria baitira ubeldurak, orbainak; gaizki sendatuz gero inoiz ixten ez direnak. Horien azaleratzea, horien ikusgarritasuna beharrezkoa da behin betikoz sendatzeko, egon badirela oihukatzeko, minaren jatorria sekula ez ahazteko.

Izuaren kultura izenburupean, Eduardo Galeanok dio: «Kolonialismo ikusgarriak disimulurik gabe gabetzen zaitu: esatea debeku da, egitea debeku da, izatea debeku da. Kolonialismo ikusezinak, ordea, sinestarazten dizu morrontza dela zure patua eta ezintasuna zure izatea: sinestarazten dizu ezin dela esan, ezin dela egin, ezin dela izan».

[PETTI – Argitasuna]

8.-

[MARIA RODES – Invisible]

La Malinche esaten zioten Hernán Cortés konkistatzaileak esklabotzat eta maitaletzat hartu zuen emakume amerindiarrari; espainiarren eta azteken arteko interpretea zen, baina ezin bien mesedetan. Hizkuntzaren bidez saldu zuen aberria. Hizkuntza bortxa da maiz, hizkuntzaz erraz egiten dugu zerbait ikusezin. Aski da horretaz ez mintzatzea.

Itzulpenean ere ikusgarria da ikusezintasuna. Zer itzultzen den eta zer ez, nola ekartzen ditugun testuak gurera, zer hitzekin janzten ditugun. Maria Reimóndezek hala dio[6]: «Itsasontzi bat gidatu duen orok badaki iluntasuna arriskutsua dena. Eta badaki ilunaren arrisku handiena ez dagoela itsaso zabalean —han ez baita trabarik uretan—, ozeanoek eta lurrak elkar ukitzen duten tokietan baizik, mundu ezberdinek elkarri eragiten dioten toki horietan, (…). Guztiz arriskutsua da hor iluntasuna, ez baitago jakiterik zer etorriko zaigun, ezta nondik ere, itsasotik, lurretik edo airetik. Badago ilunpean nabigatu nahi duenik, jakina, patxada osoan diren herrixkei eraso egin ahal izateko, edo arrain sardak, ezkutuan, guztiz bereganatzeko. Ilunpetan, posible du norberak gogoak ematen diona egitea, edo iraunaraztea. Posible da inperioak, klaseak eta generoak eraikitzen jarraitzea inork horri aurka egin gabetanik, inork ez baitu ikusten zer gertatzen den. Zenbait kontutan, tema handiz eraikitzen da iluntasuna, eta munduen arteko harremanak ez dira inoiz aipatzen geure bizitzei etengabe eragiten dien zerbait modura (…). Duela oso gutxi arte, berariaz sortutako iluntasun eremu horietako bat izan dira itzulpengintza eta interpretazioa, baina, dagoeneko, ez dira».

[RUBEN PATAGONIA – La maldicion de Malinche]

9.-                                                                                                                                    

Antzokiko egitarau-liburuxka hartu dut. Elebitan agertzen zaizkigu emanaldien azalpenak. Udalaren hizkuntza politika. Euskarazko saioetan, gainera, tituluaren ondoan hitz bat ageri da beste kolore batez: euskaraz. Zergatik ez dago gaztelaniazko saioen ondoan gaztelaniaz hitza? Liburu-dendara joan naiz. Euskal literatura izenarekin apal bat. Euskarazko tituluak denak. Espainol literatura izena bilatu dut. Ez dago. Espainolezko tituluak han-hemenka sakabanaturik daudela esan dit irribarrez dendariak; filosofiaren, nobelaren, poesiaren, eta abarren apaletan. Nahiago nukeen irribarre egin izan ez balit.

Itsutasuna bezala, batzuetan geureganatu behar izaten dugu ikusezin egoera. Ikusezina baita presenteen dagoena maiz. Batzuetan ez baita on ikusgarri izatea, batzuetan mesedegarria baita zerbait ohikotzat jotzea, naturaltzat. Ikusezina izan behar du hizkuntzak batzuetan. Ikusezina izan behar dute mugek, herriak. Geureganatu egin ditugun seinale. Presentzia horren kontzientzia ez da galdu behar. Baina oraingoz darabilgun hizkuntza diferentziazkoa da, ez orokortua, ikusgarria. Kontzeptu, hitz, izate batzuk desegin beharko genituzke, oxigeno bihurtu, ez oztopo den laino. Horrek ere, ikusgarria izateaz gainera, ez baitu ikusten uzten.

[SUPREME CUTS – Val venus]

10.-

Zuhaitza ikusten dugu; adarrak, hostoak, enborra bereizten ahal dizkiogu. Baina maiz horrek ez digu atzeko basoa ikusten uzten. Eta, ez dugu ere enborraren laztasuna ukiaz ikusten, ez dakigu hostoak limoiago edo kafeago diren, udaberrian eta udazkenean zapore bera duten. Zer soinu egiten du zuhaitzak? Haizerik gabe hain garbi ikusten dugun zuhaitzak ba al du mintzorik? Iluntasunean, begiak itxi arren, gauean, zuhaitzak enborra, hostoak eta adarrak izanen ditu beti guretzat, itsuontzat.

Gaua berez bizi da, beregaina da, baina ez da argirik iluntasunik gabe. Iluntasuna egon badago, argiari bilatu behar diogu izateko arrazoi bat. Finean, gehiegizko argiak iluntasunaren efektu bera du: itsugarria da.

 [JOSEBA B.LENOIR – Itsu eta biluzik]

 

Gasteizen, 2014ko maiatzean

 

 

[1] Aliceren abenturak lurralde miresgarrian (itzul. Manu Lopez Gaseni): Pamiela, 1989.

[2] Euskal preso politikoen testigantzetatik hartutako esaldiak.

[3] Herioa eta dontzeila (itzul. Fito Rodriguez): Txalaparta, 2010.

[4] Antropologo bat Marten (itzul. Xabier Olarra): ZIO, 2003.

[5] Eduardo Galeanoren mintzaldi batean ageri da: http://elearazi.org/2013/03/06/ikusezinei-eta-ikusgarri-egiten-zituenari/

[6] Itsasargiak iluntasunean. Ideologia eta itzulpengintza: ikuspegi feministak eta postkolonialak, (itzul. Bego Montorio): Senez 44, 2013.