Itzultzaileak mintzo: Miren Ibarluzea

ekaina 2, 2014 @


2014-04-04 12.06.49

Maiatzean teorialariak ipini ostean hizketan, bagatoz berriz itzultzaileei ateratako hitzekin. Miren Ibarluzea (Mungia, 1984) itzultzaile eta ikertzailearekin jardun genuen duela zenbait astetxo, bere ibilibideaz, euskal itzulpengintza-teoriaren egoeraz… Duela hiru hilabete itzultzaileei dei irekia egin genienean, Mirenek eskuzabal erantzun zigun. Laster antzean bere testuak hemen eskegiko ditugunez, kolaboratzaile berri baten aurkezpen gisa har liteke elkarrizketa hau. On dagizuela!

Itzulpengintza eta interpretazioa ikasi zenuen. Nondik nora gerturatu zinen ikasketetara?

Batxilergoa zientzietan egin nuen, badakizu, garai horretan lana nahi bazenuen eta ikasle ona bazinen zientziak egin behar zenituen. “Ateak ez ixteko” hori esan zidaten, eta orduan nik zientzietako batxilerra egin nuen, baina letrekin lotutako ikasketak egin nahi nituen. Beti eduki dut lotura hizkuntzekin, bai kanpoko hizkuntzekin, ume-umetatik bidali gaituztelako kanpora hizkuntzak ikastera, bai geure hizkuntzarekin ere. Adibidez, bertsotan bostgarren mailan-edo hasi nintzen, eta orduan badaukazu beste lotura afektibo bat, eta baita hizkuntza-lanketaren esperientzia bat ere. Uste dut bertsotan asko landu dudala hizkuntza. Kazetaritza ikastea ere izan nuen buruan, baina etxekoek kendu zidaten ideia, esan zidaten: “idatzi nahi baduzu, idatziko duzu”, eta egia da, gaur egun bloga daukat eta idazten dut. Egia esan, ez nekien oso ondo zer ikasi. Etxetik kanpo ikasteko gogoak ere izango zuen eraginik, orduan Itzulpegintza jarri berri zegoen Gasteizen eta banuen lagun bat Itzulpengintzako lehen promoziokoa. Hark asko animatu ninduen. Orduan, uste dut gauza horien guztien nahasketa bat izan zela.

Ikasketak amaitu eta segituan hasi zinen ikerketarekin?

Ez. Karrerako azken urtean lanean hasi nintzen, orduan oso aukera ona zen, karrera bukatu gabe lanean hastea. Giltza argitaletxean aritu nintzen, oso lan polita zen, oso oroitzapen onak ditut. Bi urte inguru pasa nituen han eta hizkuntza-liburuak egiten genituen. Apur bat denetik egitea tokatzen zitzaigun: sorkuntza, itzulpena eta moldaketa. Gero, baita ere tokatzen zitzaigun bestelako testuak itzultzea eta zuzentzea, eta oso gustura nengoen. Gainera oso lankide onak izan nituen eta haien bitartez literaturara lehen baino gehiago hurbildu eta asko irakurri nuen. Master bat egiten hasi nintzen, Sorian, baina ez nuen gehiegi konektatu eta utzi egin nuen. Gero lanez aldatu nuen, Labayru ikastegian hasi nintzen etnografia-materialekin eskolako materialak egiten, eta bertako itzulpen-zerbitzuan ere aritu nintzen. Esaten zuten apur bat todoterrenoak ginela, berdin balio genuen etnografia-lanak egiteko, materiala sortzeko, itzultzeko… Eta Labayrun nengoela egin nuen Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzako masterra. Lau adar zituen, eta nik aukeratu nuen hizkuntzalaritza aplikatua eta literatura.

Hain zuzen ere, masterreko lanerako egindako ikerketetatik tiraka eta beka baten laguntzaz argitaratu zenuen Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak liburua.

Kontua da, masterraren azkena etorri zenean eta nik dagoeneko banekienean zer egingo nuen amaierako lanerako, justu Santi Onandia beka irten zela. Orduan nire master bukaerako lan hori aurkeztu nuen eta beka jaso nuen. Horrek bidea eman zidan lan-ordutegia murrizteko eta denbora hori eskaini nion master bukaerako lanari. Nola iritsi nintzen kritikari buruzko ikerketa horretara? Gauza batek bestera eramaten zaitu. Ikasgai batean egin duzun lan txiki batetik tiraka ikusten duzu hor badagoela ikergai zabal bat eta gustura sentitzen zarela horrekin. Noski, oso lan interesgarriak egin genituen masterrean gai guztietan, baina zeu ez zara arlo guztietan eroso sentitzen. Ni ikasgai hartako lanean oso eroso sentitu nintzen, gustatu zitzaidan gaia, eta hortik tiraka master proiektua hasi zen eta gerora baita tesia ere. Hala ere, hasiera batean ideia bat daukazu eta gero asko aldatzen da benetan egiten duzuna, hasieran beti handinahia izaten da.

Asko mugatu behar da, ezta?

Bai, zuk ere ez dakizu oso ongi zer egin daitekeen, nondik jo, nik neuk ez neukan oso argi zein zen nire lanerako egokia zen marko teorikoa… Egia da, itzulpengintza karreran edo behintzat ikerketan, badaukagula gabezia bat, esango nuke. Garai hartan nik ez nuen nahi beste landu, beharbada ez ginelako ikasle oso aplikatuak, ez diot dena karreraren egiturari egotzi nahi, baina bai sentitu izan dut falta hori, eta orain ari naiz ikasten itzulpen ikasketa teorikoak zertan diren. 

Ikasketak, lana, tesina, liburua… eta orain unibertsitateko ikerketa.

Hori da. Masterrarekin eta liburuarekin, apur bat arra sartzen zaizu, ikerketarekin jarraitu nahi duzu. Master zuzendariak ere animatu ninduen tesia inskribatzera, eta konbentzitzeko oso errazak garenez eta ez dakigunez ezetz esaten eta gauza horiek guztiak, ba egin nuen. Konturatu nintzen oso zaila izango zela ikerketa uztartzea orduan neukan lanarekin eta autonomo moduan hasi nintzen lanean. Katalunian bizi den karrerako ikaskide eta lagun batekin kolaboratzen hasi nintzen, horrela ikerketa eta itzulpen-jarduna biak antolatzeko. Azkenean, lana zegoenez eta horrelakoak garenez, ez nintzen iristen tesiari nahi beste denbora eskaintzera. Uste dut hori oraindik ere gertatzen zaidala. Baina tira, horretan nenbilela, neurria hartu nahian, aukera atera zen lektore moduan Baiona eta Bordelen hasteko. Bi aldiz pentsatu gabe eskaera egin nuen eta plaza lortu nuen, eta horretan jarraitzen dut, baina orain Parisen. Denbora honetan guztian tesiari eskaini diot tartea, ez nik gura beste, baina unibertsitatean lan egiteak aukera ematen du kongresuetara joateko, dokumentazio-zentroekin harreman zuzena izateko, ikerketa-taldeekin, beste irakasle batzuekin… Horrek bai jartzen zaitu zure tesiaren inguruan.

Liburura bueltatuta: Iñigo Roquek egindako elkarrizketan eta zuk zeuk blogean argitaratutako post batean eman zenuen ondorioen berri. Hiru urte eskas pasa diren honetan, norabide-aldaketarik somatu duzu itzulpenen kritikan? Nola ikusten duzu egoera gaur egun?

Hiru urte oso gutxi dira aldaketa bat igarri ahal izateko. Hala ere, badirudi gauza batzuk aldatzen ari direla. Nik orduan 511 kritika aztertu nituen, egunkarietakoak, eta bai ikusten zen goranzko joera bat, alegia, gero eta itzulpen gehiago iruzkintzen ziren. Gero ere, ikusten da, euskal irakurleak, hau da, irakurle saiatuak eta arituak hasi direla gero eta itzulpen gehiago irakurtzen, nahiz eta oraindik badauden aurreiritzi asko. Esango nuke duela hiru urte ateratako ondorioek berdin jarraitzen dutela: itzulpenak iruzkintzen ditu gainerako lanak iruzkintzen dituen pertsona berak eta irizpide berberekin, ez daukagu finkatuta zer irizpideren arabera iruzkindu behar ditugun itzulpenak, bakoitzak lan egiten du bere intuizioen arabera. Beste ondorioetako bat zen ez direla bereizten lan unibertsalen/klasikoen itzulpenen kritikak eta lan komertzialagoen kritikak. Denak iruzkintzen dira liburua publikatu eta gutxira. Iruzkinen kontua oso lotuta dago edizio-prozesuarekin eta merkatuarekin. Alde batetik normala izan daiteke egunkarietako kritika zelako.

Horrez gain, muga lausoa dago adituen kritiken eta egunkarietako kritiken artean. Alegia, literatur irakurketan aditu eta arituak egunkari horietara jotzen du. Ez dakit iruzkin hauek benetan zuzentzen zaizkion publiko zabalari edo literatur arituari eta adituari. Nire lagunak, nire kuadrillakoak, agian ez dira gai kritika horietako batzuk ulertzeko, eta literaturaren inguruko lana dugunok kritika horiek baliatzen ditugu. Esaten nuen moduan, ez dago espezializaziorik, baina era berean erabiltzen dugu kritika publikorako daukagun espazio hori iruzkin espezializatuxeagoak egiteko.

Itzulpenari buruzko iruzkin horietan igartzen da gure diskurtsoa guztiz linguistikoa dela: itzulpen bat hartzen dugunean gai gara bakarrik esateko hizkuntza ondo pasatzen dela, erraz ulertzen dela, nik ez dakit zein hitz erabiliko nukeela… baina hori da dena. Hortik aurrera ez dakigu zer gehiago esan itzulpen bati buruz, ezpada zer autorerena den eta zeri buruzkoa den liburua. Ez dugu garatu oraindik euskal itzulpengintzari buruzko diskurtso bat hizkuntzaren normalizazio-prozesutik kanpo.

Diskurtsoa aipatzean ari zara esaten argitu beharko genukeela zergatik euskaratu dugun obra hori, zer ekarpen egiten dion euskarazko literaturari…

Bai, eta adibidez zer idazlek erabiltzen duen horrelako estilistika, eta, batez ere zein den itzultzaile moduan nire jarrera itzultzerako orduan: zer korrontetan nagoen kokatuta. Zer egiten dudan. Ezen, Benetan pentsatzen jarri gara euskal itzultzaileok zertan ari garen? Edo inertzia bati jarraituta itzultzen dugu eta gure irizpide bakarra da: gutxi gorabehera, idazleak egiten duenaren arabera, euskaraz ondo ematen duen testu bat ekarriko dut, ahalik eta fidelena izango naiz…? Baina benetan badakigu fideltasun horren diskurtsoaren barruan zer korrontetan sartzen garen? Nola posizionatzen gara itzulpenaren barruan? Ez daukagu formaziorik itzulpen-teoriaren edo itzulpen-historiaren inguruan, orduan ez dakigu nola kokatzen garen ere. Egia da itzulpen proiektu nagusiago baten barruan gaudela. Badaude joerak euskal itzultzaileen artean? Benetan, badago bakoitzak erabakitzen duen bide bat? Ez nuke esango, uste dut inertzia baten barruan funtzionatzen dugula guztiok.

Azken batean, gu ari gara hizkuntza politika baten inguruan dantzan, eta alde batetik normala da: ez gara hainbeste eta ez daukagu hainbesteko historia. Hala ere, uste dut inportantea dela kontzientzia izatea, jakitea badaukagula nondik ikasi, nondik edan, eta bueno itzulpen bati buruzko gauza asko esan daitezkeela, hitz hau edo bestea erabiliko nuke esatetik harago. Milaka gauza azter daitezke itzulpen batean. Dena den, iruditzen zait hobetzen ari garela, eta ari garela. Garai batean itzultzen hasi zirenak erbesteratuak ziren, hizkuntzaren ikusgaitasuna bilatzen zutenak. Orain profesionalizazioa lortu dugu, eta falta zaigu lortzea batetik masa kritiko zabal bat eta bestetik masa kritiko profesionala.

Eta EIZIEk antolatutako Langintza xeheki ekimena?

Ekimen hori sortu zen itzultzaileek egiteko eta itzultzaileentzat. Itzultzaile horiek ari dira euren langintzaz. Hala ere, material hori baliagarria zaie ikerleei, ikusteko benetan itzultzaileak nola lan egiten duen eta abar. Egia da material beharrezkoa dela ikerleentzat eta alde horretatik beharrezkoa da, baina beharrezkoa da, halaber, marko bat izatea eta itzulpenaz pentsatzea. 

LU bildumako hitzaurreak ere aztertu dituzu, eta iaz horri buruzko saioa eskaini zenuen UPVko udako ikastaroetan.

Niri, nire ikerketa-ildoagatik, interesatzen zaidana da zer adierazten duen itzultzaileak bere langintzari buruz. Nik baliatzen dut itzultzaileak edo publiko zabalak itzulpenaz esaten duena deskribatzeko itzulpenak gure gizartean zer inpronta uzten duen. LU bildumako hitzaurreak itzultzaileak idazten dituenez, nik aztertu nahi nuen ea itzultzaileak zer esaten duen eman zaion toki horretan. Modu orokorrean esanda ikusi nuen itzultzailea oraindik teloiaren atzean gelditzen dela. Ez da oholtzara ateratzen ausartzen. Esango nuke, lehengo gaia berrartuz, oraindik ez dugula egin gure lanari (itzultzaileon lanari) buruzko hausnarketa bat, hizkuntzaz harago, nondik eta zertarako egiten dugun itzulpen bat. Oso kontzienteki jakin behar duzu zer funtziorekin eta zer itzulpen-proiekturen barruan ari zaren. Ba al dago benetan itzulpen-proiekturik duen euskal itzultzailerik? Ez dakit, agian idazleren bat…

Ikerketagai izan duzu, halaber, autoitzulpengintza. Zenbait euskal idazle garaikideren itzulpen-ohiturei eta -jarrerei buruz aritu zinen Baionako IKER zentroan duela ez hainbeste.

Egia esan, autoitzulpengintzatik badu zerbait baina ez da zehatz-mehatz hori. Nik egin nuena izan zen, lehenengo, elkarrizketa-lan bat. Nik prestatu nuen elkarrizketa bat, itzultzaileen habitus-ari buruzkoa, itzulpenaren soziologian esaten zaion moduan. Hor sartzen dira itzulpen-ohiturak baina baita ere zuk zure langintzaz duzun pertzepzioa eta jarrerak. Hainbat planotan galdetzen nien itzulpenari buruz: galdetzen nien ea euren lanak itzultzen zituzten ala ez, eta zergatik; euren lana beste itzultzaileren bati ematen ziotenean zergatik egiten zuten; lan egin ote zuten itzultzaileekin; zer iritzi zeukaten fruituaz; ea berrirakurtzen/zuzentzen zuten… Hori zen euren lanei buruzko atala. Beste alde batetik galdetzen nien ea itzultzen ote zituzten beste batzuen lanak, eta hor bazeuden baiezkoak eta ezezkoak. Itzultzen zutenen artean bazeuden batzuk, lehen esaten genuen moduan, euren literatur proiektuaren barruan itzultzen zutenak. Askok aipatzen zuten ariketa modura erabiltzen zutela itzulpena, eta beste batzuk lan estra moduan. Horrez gain, galdetu nien itzulpenak irakurtzeko ohituraz, eta hor egia da gazteagoen artean nabarmentzen zela itzulpenak euskaraz irakurtzeko ohitura bat, eta baita itzulpenak idazteko tresnatzat erabiltzeko joera ere. Gogoratzen naiz Kirmen Uribek esaten zuela azken eleberria idazteko bi itzulpen izan zituela mahai gainean, erreferentzia-testu gisa. Gero, galdetu nien ea fikzioan bazen itzultzailearen figuraren islarik eta, egia esan, euskal literaturan badira hainbat adibide, fikziozko itzulpen eta itzultzaileenak. Konturatu naiz, gainera, gai horren inguruan lan pila bat egin daitekeela, nire tesian ere jorratuko dut hori. Azkenik, galdetu nien ea zer metafora baliatzen zituzten itzulpenaz jarduteko.

Ikerketa horren helburua da, ikusten duzunez, aztertzea ea zer irudi dugun itzulpenaz gizartean eta baita idazleek ere zer irudi duten. Bestalde, ez naiz testuen eta testuan arteko konparaketan sartzen; aitzitik, ari naiz testuinguru bat jartzen itzulpen-sistemari, edo hori da asmoa, agian handinahia.

Zertan da, orain, zure ikerketa-lana? Zer marko teorikotan kokatzen zara?

Aurreko ikerketa horien ildotik ari naiz lanean, lehen ere esan dut, aztertzen ari naiz, orokorrean, ea zer inpronta utzi duen edo uzten ari den itzulpengintza euskal gizartean. Marko teorikoaren aldetik, esango nuke polisistemen teoria jarraitzen dudala baina baita ere itzulpenaren soziologiaren alorra. Alor horrek ematen dizkidan tresnak oso baliagarriak zaizkit, hain zuzen, nik ikertu nahi dudanerako. Hemen, Parisen, egoteak ere izango zuen eraginik horretan, Frantzian eta Quebecen bai baitago itzulpenaren soziologia jorratzen duen korronte bat.

Itzulpenaren eta itzultzaileen fikzionalizazioa ere aipatu duzu.

Bai, literatura errealitatea islatzeko tresna bat izan daiteke, eta konturatu naiz azkenaldian gero eta eleberri eta ipuin gehiagotan agertzen direla itzulpena eta itzultzaileak. Dauzkadan adibideetatik gehienak kokatzen dira azken bost urteetan. Orduan horrek zer esan nahi du? Batetik, itzultzailearen irudiaren kontzientzia hartzen ari garela, edo ari direla idazleak. Lehen agian ez zen hain zehaztuta agertzen, baina adibidez Martutenen agerikoa da. Gainera, kasu horretan ez da itzultzailearen ofizioa erabiltzen pertsonaia ezaugarritzeko bakarrik, edo estereotipazio bat egiteko pertsonaiaren izaerari buruz, baizik eta itzulpenak rol zentral bat daukala narratologian, istorioan eta istorioaren mekanismoan. Gizartean gertatzen ari den zerbaiten isla da fikzioan gertatzen dena ere.

EIZIEko kide ere bazara, eta, besteak beste, elkarte horren izenean joaten zara CEATLek (Conseil Européen de Associations de Traducteurs Littéraires) urtero antolatzen duen biltzarrera.

Azken batean CEATL da Europan dauden literatur itzultzaileen elkarteen bilgune bat. EIZIE zabalagoa da, baina literatur itzultzaileak ere baditugunez, ba hor barruan gaude. Nik hiru urte daramatzat bertako ordezkari moduan, lehen Itziar Otegi aritu zen. Hor barruan gure egitekoa da ematea eta jasotzea. Batetik euskal itzultzaileon ikusgaitasuna lortzen da europar mailako elkarte batean, baina beste alde batetik baita ere jasotzen dugu Europako planetan zertan ari diren, beste herrialde batzuetan zer egoeratan dauden, zer egiten duten elkarteetan, administrazioan nolako baldintzak lortzen dituzten eta abar. Orduan, konturatzen zara beste herrialdeekin konparatuta ez gaudela hain gaizki. Berez CEATLek hainbat talde ditu: lan-baldintzen taldea, copyright eta egile eskubide elektronikoei buruzko taldea, ikusgaitasunaren taldea, itzulpen-ikasketen taldea, literatura itzulpenari buruzko berriak biltzen dituen taldea eta jardun eredugarrien zerrenda osatzen duena.

Bloga duzu Bizkaie!-n eta Twitter kontu bizia ere. Sare sozialek itzulpengintzaren ikusgaitasuna handitu al dute?

Blogarena aspaldi eskaini zidaten, eta baietz esan nuen, hasierara bueltatuz, idazketa gustuko dudalako. Bidea ematen zidan nahi nuenaz hitz egiteko, modu laburrean, eta azken batean blogak islatzen du zertan ibili naizen: ibili naiz etnografian, bertsotan, itzulpengintzan…

Bizkaie!-ko bloga bai da apur bat esperientzialagoa. Egia da twitterren ere sartzen zaizkidala gauza pertsonalagoak lantzean behin, baina, twitterren kontua askoz lotuago dago itzulpenarekin eta literaturarekin. Askotan ez daukazu modurik zerbaiti buruzko albiste bat idazteko, orduan hor txertatzen duzu esteka eta bide bat da denboraz estu zabiltzanean zerbaiten berri emateko, labur-labur. Ikusgaitasunaren galderari erantzunez, bai, lortu dugu ikusgaitasuna twitterren, baina beste alor batzuek bezainbeste. Ez gaude itzultzaileak bakarrik hor. Hala ere, egon beharra dago eta oso tresna baliagarria da. Azkenik, itzulpengintzari buruz egiten diren aipamen ez-zientifikoak (izen bat ematearrean), oso baliagarriak dira ikerketarako. Egunen batean ikusiko dugu ikerketaren bat aztertzen duena, adibidez, itzulpenaren isla Twitterren.