Stonewallen kolorea

ekaina 30, 2014 @


jornadas_por_la_diversidad_20120016

Pedro Mardones Lemebel idazle, artista eta militante txiletarra. 50eko hamarkadan jaio zen, Santiagon, langile-familia batean. Irakasle izateko ikasketak egin zituen eta ogibide horretan aritu zen tarte labur batez 70eko hamarkadaren amaieran. Garai bertsuan piztu zitzaion literaturarekiko interesa, eta 1983an lanetik bota zutenean (sexualitate hautua eta itxura zela medio) osoki lotu zitzaion literatur tailerrak antolatzeari eta sorkuntzarekin lotutako ekimenei. 1987an Las Yeguas del Apocalipsis (Apokalipsiaren behorrak) kolektiboa osatu zuen Antonio Casasekin batera, eta performanceak, instalazioak eta interbentzioak egin zituzten herrialde osoan zehar. Amaren abizenaren aldeko hautua egin zuen orduan Lemebelek: “Lemebel hori aliantza bat da femeninoarekin, amaren abizenarekin sinatzea, nire ama umerzurtza errekonozitzea homosexual eta trabestiaren ilegaltasunetik”. Izan ere, ez dugu aipatu, baina sexu-askapena, gay izatea eta marjinaltasuna dira bere lanetan sarrien azaltzen diren gaiak, betiere ezkerretik abiatuta. Kritiko zorrotz bezain umoretsua, kroniken generoa erruz jorratu du, seguru asko horixe da gehien baloratu diotena. Roberto Bolaño adiskide eta idazleari esker eman zuen, hein handi batean, Europarako jauzia, Bolañok beti esaten baitzuen Lemebel zela Txileko autore interesgarriena. Anagramak, azkenean, Bolaño onartzearekin batera, bere aholkuak ere aintzat hartzen hasi zen, eta, horrela, Lemebelen Loco Afán: Crónicas de Sidario (Grina eroa: Hiesaroko kronikak) kaleratu zuten 2000.ean. Liburu horrexetakoa da, hain zuzen ere, gaur dakarkizuegun hau, Stonewalleko istiluen urteurrenaren kontaketa, marka arrosaren merkantilizazioz hausnarketa. 

Zapatuko festa gogoan, zapatuko aldarrikapena akorduan, maitasunari mugarik ez.

Oharra: Stonewalleko istiluak 1969an gertatu ziren, nahiz eta, ulertzen ez dugun arrazoiren batengatik Lemebelek 1964a aipatzen duen (ziur aski akatsa da, besterik gabe).

19_yeguas

(Irudia: Lemebel eta Casasen performance bat)

NEW YORKEKO KRONIKAK (Stonewall taberna)

New Yorkera gonbidatzen zaituztela, den-dena ordainduta, Stonewall ospakizunean parte har dezazun, hogei urte igaro direnean neskato gayek Village auzoko taberna bat hartu eta poliziak egurtu zituen hartatik, 1964an. Ipuina kontatzen dizutela eta behartua sentitzen zarela aitaren egitera hori guztia gertatu zen tokian. Tabernatxo ilun bat, kausa homosexualaren santutegi, sodomia turistikoa bertara gerturatzen baita loreak eskaintzera. Hor, beirazko arasa horretan erakusten dituzte ez dakit zenbat egunez legearen jazarpenari eta poliziaren erasoari aurre egin zieten beterana hippyrtzilen argazki kolorgeak, saiatu arren ezin izan baitzituzten bidali. Hortaz, nola eutsi malkoei Lourdes Gay-aren kobazulo honetan, bisitarientzat aldare sakratu baten modukoa den honetan, non Calvin Klein markako txapela kenduta, begirunetsu, segundo labur batzuez errezatzen duten tabernaren aurretik pasatzean. Nola ez, gutxienez, itxurak egin penatuta bazeunde bezala, gainera New Yorken bisitan bazaude eta gringa hauek ari bazaizkizu gosea akabatzen eta ordaintzen, euren historia politikoarekin hain santujaleak eta merkatariak diren gringa hauek. Nola ez plantak egin, jendetasunez, eta emozioak gainezka egiten dizula itxuratu argazki zuri-beltzei begira, sekula ikusi ez dugun film batekoak izan litezkeen aurpegiei so. Eminentzia gay horien argazkiak, Woodstocketik atera izan balituzte bezala, arrosekin eta koloretako xingolatxoekin koroatuta Stonewall tabernako leihoan, eta kale osoan ere antzera, eta Village auzo osoan ere antzera, tarta baten modura apainduta, moda maritxuaren jantziekin. Christopher Street-eko metro-geltokian jaisten zarenean tupustean egiten baituzu topo gihar eta gorputz-kulturista tona batekin, praka labur-laburrak soinean dituztela, kaskamotz eta belarritakotxoekin; gizon-bikoteak, eskutik helduta, patinetan pasatzen dira zure albotik, ikusi ere egingo ez bazintuzte bezala. Eta nola ikusiko zaituzte bada, hain itsusia bazara eta munduan zehar zurekin badaramazu histerika hirugarren-mundukoaren desnutrizioa. Nola egingo dizute kasu txiletar aurpegi hauxe badaramazu, zur eta lur, homosexual potente eta ondo elikatuen Olinpo honen aurrean, nazkaz begiratzen dizute-eta, esanez bezala: gay harrotasunaren katedralera ekartzeko mesedea egin dizugu, indiotxo. Eta zu hain galduta zabiltza, Mundu Handiko oholtza hauetan, erakusleihoetako fetitxe sadomasokisten parean: iltzeak, kako-orratzak eta torlojuak eta puntak eta nik ba al dakit zenbat metalezko zabor larruazala torturatzeko. Ai, bai mina! Zer-nolako sustoa horko kale-kantoian Leader’s talde hori ikustean; euren motorrak, biboteak, larrua, botatzarrak eta basakeria faxista, gogora ekartzen dizkizute Txileko matxo-kuadrillak, zeintzuei iskin egiten zenien, kalea gurutzatu eta tente-tente ibiliz haiek zeuden aldera begiratu gabe. Baina Village-a, Stonewall tabernaren pareko plazatxo hau, leporaino dago beteta potentzia maskulino beldurgarri horrekin, txiki sentiarazten zaituena eulitxo latino bati bezala, sexu ilehoriaren auzoan. Manhattaneko esparru hauxe, New Yorkeko eremu arrosa, non edozein gauza erosteagatik begi biak kentzen dizkizuten; hauxe bera, hirira datozen homosexual dolardunen erosketa-tourraren erdigunea da. Are gehiago mundu mailako festa honetan, Manhattan irla galaz janzten denean ortzadar gayaren koloreekin. Egiatan kolore bakarra bada ere: zuria. Agian gaya zuria delako. Nahikoa duzu Stonewall tabernara sartu non gaua den beti, konturatzeko hara bildutako gehien-gehienak azal argikoak, ilehoriak eta oso gizonak direla, cowboy filmetako kantinetan gertatu antzera. Eta, kasualitatez, beltzen bat edo zoro latinoren bat baldin badago, antidemokratikoak direla esan ez dezaten baino ez da.

Horrexegatik ez nintzen luzaroegi gelditu tabernatxo historikoan, begiratu azkar bat egin eta ohartzen zara lekuz kanpo zaudela, ez zarela gihardun estetika klasiko horren urrezko postalaren parte, New York hiriak badituela beste xoko-moko batzuk arrotz ez sentitzeko, beste taberna kutsatuago batzuk arima latinoak bere lurralde kantua saltsaren erritmoan dantzatzeko.

A scene during the 1969 Stonewall riots, as seen in Kate Davis a
 (Stonewalleko istiluak. Irudia: Bettye Lane)