Samanta Schweblinen txakurkeriak

urtarrila 7, 2015 @


samantha_1

Irudia: Lucio Ramírez

Zorteko zabiltzate Samanta Schweblinen zale euskaldunak, autore argentinarraren hiru ipuin ekarriko dizkizuegu-eta datozen hilabeteetan. Xabi Aizpurua Ugartek euskaratu eta helarazi dizkigu. Aurrez ere ezaguna genuen Schweblin gure txoko honetan, Autoreak Plazara atalerako itzuli baikenizuen haren ipuin bat. Aperitifa motz gelditu bazitzaizuen, hemen atzera ere Schweblinen kontakizun asaldagarriekin gozatzeko aukera ederra. On egin!

Txakurkeriak

Itzultzailea: Xabi Aizpurua Ugarte

Satorrak dio: izena, eta nik erantzun. Esandako tokian itxaron diot eta orain gidatzen ari naizen Peugeotean pasatu da nire bila. Oraintxe ezagutu dugu elkar. Ez dit begiratzen, esaten dute ez diola inoiz inori begietara begiratzen. Adina, dio, berrogeita bi, diot, eta zaharra naizela esan duenean pentsatu dut seguru berak gehiago dituela. Antiojo beltz txiki batzuk daramatza eta horregatik deituko diote Satorra. Gertuen dagoen plazara gidatzeko agindu dit, eserlekuan eroso jarri eta lasaitu egin da. Proba erraza da baina oso garrantzitsua da gainditzea eta horregatik nago urduri. Gauzak ondo egiten ez baditut ez naiz sartuko, eta ez banaiz sartzen xoxik ez; ez dago sartzeko beste arrazoirik. Buenos Aireseko portuan txakur bat palakadaka hiltzea da zerbait okerragoa egiteko gai zaren jakiteko proba. Zerbait okerragoa, diote, eta beste aldera begiratzen dute erdi disimuluan, guk, oraindik sartu ez garenok, jakingo ez bagenu bezala zerbait okerragoa pertsona bat hiltzea dela, pertsona bat kolpatzea, pertsona bat kolpatzea akabatu arte.

            Etorbidea bi kaletan banatu denean ilunena aukeratu dut. Gorrian zegoen semaforo ilara bat berdera aldatu da, bat bestearen atzetik, eta aurrera azkar joaten utzi dit harik eta eraikinen artean toki ilun eta berde bat sortu den arte. Pentsatu dut agian plaza honetan ez dela txakurrik egongo, eta Satorrak gelditzeko agindu dit. Ez duk makilarik ekarri, dio. Ez, diot. Ezingo duk txakur bat palakadaka hil zerekin ez badaukak. Berari begira nago baina txintik esan gabe, badakit zerbait esango duela, orain ezagutzen dudalako, erraza da ezagutzea. Baina isiltasunaz gozatu egiten du, gozatu egiten du nik esandako hitz bakoitza neure aurka datorrela pentsatzean. Orduan, listua irentsi eta badirudi uste duela: ez duk inor hilko. Eta azkenean dio: gaur pala bat daukak maletategian, erabil dezakek. Eta ziur antiojoen azpian begiek plazerez egiten diotela dir-dir.

            Erdiko iturriaren inguruan txakur batzuk daude lotan. Nire eskuen artean pala tinko dudala ̶ aukera edozein unetan etor liteke ̶ gerturatzen ari naiz. Batzuk esnatzen hasi dira. Aharrausi egiten dute, tente jarri, elkarri so egiten diote, niri begiratu, marmar egin, eta gerturatzen ari naizen neurrian baztertu egiten dira. Pertsona jakin bat hiltzea, aukeratuta dagoen norbait, erraza da. Baina nor hil behar den erabakitzeak denbora eta eskarmentua eskatzen ditu. Txakurrik zaharrena edo ederrena edo itxura amorratuena duena. Aukeratu egin behar dut. Seguru Satorra autotik begira dagoela, irribarrez. Pentsatzen ariko da haiek bezalakoa ez den inor ez dela hiltzeko gai.

            Inguratu eta usaindu egin naute, batzuk urrutiratu egin dira gogaitu ez ditzadan eta berriz lokartu dira, nitaz ahaztuta. Satorrarentzat, autoaren beira ilunen eta bere antiojoen kristal beltzen atzean, txikia eta barregarria izango naizelakoan nago, palari gogor helduta eta orain berriro lotan dauden txakurrez inguratua. Zuri bat, orbanduna, marmarka ari zaio beltz bati, eta beltzak kosk egin dionean, hirugarren txakur bat gerturatu, zaunka egin eta hortzak erakutsi dizkio. Orduan lehenbizikoak haginka egin dio beltzari, eta beltzak, hortzak zorroztuta, lepotik heldu eta astindu egin du. Pala altxatu eta kolpea orbandunaren saihetsetara joan da; uluka, erori egin da. Geldirik dago, erraza izango da eramatea, baina hanketatik heldu diodanean nire aurka hasi da eta besoan kosk egin dit; berehala hasi zait odoletan. Berriz ere pala altxatu eta kolpe bat eman diot buruan. Txakurra berriz erori da eta lurretik begira geratu zait, arnasestuka, baina geldi.

            Hasieran poliki eta gero konfiantza handiagoz, hankak elkartu, jaso eta autorantz daramat. Zuhaitz artean itzal bat dabil, gerturatu den mozkorrak dio hori ez dela egiten, gero txakurrek badakitela nor izan den eta ordaina ematen diotela. Eurek bazekitek, dio, bazekitek, ulertzen? Eta banku batean etzan da. Autora iristen ari naizela Satorra ikusi dut eserita, lehen zegoen jarrera berean, eta, halere, Peugeoteko maletategia irekita ikusi dut. Txakurra pisu hila bailitzan erori da eta maletategia ixterakoan begiratu egin dit. Autoan, Satorrak aurrera begira darrai. Dio: lurrean utzi izan bahu jaiki eta joan egingo zuan. Bai, diot. Ez, dio, joan aurretik maletategia ireki behar huen. Bai, diot. Ez, egin egin behar huen eta ez duk egin, dio. Bai, diot, eta berehala damutu naiz, baina Satorrak ez dio ezer eta nire eskuei begira dago. Eskuei begiratu diet, bolanteari, eta dena zikinduta dagoela ikusi dut, odola dago nire galtzetan eta autoko alfonbra gainean. Eskularruak erabili behar hituen, dio. Zauriak min ematen du. Txakur bat hiltzera etorri haiz eta ez duk ekarri eskularrurik, dio. Bai, diot. Ez, dio. Badakit, diot, eta isildu egin naiz. Nahiago dut minari buruz ezer ez esan. Motorra piztu dut eta autoa leun abiatu da.

            Kontzentratzen saiatu naiz, azaltzen diren kale guztien artean portura zeinek eraman gaitzakeen jakin nahian, Satorrak ezer esan behar izan gabe. Ezin dut inolaz ere berriz huts egin. Agian, ondo legoke farmazia batean gelditu eta eskularru pare bat erostea, baina farmaziako eskularruek ez dute balio eta burdindegiak itxita daude ordu honetan. Nylonezko zorro batek ere ez du balio. Txamarra erantz dezaket, eskuaren bueltan bildu eta eskularru gisa erabili. Bai, horrelaxe egingo dut lan. Esan berri dudana aztertu dut: lan egin, atsegin dut haiek bezala hitz egin dezakedala jakitea. Caseros kalea hartu dut, porturaino jaisten delakoan nago. Satorrak ez dit begiratzen, ez dit hitz egiten, ez da mugitzen, begirada aurrerantz eta arnasa lasai mantentzen ditu. Uste dut Satorra esaten diotela antiojoen atzean begi txikiak dituelako.

            Hainbat etxadiren ondoren Caseros kaleak Chacabuco gurutzatzen du. Jarraian, Brasil, portura doana. Bolanteari eragin eta kalera sartu naiz, autoa alde batera okertuta. Maletategian, txakurraren gorputzak zerbaiten kontra jo du eta ondoren zaratak entzun dira, txakurrak oraindik ere jaikitzeko ahalegina egingo balu bezala. Satorrak, animaliaren indarrak harrituta uste dut, irribarre egin du eta eskuinera joateko keinua egin dit. Brasildik balazta zapalduz sartu naiz, eta autoa saiheska doala berriz ere zarata dago maletategian, txakurra moldatu nahian dabil palaren eta atzealdean dauden gainontzeko trepeta guztien artean. Satorrak dio: frenatu. Nik, frenatu. Dio: azeleratu. Irribarre egin du, eta nik azeleratu. Gehiago, dio, azeleratu ezak gehiago. Ondoren dio frenatzeko eta nik frenatu. Txakurrak kolpe batzuk hartu dituenez gero, Satorra lasaitu egin da eta dio: aurrera. Eta ez du ezer gehiago esan. Nik, aurrera. Gidatzen ari naizen kalean ez dago ez semafororik ez marra zuririk, eta eraikinak gero eta zaharragoak dira. Edozein unetan iritsiko gara portura.

            Satorrak eskuinetara egin du keinua. Beste hiru etxadi pasatzeko eta ezkerretara jotzeko dio, ibairantz. Nik, obeditu. Berehala iritsi gara portura eta edukiontzi multzo handiz beteta dagoen aparkaleku batean geldiarazi dut autoa. Satorrari begiratu diot, baina berak ez dit begiratu. Denborarik galdu gabe, autotik jaitsi eta maletategia ireki dut. Ez dut berokia besoaren bueltan jarri, baina dagoeneko ez dut eskularrurik behar, dena eginda dago, azkar amaitu behar da, eta ospa. Portu hutsean, urrutian, argi ahul eta horiak soilik ikusten dira itsasontzi bakan batzuk argitzen. Baliteke txakurra dagoeneko hilda egotea, horixe litzateke onena, lehenbizikoz jo dudanean indar gehiagorekin eman behar nion, eta seguru honezkero hilda zegokeela. Lan gutxiago, denbora gutxiago Satorrarekin. Nik zuzenean hilko nukeen, baina Satorrak horrelaxe egiten ditu gauzak. Gutiziak dira. Porturaino erdi hilda ekartzeak ez du inor ausartago egiten. Txakur haien guztien aurrean hiltzea zailagoa zen.

            Ukitu dudanean, autotik jaisteko hankak elkartu dizkiodanean, begiak ireki eta begiratu egin dit. Askatu eta maletategiaren hondoaren kontra erori da. Aurreko hankarekin, odolez zikindutako alfonbra arraskatu du; zutitzeko ahaleginetan ari da eta gorputzaren atzealdea dardarka dauka. Oraindik arnasa hartzen du, arnasestuka ari da. Satorra denbora kontatzen ariko da. Berriz jaso dut eta zerbaitek min eman bide dio, nahiz eta ez mugitu uluka ari baita. Lurrean jarri dut eta autotik urrundu dut arrastaka. Palaren bila maletategia itzuli naizenean, Satorra jaitsi egin da. Orain txakurraren ondoan dago, begira. Palarekin gerturatu naiz, Satorraren bizkarra ikusi dut, eta atzean, lurrean, txakurra. Inork ez badu jakiten txakur bat hil dudanik, inork ez du ezer jakingo. Satorra ez da biratu orain esateko. Pala altxatu dut. Orain, pentsatu dut. Baina ez dut jaitsi. Orain, dio Satorrak. Ez dut jaitsi, ez Satorraren bizkar gainera ez txakurrarenera. Orain, dio, eta orduan pala airea ebakiz jaitsi da eta txakurraren burua kolpatu du; lurrean uluka, dardara egin du une batez, eta gero isilik gelditu da dena.

            Motorra martxan jarri dut. Orain esango dit Satorrak norentzat egingo dudan lan, zein izango den nire izena, eta zenbat diruren truke, horixe baita axola didana. Hartu ezak Huergo eta gero okertu Carlos Calvon, dio.

            Bada denbora gidatzen ari naizela. Satorrak dio: hurrengoan frena ezak eskuineko aldean. Obeditu egin diot eta Satorrak lehen aldiz begiratu dit. Jaits hadi, dio. Jaitsi naiz eta bera gidariaren eserlekura pasatu da. Leihora gerturatu naiz eta galdetu diot zer gertatuko den orain. Ezer ez, dio: zalantza egin duk. Motorra piztu eta Peugeota urrundu egin da isilean. Nire ingurura begiratu dudanean konturatu naiz plazan utzi nauela. Plaza berean. Erdialdean, iturriaren inguruan, txakur batzuk zutitzen ari dira apurka-apurka eta niri begira daude.