Autoreak plazara: Joyce Carol Oates

martxoa 3, 2015 @


Joyce Carol Oates

Bizitza osoan opor egun bat bera ere ez duela hartu dio Joyce Carol Oatesek: «ezin izan nituen gurasoak sekula konbentzitu minutu batez atseden hartzeko, eta ni giro horretan hazi naiz». Haren uztari erreparatuta, baieztapena ez zaigu gehiegizkoa iruditzen. Ehun liburutik gora argitaratu ditu, eleberriak, poesia-liburuak, ipuin-bildumak, gidoiak, gazte-literatura eta ez-fikzioa, batzuk ezizenpean (Lauren Kelly eta Rosamond Smith ezizenak erabili ditu). Libururik ezagunenak dira, beharbada, Them (1969), Blonde (2000) eta What I lived for (1994). Hainbat sari jaso ditu, eta badira urte batzuk zurrumurruek Nobel sarietarako izenen zerrendan jartzen dutela. Aurreko urtera arte unibertsitateko irakasle jardun du.

1938an sortu zen Lockport-en (New York). Bere arbasoei buruzkoa da gaur dakarkizuegun narrazioa, duela bi urte The New Yorker-en kaleratutakoa. Amaren arbasoak AEBra migratutako hungariarrak ziren. Aitaren ama bere buruaz beste egindako gizonaren alaba zen, aitaren suizidioaz geroztik judua zela isilean gorde zuena; haren bizitzari buruzko zertzeladak ematen ditu The Gravedigger’s Daughter (2007) nobelan. Hain zuzen aitaren amak oparitu zion idazmakina bat, eta orduan, hamalau urterekin, hasi zen idazten. Lewis Carrollen Aliceren abenturak izan ziren «haurtzaroko altxorrik handiena», eta gaztaroan irentsi omen zituen Ernest Hemingway, Charlotte Brontë, Emily Brontë, Henry David Thoreau, Fyodor Dostoevsky eta William Faulkner. Bere obran maiz agertzen da landa-eremuko pobrezia, klaseen arteko tentsioa, emakumeen kontrako bortxa, boterea lortzeko desira, arrazen arteko gatazka, umezaroa eta naturaz gaindikoa. Biolentzia ere ia idatzi gehienetan azaltzen da, eta “Zergatik da zure idazketa hain bortitza?” galderari erantzuten dion saiakera bat ere idatzia du. Baina Oatesek dio bizitzari ispilu bat baino ez diola jartzen, zeren bizitzako esparru askotan, guztietan ezpada, biolentzia egon badagoela. 1980an genero gotiko eta horrorezkoa idazten hasi zen, eta horregatik dute askok ezagun; Kafka eta James Joyce horretarako eredu izan zituela esan zuen Oatesek. Sylvia Plathen zale amorratua ere bada, nahiz eta suizidioarekiko eta pertsonaiekiko Plathen erromantizismoarekin ez datorren bat.

Euskaraz ez dugu Joyce Carol Oates handiaren deus. Testu labur bat dakarkizuegu gaurkoan, haren idazkerara eta bizitzara lehen urrats bat. Ea gurean ere bidea egiten duen. On egin!

 Black Rock eta gero

Hau guztia 1917an gertatu zen, ni sortu baino askoz lehenago, hungariar komunitate batean, Black Rock-en, New Yorken. Nire amaren aitak berrogeitaka urte zituen orduan, Budapest inguruko landatik etorritako immigrantea zen, Buffaloko fabrika batean lan egiten zuena; gau batez, taberna batean, beste hungariar immigrante batek hil zuen, dirudienez, «pala batez hiltzeraino jipoituta». Ekintza zuzen eta argi horiez gainera, gutxi gehiago dakigu. Hiltzailea identifikatuko zuten, beharbada atxilotu eta zigortu ere bai; agian hilketa bere buruaren defentsan egin zuela esanen zuten; eta baliteke hori egia izatea. Amaren aitari buruz inoiz jakin dudan bakarra zera da, familiako beste gizonezko hungariarrak bezala, azkar asko haserretzen zela eta zurrutero amorratua zela. “Laborari” baztertu beharreko hitza da orain, baina amaren familiakoak deskribatzeko modurik objektiboena izanen da segur aski, 1900 hasieran New York mendebaldera migratutakoak.

Amaren aitaren bat-bateko heriotzak babesgabe utzi zuen familia. Amaren gurasoek zortzi seme-alaba izan zituzten; haietako batzuk ordurako lanean ari ziren (gogoan izan 1917az ari garela eta ume immigranteak nekez zihoazela eskolara, eta horren ordez fabriketan, lantegietan eta hiltegietan lan egiten zutela, helduena baino askoz ordainsari txikiagoagatik). Nire amonak —sekula ezagutu edo argazkian ikusi gabea naiz— ume bat behintzat eman zuen garai hartan: gazteena, nire ama, Carolina, bederatzi hilabeteko haurra.

Nire ama seme-alabarik gabeko hungariar bikote batek hazi zuen, John eta Lena Bush izenekoak (“Bush” abizena jarri zieten Ellis Islanden, haien hungariar izenaren, Bùs, antza baitzuen), haren amaren ahaide zirenak. Baserri txiki batean bizi ziren Millersporten, landa-komunitate anitz bat Buffalo iparretik hogei milia ingurura, Erie eta Niagara konderrien mugan, non John Bush, sorbalda zabaleko, papar sendoko eta bibote sarriko gizona, errementari ere aritzen baitzen. Garai hartan ez zegoen “adopziorik”; ez, behintzat, gobernuko bulegorik ume immigranteen patuaz arduratzeko, eta, komunitate arras katolikoetan, Black Rocken kasurako, anitz ziren ume immigranteak. Bushdarrek, haur bat nahi izateaz gainera, baserrian lagunduko zuen norbait behar zuten; nire ama aski heldua izan bezain laster, beraz, “lanean jarri” zuten (haren hitzak). Zenbait urtez milia batera zegoen gela bakarreko eskolara joan zen (geroago nire eskola izanen zen bera, bost mailatan), eta gero eskola katoliko batera, mojek zuzendutakoa, baina zortzigarren mailara ailegatzean, hezkuntza bukatu egin zen harentzat.

1935 edo 1936 inguruan, amak hemezortzi edo hemeretzi urte zituenean, eta Millersport Highway-eko jatetxe batean lanaldi erdian zerbitzari zebilela, nire aita ezagutu zuen, Frederic Oates. Fred hiru urte helduagoa zen, Lockport-en sortua zen, hiri txiki bat Millersportetik zazpi milia iparraldera, Erie Canal-en. Berak ere goiz utzi zuen eskola, eta Lockporteko makina-saltoki batean lortu zuen lana. Bere bizitza ere heriotza goiztiar eta bortitz batek baldintzatu zuen umezaroan: amaren aldeko aitona, immigrante aleman judu bat, emaztea eta hamalau urteko alaba tiroz hiltzen saiatu baina azkenean bere burua baino akabatu ez zuena. Familia-historia hura sekretupean gorde zenez, lotsaz gorde ere, ez dakit bi gazte horiek elkarri fidatu zioten edo elkarri errukia ote zioten; familiako bi aldeak zuhurtasun egoskorragatik ziren ezagun. Hamarkadak igaro ziren nire neba Fred Jr. eta biok gertakari haien eskeleto nagusia jakin genuen arte, gurasoen bizitzaren bidea aldatzeaz gainera, gertakari haiek gu sortzea ahalbidetu bazuten ere. John eta Lena Bushekin baserrian bizi ginela, nebak eta biok bagenekien, nolabait, ez zirela gure amaren “benetako” gurasoak; baina, hortik harago, ez genekien deus eta, familiaren zuhurtasunari eusteko, ez genuen galdetu.

Helduaroan ongi sartua nengoen amaren jatorri ezkutua argitara atera zenean, eta orduan ere argi ahul eta apala izan zen, ezin zena ikusi zeharka begira ez bazen. Umezaroko garai traumatikoaren amaren kontaketak ez zuen aitaren hilketa ardatz ―ez zuen hura ezagutu―, “abandonatzearen” gertakari umiliagarria baizik. Nire amak, beti emakume alaia, eskuzabala, beroa eta atsegina izandakoa, familiak eta lagunek oso maitatua, laurogei urte zituen historia kontatu zidanean, behin eta berriz esaten zuela, 1917ko traumatik denbora pasatu ez balitz bezala: «Nire amak ez ninduen nahi. Negar batean egon ohi nintzen».

Krimenek oihartzun egiten dute urtetan eta bizitzetan. Hilketa batek nekez suntsitzen du pertsona bakarra. Bestetik, segur aski hamaika dira nire modukoak, bizia besteen heriotza goiztiarrari zor diotenak, sekula ezagutu gabeko besteak izanik ere, “odola” deitutako patu misteriotsu beraren bidez lotuak daudenak.