Adiorik ez

martxoa 11, 2015 @


danele&garazi

(Irudia: Garazi Ugalde)

Elearazle agurgarriok:

Gaur, martxoaren 11n, hiru urte egin ditu elearazi atariak. Urteotan hamaika testu, hitz, solas, ideia euskaratu, kopiatu, itxuraldatu ditugu, eta biziki kontent gaude egindako ibilbidearekin. Guretzat oso aberasgarria izan da, eta uste dugu ekarpen polita egin diogula literaturaren eta itzulpenaren arteko amodio-gorroto harremanari. Guztiak omen du amaiera bat, ordea, eta urteurrenarekin batera iritsi da elearazirena.

Erdi lotsagabe erdi itsu ekin genion, ur handitan sartzen ari ote ginen erreparatu gabe, baina esanen genuke ez garela hain gaizki ere atera putzu lokaztu horretatik. Lokatzez blai, nahi bada. Orotara 264 posta jarri ditugu. 80 autoretik gora ekarri ditugu gurera, erdia fikziozko testuekin eta erdia ez fikziozkoekin. Saiatu gara genero guztiak lantzen: ipuina, nobela (zatiak), prentsa artikuluak, poesia, hitzaurreak, gazte literatura, autobiografia, saiakera (atalak), hitzaldia, manifestua, antzerkia… Ikus-entzunezkoa ere bazen elearaziren ataletako bat eta, zehazki, 29 izan dira azpidatzitako bideo, abesti eta bestelako ikus-entzunezkoak. Itzultzaile, literaturlari, idazle eta pentsalariei ahotsa eman diegu, prestuki erantzun dizkiguten galderen bidez; zehazki, 31 elkarrizketa egin ditugu, bakoitzean hamaika hausnarketa. Mila esker, bihotzez, elkarrizketatu guztiei. Hasierako asmoetan ez bazegoen ere, kronikak izan da blogeko atalik arrakastatsuenetako bat; hitzaldi, eskola, ikastaro eta beste saioetako 45 kronika idatzi ditugu. Saiatu gara itzulpenetan hizkuntza aniztasuna egon zedin, eta 7 izan dira zuzeneko sorburu-hizkuntzak edo, ezagutzen ez genituenetan, zubi-hizkuntzak: italiera, alemana, katalana, galegoa, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Hala ere, autoreen jatorrietan aniztasun handiagoa izan da, eta arreta handiagoz saiatu gara hizki larriko Historian isilarazitako ahotsak ekartzen. Sorkuntza lan batzuk ere idatzi ditugu, konparazioan gutxi badira ere, eta itzulpengintza nahiz literatur hausnarketari ere lekua egin diogu. Astero-astero jarri dugu zerbait. Blogeko eduki gehienekin taula batzuk egin ditugu (azpian dituzue), argiago ikus zedin zer eman duen atariak.

Zorionez, ez dugu bidea bakarrik egin. Kolaboratzaile zorrotz izan ditugu: Galder Ruiz, Itxaro Borda, Xabi Aizpurua, Joxe Austin Arrieta, Iraitz Urkulo, Maria Colera Intxausti, Garazi Ugalde, Txerra Rodriguez, Elixabet San Sebastian Lasa, Miren Ibarluzea, Irene Hurtado de Saratxo, Nerea Eizagirre, Elizabete Manterola eta Maialen Berasategi. Postaren bat idatzi ez baina iruzkina utzi dutenak ere ez dira gutxi izan; eta, noski, are gehiago izan dira irakurle isilak. Batera zein bestera, nahi gabe ere arrastoren bat utzi duzue gurean, eta zordun gara zuokin guztiokin; harra esnarazi badugu inoiz zuongan, lanak merezi izan du.

Hiru urte bete ditugun honetan, puntuorg izatetik puntueus izatera pasatu gara. Hemendik aurrera, bada, www.elearazi.eus atarian izanen dituzue eduki guztiak. Urtebetez egonen dira helbide horretan, eta gero domeinurik gabe baina sarean segituko du, nahi duenak materiala erabil dezan. Hala ere, beste bide bat ere urratuko dugu. Urte amaierarako paperezko argitalpen bat prestatuko dugu, hiru urteotan kaleratutako zenbait idatzi bildu eta ukitzeko moduan gordetzeko. Aurrerago jakinaraziko dizuegu zer eta nola.

Duela hilabete eman genien agur honen berri kolaboratzaile zein iruzkingileei, eta batek baino gehiagok galdetu zigun ixtearen arrazoiaz. Sinpleki, etapa bat bukatu da. Ez zaizkigu agortu esateko ditugunak, mundu zabaleko autore, sortzaile eta gatazkak agortu(ko) ez direnez. Orain arte bezala jarrai genezakeen beste bi, hiru urtez, baina bizirauteko ez ginen sortu, ekiteko baizik. Plaza hau agortu zaigu, edo, bestela esateko, gu handitu gara plaza honetan ezin kabitzeraino. Plazer handien emailea, plaza, alderik alde urratu eta txiki geratu zaigu. Jarraituko dugu literaturaren eta itzulpenaren bidean, segur aski zuekin ere elkartuko gara inoiz, beste borroka, proiektu, amets edo barraren bueltan.

Bihotz-bihotzez eskertzen dugu irakurle, kolaboratzaile eta adiskideen babesa, zuek izan zaituztegu hauspo. Bidelagun fin edo ez fin izan zareten guztioi, beraz,

Besarkada estu bana.

danele&garazi

 

DANELEREN HITZAK:

Sarritan gertatzen zait bide bat aukeratzen dudala bestela bezala, hausnartuta baina benetan neurtu gabe, hori posible den heinean, hautatutako bide zehatz horrek zer-nolako aldaketak ekarriko dizkidan, zer-nolako penak eta pozak. Jakin gabe etorkizunean nire egunerokoaren puska funtsezko bilakatuko dela, nire buru-bihotzetan hain sakon txertatutako puska, ezen, nekez imajina ditzakedan, zehaztasunez, puska hori artean sortu gabea zeneko garaiak. Oroitzen ditut, oroitzen ditudanez, baina gaur dakidanaz bereizi ezinda, gaur dakidanaz kutsatuta.

Elearazik bete-betean eragiten dit sentimendu hori. Galdetu izan didatenean ea nondik ateratzen ditudan orduak blogerako gauzak prestatzeko (izan ere, bota ditugu bota beharrekoak), beti erantzun izan dut antzekoa, ataria erabat zegoela nire errutinan txertatua, kasik ezin nuela irudikatu zer zen bizitza bat Elearazirako idatzi gabe. Elearazi elikatzeak ezin aurreikusizko moduetan eman diolako nire gogoari eta jarrerari bazka, eta ezin dudalako ulertu nire gaur egungo ni Elearaziri lotuta emandako azken hiru urteok gabe.

Garaziren amuari kosk egin eta blogean buru-belarri sartzea erabaki nuenean noraez ikaragarri batean nengoen, eta, orain, leihoa ixtera goazen honetan, nire bizitzako orekatuena eta oparoenetakoa irizten diodan bolada bat bizi dut. Urte bixiak izan dira, onean eta txarrean, eta hala ere, Elearazi hor eduki dut beti, buruan bueltaka, akuilu paregabe. Hiriz aldatuagatik, maitalez, ohiko tabernaz, lanbidez aldatuagatik, hiru urteotan Elearazik tinko eutsi dio, etenik gabe (barka lartxo erromantikotzen banaiz), irmo itsasargi baten moduan.

Nirekin batera bidea egin duenaz zer esan. Garazirekin eskuz esku lan egiteak adiskide bat ekarri ez ezik lan egiteko modu bat hartzen eta diziplina sendotzen lagundu dit, eta bazkalondo luzeetan edo ordu txikitan baino ateratzen ez zaidan xamurtasunez esango nituzkeen beste hamaika kontu ere eman dizkit. Irakurtzen ari naizen eleberriari hasiera ematen dion aipuarekin amaitu nahi nuke, nahita bilatuta ere nekez topatuko bainuke azken hiru urteotako elkarlanean sumatutako zerbait: “Gizonak lokartzeko joera handia du; berehala errenditzen da oztoporik gabeko atsedenera; horregatik, lagun bat eman behar zaio, kitzikatzeko, bizkortzeko, beretzat demonioarena egiteko” (J.W. Goetheren Faustotik, Elena Ferranteren Adiskide paregabean irakurria –Fernando Rey itzultzaile).

 

GARAZIREN HITZAK:

Idatzitakoak interes handiz irakurri dituzuenoi. Idatzitakoek gogoeta eragin eta kalean eztabaidatu dituzuenoi. Gogoeta eragin eta kimua noiz aterako barruan gorde dituzuenoi. Interesez irakurtzen dituzuela sotilki aditzera eman didazuenoi. Interesik gabe, nik idatziak direlako irakurri eta sotiltasunik gabe behin baino gehiagotan esan didazuenoi. Irakurri ez baina zabaltzen lagundu diguzuenoi. Urteotan ondoan izan zaituztedan guztiei. Segitzeko adorea eman didazuenoi. Idatzitakoetan beste zerbait sortzeko oinarria ikusi duzuenoi. Beste zerbait proposatu didazuenoi. Egindakoa hiltzen utziko ez duzuenoi. Eta batez ere, zuri, Dane, izena laburtu arren elerik gabe sekula geratuko ez zarelako. Mila esker guztioi, bihotz-bihotzez.

 

Edukien taulak

Tags: