Nor gara

Ardi galduak gara. Ez artalderik aurkitzen ez dugulako, ez beltzak garelako. Ez dugu artaldean ibiltzea maite, baina horrek ez du inor espezial egiten, jabetzen gara. Halere, plurala gara, bi. Nor bere nahi eta sekretuekin, nor bere ilusio eta beldurrekin. Zerbaitek lotzen gaitu, ordea, eta hain da lotura hori indartsua non nahita ere, ezin izan baitiogu muzin egin. Itzulpenak du gu biok elkartzearen errua, eta haren bekatuen ondorio da, baita ere, blog hau. Danele eta Garazi deitzen gaituzte batzuek, eta beste hamaika izendapen ditugun arren, horiek ekarri nahi ditugu hona. Izan ere, ongi hasi nahi dugu. Lotsagabekeriak nahi gabe ere etortzen dira.

Hasierako horman diogun bezala, itzulpena, hausnarketa eta sorkuntza izanen ditugu ardatz. Horrek ere ez gaitu espezial egiten, badira baliabideak alor horietako bakoitza ederki jorratzen dituztenak, badakigu. Geurekoiak gara, ordea, eta guk aukeratzen ditugunak jaso nahi ditugu, interesgarritzat ditugun testuak euskaratu eta itzulpenari buruzko hausnarketak plazaratu. Ez gatoz inoren edo ezeren ordezko. Ezta iruzkin profesionalak eta erreferentziaz jositako tesiak aurkeztera. Horretarako bada gu baino hobeki prestaturiko jende andana. Itzulpengintza diziplina artean baino ez dugu ulertzen, harremanean, horregatik komunitate anitz eta zabal horretan gure alea jarri nahi dugu, guzia idatzita omen dagoen honetan ikuspuntua eman. Apalkeriarik gabe, ordea. Bilaketak, gogoetak eta kezkak aurkeztu nahi ditugu, gureak bakarrik ez direlakoan, itzulpengintzan hasiberriak garen heinean eta horren neurrian.

Hau da, hasi aurretik ere badakigu noiz edo noiz hanka sartuko dugula. Lotsatu eginen garela idatzitako zerbaitengatik edo emanen diguten egurragatik. Gabeziak eta ahuldadeak agerian utziko ditugula. Baina guri bost. Horiek identifikatzeko eta garaitzeko tresna ere izan nahi du blog honek. Ikasteko eta irakasteko. Erortzeko eta altxatzeko. Horretarako, esku oro, bere ekarpen, aholku eta kritikekin, ongi etorria izanen da. Gure aldetik, esan behar dugu gogotsu ekin diogula proiektuari, eta konpromisoa hartzen dugula atalak elikatzeko eta egunez egun zerbait txukuna osatzeko. Hitzekin jolastea maite dugu, eta txoko honetan horiek partekatzea, sortzea, bortxatzea eta erabiltzea plazera izanen da. Baina ez dugu bakarrik egin nahi, elearaztea baita helburuetako bat. Irakurleari elea eragin nahi diogu, solas, eztabaida, edo delako formatuan.

Atea jo besterik ez du bertara sartu nahi duen orok. Baliteke berehalakoan ez izatea, baina saiatuko gara hona bidalitakoak prestutasunez erantzuten: elearazi@hotmail.com.

                          Gauaren muturrean, 2012ko martxoan

Page last updated on 2012-01-18 at 13:02