EIZIEk 2010eko Itzultzailearen egunerako kaleratu zuen bideoa dugu hau. Era berean, iazko Zuzentzailearen egunerako Iñigo Roquek idatzi zuen eta haren blogetik lapurtu dugun testua dakargu.
[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=VDdiRq4414w]
Zuzentzailearen Nazioarteko Egunean
(EIZIEk eskatuta, Zuzentzailearen Nazioarteko Egunaren karietara idatzitako testua)
Ikusgaitasuna da itzultzaileen eskarietako bat: badirela agertu nahi dute harro. Jo dezagun EIZIEren batzar nagusian gaudela eta, inoiz ez bezala, bazkide guztiak elkartu direla erabakizun handiak aztertzeko. Hara, hor dituzu itzultzaileak; interprete bat edo beste ere bada, entzungailuetan ezagun zaie, baina zail da zuzentzaileei antzematea… Bolaluma gorririk ia ez da ikusten paparreko sakeletan. Auzo-herrietan ez bezala, hemen zuzentzaileek itzultzaile eta interpreteen lagunarte alegera dute bidelagun; ez, alferrik, gainera, horrek aukera ematen baitie «Zertan egiten duzu lan?» galdetzen dieten bakoitzean «Itzultzailea naiz» erantzuteko.
Hala ere, har dezagun tartetxo bat, eta pentsa dezagun zer erantzungo geniokeen jakin-minez inguratzen zaizun horri. Zuzentzaile garela ihardetsiz gero, susmo txarrei eta harridurari buru egin behar genieke, inondik ere, ez baikara ez «hizkuntzaren poliziakoak», ez Word-eko «zuzentzaile ortografikoak», ez «diktaketak zuzentzen dituzten behialako irakasleak», ez «tinta gorriaren maitale sadikoak». Hartara, ezezka hasiko ginateke, zer ez garen azalduz; txantxa-giroan, seguruena.
Ordea, zer garen badakigulako dakigu zer ez garen. Zer gara, bada?
- testuen mamiaren nahiz itxuraren zaintzaile
- hitz doi eta egokien bilatzaile
- aholkulari eta gomendio-egile
- idazleen aingeru guardako (idazlea idazten duena da, izan koblakari, izan kazetari, izan itzultzaile…)
- idatzietako korapiloen askatzaile
- lotsen estaltzaile
- prebentziozko irakurle
- kalitate-bermatzaile
- izenik gabeko inurri maratz
- testugile eta argitaratzaileen pilula lasaigarri
- etc.
Berriro, ezezkoan. Ez ditugu atsegin akats-markatzaile orojakileak (Buenos Airesen hala ospatzen duten arren gaurko eguna, hirian zehar kalejiran akatsei erretratuak eginez). Ez gara pozten inoren hutsekin. Ez gara zuzentzaile, hobetzaile baizik (Larramendik gu izango gintuen gogoan, beharbada, hitza asmatzean).
Beharbada, ez dugu nazioarteko egunik beharko, Zuzentzailearen Harrotasun Eguna baino, lumak jantzita agertzeko itzultzaile eta interpreteekin ditugun bilera horietara.
Testu hau Iñigo Roquek egina da, eta Mila Garmendiak zuzendua, zeren zuzentzailea ere, idazten duenean, zuzentzaile premian izaten baita.
Iñigo
2012-02-05
Ai, Garazi, Zuzentzailearen Eguneko testua ostu, eta Itzultzailearen Egunekoa dela esan. Garestiago ordainduko dizuete urre-erostunarenean zilarra urregorri dela esanez gero?
Garazi
2012-02-05
Aupa, Iñigo. Egia esan oraindik ere sortze lanetan gabiltza, ez dugu bloga ezagunen artean ere zabaldu. Zurea da aurreneko iruzkina. Izenburuan Itzultzailearen eguna jarri arren, ondoren testuan jartzen du Zuzentzaileen egunekoa dela. Hasieran bideoa bakarrik zegoen, gaur gehitu diot testua, zurean kuxkuxean ibili eta gero. Agian ez nituen biak nahastu behar. Poliki-poliki joanen gara ikasten, baina betiere, jasoko dugun ordainsari bakarra zuen oharrak eta iruzkinak izanen dira. Segi bizkor, beraz!
Iñigo
2012-02-05
Segi, ba, fin lanean!
Nagore
2012-03-12
Kaixo, Danele eta Garazi:
Hemen Iñigo Roquek zuzentzaileen beharraz idatzitakoa:
“Zuzentzaileen ezinbesteaz (Boston, 1901 – Euskal Herria, 2011)” Senezeko 41. alean.
http://www.eizie.org/Argitalpenak/Senez/20110824/Roque
Ea zer iruditzen zaizuen.
Jarraituko zaituztegu.
danelesarriugarte
2012-03-12
Eskerrik asko artikuluagatik Nagore, interesez irakurriko dugu, dudarik gabe.
Ongi izan eta laster arte!