Abdelfattah Kilito idazle eta kritikari marokoarraren azken liburua dugu izenburukoa, Berrian irakurri ahal izan dugunez. Mendebaldearen eta herrialde arabiarren arteko harremana aztertzen du, betiere (neo)kolonialismoa ardatz, ondorio edo kausatzat harturik. Sedukzioa dela dio kolonialismoaren armarik indartsuena, eta hori hizkuntza botereekin lotzen du zuzenean. Autore probokatzaile honek lan eta hausnarketa oparoa egin du itzulpengintzaren arloan, halaber, kolonialismoari begirik kendu gabe. Itzulpengintzaren inplikazio ideologikoaz mintzo da, eta haren azken liburuan, itzulpen etikoa proposatzen du, hots, inplikazio horretaz kontziente izanik baino lortu ezin daitekeena.
Hizkuntza sedukzio tresna bihurtzen denekoa
Abdelfattah Kilito idazle eta kritikari marokoar probokatzaileak, beste zenbaiten aldean, itzulpengintza etikoa proposatzen du, ‘Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo’ liburuan.
Estibalitz Ezkerra
Arabiar munduko idazle eta literatur kritikari interesgarri eta probokatzaileenetako bat dugu Abdelfattah Kilito (Rabat, Maroko, 1945). Denetariko lanak idatzi ditu, dela fikziozkoak dela itzulpengintzari buruzkoak. Edozein delarik ikuspuntua, Kilitok Mendebaldearen eta mundu arabiarraren arteko harremana aztertzen du bere liburuetan, (neo)kolonialismoaren eragina hobeto ulertze aldera. Haren fikziozko lanetan ohikoak dira Mendebaldeko kulturaren sedukzioaren atzaparretan erori edo hari aurre egiten saiatzen diren pertsonaiak. Sedukzioa, Kilitoren hiztegian, kolonialismoaren armarik indartsuena da. Sedukzioaren oinarrian dago norberaren jarreraren gorespena, baina gorespen hori bakarrik da posible baldin eta besteek —gu ez garen horiek, alegia— onartzen badute. Sedukzioa hainbat modutan ager daiteke: «aurrerapen teknologikoa» izena darama batzuetan, «demokrazia» bestetan. Kulturak ere sedukzio ahalmen handia du. Hizkuntza edota literatur tradizio jakin baten handitasuna aipatuko zaigu, gainerakoak bigarren mailan utzita. Azken horri buruz dihardu Kilitoren (Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo, 2002) liburuak.
Esaten dute hizkuntza baten eta dialekto baten arteko aldea zera dela, hizkuntza armadadun dialektoa dela. Armada hori zehazki definitzeko eskatu, eta Kilitok berehala esango digu maila ideologikoan funtzionatzen duela batik bat baina haren eragina ez dela eremu horretara mugatzen. Aitzitik, ondorio materialak izan baditu. Jarraian, beharbada Napoleonek Egipto okupatzerakoan (1798-1801) martxan jarri zuen plana aipatuko digu. Frantzia eta frantsesaren nagusitasuna arabiar mundura zabaltzeko orduan, Egipto indarrez hartzea ez zela estrategia egokia otu zitzaion, herritarren ezinikusia eragingo zuelako horrek. Alde horretatik, askozaz eraginkorragoa iruditu zitzaion egiptoarren adimena konkistatzea. Horretarako, Frantziak Egiptoren kultur ekoizpenari buruzko zertzelada guztiak jakin behar zituen, eta, helburu horrekin, lurraldearen historia eta geografia zehaztasun osoz jasoko zuen entziklopedia osatzeko agindu zuen Napoleonek. Milaka eta milaka testu itzuli zituzten arabieratik frantsesera, Ekialdeko kontuetan adituak ziren akademiko frantsesek (Edward Saiden orientalistak) azter zitzaten. Ondoren, historia hori guztia bere testuinguruan kokatu beharra zegoen, hots, bere burua Grezia eta Erroma klasikoaren ondorengo zuzentzat zuen Frantziaren aldean Egiptok zein toki betetzen zuen. Taktika sotil horrekin frantsesa hizkuntza bihurtu zen, arabiera dialektoaren rolera kondenatuz mundu kolonialean.
Itzulpengintza, batez ere literatur arlokoa, ezagutza asmo zintzo eta osasuntsu batek gidaturik dagoela pentsatzeko joera dugu gaur egun, baina Napoleonen adibideak konplikatu egiten du uste hori. Hastapenetik, itzulpengintza eta literatura konparatzearen jarduera «garaipen» eta «konkista» kontzeptuei lotuta joan da, helmuga hizkuntzak markatu duelako zer den itzuli beharrekoa eta nola ulertu behar den hura. Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo liburuan ezin hobeto aztertzen du Kilitok itzulpengintzaren alderdi ilun hori, baita arabiar munduan izan duen eragina azaldu ere. Izan ere, Europako hizkuntzen aldean arabiera bigarren mailako, hots, «dialekto» moduan aurkeztu izanaren eraginez, mundu arabiarrak itzulpengintzarekiko jarrera atzerakoi samarra agertu du azken hamarkadetan. Napoleonen garaian, pentsalari arabiar asko beren hizkuntza literatura frantsesaren mailako lanak eskaintzeko gai ez zela sinistera iritsi ziren, arabiera hizkuntza konplexua eta zabarra —hau da, frantsesaren ukitu poetikorik gabea— zelako. Alabaina, independentzia osteko urteetan, arabiar harrotasunaren urteak dei genitzakeen horietan hain zuzen, arabiera hizkuntza sakratua zela eta horrek itzulezin bihurtzen zuela defendatzen zuen diskurtsoa nagusitu zen. Sakratua izatearen ideia Korana arabieraz idatzita egoteari zor zaio, jakina. Aldi berean, beste hizkuntzaren batean idatzirikoa arabiarrentzat interesgarria ez zela iritzita, atzerriko literaturaren itzulpenari bizkarra eman zioten.
Beraz, arabiar hizkuntzaren defendatzaileek Napoleonen orientalisten jarrera bere egin dute, mundu arabiarrean kolonialismoa zeinen barneratua duten agerian utziz. Kasu honetan, ez da frantsesa hizkuntza eta arabiera dialektoa; aitzitik, arabiera hizkuntza bihurtu da gainerako hizkuntzak dialekto mailan jarrita.
Napoleonen garaiko orientalisten zein hainbat arabiarren jarrera arbuiagarria iruditzen zaio Kilitori, baina, aldi berean, agerian uzten dute zenbat dagoen jokoan lan bat itzultzen den bakoitzean. Itzuli ez baitira paper gainean dauden hitzak bakarrik itzultzen; prozesu horretan, kultura oso bat (berriro) interpretatzen da helmuga hizkuntzako irakurlearentzat. Interpretazio une hori ez da batere inozentea, baina alde handia dago hizkuntza batetik besterako itzulpen prozesua prozesu zuzen eta gardena dela defendatzen dutenen eta itzulpengintzaren inplikazio ideologikoez kontziente direnen artean. Kilitoren aburuz, azken horiek erakusten duten jarreratik abiatuta soilik irits gaitezke itzulpengintza etiko batera, eta horixe da, hain zuzen, Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo lanean defendatzen duena.
Galdeu
2012-03-17
Interesgarria kultura sedukzioaren ideia. Agian hori izan liteke inoizko kolonizatze modurik sotilena…
Kilitok dioenez, gainerako esparru asko bezala, itzulpengintza ere kolonizatzaile-kolonizatu legearen arabera mugitzen omen da. Edo beste jokaleku batzuetara ekarrita, agian, merkatuen arabera. Maila teorikoagoan, badirudi, xede hizkuntzak erabakitzen duela zer den gainerako hizkuntzetatik itzultzekoa eta zer bazterrean uztekoa.
Gure egoera partikularrean, ordea, irauli egiten da ekuazioa. Euskaratik itzuli beharrekoa markatuko duen xede hizkuntza/kultura/merkaturik ezean, gu geu bihurtu gara nolabait gure buruaren enbaxadore. Azken batean, euskararen oihartzuna gure hizkuntzan hitz egingo ez duten horiengana ere iritsi dadin…
Garazi
2012-03-17
Hein batean ados, bai Kilitoren hainbat jarrerekin bai “Galdeuk” aipatutakoarekin. Sedukzioaren eta itzulpen hautuen harira, bistan da itzulpena ez dela objektiboa, argitaletxeek liburu bat edo beste itzultzeko hautua egitean irizpide politiko, ekonomiko edo sozial batzuek (zentzurik zabalenean) bultzatuta egiten baitute, eta berdin itzultzaileak berak aukeratzen duen kasuetan. Itzulpen prozesuan ere, Kilitok aipatzen duen interpretazioa ematen den heinean, irizpide ideologikoa dago hitz/egitura bat edo beste aukeratzearen artean, estrategia bat edo beste erabiltzerakoan; erabakitzeko ahalmen edo behar (“inplikazio ideologiko” ) horretaz kontziente izatea da garrantzitsuena, ondoren subjektibotasunaren artetik irizpide objektiboenak (edo ez) aplikatzeko itzulpenean. Hamaika izan dira historian itzulpena erabili direnak ideologia jakin bat zabaltzeko, zentsura halako zerbait litzateke, kontrara, eta gaur egun ere, nahiz eta hain esplizituki ez izan, egiten da.
Ez dakit zehazki Galdeu zertaz ari den “xede hizkuntzak erabakitzen duela zer den gainerako hizkuntzetatik itzultzekoa eta zer bazterrean uztekoa” dioenean, baina iruditzen zait kanpo faktoreek asko eragiten dutela zer itzuli eta zer ez horretan: merkatuak, irakurleen profila, sariketak, irudia, gertakari politiko-sozialak… Jakina azken-azkenean hautua xede-hizkuntza/kulturarena dela, “maila teorikoan” Galdeuk esan bezala, baina inondik inora praktikan. Kontua litzateke “xede-hizkuntza” horren atzean zer/nor dagoen zehaztea.
Azkenik, Galdeuren bukaerako parrafoaren harira, esanen nuke enbaxadore bihurtu garela, bai, eta harrotu egin izan garela gure hizkuntza berezi-bakan-jatorrizehatzgabeko-aintzinekoagatik. Horrenbeste oztopo eta egur jaso dugunez eta oraindik ere ari garenez, defendatzaile sutsu bihurtu gara, eta beldur naiz batzuetan ez ote den gure kalterako onerako baino (eta ez da hizkuntzarekin bakarrik gertatzen).
Itzulpenarekin lotuz, gogoetarik ez, galdera bat baizik: euskara beste hizkuntzetara itzultzeak, batez ere auto-itzulpena denean, ez al du kolonizatzaile-kolonizatu dikotomia agerian uzten, pasarteren bat xede-kultura/hartzaileari moldatzen/egokitzen dugunean? Ez al da hori auto-zentsura modu bat? Kontziente al da itzultzailea horretaz?
danelesarriugarte
2012-03-21
Garazik bota duen azken galdera-sorta horren harira, moldaketa potoloez ari gara ezta? Esan nahi baita, pasarte osoen elipsiak, jatorrizkoan ez dauden esaldien gehitzeak, izen aldaketak eta abar. Kasu horietan beti da auto-itzulpena edo itzulpena idazlearen esku-hartze sekretuarekin, izan ere, itzultzaile soila ez litzateke hainbestera ausartuko. Beraz, nik esango nuke itzultzaile-idazlea kontziente dela auto-zentsuraz, nahiz ziurrenik ez dion zentsura deituko, ezpada estrategia, eta agian horixe da arazoa. Idazlea elebiduna da (gutxienez) eta bere eleetako batean idatzitakoa berridazten du bere eleetako bestean. Autoretasunetik itzultzen du eta gogoan du uneoro helburu-irakurlegoa zein den: zer espero duen, zer duen gogoko, zer ez duen aditu nahi, zerk amorraraziko lukeen. Gehiago saltzeko, nazioartekoagoa izateko edo polemika ekiditeko burutuko ditu aldaketak, besteak beste.
Auto-itzulpenaren gaia bera eta, zehazki, auto-itzulpenetan jazotzen diren irregulartasunak liluragarriak dira, testuinguru diglosikoetan batez ere. Duela gutxi Elizabete Manterolak tesia aurkeztu du euskarazko literatura itzuliaren inguruan eta zinez pozgarria da. Etorkizunean bide horri ikertzaile gehiagok heltzea espero dut.