Atal honen helburua da mundu zabaleko idazleak, ezagunegiak izan ez arren guk arras interesgarritzat ditugunak, euskarara ekartzea. Hilero autore bat aurkeztuko dizuegu, zenbait datu biografiko emango eta garrantzitsuena, testuren bat itzuliko dugu. Pasarte laburrak edo poemak euskaratzea da gure asmoa, hartara unean uneko idazlearen literaturaren mokadutxo bat dastatzeko aukera izan dezazuen. On egin, beraz.
Martxorako aukeratu duguna Joy Harjo (Tulsa, Oklahoma 1951) poeta eta musikari estatubatuarra da. Harjo Muscogee nazioko partaidea da eta 1975etik poesia idazten dihardu buru-belarri. Guztira zortzi poesia-liburu kaleratu ditu eta horiei esker hainbat sari eta aipamen jaso ditu. Gainera saxofoia jotzen du, hiru musika-bilduma argitaratu ditu eta Joy Harjo and the Arrow Dynamics Band taldearekin kontzertuak ematen ditu bai AEBetan zein nazioartean. Egun Honolulun bizi da eta irakasle gisa lan egiten du UCLAn (University of California, Los Angeles). Autorearen inguruko informazio gehiago, bere web orri ofizialean.Gaurkoan Harjoren lau poema dakarzkigu, guztiak How We Became Human, New and Selected Poems: 1975-2001 (W.W.Norton & Company, 2002) antologiatik ateratakoak. Gozatu!
AXOLA DUEN GUZTIA
Axola duen guztia hemen dago. Hurrengo milaka urteetan axola izango duen guztia ere hemen egongo da. Urrunean badator duela urte batzuk zinen haurra. Ikusi nola egiten duen barre, tximeleta zuri baten atzetik dabilela.
LUR HAU POEMA BAT DA
Lur hau okre eta harea kiskalizko poema bat da, inoiz idatzi ezingo nukeena, papera zeruaren sakramentua izan ezean eta tinta, aldiz, hemendik milia askotara zerumugan kulunkatzen den zaldi basatien ilara apurtua. Eta orduan ere, idatzitako ezerk axola al die lur, haize eta zeruari?
EMAKUME ARRISKUTSUA NAIZ
Leiho urdin gardenen gailur zorrotzak
nigana datoz
aireportuko bigarren solairutik.
Ertzek dantza egiten dute Sandias-en magaletan
segurtasun zaintzaileen atzetik,
horiek arma-detektatzailerantz agurtzen nautenean.
Emakume arriskutsua naiz.
Makinak zarata egiten duenean diostate
kentzeko gerrikoa
eta hain erraz askatzen dut
non inguruan dagoen gizon baten
behakoa harrapatzen baitut.
(Agian hori da makina kantarazten duen
arma heriozkoa)
Emakume arriskutsua naiz,
baina arma ez dago ikusgai.
Segurtasunak ez du sekula aurkituko.
Ezin dute aditu
nire buru barneko pistolaren hotsa
ITZULTZEN ZAITUT
Aske uzten zaitut nire beldur eder
eta izugarria. Aske uzten zaitut. Nire biki maitatu
eta gorrotatua zinen, baina orain, ez zaitut
nire partetzat hartzen. Aske uzten zaitut
nire haurren heriotzetan izango nukeen
min guztiarekin.
Jadanik ez zara nire odola.
Itzultzen zaitut nire etxea erre zuten soldaduengana,
nire haurrei lepoa moztu, eta nire neba-arrebak bortxatu
eta sodomizatu zituztenengana.
Itzultzen zaitut plateretik janaria lapurtu
zigutenengana, gosez hiltzen geundenean.
Aske uzten zaitut, beldur, irudi horiek
nire aurrean paratzen dituzulako eta ni
sekula itxi ezin diren begiekin jaio nintzelako.
Aske uzten zaitut
Aske uzten zaitut
Aske uzten zaitut
Aske uzten zaitut
Ez naiz haserre egotearen beldur.
Ez naiz bozkariatzearen beldur.
Ez naiz beltza izatearen beldur.
Ez naiz zuria izatearen beldur.
Ez naiz gose izatearen beldur.
Ez naiz asetuta egotearen beldur.
Ez naiz gorrotatua izatearen beldur.
Ez naiz maitatua izatearen beldur.
Maitatua, maitatua, maitatua, beldur.
O, ito ninduzun, baina nik eman nizun uhala.
Erraiak atera zenizkidan, baina nik eman nizun aiztoa.
Irentsi ninduzun, baina neu etzan nintzen suan.
Nire burua berreskuratzen dut, beldur.
Ez zara jada nire itzala.
Ez zaitut nire eskuetan eutsiko.
Ezin zara bizi nire begietan, nire belarrietan, nire bozean,
nire zilborrean edo nire bihotzean nire bihotzean
nire bihotzean nire bihotzean
Baina zatoz hona, beldur,
Ni bizirik nago eta zu biziki beldur zara
hiltzearena.
martxoa 11, 2012 @ Danele