Zenbat buru hainbat aburu

martxoa 11, 2012 @


Unamunok, beste zenbaiten gisara, euskarari hileta duin bat eman nahi izan zion, gure hizkuntzak ezin omen baitzion aurre egin garai modernoei. Gaur egun, aski argi dakigu hori ez dela hala, eta bereziki hizkuntzaren beraren kanpoko arrazoiengatik nahi beste ez bada erabiltzen ere, badakigu medikuntza, filosofia, zuzenbidea, fisika eta hizkuntzalaritza gisako arlo espezifikoen inguruan euskaraz mintzo gaitezkeela. Batzuetan sortzea egokitzen bazaigu ere, gehienetan itzuli egin beharko ditugu jakintza eremu bateko hitz zehatz eta zientifikoak. Hori kasuan kasuko arloko euskal adituek berek egin izan dute askotan, eta beste hainbatetan, itzultzaileok heldu behar izan diogu erronkari. Horri buruzkoa izanen da hileroko hausnarketa tarteari hasiera emanen dion gaia.

Sarri, gainera, nahiz eta terminoa guk geuk sortu behar izan ez, aski da interneten kuxkuxean ibiltzea ordain egoki, ongi osatu eta bateraturik ez aurkitzeko. Zortea badugu, euskaraz erabili izan dela ikusiko dugu, eta orduan, erabilitako hori zuzenean har dezakegu eta gehiegi pentsatu gabe eman; eratorpenen kasuan, atzizkia aldatu diezaiokegu, edo hitz-elkarketa bada, hitzetako bat; eta bestela, dagoena gustuko ez badugu, guk geuk sortu. Erroturik dagoen eta erabilpen aldiak aintzat hartu beharko ditugu, baita ere. Hala ere, ezer baino lehen, ordaina aurkitu behar dugu, eta horretarako, non eta nola bilatu jakin behar. Hiztegi, datu-base eta korpusetan deus ez bada, arloan espezializatutako komunitatean galdetzea onena, horretarako aukera izanez gero.

Gaurkoan, ordea, bai dagoena gustuko ez dugulako (arrazoitutako gustua, jakina) bai aurkitu ez dugulako edo egon ez dagoelako neologismoa guk geuk sortzeari buruz mintzatuko gara.

Aspaldi, teorialariak itzulpen metodoaren bila aritu ziren, bera eta bakarra balitz bezala, aspaldi eta orain ere zientzietan gertatzen den moduan, egia (teorikoa, morala eta beste) lortzeko, hots, ditxosozko baliokidetasuna, gurean. Gaur egun, ordea, badakigu ez dela metodo bakar eta absoluturik, baizik eta itzulpen estrategiak eta prozedurak ditugula, eta itzulpen motaren arabera kasuan kasukoak aplikatu beharko ditugula, modu inkontzientean askotan, eta koherentzia gordez, betiere. Alta, terminologia itzultzeko orduan, koherentziaz ahantzi egiten gara, eta maiz kontzeptu berari erreferentzia egiten dioten bi termino (edo gehiago) erdi finkatzen dira lexikoan.

Prozedura horietakoren batzuk aipatze aldera, mailegua (eta horren barruan kalkoa) estandar deitzen den jatorrizko horretatik hurbilago legoke, eta eratorpena eta hitz-elkarketa, berriz, urrunago. Ez gara hasiko batzuen eta besteen arteko aldeak, onurak eta oztopoak azaltzen, aski ezagunak direlakoan, baina aipatu nahi dugu, ordea, bi joera nabarmentzen direla. Batetik, estandarra omen den hori euskararen beharretara (fonologikoak, usu) egokitzea; bestetik, hitzak zer esan nahi duen aintzat hartu, eta euskarak dituen baliabideekin ordaina ematea. Horrela sortu dira, esaterako, krustazeo eta oskoldun bikotea.

Ez da ariketa zaila, Euskalbar tresnari esker, horiei buruz hiztegiek zer dakarten ikustea. Elebidunekin hasteko, Euskaltermek bi hitzak ematen ditu, aski nahasmenaz; “oskoldun-hazkuntza” deritzo lanbide heziketako modulu bati, baina “krustazeo-hazle” izendatu zuen lanbidea Langai enplegu sailak. Elhuyarrek krustazeo ematen du, Zehazkik bai krustazeo bai oskoldun. Elebakarrei erreparatzen badiegu, Batuak biak dakartza, eta sinonimotzat ditu; Orotarikoan ez da bat ere ageri. Gaur egungo entziklopedia nagusiak, Wikipediak, alegia, biak sarrera bakarrean aurkezten dizkigu, hori bai, “krustazeo” izenburupean. Ereduzko Prosa Gaur kontsultatuz gero, oskoldun da nagusi, 8 sarrerekin (4 liburutan eta beste horrenbeste prentsan), krustazeoren 2 agerraldien aldean (bana).

Eta zein aukeratu? “Oskoldun” hitza eta ez terminoa dela esanen dute batzuek, are eskolakoa dela eta zientifikotasuna falta duela. Zergatik, baina? Noren estandarizazioa da “krustazeo” hitza? Gaztelerarena (crustáceo) eta frantsesarena (crustacé) baliteke, baina ez alemanarena (krebstiere), adibidez. Ondo-ondoan ditugun erdarek emanen al digute irizpide zilegi bakarra terminoak sortzeko? Ingelesa izanen da jarraitu beharreko unibertsala? Zer argibide ematen digu “krustazeo” adierazleak adieraziari buruz? Batere ez, esanen nuke, ez bada gaztelera edo frantsesa jakitearen bidez heltzen zaiguna. “Oskoldun” hitzak, ordea, argi esaten du oskola duen zerbait dela, esanahi zehatza ez badakigu ere. Zenbaitek esanen du nahasmena sor lezakeela hizkuntza nagusietan erabiltzen den terminoa bat ez etortzea euskarakoarekin. Hitzak berak adieraziari buruzko informazioa ematen badu, ez dugu uste halakorik gertatuko denik. Nolanahi ere, badaude moduak hori saihesteko; aski da aurreneko aldiz testuan agertzean parentesi artean jatorrizko hitza jartzea, terminoa finkatzen den arte.

Ez da gure asmoa eratorpenaren eta garbizalekeriaren apologia egitea. Maileguak eta kalkoak egunero ditugu ahoan, eta ez diegu muzin egiten (konta beza irakurleak, bestela, zenbat ageri diren gogoeta labur honetan). Terminologia hitza bera neologismo hibridoa dugu. Batetik, “terminus” latinetik dator, eta ekintzak bukatzen edo egiten duen hori adierazten du; bestetik, grekotik datorren “logia” hitza bera eratorpena da, “logos” (hitza, adierazpena) eta “-ia” atzizkia (ekintza) elkartuz, diskurtso adiera duena. Bide batez, terminologia hitza, ondoko erdaretan ez ezik, antzera osatu da turkieraz, alemanez, nederlanderaz eta suomieraz ere, besteak beste. Esan dezagun, bada, krustazeo-oskoldun alderaketarekin gogora ekarri nahi dugula ez dagoela bide bakarra. Izan ere, maiz bide errazenera jotzen dugu (ez al da hori unibertsaltasunaren gainetik benetako arrazoi!), eta ondorioz, idatziak betetzen zaizkigu aurreko batean irakurritako “gentrifikazio” gisakoekin.

Lehen aipaturiko tradizioari ere begiratu behar zaio noiz edo noiz.  Besteak beste, historiako terminoak hartzen baditugu, arlo horretan ere nahas-mahasa handia dela ikusiko dugu. Belaunaldia, izengoitia eta erresuma gorabehera, Antso, Karlos, Joana eta Luis omen dira erroturiko izenak, nahiz eta beste aukerak ere badiren. Egun badirudi joera orokorra atzerriko izen bereziak bere horretan uztea dela (hala ere, oraindik ez da modu bateraturik azentu-markei eta deklinabideari dagokionean), baina joera ez zen bera duela zenbait urte, eta horrela heldu zaizkigu guri; alferrik gabiltza, beraz, egungo arau eta joerei egokitu eta lehenengoak aldatu nahian. Gainera, historiako terminoak gaur egungo moldeen aurka doazelako aldatzen hasiz gero, gauza bera eta arrazoi handiagoz beharko genituzke aldatu duela ez horrenbeste gaizki eratu eta bolo-bolo dabiltzan beste batzuk ere, lurraldetasun eta bakegintza, kasu.

Era berean, kontuan hartu behar dugu lehen hitz berezitua zena egun kale hizkeran erabiltzen dela, eta baita alderantzizko noranzkoan ere. Horrela, bada, “erresonantzia” hitz berezitua zena etxean nahiz kalean entzuten dugu; eta “artikulu” hitzarekin zabalkuntza semantikoa gertatu da, dekretu eta zuzenbide testuetan aurki dezakegu, nahiz eta ez duen egunkariko beste adiera galdu (beste adibide batzuk dira “sagu” eta “alor”). Badira beste zenbait termino erabiltzen ez ditugun arren, komunikabideen bidez sartu eta ezagutza pasibokoa zaiguna, “inflazio”, kasu. Hasieran neologismo zirelako arrotz zitzaizkigun hitz aunitz guretu ditugu, bai mailegu eta kalko, bai eratorpen eta hitz-elkarketa bidez. Hona adibide sinple bat:

 ADITZERA
Jainkoak daki zer oker  ikaragarriyak  gertatu  litezken  Probintzi  ontan,  ill  onen  26-ean, Paristik-Madrilla, gure kamiyo errialetan, chimista bezela pasako diran automovil  izena duten eta, baforiaren bidez, neurririk gabe korritzen duten gurdi edo koche mota berriyakiñ.
Ala,  nere  aldetik  eragotzi  nairik  alegiñ  guztian,  desgrazi  edo  doakabe  oyek,
debekatzen  det,  osoro,  Probintziako  kamiyo  errialetan  egun  ortan  ibilltzea,  goizeko seyetatik  arratseko  zortziyak  arte,  persona,  animali,  gurdi  eta  beste  orlako  edozeiñ gauz, Beobiya, Irún, Errenteriya, Donostiya, Lasarte, Andoaiñ, Billabona, Irura, Tolosa, Alegriya,  Ikaztegiyeta,  Legorreta,  Isasondo,  Villafranka,  Beasain,  Idiazabal  eta Echegarate-ko mugaraño.
(Tolosako Udalak 1903an eginiko bandoa)

Azkenik, iruditzen zaigu itzulpenaren eta terminologiaren arteko harremana simetrikoa dela; terminologia beharrezkoa bada itzulpengintzarako, alderantzizkoa ere esan daiteke, alegia, itzulpena beharrezkoa dela terminologiarentzako. Itzulpenari esker sortzen baitira hitzak euskaraz, elikatzen eta aberasten hiztegia. Hala ere, noizbehinka badirudi hiztegi hori puztearren edonola sortzen ditugula terminoak, edonola ematen ordainak, atzorako zen lanak larrituta. Alta, Unamuno lurperatzen saiatu zen hizkuntzaren mesedetan, egin dezagun guziok, adituek zein itzultzaileek, ahalegin bat terminologia zehatz, bateratu eta osasuntsuaren alde.

Sakontzeko:
•    Agirre García, Jaione (2002). Historia idaztean eta irakastean sortzen diren terminologia arazoak eta proposamenak egin beharra: errege-erreginen izenen adibidea. http://www.ei.ehu.es/p289-content/eu/contenidos/informacion/euskara_inst_jardunaldiak2002/eu_jard2002/adjuntos/11.pdf
•    Aierbe Mendizabal, Axun (2001). Teknolekto ugari baliatzen duten hizkerak. http://www.euskaltzaindia.net/dok/ikerbilduma/70505.pdf
Eskerrak:
Testu hau loratzen lagundu du Aritz Irurtzun irakasleak unibertsitateko klaseetan jarritako kimuak; hala ere, autoreari dagozkio oker eta gaizki esanak.