Rafeef Ziadah: indar hunkigarria

martxoa 16, 2012 @


rafeef

Rafeef Ziadah ekintzaile eta poeta palestinarraren errezitaldi batekin gatoz oraingoan, euskarazko azpidatziekin. Ingelesez ulertzen ez dutenentzat ere soinua pizturik entzutea gomendatzen dugu, indar ikaragarria baitu. Orain gutxi Argiak autore beraren beste poema bati jarri zizkion azpidatziak: http://www.argia.com/multimedia/bideoa/bizitza-irakasten-dugu-jauna. Zein baino zein hunkigarriagoa.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=cnqd0dfuP6w]

Letra:

Amorru tonuak

Poema hau unibertsitatean zuzeneko ekintza batean ari ginela idatzi nuen; han baziren palestinarrak eta soldadu israeldarrak, eta… ni oso zekena naiz kontu hauetan, beraz, esan nuen, “palestinarra izango naiz, uko egiten diot kolono edo soldadu izateari”. Beraz, lurrean etzanda nengoela, gizon bat hurbildu eta sabelean ostikoa jo zidan, eta zera esan zidan: “bortxa zaitzaten merezi duzu, haur terroristez erditu aurretik”. Orduan ez nuen deus esan, baina ondoren poema hau idatzi nuen gizon gazte harentzat:

(arabieraz)

Utzi neure arabiar hizkuntzan mintzatzen, hizkuntza bera ere okupatu aurretik.

(txaloak)

Utzi neure ama hizkuntzan mintzatzen, haren memoria ere kolonizatu aurretik.

Koloreko emakume arabiarra naiz, eta amorru tonu guztietan gatoz.

Aitonak egunsentian esnatu eta amona belauniko errezatzen ikusi beste nahirik ez zuen, I-Iaifa eta Haifa artean ezkutatutako herri batean.

Ama olibondo baten pean sortu zen, dagoeneko nirea ez dela dioten lurrean, baina haien hesiak, haien kontrolak, haien apartheid madarikatua gurutzatuko ditut, eta nire sorterrira itzuliko.

Koloreko emakume arabiarra naiz, eta amorru tonu guztietan gatoz.

Eta entzun al zenuen nire ahizpa oihuka, atzo, kontrol baten erdian erditzen ari zela, eta soldadu israeldarrak haren hankarteari begira zeudela, hurrengo mehatxu demografikoaren zain?

Janine deitu zion neskatxari. Eta entzuten al duzu Amne Mona oihuka, haien kartzelako hesien atzean, bere ziega negar-gasaz betetzen zuten bitartean?: Palestinara itzultzen ari gara.

Koloreko emakume arabiarra naiz, eta amorru modu guztietan gatoz.

Baina, zuk esaten didazu nire barneko umetoki honek zure hurrengo terrorista besterik ez dizula ekarriko?

Bizarra soinean, pistola astintzen, buruko toalla, hondarrezko beltza. Diozue neure haurrak hiltzera bidaltzen ditudala, baina horiek zuen helikopteroak dira, zuen F-16ak, gure zeruan.

Mintza gaitezen une batez terrorismoaren negozioari buruz.

Ez al zituen CIAk hil Allende eta Lumumba?

Eta nor izan zen lehena Osama prestatzen? Nire aitona-amonak ez ziren alde batetik bestera pailazoen gisara ibili, kapa zuriak eta txano zuriak buruan, beltzak lintxatzen.

Koloreko emakume arabiarra naiz, eta amorru tonu guztietan gatoz.

Nor da emakume beltzaran hura, protesta batean oihuka, barka, ez al nuke oihukatu behar? Ahaztu al dut zuen amets orientalista oro izatea?

Botilako jeinua, sabel dantzaria, hareneko neska, ahots eztizko emakume arabiarra. Bai, jauna, ez, jauna. Mila esker zure F-16etatik erortzen ari zaizkigun kakahuete kremazko sandwichengatik, jauna.

Bai, hemen dira askatzaileak nire haurrak hiltzeko eta horiei albo-ondorio deitzeko.

Koloreko emakume arabiarra naiz, eta amorru tonu guztietan gatoz.

Beraz, utzi zerbait esaten, nire barruko umetoki honek zure hurrengo matxinoa besterik ez dizu ekarriko; esku batean harri bat izanen du, eta bestean Palestinako ikurrina.

Koloreko emakume arabiarra naiz, kontuz, kontuz, neure amorruarekin.

Rafeef Ziadah – Amorru tonuak