Itzultzaileak mintzo: Elizabete Manterola

apirila 9, 2012 @


OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Bigarren solasaldia labealdi berriko itzultzaile batekin egin nahi izan dugu, hain zuzen, guk bezala itzulpengintza ikasketak burutu dituen norbaitekin. Elizabete Manterola (Orio, 1982) Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna da Bartzelonako UABean eta azkenaldian EHUn dihardu irakasle lanetan. Otsailean aurkeztu zuen euskarazko literatura itzuliaren inguruko doktore-tesia Gasteizko Fakultatean eta egindako ikerketaz eta beste zenbait kontuz mintzo zaigu honako elkarrizketan.

Elearazi: Behin baino gehiagotan esaten da itzulpena zerbait praktikoa dela, eginaren eginez hobetzen dela. Halere, lagungarria al da itzultzailearentzat itzulpenari buruzko teorizazioa? Zertan lagun dezake ofizio edo bokazioari buruzko hausnarketak eta teoriak?

Elizabete Manterola: Eguneroko jardunean teorizazioa beharrezkoa ez dela pentsatzea oso ohikoa da, eginaren eginez hobetzen baita jarduna, noski.

Itzulpen Ikasketa Deskribatzaileen baitan errealitatea deskribatzea izaten da egiteko nagusia, eta hortik teorizatzea. Errealitate horren ezagutzak hausnarketa bultzatu dezake eta egiten dena zergatik eta nola egiten den ikusarazi. Hori horrela izanik, ofizioari mesede egiten diezaiokeelakoan nago.

E: Itzultzaileari buruzko beste uste bat da ordenagailu aurrean dagoen pertsona bakarti hori. Euskarara ekarritakoaren kritika eskasa den honetan, nola hobetu, bakarka egiten den ariketa bada? Itzultzaile edo zuzentzaile laguna zamatu beharko al dugu iritzi eske?

E.M: Itzultzailea, ordenagailu aurrean bakarrik egoten da. Baina eskura ditu hainbat baliabide, itzulpen-foroak, esaterako, beste hainbat itzultzailerekin harremanetan jartzeko. Ohiko beste hainbat baliabiderekin batera (hiztegiak, corpusak, etab.), itzultzaile lagun, ezagun zein ezezagunen laguntza oso eskura daukagu gaur egun, eta oso erabilgarria dela iruditzen zait, beharrezkoa hainbatetan.

E: Forma vs ideia, etxekotzea vs arroztasuna, jatorrizkoa vs itzulpena… badirudi beti daudela elkarrengandik urrun diruditen bi bide, eta  itzultzaileak  bat eta bakarra hautatu behar duela, koherentziaren mesedetan.

E.M:Bizitza honetan guztiari bilatzen dizkiogu bi aurpegi, iluna eta argia, eguna eta gaua, aurkia eta ifrentzua … baina eskarmentuak erakusten digu zuria eta beltzaren artean ñabardura asko daudela. Batzuetan mutur batetik gertuago joko dugu; beste batzuetan beste muturrera lerratuko gara. Baina ez dugu joera bat eta bakarra hautatuko gure jardun osoan.

E: Itzulpenak fama txarra du oraindik ere, nahiz eta oztopo eta aurreiritzi asko gainditu diren. Itzultzaileen ikusgarritasun eza ere nabaria da, Euskal Herriko argitaletxe batzuetan oraindik ere ez da haien izena azalean jartzen. Hala ere, literaturan daukate itzultzaileek sona gehien. Nola ikusten duzu egoera?

E.M:Itzulpenaz hitz egiten dugunean, sarritan, literatur itzulpenari soilik egiten diogu erreferentzia, eta ahaztu egiten dugu linguistikoki oso konplexua den gure gizartean oinarri-oinarrizkoa dugula itzulpena. Ikusten ez den jarduera da gurea, noski.

Uste nahiko zabaldua da bi hizkuntza jakinez gero itzultzeko gai izatekoa. Horretan jarriz gero, ordea, berehala ohartuko gara mekanismo batzuk behar ditugula, baliabide egokiak hizkuntza batetik bestera igarotzeko, etab.

E: Duela gutxi itzulpengintzaren inguruko doktore-tesia aurkeztu duzu, euskarazko literatura itzuliaren inguruan. Hasteko zorionak egindako lanagatik. Bigarrenik, ezer gutxi landutako gaia da aukeratu duzuna. Zeintzuk izan ziren proiektuaren hastapenak? Zergatik erabaki zenuten gaiari heltzea?

E.M: Eskerrik asko, lehenik eta behin. Proiektuaren hastapena 2005 hasieran kokatu behar dugu. Itzulpengintzari loturiko doktorego programa egiten hasi nintzen garai hartan eta euskara eta itzulpengintza uztartzen zituen proiektu bati heldu nahi nion. Tesi zuzendari izan dudan Ibon Uribarrik metodologiari buruzko ikasgai bat eman zigun, eta euskal itzulpengintzaren alorra jorratu nahi nuenez han hasi ginen euskaratik zer itzuli zen aztertzen. Orduan definitu genuen ikerketaren abiapuntua: euskaratik beste hizkuntzetara zer itzuli den ezagutzea. Orduan oraindik ez zegoen lan askorik gaiaren inguruan eta egokia iruditu zitzaigun itzuli denaren ikuspegi orokor bat eskaintzea.

E: Euskaratik itzuli diren obra asko biltzen dituen katalogo mardula osatu duzue. Nolakoa izan da, oro har, prozesua?

E.M: ELI katalogoa izena eman diogu eta euskaratik beste hizkuntzetara itzuliriko lanak bildu nahi izan ditugu bertan. Oraingoz itzuliriko liburuak soilik bildu ditugu. Datu-bilketa ez da lan erraza izan, hainbat hizkuntzatako eta hainbat herrialdetako datu-base zein katalogoak izan ditugu abiapuntu. Oso iturri gutxik eskaintzen dute jatorrizko hizkuntza soilik zehaztuta bilaketa egiteko aukera; hortaz, ahal bezain bilaketa sakonena egiten saiatu garen arren, ezin ziur egon itzuli den guzti-guztia bildu dugunik.

E: Aurrerantzean baliagarria izango da, oso, tresna hau. Non topatu dezakegu eta nola erabiltzen da? Zeintzuk dira katalogo osatzetik ateratako ondorio behinenak?

E.M: Gure asmoa katalogoa edonoren eskura jartzea da, interneten. Berandu baino lehen saiatuko gara datuak bertara igo eta eguneratuta mantentzen. Katalogoa osatu ostean hainbat azterketa egin ditugu: autoreen arabera, xede-hizkuntzen arabera, izenburuka, generoka, etab. Ondorio ugari atera daiteke datuetatik: lehenik eta behin, hainbat itzulpen mota identifikatu dugu (autoitzulpena, kolaborazioa, itzulpen alografoa eta zuzeneko edo zeharkako itzulpenak). Aipatu itzulpen motak, gainera, xede hizkuntza bakoitzaren arabera sailka daitezke: gaztelaniaz topa daitezke, esaterako, autoitzulpenak (frantsesez ere bai, bat edo beste); gainerako hizkuntzetara lanak zuzenean ala zeharka itzuli dira. Bestalde, autoreei dagokienez, Atxaga dugu gainerako idazleekin alderatuta gehien itzuli den autorea. Generoei begiratuz gero, HGL itzuli da gehien, nabarmen.

E: Esan bezala, Bernardo Atxagaren obrak landu dituzu bereziki eta autoitzulpena, kolaboraziozkoa eta itzulpen alografoa aztertu dituzu, besteak beste. Azalduko diguzu apur bat nondik nora doan bakoitza? Zein kasutan ematen dira?

E.M: Hiru itzulpen bide horiek topatu ditugu gaztelaniara eginiko itzulpenetan eta hiruren artean zein alde egon daitekeen ikusi nahi izan dugu. Autoitzulpenean autorea da testua hizkuntza batetik bestera eramatearen arduraduna; itzulpen alografoan, ordea, beste itzultzaile batek du testua itzultzeko ardura. Katalogoaren azterketan, bi itzulpen bide horiek antzerako proportzioan erabiltzen direla ikusi dugu. Azkenik, autorea eta itzultzailearen arteko elkarlana ere topatu dugu, nahiz eta neurri apalagoan agertzen den.
Katalogoan ikusi dugunez, autoitzulpenak batez ere gaztelaniara egiten dira, nahiz eta baden frantsesera eginiko autoitzulpen bat edo beste ere. Gainerako hizkuntzetara itzulpen alografoak soilik topatu ditugu.

E: Azalduko al zeniguke, labur-labur bada ere, zure ikerketaren ondorio nagusiak zeintzuk izan diren?

E.M: Ondorio ugari atera ahal izan dugu eta ikerketa bide ugari geratu zaizkigu irekita proiektua behin amaituta. Batetik, autoitzulpena, kolaborazioa eta itzulpen alografoaren arteko alderaketa egin nahi izan dugu Bernardo Atxagaren hainbat testurekin eta ez dugu alde nabarmenik topatu. Atxagak berak beti hartzen duenez parte, nolabait, gaztelaniaratze prozesuan, ezin itzulpen alografo garbirik aztertu dugunik esan. Zer esan nahi du horrek? Paratestuek ez dutela beti-beti itzulpen bidea ongi erakusten. Bestalde, zuzeneko eta zeharkako itzulpenei dagokienez, batzuk zein besteek, nahiko gertutik eusten diote erabiliriko jatorrizkoari. Atxagaren lanetan, zeharka itzultzea izan da arau nagusia.

Kontuan izan behar da, azkenik, euskaratik gainerako hizkuntzetara egiten diren itzulpenak hizkuntza diglosiko batetik egiten direla eta errealitate horrek nolabaiteko eragina duela beste hizkuntzekin harremanetan jartzean.