Ez pinturarik, ez oihalik, ez buztinik. Gorputza bera da performance egile guatemalar honen hizkuntza artistikoa. “Zintzoa izan behar dut: ez dakit margotzen, ez marrazten, eta ez nintzen arte eskola tradizional batetik igaro, bat-batean heldu nintzen, eta adierazpen garaikideekin egin nuen topo”, zioen Centroamérica21 aldizkariak egindako elkarrizketan. Hamar metroko garaieran zintzilikatu zen Guatemala Hiriko kale nagusi batean, bere poemak errezitatu eta begira zituen ikusleei botatzeko. Giza odola erosi eta Konstituzionaltasun Gortetik Jauregi Nazionalerako bidea egin zuen isilik, urrats bakoitzean oinak odolaz beteriko ontzian busti eta aztarna gorriak utziz, Gerra Zibilean hildako milaka guatemalarren omenez. Ebakuntza egin zioten, himenak lehengo egoera har zezan, egunkarian “birjinitatea itzultzen dizugu” zioen iragarkia ikusi eta gero. Biluzik, plastikozko poltsa garden batean sartu, eta zabortegi batean bota zezaten utzi zuen. Aiztoaz perra hitza idatzi zuen izterrean. Ospitale psikiatriko batean bizi izan zen hiru egunez, alkandora hertsigarria soinean. Halako hamaika ekintza egin ditu, eta bideoz grabatu; guztiek dute helburu bera: gizarte kontserbakorrari kritika egitea, eta Guatemalan emakumeek bizi duten egoera gizarteratzea eta salatzea, batez ere.
Ekintzaren aurretik, ordea, poemak idazten zituen; handik etorri zitzaion gorputzaren bidez adierazteko eta eragiteko erabakia. Ekintzaren alde egin du, azkenean, “horrek dakarren adrenalinarekin” geratu da. Nazioartean sariak jaso ditu egindako performance ikusgarriengatik. Orain artista honen obrak Artiumen ikusteko aukera izan dugunetako anitzek, beste behin ere, lotsa-edo sentitu genuen, gure ezagutzaren mugak zeinen estuak diren ohartzean. Oilo ipurdia du izena erakusketak, eta ez da gutxiagorako; langileen nazioarteko egunera arte duzue ikusgai. Bertaratzea ezinezko baduzue, ekintza guztien argazki eta azalpenak daude Galindoren webgunean. Alta, atari horrek ez ditu gehienbat autore anitzen antologietan plazaratu dituen poemak biltzen, eta, horregatik, hemendik eta handik berreskuratu ditugunak dakarzkizuegu, itzulita. Artista gaztearen indarra islatzen dute letrek, eta gehienek zerbait bortitza eta lazgarria adierazten dute.
Mina beharrezkoa dugulako eta usu nahi gabe ere bilatzen dugulako, on egin.
CIPRAMIL
Egunero zu suntsitzen jarraituko dut
Dosi bakoitza bala bat izanen da
haragian sartuko zaizu
hezurrak hautsiko dizkizu
larritasuna bikoiztuko dizu
Nik hurbiletik ikusiko dut nola egiten duzun intziri
nola darizun odola
eta zorte pixka batekin
hiltzen ikusiko zaitut
Orduan, ahoa zabalduko dut
hortzak estutuko ditut
eta munduari irribarrea oparituko diot
hildako depresioaren oroimenean.
****************************
Heriotzak ez du metaforarik
sinplea eta argia da
funtzionatzeari uzten diozu
zut geratzen zara osotasunaren erdian
erlojuak
-bitartean-
funtzionatzen jarraitzen du
****************************
Amonak ez zidan utzi
panpina bat
bitxi bat
maite zaitut bat
utzi zidan
-ordea-
herra anitz
zapi gorri batean bildurik
idatzi honekin:
pertsonala eta eskualda ezina
****************************
Nire garunak barruan darama
deskonposizio egoeran dagoen masa bat.
Putreek
mo-ko-ka-tu
mo-ko-ka-tu
mo-ko-ka-tu
Poliki-poliki
burezurra urratuko dute
eta mokoak sartuko dituzte.
Orduan izanen da eguna, oturuntza handia
azken korroka
amai ona.
****************************
Nire erraietara zapaldurik
dirau
Orain dela urtebete bizi da nirekin
nire odola zurrupatzen
nire izerdia
nire sexua.
Abortatzen saiatu naiz
baina maitasun honek
ez du heriotza ezagutzen.
****************************
José banintz
-José baino ez-
ez nuke zakil atrofiatu hau
bularrak hondoratuko lirateke
ilez estaliko nintzateke.
Ez nieke bortxaz larrua joko
ezta haien ipurdiei begiratuko.
José banintz,
berdin-berdin nintzake zakar,
eta ez nintzateke Reginarekin maiteminduko.
****************************
Betiko leloa naiz
ahotsen oihartzuna bezala
ilargiaren aurpegia.
Bi titi ditut
-ñimiñoak-
sudurra luzanga
herriaren garaiera.
Miopea,
hizkuntza arruntekoa,
ipurmasail eroriak,
azal laranja.
Ispiluaren aurrean jarri
eta masturbatzen naiz.
Emakumea naiz,
arruntena,
arrunten artean.
****************************
Nik, nire titiburuen argi-koroetan baino sinesten ez duenak
eta zuriak etxeko paretak baino ez dituena
eta sudurretik sartzen ditudan marrak
Gorroto dut inork aingeru deitzea.
Nik, nahi dudan bakarra sua denean.
****************************
Jainkoak esan zuen:
“Ohoratu aita-ama”
Ni
isilik nago
eta saiatzen naiz.
****************************
Nire heriotzaren eguna gogoan izan ez dezazun,
gauez suizidatuko naiz.
****************************
Poesia barruan daramat
norbaitek
-bere buztantxo tenteaz-
sartu zidan.
****************************
Izua
zuri itsusi iruditzeari
tuntuna iruditzeari
puta iruditzeari
iruditzeari
batez ere
iruditzeari
****************************
Orain dela hogeita hamasei urte
aitak
kolpeka erail zituen
amaren ametsak.
Ordutik
preso dago
biziarteko kartzela zigorra ordezkaezina
betetzen.
****************************
Amodioaren
memoria
ezhistorikoa
denez,
berriz
onartu zintudan.
Berriz okertu nintzen.
****************************
Poetek hitz leunak erabiltzeko
ospea dute
maitasunaz mintzatzeko, malenkoniaz,
zeru urdinez, zeruertz lausoaz.
Edo ni ez naiz poeta
edo zalantzan jartzen ditut kideak.
Hau lotsa lotsarik ez ematea
diodanak.
Honek ez du balio, diote.
Ez da poesia makinez mintzo naizelako.
Sukaldeaz
lan egin nahi ez denean.
Nik sentitzen dudana besterik ez dut idazten
eta guztia da poesia, niretzat berdin
balio dutelako euriaren tanta batek
eta ke beltzak.
Orain bai! mozten didate.
Euria poesia-objektu da
Diesela, herri-arazoa.
****************************
Poeta lanbidea.
Eskerrak.
Horrela nire burua iraganarekin
itsu-itsuan zigortu
eta bakarrik negar egin beharrean
ingurua bezain grisa den makina baten aurrean
eseri naiteke
hatzak arin mugitu
eta guztia kaka zaharra dela esan.
****************************
Nire eskuarekin aski dut
berak ez nau azpiratzen
ez nau proban hartzen
nire puntua ezagutzen du
indar zehatza
erritmoa
bat bi hiru lau bat bi hiru
lau bat bi hiru lau bat bi
hiru lau bat bi hiru lau bat
bat bi hiru lau bat bi hiru lau bat bi hiru lau bat bi hi
ru lau bat bi hiru lau bat bi hiru lau bat bi hiru l
au bat bi hiru lau bat bi hiru lau bat bi hiru lau bat bi hiru
lau bat bi hiru lau bat bi hiru lau bat bi hiru lau bat bi
hirulaubatbihirulaubatbihirulaubatbihirulaubatbihirul
aubatbihirulaubatbihirulaubatbihirulaubatbihirulaub
atbihirulaubatbihirulau
bat bi hiru
6. Autorearen heriotza | Obabako Testiguak
2013-04-13
[…] hartuta. Elearazi atariko Garazi Arrula eta Danele Sarriugartek bi autore plazaratu dizkigute, Regina Jose Galindo eta Angelica Liddell. Horrez gain, Nagore Aresen liburu komentarioa, Martin Riellaren kantu kontari […]