“I find television very educating. Every time somebody turns on the set, I go into the other room and read a book.”
Groucho Marx, AEBetako aktorea (1890-1977)
Norbaitek telebista pizten zuen bakoitzean liburu bat hartzen zuela zioen Groucho Marxek, eta horregatik zela telebista didaktikoa. Irri eginarazteko esanen zuen hori ere, baina hobe joera hedatua balitz hori. Liburuaren nazioarteko eguna dugu hilak 23, astelehena, eta eguna ospatzeko hamaika jarduera eginen dituzte han eta hemen, baita Euskal Herrian ere. Azokak, irakurketak, hitzaldiak… irakurleek eta halako egunetan baino liburuak hartzen ez dituztenek badute non aukeratu. Beste data batzuekin gertatzen den gisara, kalendarioan liburua aldarrikatzeko egun bat izateko beharrik al den galdetuko dute aunitzek, ez ote litzatekeen irakurketaren alde urte osoan egin behar. Akaso bai, baina egun horretara mugatzen ez den heinean, aitzakia ederra da azoka, irakurketa eta hitzaldietan parte hartzeko. Aurrekontuetan ere, pentsatzen dut, egun jakin eta finko bat izateak lagunduko du bestela eginen ez zatekeen zerbait antolatzeko.
Norbaitek telebista pizten zuen bakoitzean liburu bat hartzen zuela zioen Groucho Marxek, baina agian pixka bat zaharkitua geratu da esana, eta norbaitek telebista pizten duen bakoitzean beste aparailu bat hartzen duela esanen zukeen gaur egun. Zenbaitzuentzat liburua beti izanen da paperezko hori, azalduna eta inprentatik igaro dena. Alta, aitor behar da letrak, idatzizko testuak, hausnarketak, fikzioa eta poesia aurkitzeko ez dela paperezkora jo behar, interneti eta liburu elektronikoei esker (erruz?). Sormen lanak aunitz ugaldu dira sarean, baita horiei buruzko eztabaidak ere (horietako aunitz dituzue elearaziko esteken orrian); batak bestea elikatzen duen artean, ezin hitz txarrik esan. Orain ezinezko dela iruditzen zaigun arren, edo hori pentsatu nahi dugu, behintzat, iritsiko al da inoiz euskarri elektronikoa paperezkoa ordezkatuko duen eguna? Zerbait erromantikoa, nostalgikoa izanen al da hemendik hamaika urtera liburu bat esku artean hartzea? Nagore Tolosaren itzulpen bikainarengandik jaso genuen Ray Bradburyk idatzi bezala, liburuak etxe-atarian eta lorategian hiltzen ikusiko al ditugu hemendik ez horrenbestera?
Hari horri tiraka gatoz gaurkoan, malenkoniak hartu gaituen apirileko goiz ilun honetan. Teknologiaren munduan antzinakoa den testu bat berreskuratu dugu, dagoeneko elikatzen ez dutela dirudien Bazka ataritik. Aritz Galarragak liburu elektronikoa du hizpide, eta pentsatu baino polikiago baina horretara goazela dirudienez, hona ekarri nahi izan dugu. Bukaeran atari berean artikuluak izan zituen erantzunak erantsi ditugu, artikulua bera bezain interesgarri irizten diegulako. Halaber, digitalizazioaren zurrunbilo honetan, Gorka Bereziartuak Argian berriki plazaratu duen idatzi bat aipatu nahiko genuke, Urrezko Biblioteka digitalizatzearen alde egiten baitu. Hori guztia, bada, liburuaren etorkizun dudazkoari buruz hausnartu eta pentsarazteko. Guk paperezkoaren alde sutsuki eginen jarraituko dugu, zalantzarik ez, baina ikusitakoak ikusita, ezin esan noiz arte.
Liburua, objektu sofistikatu hori
Aritz Galarraga
Jeff Bezos jaunak, Amazon.com liburu denda birtualaren sortzaileak, nahikoa argi du liburu tradizionala desagertuko dena: “egun gutxi geratzen zaizkie paperezko orriei, etorkizuna liburu digitalean dago”. Ez dut lerrootatik kontrakorik esango, badaezpada. Kontuan hartu behar dugu, hala ere, adierazpenok iazko urte amaieran egin zituela Bezosek, Amazon etxeak merkaturatu zuen Kindle liburu irakurgailu elektronikoaren aurkezpen egunean.
Bezosen hitzak egia badira, ordea, zergatik ez du dagoeneko liburu elektronikoak liburu tradizionala ordezkatu? Zergatik, oraindik orain eta bata bestearen atzean, merkatutik desagertu egin da liburu elektroniko oro? Zergatik jarraitzen dugu liburu tradizionala, hots, inprimatua, paperezkoa, koadernatua erosten?
Erantzunaren gako nagusietakoa Bezosek berak eman zuen, goikoak esan ondorenean: “objektu oso sofistikatuak dira liburuak eta hain ongi betetzen dute beren helburua ezen zaila baitzen horiek gainditzea”.
“Baitzen” aditzaren denborak jarri nau abian.
Rocket ebook eta Softbook izan ziren aitzindari, 1999 urrun hartan. Librius, Everybook, Glassbook, Bookeen Cybook, Myfriend eta gehiago etorri dira gerora, guztiak ere inork gutxik gogoratzen dituen liburu elektronikoak, guztiak ere kale egindako saiakerak. Guztiak ere 1999tik 2006ra gauzatu den liburu elektronikoen lehen faseko emaitzak.
Har dezagun, kasurako, liburu elektroniko aitzindarietako bat, Softbook izenekoa. Hauexek zituen ezaugarriak (“zituen” diot, egun eskuratzea eginkizun zaila baita): 19 x 23 zentimetroko tamaina, 1,3 kilogramo (segapoto baten halako bost), Acrobat Reader programaren bitartez irakurtzeko testuak eta 399 dolarreko prezioa, 256 euro ingurukoa.
Har dezagun, nahi izanez gero, gailu berriago bat, Cytale etxe frantziarrak sortutako Bookeen Cybook, adibidez. 26 x 21 zentimetro, kilogramo bateko pisua, 56 kb-eko modem integratua, 1.500 orrialde gordetzeko gaitasuna, dena 1070 euroren truke. To, merkea denik behintzat ezin esan.
Ia ezinezkoa da gaur, ez bakarrik aparailuok eskuratzea, baita horien gaineko informazio lortzea ere. Dagoeneko, interneteko domeinuak ere (www.rocketbook.com, www.librius.com…) ez dira existitzen.
Liburu tradizionalaren bertuteengatik bakarrik gertatu al da hori? Hain perfektua ote orain arte ezagutu dugun liburu moldea, liburu elektronikoa sortzeko saiakera bakoitza ezerezean uzteraino? Ez dut uste horrela izan denik.
Liburu elektronikoen herrenak ere aztertu behar dira.
Esperientziak erakusten digu saldu nahi den gauza oro beharrezkoa eta ordezkaezina balitz bezala aurkeztu behar zaiola balizko erosleari, nahiz eta askotan bi tasun horiek erabat egia ez izan. Publizitateak badaki zerbait horren inguruan. Eta, egia esan, egun, beharrezkotik eta ordezkaezinetik gutxi dute merkatuan aurki daitezkeen liburu elektronikoek.
Liburu elektronikoak, bistan da, testuak irakurtzeko gailuak dira, testu digitalizatuak, eta horrelako gutxi dago egun, testu gutxi sarean ere. Nahiz eta gero eta gehiago izan, jende gutxik du ezinbestekoa den ekipo informatikoa behar bezala erabiltzeko ezagutza nahikoa. Sarean aurki daitezkeen baliabide askok testu digitala inprimatzera behartzen dute irakurlea, nekeza, deserosoa baita pantailan egin beharreko irakurketa. Irakurketa hipertextuala, aukera interesgarri batzuk eskaintzen dituen arren, kaotikoa izan daiteke, aberastu baino nahas dezake zenbaitetan. Eta, beste ikuspuntu batetik, ez da argi ikusten nola gordeko diren testuak, ez eta nola sailkatu edo babestu behar diren ere. Ezaugarri horiek eta gehiagok egiten dute egungo liburu elektronikorik gabe lasai asko bizi ahal izatea.
Askoren ustetan, liburu tradizionala objektu ia perfektua da. “Jendea ohitua dago betiko liburuak irakurtzen”, “paperean irakurtzearen plazera ordezkaezina da”, sarritan entzuten dira horrelakoak: imajina daitekeen ezagutza guztia gordetzen dute beren orrietan, objektu eroso eta erabilgarriak dira oso, eta euro batzuen truke, edo musu truk, eskura daitezke berehalakoan.
Baina hain aldeko ez diren ezaugarriak ere badituzte orain arte ezagutu ditugun liburuek: enborra moztearekin hasi eta irakurlearengana iritsi arteko ibilbide luze eta garestia, komertzializazio bidean parte hartzen duten agenteen mozkinak (editore, banatzaile eta dendari), fisikoki hartzen duten espazioa (argitaletxeetan, banaketa biltegian eta garraioan, dendetan, liburutegietan, etxeko apaletan…), ale kopuruen finitutasuna (liburu bat ahitzen denean berrargitaratzeko egin beharreko inbertsio ez beti errentagarria), eta abar. Eta zirrikitu horietatik sartuko da, sartuko bada, liburu elektronikoa.
Zirrikituok baliatu nahi dituztenen artean, Amazon etxeak merkaturatu duen Kindle liburu irakurgailuak sortu du azkenaldian erreakzio gehien. 300 gramo, folio erdiko tamaina, 30 orduko autonomia eta 399 dolarreko prezioa (256 euro inguru), horratx Kindle honen ezaugarri batzuk. Horiek gehi 200 liburu gordetzeko gaitasuna, 90.000 tituluko eskaintzaren artean erosi beharrekoak (Amazon berarenak, noski). Klasiko asko dolar bakarrean eta garaikide ugari (Martin Amis, Haruki Murakami, Orhan Pamuk, Imre Kertesz, Toni Morrison, Michel Houellebecq, Cormac MacCarthy, Joyce Carol Oates, gutxi batzuk aipatzearren) 10 dolarretan, edo hortik behera.
Hori bai, ez saiatu Bernardo Atxaga edo Beñat Sarasolaren libururik aurkitzen, momentuz, gureak ez baitaude katalogo erraldoi horretan.
Irakurgarritasunari dagokionez ere saiakera berezia egin omen dute Kindlen asmatzaileek. Haien hitzetan, pantailan irakurtzea paperean egitea bezain erraza da, egiazko tintaren partikulak erabiltzeaz gain, pantailak argia paper arruntak bezala islatu eta ez baitu bestelako aparailu elektronikoen antzera distira egiten.
Baina hanka sartu dute gauza batean, aurretik bestek egin bezala: Kindlek erabiltzen duen teknologia Amazonen baitako enpresa batek sortua da, osoki, eta bertan irakur daitezkeen liburuak, hortaz, bateraezinak dira bestelako formatuekin. Hornitzaile bakarra ez da arazo bakarra, ordea: PDF edo Word formatuko dokumentu propioak sartzeko aukerarik ez du eskaintzen eta ohar pertsonalak gailutik kanpora ateratzeko biderik ere ez, bi adibide ematearren.
Sony etxearen Reader irakurgailuak ere nolabaiteko arrakasta izan du. Sonyk salmenta kopurua publiko egin ez badu ere, zenbaki handia izan dela imajina daiteke, gailuaren edizio berri bat merkaturatu baitzuten iazko urrian, aurrekoaren prezio berean (300 dolar, 191 euro inguru), baina funtzio berriekin. Erabiltzen duen teknologia berriak irakurketa atseginagoa bilatzen du, paper elektronikoa baliatuz, baina honek ere Sonyren Connect e Book dendarekin konektatzera behartzen du erabiltzailea, liburuak erosi nahi baditu. Klasiko asko bi dolarren truke eta garaikide ugari (Martin Amis, Haruki Murakami, Orhan Pamuk, Imre Kertesz, Toni Morrison, Michel Houellebecq, Cormac MacCarthy, Joyce Carol Oates, lehengo berberak aipatzearren) Kindlekoak baino dolar bat garestiago beti. Bestalde, PDFak, dokumentu pertsonalak, RSS jarioak, Jpeg irudiak edo Mp3 audio artxiboak maneiatzeko aukera ere ematen du Reader aparailuak.
Badirudi funtzionatuko duen liburu elektronikoak ezaugarri eta zerbitzu desberdinak atxiki beharko dituela bere baitan, testuen irakurgarritasuna bermatu, eta aparailuaren beraren eramangarritasuna nabarmen erraztu. Badirudi, momentuz, gailu elektronikoek paperezko liburua irakurtzen den bitartean sentitzen den irakurketa esperientzia erreproduzitu, kopiatu beharko dutela, arrakasta izango badute. Eta badirudi formatu ezagun ezberdinak erreproduzitzeko gaitasuna beharko duela izan (testu, irudi estatiko, bideo, musika), haririk gabeko komunikazio eta konexioa, geure memoriaren biltegi izan (agenda, PDA), eramangarria, irakurgarria, autonomiaduna izateaz gain. Horiek dira liburu elektronikoaren berehalako erronka posible batzuk.
Etorkizunean egun dispertsaturik dauden zerbitzuak eskainiko dituen gailu bat eta bakarra izan daitekeela pentsatzeak ez dirudi zientzia fikziozko ariketa: internet, telefonia, musika erreproduzitzailea, gps-a eta, zergatik ez, liburu irakurgailua izango dituen tramankulua.
Apirilak 8, 2008 |
“Liburua, objektu sofistikatu hori”: 5 iruzkin
- Gorka Bereziartua:
Apirilak 8, 2008; 5:46 pm
Beste garaikide bat aipatzeagatik: aurreko batean Philip Rothi egindako elkarrizketa bat irakurri nuen eta Kindle-ren inguruan galdetuta zera erantzun zuen: “Ez dut ikusi oraindik, badakit hortik dabilela, baina ez dut uste liburua bezalako artefaktua ordezkatuko duenik. Gakoa ez dago liburuak pantailetara eramatean. Ez da hori. Ez. Arazoa da irakurtzeko ohitura desagertu egin dela. Irakurtzeko antena bat behar eta moztu izan baligute bezala da. Seinalea ez da iristen. Kontzentrazioa, bakardadea, irakurtzeko ohiturak eskatzen duen irudimena. Gerra galdu dugu. Hogei urte barru irakurketa kultu bat izango da”. Amen?
- Beñat Sarasola:
Apirilak 9, 2008; 10:02 am
Duela denbora gutxi Gonzalo Pontón-en hitzaldi batean egon nintzen. Morroi hau, Espainiako barrokoan espezialista izateaz gain, mundu editorialean lanean dihardu. Hitzaldiaren bukaeran liburu elektronikoari buruz galdegin zioten.
Bere erantzuna aski argigarria izan zen. Bere ustez, liburu elektronikoak arrakasta izatea denbora kontua da, arazo tekniko bat (liburu “errealaren” dispositiboa kalkatzen lortzea). Beretzat ez dago aldaketa handirik liburu fisikotik digitalera, aldaketa nagusia banaketa eta zabalkuntzan legoke (digitalak izugarri handitzen duena). Inprentak eragindako aldaketarekin konparatzen du. Inprenta sortu zenean, objektu berriak (liburuak) sortzeko aurreko modeloa jarraitu zen; eskuizkribuetan testua azaltzeko modua eta liburuetakoa berdina zen, hau da, eskuizkribuetako orrialdea eta liburuetakoa, diseinuari zegokionez, berdina zen. Bada, liburu fisikotik digitalerako urratsa ordukoaren lakoa izango da.
Bere ustez, benetako aldaketa “audiobooks” delakoak gailentzen badira izango da. Horrek bai ekarriko lukeela, liburu digitalak ez bezala, literaturarekiko erlazioa errotik aldatzea (irakurketatik entzumenera), nahiz eta bestetik, horixe bera gertatu zen, baina alderantziz, K.a IV. mende inguruan ahozko tradiziotik idatzizkora pasatzean (hor daude Platonen madarikazioak idazketari).
- Jakot Karrera:
Apirilak 9, 2008; 6:40 pm
Bada bsete gailu bat Amazonen Kindle-a baino aurreratuagoa.IRex enpresa holandarrak Iliad izeneko gailu bat dauka aurrekoa baino garestiagoa baina aukera gehiagokoa. USB portuarekin nork bere gauzak gordetzeko, wifi konexioarekin eta PDF, XHTML, Mobipocket eta beste zenbait formatu onartzen dituena. Txinatarrek ere badute beste bat baina ez naiz izenaz gogoratzen.
Beste alde batetik, kontrakoa uste nuen arren, esan beharra daukat tinta elektronikoko teknologia hori ia ia paperean irakurtzea bezela dela. Bista ez da paperean irakurrita baino gehiago nekatzen.
Ez dakit ze markak irabaziko duen edo noiz gertatuko den merkatuaren booma baina tinta elektronikoa laister hedatuko dela ziur.
- kokoteraino:
Apirilak 10, 2008; 7:38 am
Inor interesatua egonez gero hemen http://www.apoloxxi.com/ Iruñeako denda bat, horrelako irakurgailuak internet bidez saltzen dituena.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ingelesez baina, www.mobilread.com duzue, eztabaidagunea duena galderak egin, erantzunak bilatu eta zalantzak argitzeko. Wikia ere badute gailu bakoitzaren informazioarekin, taula honetan aparailu ezberdinen arteko konparaketa baliagarria bilduz: http://wiki.mobileread.com/wiki/E-book_Reader_Matrix
Bai, ni ere horrelako bat erostekotan egon nintzen baina azkenean traste handiegia eta garestiegia iruditu zitzaidan garraio publikoan bueltaka ibiltzeko. Gainera, paperezko liburuak duten xarmari eutsi nahiko nioke nik behintzat.
- Aritz Galarraga:
Apirilak 10, 2008; 8:40 am
Gorka, Philip Rothen hitzen aldean, adierazgarriak dira Toni Morrison Nobel estatubatuarrak Kindle-ri eskaintzen dizkion gogoetak. Tramankulua goraipatzen du, honokoengatik:
– “nahi duzuna, nahi duzunean eta nahi duzun lekuan irakur dezakezu”; ia ados.
– “eramangarriagoa da, eta arinagoa da pisuz”; ez du esaten zer baino.
– “Frantziara egin nuen bidaia, hilabeterako, eta nire zalantza zen, zer liburu eramango dut?”; ados.
– eta garrantzitsuena: “ez dut betaurrekorik erabili behar”.
Adierazpenok Amazon.com web orrialdean entzun daitezke.
Beñat, interesgarria oso “audiobooks” horien ingurukoa, bai eta irakurketatik entzumenerako pausuaren ideia ere. Ezin dugu ahantzi, halaber, irudia. Oraingo idazle gazteak ikus-entzunezkoaren garaian hazi eta hezi dira eta idazle askoren formazio literarioa zinema da. Angel Errok esaten zuen, 2005eko elkarrizketa batean: “inpresioa daukat askok idazten duela erreferentziatzat zinema hartuz. Saia daitezela bada zinemagintzan. Idatzi nahi duenak ikusi behar du lehenagokoek zer egin duten”.
Jakot, ea Iliad horrek zer eskaintzen duen. Adierazgarria da tinta elektronikoa, paper elektronikoa bezala. Adituek diote liburu elektronikoak arrakasta izan nahi badu, paperezko liburua irakurtzean sentitzen den esperientzia kopiatu egin behar duela. Hortxe egon daiteke sekretua.
Urrezko Biblioteka digitalaren alde
Gorka Bereziartua
2012ko apirilaren 22an
Elkar argitaletxeak iazko azaroan Urrezko Biblioteka saila jarri zuen martxan, 1990eko hamarkadatik Literatura Unibertsala bilduman publikatutako liburu deskatalogatuak berriz ere merkaturatzeko. Jarraian kontatuko duguna joan den mendeko argitalpen politikaren historiatxo bat da.
Literatura Unibertsala bildumako liburuak zergatik dauden deskatalogatuta esplikatzea tokatzen da aurrena. Durangoko Azokan jakin nuen duela urte bi edo, Ibaizabalen standera hurbildu nintzenean, sailean argitaratutako titulu baten xerka –editorial horrek kaleratu zituen bildumako hasierako tituluak; gero Alberdania-Elkar tandemak hartu zuen lekukoa–. Ez zeukatela esan zidaten eta ez, preseski, publikatutako ale guztiak saldu zirelako. Antza, liburu horiek ez zeuden jada mundu honetan, gillotinatu egin zituzten, paper-ore bihurtu, biltegian urte luzez hautsa hartzen eduki ondoren. Ray Bradburyren Fahrenheit 451eko eszena bat etorri zitzaidan gogora –exageratzeko berezko ohitura daukat–. Baina pena hartu nuen, hori da egia, itzulpenak egiten hainbeste izerdi eman ondoren debaldeko lana izan zela pentsatuta.
Balio literario handikoak dira, baina ez bestseller izateko asmoz argitaratutako liburuak; atzerriko hizkuntzetatik euskarara ekarritako obra klasikoak gutxi saltzen dira eta Eusko Jaurlaritzak 1989an EIZIErekin sinatutako hitzarmena baino lehen, argitaletxeek mohikanotasunez publikatzen zituzten tankerako lanak, dirua galtzeko arriskuarekin, euren betebeharra zela pentsatuta. 1990eko hamarkadan aldatu zen kontua aipatu hitzarmenari esker eta gaurdaino 150 obra itzuli dira sailaren barruan.
Bestelako problemak sortu dira ordea, eta ez da txikiena izan, liburuak merkaturatzeko modu egokirik aurkitu ez izana. Aurreikusitako tiradak ere handi samarrak ziren, artikulua ilustratzen duen Edgar Allan Poeren Kontakizunaken lehen edizioan 2.000 ale atera ziren inprimategitik adibidez, nobedade arrunt baten bikoitza gutxi gorabehera. Eta saltzen ez. Eta biltegian pilatzen ari. Eta azkenerako, stock guztia suntsitu beharra.
Pentsa liteke beraz, Urrezko Biblioteka martxan jartzea pozteko moduko notizia dela, inongo dendetan aurki ezin zitezkeen obrak berriz ere irakurlearen esku jarriko direlako. Eta bada poztekoa, baina ez hainbeste; orain artekoa ikusita, leku berera iritsi eta berriz ipurdiz gora jausteko arriskua sumatzen baitut apustu horretan. Gainera, badaude alternatibak. Ez da txarrena Pentsamenduaren Klasikoak bildumarekin egindakoa: argitaratutako 130 tituluetatik ia denak www.ehu.es/ehg/klasikoak helbidean doan deskarga daitezke. Zentzu handiagoa ikusten diot horrelako zerbaiti, gutxi salduko direla jakinda paperean berriz argitaratzeari baino. Klaro, baina horretarako XXI. mendeko ikuspegia eduki behar. Badakizue, Internet eta gauza horiek.
PS: Literatura Unibertsala bildumako lan batzuk badaude sarean dagoeneko, www.armiarma.com/liburu-e helbidean, EPUB eta PDF formatuetan. http://ekarriak.armiarma.com helbidean berriz, bildumako 100 liburu inguru aurki daitezke HTML formatuan.
apirila 20, 2012 @ Garazi