Itzultzaileak mintzo: Koldo Biguri

apirila 30, 2012 @


biguri

Idazlea, itzultzailea eta euskaltzain urgazlea omen Koldo Biguri gasteiztarra; eta guk wikipediari amen. Halere, kontatu digute interprete lanetan ere badabilela eta Gasteizko Letren fakultateko korridoreetan ikusi izan dugu, gora eta behera. Gainera, EIZIEko lehendakaria izan zen 2000-2002 bitartean eta Senez aldizkariko zuzendaria 1994tik 1999ra. Nola egiten duen hori guztia bere gain hartzeko, ordea, ez dakigu. Italieratik itzuli du gehienbat, eta Literatura Unibertsala bildumako zortzi obra euskaratu ditu; Cesare Paveseren Muinoko etxea (Ibaizabal, 1992) izan zen lehenetarikoa eta Vasco Pratoliniren Maitale koitaduen kronikak (Elkar-Alberdania, 2006) azkena. Tartean, Carlo Levi, Paolo Giordano eta Italo Calvino ekarri ditu gurera, besteak beste. Haur eta gazte literaturan anitz ibilitakoa da, esaterako, Geronimo Stilton eta Megan McDonald autoreen hamaika obra euskaratu ditu, gehienak Planeta eta Mensajero etxeen eskutik. Erantzun mamitsuei begira, badirudi aunitz duela esateko, eta esango genuke, eztabaida ere halakoa izan daitekeela.

Argazkia, Xabier Mendiguren Bereziarturena bezala, Zaldi Erorena da.

Elearazi: Behin baino gehiagotan esaten da itzulpena zerbait praktikoa dela, eginaren eginez hobetzen dela. Halere, lagungarria al da itzultzailearentzat itzulpenari buruzko teorizazioa?

Koldo Biguri: Ni bezala, gaur egun itzulpengintza profesionalean gabiltzan askok ez genuen izan aukerarik itzultzaile ikasketak egiteko eta, beraz, askok faltan bota izan dugu teorizazioak ematen duen prestakuntza sendo eta espezifikoagoa. Gainera, irudipena daukat gaur egungo euskal itzulpengintzan gutako askoren prestakuntza filologiko edo linguistikoak pisu handiegia duela oraindik, eta, zentzu horretan, itzulpenari buruzko nazioarteko ikerketek egin duten bilakabidea eta lortu duten aurrerapena (ulertzea, alegia, itzulpena ez dela nagusiki hizkuntzen arteko eragiketa linguistiko soila, ezpada ekintza komunikatibo bat) apur bat ezezagunak zaizkigula, gure kalterako. Hori esanda, bistan da itzulpena zerbait bada jarduera praktikoa dela eta nagusiki praktikaren bidez ikasten dela; baina, orobat, egia da besteen esperientzia eta gogoetetatik ere asko ikas daiteke, argi-emaile gerta daitezke, eta balio dezakete ziurtzat geneuzkan gauzak zalantzan jartzeko, bai eta modu intuitiboan (senez, aldizkaria bezala) genekizkien gauza zenbaiti oinarri sendo eta egituratuagoa emateko  ere. Nik, behintzat, gogoetarik gabeko jarduerarik ezin dela egon uste dut, ez behintzat jarduera onik.

E: Itzultzaileari buruzko beste uste bat da ordenagailu aurrean dagoen pertsona bakarti hori. Euskarara ekarritakoaren kritika eskasa den honetan, nola hobetu, bakarka egiten den ariketa bada? Itzultzaile edo zuzentzaile laguna zamatu beharko al dugu iritzi eske?

K.B: Zorionez, duela urte gutxi amestu ere ezin genituen aukerak dauzkagu bakartasun horretako arriskuetan ez erortzeko: Itzul bezalako zerrendak, itzulpenari buruzko hainbat baliabide, datu-base, aldizkari, blog, eta abar. Ahaztu gabe itzultzaileen elkarteak (gure kasuan EIZIE) haietan egiten diren prestakuntza-jarduera desberdinak eta, jakina, unibertsitate mailako ikasketek itzultzaile berriei zabaltzen dizkieten aukera guztiak. Bestalde, mundu profesionalean, aspalditik errotu dira gure artean ere itzulpen-agentziak, edo itzultzaile-enpresak, eta gero eta normalagoa da itzultzaileak elkarlanean besoz beso aritzea.

E: Forma vs ideia, etxekotzea vs arroztasuna, jatorrizkoa vs itzulpena… badirudi beti daudela elkarrengandik urrun diruditen bi bide, eta itzultzaileak bat eta bakarra hautatu behar duela, koherentziaren mesedetan.

K.B: Itzuli beharreko testuaren arabera, itzulpena jasotzen duen hartzailearen arabera eta itzulpen-kanalaren beraren arabera (hots, itzulpena idatziz ala ahoz egiten den, edo egindako testua idatziz ala entzunez jasotzekoa den), itzulpen-estrategia desberdinak erabili behar dira: edozein testu beti estrategia berberarekin itzultzerik ez dago; batzuetan, gehiago hurbildu beharko dugu (edo ahalko gara) jatorrizkoaren molde edo formara, molde edo forma horiek baliotsuak eta esanguratsuak direnean; besteetan, alderantziz. Euskarazko itzulpenaren kasuan, ordea, badago faktore bat nire ustez gutxitan hartzen dena kontuan: euskararen beraren egoera soziala. Eta irudipena daukat faktore hori ondo kontuan ez izateak kalte egiten diola gure langintzaren irudiari, halako “arrotz” edo “trakets” edo “zail” fama… Askok jarraitzen dute “itzulpena=euskara txarra” edo “itzulpena=euskara zaila” bikoteak uztartzen, oharkabean agian, eta horren ondorioz jende askok euskal idazleen lanak baino ez dituzte irakurtzen, itzulpenik ez, arrazoi askorengatik noski, baina baita itzulpenetan ez direlako topatzen  bertan goxo, euren ohiko euskara gutxi gorabehera errazetik aterarazten ditugun neurrian. Itzultzaile profesionalok geure buruari galdetu beharko genioke hori ez ote den gertatzen euskara eredu garbizale eta arauzale samarra hartu dugulako, oso urruti telebistako “wazemank”, irratiko “Oilategia” programetako euskara hibrido (edo askok zabarkeriaz josita deituko luketen) baina arrakastatsu horretatik; ahaztu gabe nolako arrakasta duen eta nolako indar berria hartu duen bertsolaritzak, baina nolako euskara erabiltzen duen.

E: Itzulpenak fama txarra du oraindik ere, nahiz eta oztopo eta aurreiritzi asko gainditu diren. Itzultzaileen ikusgarritasun eza ere nabaria da, Euskal Herriko argitaletxe batzuetan oraindik ere ez da haien izena azalean jartzen. Hala ere, literaturan daukate itzultzaileek sona gehien. Nola ikusten duzu egoera?

K.B: Aurreko erantzunaren ildotik. Literatura-itzultzaile batzuek bai lortu dute txoko bat gure sistema literarioaren elite txikiaren barruan, eta itzultzaile horien merituaz gain, EIZIE elkartearen lana ere aipatu eta goraipatu nahiko nuke hemen, aspalditik ari baita helburu horrekin lanean. Baina, gero, ez dugu ahaztu behar gaur egun oraindik hor-hemen euskaraz idatzita topatzen ditugun testu gehien-gehienak itzulitakoak direla, askotan edo batzuetan ondo ez, baina ez bakarrik hizkuntzaren zuzentasun normatiboaren ikuspegitik, zuzentasun edo onargarritasun komunikatiboarenetik baizik. Zoritxarrez (nire ustez), oraindik ez gara horretaz gehiegi ohartu, eta ahazten dugu euskaldunen artean (gure lanaren hartzaileen artean, alegia) euskara justutxo samar dakiten biztanle asko eta asko daudela, eta horientzat itzulpen horietako asko zail edo gogor gertatzen zaizkio eta, ondorioz, nahiago dute ondoko zutabean dagoen erdarazko testua irakurri. Herri elebidun batean bizitzeak hori ere badakar, baina hemen askotan mundu guztia euskaldun elebakar perfektua balitz bezala jokatzen dugu. Badugu zertaz pentsatua itzultzaileok ere, horri irtenbideren bat eman nahi badiogu. Gure esku ere badago.

E: Irakurterraztasuna aldarrikatu izan duzu, jendeak euskarara ekarritakoak irakurtzea nahi badugu, ez dezagula behartu hiztegia ondoan izatera edo esaldia bitan irakurri behar izatera. Nola lortu oreka zail ez egitearen eta errazegi ez jartzearen artean? Jatorrizkoaren “zailtasun” mailaz gainera, zerk baldintzatzen du euskaratutako testuaren konplexutasuna?

K.B: Lexikoa eta sintaxia, nagusiki. Klasean askotan ikusi dugu: gaur egungo euskal idazleek (batez beste hitz eginez, noski) erabiltzen duten lexikoa “ohikoagoa” da, hibridoagoa, eta sintaxia sinpleagoa, esaldi labur askorekin; Kirmen Uribe, Karmele Jaio eta beste asko adibide. Idazle horien lanetan aurkitzen dugun lexikotik gauza asko eta asko nekez ikusiko ditugu itzulpenetan, eredu garbizaleagoa erabiltzen dugulako, nire ustez. Adibide bat ipiniko dut, klasean ikusitakoa: literatura itzulpen batean topatu genuen “luzokertxo” hitza. Zenbatek daki zer esan nahi duen? Gutako zenbatek eskatuko luke ustezko McDonalds euskaldun batean sandwich bat luzokertxoekin?

Adibideak adibide, nire kezka da ez ote garen finkatzen ari halako hizkuntza kanon bikoitza, bat sorkuntzako literatura lanetarako (edo lehenago aipatu ditudan irrati eta telebista programa horietarako) eta bestea itzulpenetarako; gure inguruan behintzat, holakorik ez dago inon. Gurean ere ez luke egon behar.

E: Zure bibliografia irakurrita, esan daiteke ipuinak idazteari eta itzultzeari batera ekin zeniola, eta itzulpenaren bidea aukeratu zenuela. Erakargarriagoa egin zitzaizun edo wikipediak jakin ez arren idazten jarraitzen duzu? Zer neurritan da itzultzailea idazle?

K.B: Norberaren bizitzak berak baldintzatzen ditu gure aukerak; gazteagoa nintzenean, denbora eta astia banuen literatura jarduerari eskaintzeko, eta horrek denbora asko eskatzen du, bai eta halako “bizi-jarrera” bat ere. Idazketa, nire ustez, une solteka egin ezin den langintza da, ondo egingo bada. Funtzionario baten lan ordutegia nuenean, arratsaldeak libre nituen horretarako, idazteko eta irakurtzeko. Baina ordutegi horren ordez itzultzaile profesional autonomoaren eta, orain, itzultzaile, interprete eta irakasle baten ordutegia, eta gainera aita-guraso bakarraren minutaje neurtua daukadanean, nire denbora libre apurtxoa itzulpen literarioari baino ezin diot eskaini. Irakurtzen eta idazten jarraitzeko eta ikasteko modu bat ere bada, beste “hibrido” bat. Egunen batean, ordea, badut itxaropena sorkuntza lanari berrekin ahal izateko. Zaharrago eta (hala bedi!) jakintsuago, apika. Oraindik ere kilika egiten didaten ideia literarioak ateratzen zaizkit bidera, baina freskeran gordeta utzi behar ditut. Oraingoz.

E: Gurean haur eta gazte literatura bada ere gehien itzultzen den literatur eremua, ez dauka helduentzakoak duen prestigio bera. Hala ere, haurrentzako testuek, esaterako, propietate berezi batzuk dituzte, dela errima, dela hitz-jokoak, eta abar. Gazte literaturak zer bereizgarri du? Zer aurreiritzi eta erronka daude haur eta gazte literaturaren itzulpenean?

K.B: Haur eta gazteen literatura-itzulpengintzan sarri samar aurki daiteke itzultzailearen alderdi sortzailea kitzikatzen duen lanik, eta horrek halako satisfazio berezia ematen dizu. Nik, behintzat, esperientzia hori izan dut, nire onerako. Gero, lan horrek kanpoan duen oihartzuna, ba, badakigu zeinen txikia den. Agian, gauza gehiegi argitaratzen dira gurean ere, garaiz kanpo, askotan, eta umeak unean uneko gauzen kontsumista izaten dira. Umeentzako euskarazko irakurgaiak erosi nahi dituzten gurasoentzat uste dut gero eta zailagoa dela jakitea zer erosi, dagoen eskaintza hiperzabalaren barruan. Eta gu ere inperio literario anglosaxoiaren mendeko bihurtu gara, eta ez zuzenean, baizik eta merkatu espainiarraren apendize bezala. Ikuspegi baikorretik ere begira genezake: besteak bezalako bihurtzen ari gara. Normalizazioa, horra!

E: Euskarazko erlatiboa ikertzen ari zara, eta horren isla da Senez aldizkarian gaiari buruz 1994an kaleratu artikulua. Ondoan ditugun erdaretan ez bezala, badirudi euskaraz ez dagoela hainbesteko joerarik “non”, “zeina” eta gisakoak erabiltzeko, eta beste bide batzuetatik jotzen dela. Nondik dator aukeraketa hori? Ez al lukete halako egiturek egitura erraztuko eta atzerakarga arinduko?

K.B: Aurreko mende hasierako garbizaletasunak hemen izan zuen bere arrakastarik biribilena: aurreko mendeetako euskal idazle gehien-gehienek erabili arren, ZEIN-erlatiboa proskribituta gelditu da gure artean, “non” erlatiboa kenduta. Gaur egungo euskal idazleen lanetan ez dugu ezta behin ere topatuko. Eta euskal gramatiketan ere, kasurik onenetan, onartu egiten da baina “itzulpenetarako” edo “zientziarako” (baliabide negatiboki markatua izaten jarraitzen du hauentzat ere). Itzulpenaren kasuan ere, gero eta gutxiago erabiltzen da, besteak beste euskaraz nagusitzen ari den ereduan ez delako erabiltzen eta, lehenago esan dudan bezala, itzultzaileoi ez zaigulako gustatzen (eta ni ere iritzi horretakoa naiz) aparteko eredu edo aparteko kanon linguistiko bat erabiltzea itzulpenerako. Ni neu erabiltzearen aldekoa naiz, kasu guztietan, ordea, ez bakarrik itzulpenean edo bazter-bazterreko alorretan. Baina ez idazleek, ez telebista-irratietako esatariek, ez egunkari-aldizkariek ezta Administrazioak ere erabiltzen ez badute, zer egin behar dugu? Onartu itzulpenean bestelako euskara bat erabili behar dugula? Erlatibo horren errebindikazio sendoagoa egin beharko lukete euskaltzain, idazle eta hizkuntzaren alorreko beste profesionalek ere, bestela jai dugu.

Horren ordainetan, zoritxarrez, bestelako erabilera zalantzazko batzuk ari dira gero eta gehiago ikusten, izen propioei itsatsitako erlatiboak, adibidez (“Estatu Batuetako presidentea den Barack Obamaren prentsaurrekoan…” modukoak), idazle klasikoetan apenas ikusiko ditugunak. Alegia, askotan gertatzen den bezala, “hemengoa/kanpokoa” dikotomiaren aurrean, kanpokoa nahi ez eta hemengoa bihurrikatzea nahiago izaten dugu, garbiagoa delakoan. Euskalduna izateak, izan ere, neke eta trabailu asko ematen ditu.

E: Pavese eta Pratolinik badute zerbait komunean, neoerrealismotik edan omen zuten biek, eta badirudi hori hizkuntzan nolabait islatu behar dela, baina alde handia dago batetik bestera. Antzekotasunik ba al dute hizkuntza eta itzulpenari dagokionez?

K.B: Oso desberdinak ziren. Pavese poeta zen, oso bizitza lastimagarria izan zuen, eta nolabait horren islarik ere aurki daiteke haren narraziogintzan, erabiltzen dituen gaietan, askoz gai barnekoiagoak dira. Pratolini, aldiz, kaleko pasealari edo behatzaile baten ikuspegia hartzen du bere literaturan, zer ikusi, hura kontatzen du, bazterretik, kanpotik bezala. Hizkera aldetik ere desberdin samarrak dira. Gogoratzen dudanagatik, Pavese ez zitzaidan oso zaila gertatu, baina bai, ordea, Pratolini. Behatzailearen zehatzaletasuna nabari zaio deskribapenetan, sintaxi landuagoa, esaldi bihurriagoak eta zailagoak erabiltzen ditu. Neoerrealismoan kokatu izan dituzte biak, baina neoerrealismo hasiberri batekoak dira: Pavesek ez zuen aukerarik izan garai neoerrealista peto-petoan bizitzeko, 50ean hil baitzuen bere burua. Eta Pratoliniren eleberri hori eta beste batzuk lehenagokoak dira, faxismoaren garaian idatzitakoak, batzuk; eta halako nahaste ideologikoa ere zeukan bere baitan, faxismoa eta sozialismoa nahasten zituztenen garaian bizi izan baitzen; ez da ahaztu behar Mussolini bera ere sozialista izan zela gaztetan, eta sozialista baten seme. Horregatik, Pratolini bai esan daiteke halako neorrealismo batean koka daitekeela, baina inola ere ez 60ko hamarkadako italiar neoerrealismo iraultzaile edo iraultzazale batean.

E: Hizkuntzak, baliabideek eta zure eskarmentuak bilakaera izan dute hamalau urteko aldea duten bi itzulpen horien artean, baina bistako berezitasunak gorabehera, esperientziak izan al du eragina bi itzulpen prozesu horien artean? Literatura Unibertsala bildumako liburuak izateak gehigarririk ekartzen al dio itzulpen lanari?

K.B: Urteek ematen duten esperientzia eta eskarmentuak, zortea izanez gero, aukera ematen dizute gaztetako ziurtasun aldagaitzak hain ziurrak eta hain aldagaitzak ez direla konturatzeko, eta, beraz, zurruntasuna galdu eta malgutasuna irabazteko. Baita hizkuntzari dagokionez ere. Horrek esan nahi du ikasten duzula zeure lana ere auzitan jartzeko eta, ondorioz, ikasten eta hobetzen jarraitzeko (eta, ondorioz, besteen lanarekin ere ulerkorragoa eta malguagoa izateko ere). Hasierako ziurtasun aldagaitz horiekin jarraitzeak, ordea, esan nahi du uste duzula goia jo duzula, itzultzaile edo dena delako bikaina zarela eta ezinezkoa dela gehiago ikastea eta hobetzea, besteek baino ez dutela zer ikasia, eta zuregandik gainera, noski… Ez dut uste hori jarrera gomendagarria denik, ezertarako ere.

Literatura Unibertsalari dagokionez, aukera eman zidan testu bikain batzuekin lehiatzeko eta lehia horretatik asko ikasteko, “nire luma zorrozteko”. Orri asko, ordu asko, patxada osoz hitzari hitz josten joateko. Bai eta, suposatzen dut, halako ibilbide bat (izen bat ez dut esango, nahiko izen txikitxoa litzatekeelako) egiteko ere. Eta satisfazio pertsonalerako edo norberaren harrotasun-bildumarako aukeratxoren bat ere bai: adibidez, Tomasi di Lampedusaren semearen ondoan mahai-inguru batean parte hartzeko, Il Gattopardo eleberriari buruz hitz egiteko, Palermon.