Orson Welles euskaldunen lurraldean: 1. zatia

ekaina 7, 2012 @


orson-welles

Sustatu atalari esker izan genuen Orson Welles zinemagile estatubatuarrak Euskal Herrian filmatutako dokumentalaren berri. Izan ere, 1955ean BBC kate britainiarrak Wellesi eskatu zion nolabaiteko bidai dokumental sorta bat egin zezan, Around the World with Orson Welles (Munduan zehar Orson Wellesekin) deituko zutena. Interesgarria, edo gutxienez kuriosoa iritzi genion lanari, eta gurera ekartzea deliberatu dugu. Hori bai, bideoak ikusi ondotik apur bat moldatu behar izan ditugu, zati errepikapenak eta zenbaitetan soinu kalitate kaskarra dela medio.

Uda atezuan daukagun honetan, Jack Torrance nola, geure etxera aizkorakadaka sartzeko gertu, iruditzen zaigu guztion gogoak lausotuta dabiltzala, bai irakurleenak zein blogaren kudeatzaileenak. Horregatik, eta ikus-entzunezkoak testu trinkoak baino arinagoak gertatu ohi direnez, urtaro sargorienerako dokumentalaren ekimena abiatzea erabaki dugu, gure ohiko edukiak bazter utzi gabe, jakina. Gaurtik hasita abuztu amaiera arte 6 atal kaleratuko ditugu.

Wellesen inguruan bi hitz bukatu aurretik. Zinemagile bikaina eta berritzailea, ezagun dugu batez ere War of the Worlds (1938) irratsaio iraultzaileagatik eta Citizen Kane (1941) film mitikoagatik. Horiez landa gomendagarriak dira baita ere Touch of Evil (1958) eta Europako garaiko The Third Man (1949). Azken hori aktore gisa.

Betiko lez, iruzkinak, proposamenak eta/edo kritikak ongietorriak izango dira. Besterik gabe, isilduko naiz eta Welles baritonoari lagako diot hitza. On egin eta ondo segi.

[youtube=http://youtu.be/N5YbPZYWYG0]