Edo, literatura ala konpromisoa? Izan ere, kanonarentzat uztartu ezinak bide dira bi hitz lodikote horiek, eta obraren kalitatea mantenduko bada, gela diferentetan lo egin beharko dute.
Orain aste batzuk, alabaina, literatura eta politika bateratu daitezkeela, are bateratu beharko liratekeela uste duten bi autorek gaiaren inguruan egindako hausnarketez gozatzeko parada izan genuen Getariko turismo bulegora hurbildu ginenok. Hain zuzen, maiatzaren 24an Eider Rodriguez eta Belén Gopegui idazleek “Literatura eta konpromisoa” izeneko hitzaldia eman zuten ELAN Euskadiren XIX. Jardunaldien programaketaren baitan. Idatzi honetan hitzaldian esandakoen laburpentxo bat egin nahi nuke, halaber, hitzaldian esandakoek nigan eragindako zenbait gogoeta adierazi.
Hasteko testuinguru apur bat.
Belén Gopegui (Madril, 1963) Zuzenbidean lizentziaduna da baina batez ere literaturaren munduan gauzatu du bere ibilbide profesionala. La escala de los mapas (Anagrama, 1993) estreinako eleberri arrakastatsuaren ondotik etorritako obra ugariek kritika eta irakurleen gorespen ahobatezkoa jaso dute, salmenta oparo, sari eta zinemarako egokitzapen modura mamitu dena. Zinema gidoilari aritu da eta hainbat komunikabide eta aldizkaritarako idazten du.
Eider Rodriguez (Orereta, 1977) Ikus-entzunezko zientzietan lizentziaduna, azken urteotan euskal letren lurraldean agertutako idazle interesgarrienetako bat da. Hiru ipuin liburu argitaratu ditu: Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) eta Katu jendea (Elkar, 2010), Igartza Bekaren irabazlea azken lan hori. Txalapartako editore eta telebista gidoilaria izandakoa (besteak beste euskal letren lurraldearen programa zendu berrian), irakasle dihardu gaur egun UPV/EHUn. Doktore tesia idazteaz gain Fermin Muguruzaren Zuloak proiekturako gidoia prestatzen ere badabil.
ELAN Euskadi Getarian kokatutako garapen independentearen aldeko gobernuz kanpoko erakundea da, askotarikoa, irekia, laikoa eta parte-hartzailea. Nazioartean egiten du lan, munduan zehar garapen dinamika bidezkoagoak eta elkartasunezkoagoak bultzatu asmoz. ELANekoek proiektuak dauzkate Kuban, Venezuelan, Nikaraguan eta Burkina Fason.
Iaz argitaraturiko liburu batek batu zituen Gopegui eta Rodriguez, Tiroa kontzertuaren erdianek (Txalaparta, 2011), hain zuzen. Obra labur eta probokatzaile honek Gopeguik Kaliforniako unibertsitate batean literatura eta politika ezkontzearen harira emandako hitzaldi bat dakarkigu (Ainhoa Caballerok euskaratuta) eta Rodriguezena da hitzaurrea.
Besterik gabe, (lau paragrafo luzetako sarreratxoaren ostean) ekin diezaiogun hitzaldiaren kronikari. Hasteko, Uxue Alberdi gidatzaileak bertso sorta ederra eskaini zigun, orain gutxi zendutako Getariako sendagile eta ELANen bultzatzailearen omenez. Jarraian, alboan jesarrita zituen bi idazleen aurkezpentxo laburra egin eta hitza eman zien.
Rodriguezek azaldu zuen mintzaldirako Tiroa kontzertuaren erdianen hitzaurreaz baliatuko zela, izan ere, bertan bildu baitzituen gaiaren inguruko hainbat gogoeta eta galdera. Gainera, Gopeguik ezagutzen zuen aipatu testuaren gaztelerazko bertsioa. Bost ataletan edo izenburutan egituratua dago hitzaurrea: Bazterrak, Erdigunea, Arrazoia edo erraia, Egiaren aurpegia eta Ezkerreko eta sinesgarri. Lehendabizi eta sarrera modura literatura kanonaren bazterrez mintzo da, subalternoaren teoriaz, hots, nola beltzek idatzitako literatura ez den inoiz literatura soila izango, ezpada beltz literatura, emakumeek idatzitakoa emakume literatura, etab. Halaber, argitzen digu literatura pultsioak dituzten aldirietako biztanleei argitaratzea baimendu bazaie ere, hiribide nagusian bizi den maizter zuri, ar, burgesak baldintza ezin ekidinezko bat ezarri diela, hau da, biktima papera antzeztearena eta beste ezein pertsonai izatearekin amestu ere ez egitearena. Hautuaren hipokresia salatzen du baita ere, Coetzeek idatzitako liburuak LITERATURA baitira letra larriz, nahiz narratzailea emakumezkoa izan. Kontuan hartzen diren irizpideak zenbateraino diren literarioak zalantzan jartzen du, eta literatura politikoaren eremura etorriz entzuleoi galdera bat pausatzen digu: autore bati politikoa izatearen etiketa eskarlata ipintzeko arrazoia zein da, bere pertsonaien joera eta militantzia, ala idazleak berak norbanako bezala defendatzen duen ideologia?
Ondoren, bete-betean sartu zen jada euskarazko literaturan eta honen barnean politiko izendatu diren idazleen eremuan. Ez direla gutxi, bide batez esateko. Kritikoek izenondo malapartatua ezartzean moral bikoitza darabiltela salatu zuen, arazoa ez delako eleberriaren ardatzak berak kutsu politikoa izatea, ezpada gaia ikuspegi politikoki desegokitik lantzea, esan nahi baita, iraultzaileegitik, ezkertiarregitik. Eta ez da lagungarriegia izango ere, idazleak espetxetik bafle baten barnean ihes egin izana. Izan ere, azpimarratzekoa baita autorearen militantzia hertsiki loturik dagoela gero bere lanek jasoko duten kritikarekin. Rodriguezek adibide zehatzak eman zituen, Xabier Lete eta Joseba Sarrionandiaren poema bana alderatuz. Ignacio Aldekoa Beitiak 1992an egindako poesia antologian bildu zituen eta biak ere euskal gatazka deiturikoarekin loturiko aspektuak jorratzen dituzte. Ondoren, Rodriguezek Aldekoak poema bakoitza iruzkintzeko erabilitako hitzak kontrajarri zituen eta argi ikusi genuen soilik bati, Sarrionandiari, aurpegiratzen zitzaiola politikotasuna.
Rodriguezen esanetan, eleberriak jomuga duen gatazkaren nondik norakoak ere zeresan handia du auzian, izan ere, zenbait korapilo politikoren inguruan aritzea praktikoki debekaturik egon arren, beste zenbait afera azaltzen saiatzea zilegi ez ezik beharrezko bezala ere ikusten baita, kasu, Espainiako Gerra Zibila eta frankismoa. Horren erakusgarri gaiaz ari diren hainbat nobelaren zerrendatxoa egin zigun eta ondoren aipatu liburu gehienek jasotako kritika abegikorren berri eman.
Amaitzeko, egiantzaz eta sinesgarritasunaz mintzatu zen oreretarra. Neure aldetik esan dezadan, fikzioa, definizioz, irudimenezko sorkuntza izanik, fikzioan jazotako gertaerek eta bertan bizi diren pertsonaiek ez dutela zertan egiazkoak izan, bai, aldiz, egiantzezkoak eta sinesgarriak. Eleberriak, narrazioak, ipuinak funtzionatzeko ezinbesteko baldintza da irakurleari egiazkoak izan liratekeela begitantzea. Horraino, guztiok ados. Katramilak datoz, ordea, goitik inposatzen denean zer den sinesgarri eta zer ez, Gopeguik liburuan dioen gisan, eta Rodriguezek hitzaurrean jaso bezala: “diskurtso menperatzaileen jabeek egiantza bahitu dute”. Rodriguezek etakideez hainbat filmetan egin diren potretak jarri zituen adibide, zeinak 1983ko ZEN plan militarrean deskribatutako ezaugarri estereotipikoak orpoz orpo jarraitzen baitituzten. Ezaugarri horiek beti izango dira muturrekoak, gehiengoak normaltzat duenetik albait gehien urrunduz. Norbaitek kontrakorik idazteko atrebentziarik balu, erotzat hartuko lukete. Edo are okerrago, sinesgaitzat. Erdiguneak erdigune izateko bazterrak behar dituela gogoraraziz amaitu zuen Rodriguezek bere mintzaldia.
Ondoren, Gopeguik hartu zuen hitza eta The Bridge on the river Kwai (Lean, 1957) film sonatua erabili zuen bere ikuspuntua azaltzeko. Luzemetraiak Bigarren Mundu Gerran japoniarrek Tailandian daukaten esparru batean dauden preso britainiar batzuen istorioa kontatzen du. Esparruko komandante Saitok, zubi bat eraiki dezaten agintzen die presoei baina horiek lan egiteari uko egiten diote, Nicholson lotinantaren aginduei jarraiki. Zigorrak jasotzen dituzte baina bereari eusten diote eta presoek sabotaje txikiak aurrera eramaten dituzte eraikuntzan. Hala ere, Nicholsonek erabat burumakur ikusten ditu bere gizonak, eta ganorazko zubi bat egitea deliberatzen du, britainiarren moralaren adierazgarri izango dena. Hortik aurrera presoen jarrera guztiz antzaldatzen da, alai egiten dute lan. Nicholson, aldiz, zubiaren ustezko sinbolo balioarekin itsutzen doa apurka, eta hasierako helmuga galduta, egiatan bere aberriarentzat onena zubia deuseztatzea dela ahaztuta, armada britainiarrak zubia lehertzeko asmoa duela jakitean erotasunaren hondoa jo eta plana galarazten saiatzen da. Gopeguiren esanetan, pertsonaia hauen arazoa da mutur bat ala bestea, zuri ala beltz izatera behartzen zaiela. Hots, presoak sabotajean, iraultzan ari zirenean ezin zutela jarrera duina, profesionala, antolatua erakutsi. Edo behin, helburua finkatu eta egoki lanean hastean, nolabaiteko erresistentzia azaleratzean, beste muturrera doazela eta aberriari traizioa egiten diotela, Nicholson gajoak bezala.
Gopeguik ez du diskurtso menperatzaileetan nagusi diren dikotomien artean hautatu nahi, ikuspegi guztiak aditu nahi ditu, zuria eta beltza eta morea eta gorria eta grisa. Lokailuan dago gakoa: eta, ala-ren ordez. Ezin hobeto azaltzen du liburuan:
“Nik eta nire moduan beste militante askok, dena nahi dugu: istorioak entzun nahi ditugu, zeinetan gure akatsak islaturik ikusiko ditugun, zeinen bidez bizi ahal izango dugun izakiok zenbaitetan nabari dugun sentipena, bihozkaden eta kasualitateen airean kulunkan dabilen hosto eroria izatearena. Baina ikusi nahi dut, baita ere, pertsonaien alde zintzoa, hots, alde negatiboa osatzen duen alde positiboa. Pertsonaiek ez dute zertan izan ikastun edo santutxo zirtzilak. Pertsonaiak pertsona kontraesankorrak izan behar dira, batzuetan isilak, besteetan berba-lapiko, bizkor, malenkoniatsu.”
Zenbait digresio amaitu aurretik.
Lehenik eta behin, ideologia batzuen neutraltasunaren eta beste batzuen partzialtasunaren kontuaren harira, jakingarria da Lapiko Kritikoa kolektiboaren hAUSnART aldizkariko 0. alean Markos Zapiainek Saizarbitoriaren lanaren inguruan argitaraturiko artikuluan dioena:
“Zentzu horretan, harrigarria da Saizarbitoria eredugarritzat duten zenbait literatura-kritikarik erakusten duten grina, obraren bati ezker abertzaleko kutsua sumatu orduko politikaren zama gehiegizkoa eta moralismoa leporatzeko, ezker abertzalekoak ez direnak l’art pour l’arten sabel birjinatik arras aratz eta makula-izpirik gabe helduko balitzaizkigu legez, nazismoa aldezten duen obra ederrik ez balego bezala”.
Bigarrenik, lehenago aipatutako hari bati egin nahi nioke tira, hain zuzen, obra baten balioa neurtzean irizpide literarioak ez lehenestearen gaiari. Gogoan izango duzue, zalantzarik gabe (eta bestela hona Berriako artikulua memoriarentzat freskagarri), 2011ko Euskadi saria saiakeraren alorrean Joseba Sarrionandiari eman ziotela, Moroak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010) lanagatik. Gogoan izango duzue, Jaurlaritzak sariaren dirua atxikitzea erabaki zuela, beraien hitzetan Sarrionandiak justiziarekiko egoera erregulatu arte eta ondoren, kalapita itzela sortu zela bi erabakien inguruan, bai epaimahaiarenaren zein Jaurlaritzarenaren inguruan. Gogoan izango duzue eztabaiden muina ez zela saiakeraren beraren literatur balio aparta izan. Behe-laino trinkoan galduta zebiltzan zenbait, hori ezin uka. Literatura bazter utziz batez ere Sarrionandiaren militantziari garrantzia eman ziotenen jarrera kritikatu zuten hainbat ere izan ziren, besteak beste Gorka Bereziartua Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.
Bestalde, autokritika pixkatxo bat ere ez litzaiguke gaizki etorriko. Izan ere, Sarrionandiaren obra ezjakintasunetik gaitzetsi dutenen jarrera bezain eztabaidagarria iruditzen zait Sarrionandiaren obra ezjakintasunetik mitifikatu dutenen ikuspegia. Itzal luzea atxiki baitiogu iurretarraren militante iheslari figurari. Eta literaturaz edo jakintzaz ari garenean bederen, ez genuke ahantzi behar udaro dantzan jartzen gaituen kantuaren protagonista izateaz gain eta gainetik, euskaraz daukagun idazle eta pentsalari bikainenetakoa dela, bere liburuak erosi ez ezik irakurri ere beharko genituzkeela.
Literatura eta politika gaiaz gehiago jakin nahi baduzue, Sautrelak programa monografikoa eskaini zion duela ez hainbeste. Hemen daukazue ikusgai.
Itzul nadin funtsera. Artikulu honekin ez nator ideologia bat ala beste hobestera, argi geratu dadila hori ez dela inondik inora nire asmoa, norbanakoak bere sinesmenak hautatzeko eskubidea duela dioen askatasun unibertsal horren alde bainago. Baina ez gaitzatela engaina, hemen guztiok gaude konprometiturik, norabide ezberdinetan eta kar maila diferentetan apika, baina konprometiturik denok; kontua da konpromiso batzuk ikusezinak direla, zama arindu dietelako eta arau izendatu dituztelako. Hortaz, ez diezaiotela ideologia eta bizimodu bati normatibotasunaren mozorroa jantzi eta absolututzat saldu. Eta ez diezagutela sinestarazi gizon, zuri, kapitalista eta heterosexualak idatzitakoa, transexual, beltz, ezkertiar eta begetarianoak idatzitakoa (aldaera ez-normatibo posibleetako bat soilik aipatzearren) baino inpartzialagoa denik.
Garazi
2012-06-19
Nahiz eta esan genuen sare sozialak hemen argitaratzen genituen posten berri emateko baino ez genituela erabiliko, nolabaiteko eztabaidatxoa sortu du hausnarketa honek facebooken, eta hona ekartzea pentsatu dut, hau baita lekua eztabaidarako. Ez dut uste urrunago joanen denik eztabaida, ez diot itxura hori hartzen, baina gehiagorik balego, gehituko nioke mezu honi.
(OHARRA: Akats ortotipografikoak baino ez ditut zuzendu, erantzunak zaharrenetik berrienera daude, eta zehaztu behar da “elearazi itzultzen” hori ni naizela, Garazi, bazpada)
Felipe Juaristi Galdos: Galdera da ea idazten den oro literatura ote den ala ez
Elearazi Itzultzen: Eta bereizketa hori nork eginen du, kanonak, ezta? Zeren eta zure galderak tranpa bat aurresuposatu dezake, hain zuzen, literatura hutsa dagoela; baina, Zapiainek dioen gisara, ez dago karga ideologikorik gabeko literaturarik. Gainera, zure galdera kanonak berak erantzuten du herri honetan, gatazkaz mintzo den literatura politikotzat/konprometitutzat izendatu eta lan kostunbristak unibertsaltzat hartzen baitira, esaterako. Azken hori da funtsean testuan zenbait autorek kritikatzen dutena. Galdera birformulatuko nuke, beraz, ez literatura den edo ez, baizik eta zer literatura mota den.
Felipe Juaristi Galdos: Nik uste dut gauza guztietan bezala gehiago erakusten duela praktikak teoriak baino. Arau unibertsala da.
Andoni Olariaga: Esaldi hori gaiari ez heltzeko aitzakia da, egia izanda ere. Bestela, hasierakoari helduz, literatura zer den edo ez bereizteko aldez aurretik literaturaren definizio bat behar da: gaur eta hemen, ez dut uste definizio absoluturik dagoenik. Dena den, niri testuan galdera zuzenak eta kritika pertinenteak egiten direlakoan nago, agian batzuei batere gustatzen ez zaizkienak. Izan ere, badakigu eta hemen literatura neutroa eta unibertsala gurean norena den, eta literatura politikoa eta partikularra norena… Hemengo kanonak (literatura politikoa ala neutrala zein den erabakitzen duenak) Espainiaren bereizketa manikeoak erreproduzitu baino ez ditu egiten. Hori kritikatu eta erraustu gabe, ezin daiteke literaturaz hutsean hitz egin.
Felipe Juaristi Galdos: Zergatik ezin da literaturaz hutsean hitz egin, eta politikaz edo bestelako kontuetaz baí? Zein kanonek erabakitzen du hori?
Elearazi Itzultzen: Bai, mintzatu mintzatu daiteke literaturaz hutsean, edozer gauzaz hutsean, eta baita ezkutatu ere literaturaren atzean ideologia dagoela beti.
Felipe Juaristi Galdos: Jesus!
Danele Sarriugarte: Hain zuzen ere, gizon hori gurtzen duen erlijioaren dogmek pisu handia dute oraindik ere diskurtso menperatzailean.
Felipe Juaristi Galdos: Maria eta Jose!
Andoni Olariaga: Amen Felipe! Zer besterik esan al zaizu ba?
Felipe Juaristi Galdos: Plazerra izan da.
Andoni Olariaga: Danelek hausnarketa luze bat plazaratu du, kritikagarria izan edo ez, eztabaidatzea merezi dutenak. Zuk bi galdera bota dituzu horrela gaia hori ez dela esanez, eta gainera erantzun egin zaizu arrazoituz. Eta zuk Jesus eta Maria eta jose. Zure erantzunek ez dute errespeturik batere erakusten.
Felipe Juaristi Galdos: Nire erantzunak oso errespetuzkoak izan dira, zuei (edo zuri) gustatu ala ez. Eztabaida izugarri gustatzen zait, eta plazaratutako gaia ere bai; baina ez dut uste facebook denik eztabaidarako tresna egokiena, zuei (edo zuri) gustatu ala ez.
Elearazi Itzultzen: Horretan arrazoi duzu, Felipe. Hain zuzen, gure blogean zabaldu nahi dugu parte hartzea, baina hemen erantzun duzunez, facebooken ekin diozunez eztabaidari, hemen jarraitu diogu. Elearazin jarriko dugu hau guztia, eta han jarraituko.
Felipe Juaristi Galdos: Ez nahastu. Nik ez diot inongo eztabaidari ekin.
Elearazi Itzultzen: Nahi bezala. Eztabaidak elearazin jarraitzen du, nahi duenarentzat.
Felipe Juaristi Galdos: OK, estimatuta dago.
Ibai
2012-06-19
Ze pena hitzaldia galdu nuelako! Orain dela gutxi galdera berdina egin zidaten: Literaturaren autonomia ala idazlearen engaiamendua? Erantzun nuena zera izan zen, idazlea ez dela zertan konprometituta egon behar (kontzienteki ez du helburu politiko edo ideologiko batekin bat egingo derrigorrez), baina egiten duen literatura (edonork egiten duena) ez da inoiz autonomoa, arte hutsezkoa, izango (artea eta ideologia oposizio gisa aurkezten badira behintzat).
Apur bat alferra naizenez beste nonbaiten esandakoak ekarriko ditut hona, gaiari lotuta daudelakoan:
Balio literario eta estetikoak zerutik erori balira bezala erakusten zaizkigu, baina ezin dugu literatura bere oinarri sozial, ideologiko eta eraikitzailetik bereizi. Balio estetikoak ere oinarri ideologikoz baldintzatuta daude, eta doktrina horrek botere ardatz hegemonikora baldintzatzen due sorkuntza eta irakurketa. Hau da, ezarritako Estatu-nazio inperialisten menpe uzten du bai literatura eta baita duen balio performatiboa ere.
Gakoa sorkuntza bide berrietan egungo Estatuaren egitura zapaltzaile berdina ez errepikatzean datza. Eta hor dauka literaturak, hizkuntzak asmatzeko gaitasuna, ez soilik gaien aldetik, egitura eta balio estetikoen aldetik ere formula berriak eskaintzeak, idazkera berritzaileek, estilo planteamendu apurtzaileek inguratzen gaituen mundua artikulatzeko bide berriak ezar ditzakete. Lotura zuzena baitago horien eta eraikitzen dugun subjektuaren artean.
Horregatik, kanonaz nola edo hala apropiatu beharra dago. Norbanako bakoitzak bere kanona duela esaten denean edota balio estetiko puruen araberako kanona ezartzen dugula aitortzean onartu egiten ditugu argumentu horiek berekin dakartzaten baldintza ideologiko eta subjektu-eraikitzaileak. Kanonak, gustatu zein ez, komunitate jakin bati egiten dio erreferentzia, iragan batean egonkortuz, orainaldira ekarriz eta etorkizun konkretu bati begira jarriz.
danelesarriugarte
2012-06-20
Mila esker parte hartzeagatik, Ibai. Egia esan neu ere damu naiz hitzaldira aurretiaz ezer prestatu gabe joan izanaz, liburua irakurtzeke eta gaiaren inguruan nituen ideia sakabanatuak lehenago aztertu eta antolatu gabe. Ziurrenik probetxu gehiago atera izango niokeen bilerari, batez ere idazleek hitzaldiaren ostean eman zuten galderetarako tarteari, boteprontoan erreakzionatzeko gaitasun nahiko kaskarra baitaukat. Hori konpontze aldera idatzi dut artikulua.
Bestalde, zuk diozunari helduz, bat nator literaturaren autonomia delakoa ezinezkotzat jotzearekin, eta facebookeko eztabaidan aipatu den bezala literatura “hutsa” mito bat dela uste dut, idazten dena beti egongo delako baldintzatuta, hein handiagoan edo txikiagoan. Horrek, berez, ez du zertan negatiboa izan, badirudi horrela interpretatzen dela baina nik behintzat ez dut salaketa gisa aurkezten, ezpada egiaztapen gisa. Kritikatzen dudana da ideologiaren presentzia hori ukatzea eta gainera modu apetatsuan, batzuetan ezikusiarena egiten baita eta beste batzuetan, aldiz, neurriz kanpo puztu. Baina tira, jada esandakoa errepikatzen ari naiz.
Baita, euskarazko literatura eta kritikaren ghettoari dagokionean zerbait gehitu nahi nuke, sistema txikia da gurea eta horrek baditu alde onak baina baita alde oso txarrak ere, kritika irain pertsonaltzat hartzeko joera eta ahots disidenteak isilarazteko erraztasuna, besteak beste.
Azkenik, indartsua eta beharrezkoa iruditzen zait kanonaz apropiatzearen ideia, zuk hori lortzeko zenbait modu aipatu dituzu eta geurera ekarriz, itzultzaileon tresna nagusia hizkuntza denez, neure buruari galdetzen diot ea zelan egin genezakeen hori itzulpengintzan, autoreari zor diogun fideltasunaren ondorioz askatasun mugatua daukagula kontuan hartuz. Dena dela, agian eztabaida horri heltzeko hobe nuke Aiora Jakaren elkarrizketara jotzea eta banoa harantz.
Eskerrik asko berriz ere eta nahi duzun arte.