Roland Topor (Paris 1938-1997) ilustratzaile, margolari, zinemagile eta idazle frantziarra. Etorkin judu poloniarren semea, gurasoak nazien jazarpenetik ihesean joan ziren Parisera. Aita, Abram Topor margolari eta eskultore sonatua zuen. Arte Ederrak ikasi ostean, ilustratzaile gisa lan egin zuen hainbat aldizkari eta kazetetan, besteak beste, Hara-Kiri eta Elle-n. Fernando Arrabal eta Alejandro Jodorowskirekin batera Panique mugimenduaren eratzaileetako bat izan zen 1962an. Le locataire chimérique (Buchet/Chastel, 1964) da Toporren eleberri ezagunena, 1976an Roman Polanski zinemagile poloniarrak obra horretan oinarritutako filmea egin zuen: Le Locataire.
Ipuingintza, poesia eta antzerkia ere erruz landu zituen, eta guk bere obra laburrenetako baten alde egin dugu. Euskaratutako obra zerrenda bat da eta Toporrek ukitutako orori bezala, surrealismo, zinismo eta umore beltz kutsu ukaezina dario.
Hemen behingoagatik astelehen eguzkitsu bat daukagu eta zergatik ez, erronka polita izan liteke idazlearen ironiari arrapostu egitea, gaur bertan geure buruaz beste ez egiteko 100 arrazoi on zenbatuz. Gonbita hor dago, erantzunen zain gelditzen gara.
Berehalakoan neure buruaz beste egiteko ehun arrazoi on
- Jada hilik ez nagoela ziurtatzeko modurik onena.
- Azkenengo errolda ez da baliozkoa izango.
- Lurrazpian nire zain besterik ez daude parrandan hasteko.
- Zaldiak ere akabatzen dituzte.
- Nire garaikideek gehiago estimatuko naute.
- 2000. urtearekiko obsesioa gaindituko dut.
- Wertherren moduan! Inork ez du nire jakintza berriro zalantzan jarriko.
- Nire kantzerra barregarri uzteko.
- Horoskopoari gezurra esanarazteko.
- Nire psikoanalista arruinatzeko.
- Hauteskundeetan alderdirik hautatu behar ez izateko.
- Burusoiltasunaren aurkako konponbide hutsezina.
- Azkenean hutsetik hasiko naiz berriz!
- Heriotzak ohorez betetzen zaitu: jauntxo azkenean!
- Ez naiz horren bakarrik sentituko.
- Datorren Domu Santua nire eguna izango da.
- Bizitza garestitu da, heriotzak ordaingarri jarraitzen du.
- Sustraietara itzultzeko modurik onena.
- Burutu dezakedan borroka arte bakarra.
- Ekologista zintzoa izateko: belarra berdetu dadin lagunduko dut.
- Eguna harri zuri batekin markatzeko.
- Nire organoak, hobeto erabiliko dituzten beste batzuentzat izan daitezke.
- Tokia gazteentzat.
- Protagonista, azkenean!
- Exhibizionismo osoaren abaintalez gozatzeko disekzio gela batean.
- Berraragiratzearen plazer txikiez gauditzeko.
- Bisurteen amesgaiztoa amaitu da.
- Nire obrari alderdi morala eransteko.
- Ohorea daukadala sinestarazteko.
- Testu honek testamentu balioa hartu dezan.
- Munduko hiritar bilakatuko naiz.
- Eutanasia ez da zakurrentzat.
- Azken hitza neurea izango da.
- Frantziarren % 67a heriotz zigorraren alde dago.
- Erretzeari uzteko modu ona delako.
- Neure bitasuna errazteko: bat bakarrik gelditzen bada argiago izango dut.
- Erditzeak baino min gutxiago egiten duen askapena.
- Ez daukat janzteko arropa gehiago.
- Ez dut gizarte segurantzaren defizita areagotu nahi.
- Judu bat akabatzeko, mundu guztiak bezala.
- Gehiengo isilaren parte izateko. Egiarena.
- Bizipozez betetako alargun gaztea utzi nahi dut.
- Ezin naiz gehiago ezinegonean bizi, desodoranteak traizioa egingo didan jakin gabe.
- Honela, hurrengo mobilizazio orokorrari ihes egingo diot.
- Nire misterioa mantentzeko.
- Neutroi bonbak ez daukala ezer nire aurka egiaztatzeko.
- Dietarik gabe eta horren inguruan pentsatu gabe argaltzeko.
- Opor hasierako errepide-buxaketetan parte ez hartzeko.
- Beste norbaitek erailketaren ondorio latzak pairatzea ekiditeko.
- Energia, kafea eta azukrea aurrezteko.
- Ispiluan neure buruari so egiteko beldurrik ez izateko.
- Eta hilezkorra banaiz? Lehenbailehen jakin beharra dut.
- Elikatzeko aho bat gutxiago.
- Guztiei erakusteko ez naizela kikiltzen.
- Neure hiletetan negar egiten dutenak zenbatzeko.
- Beste aldea ikusteko, bertan baldin banago.
- Burua behingoan akabatzea nahiago, ile urdinduak banaka-banaka akabatu beharrean.
- Pistolarekin: zarata aterako dut gaueko hamarren ostean.
- Gasarekin: azkenengo zigarretaren xarmaz gozatzeko.
- Eskegita: soka arrunt bat zorte oneko kutun bihurtu dadin.
- Trenaren azpian: besteen oporraldiak luzatzeko.
- Lotarako pilulekin: berandu-berandu arte lo egiteko.
- Elektrokutatuta: bazterrak astintzeko.
- Leihotik jauzi eginda: igogailuei diedan beldurra gainditzeko.
- Heriotza, dirudienez, emakume arina da. Libertituko nau.
- Harpidetzak mantentzen baditut, ez dut deus galduko.
- Animalia txikiekin egoteko.
- Elvis Presley hil zen urte berean hiltzeko.
- Zergak ez ordaintzeko.
- Alokairua ez ordaintzeko.
- Gauetan zurrunga ez egiteko.
- Egunsentian itzuli eta nire etsaiei oinetatik oratzeko.
- Zahartzaroan neure burua plagiatzea ekiditeko, Giorgio de Chirico bezala.
- Desagertzeko arriskuan dagoen espeziea naizelako eta inork ez nauelako babesten.
- Azkenengo unean esateko esaldi ezin ederragoa prestatua dudalako eta gehiegi itxaroten badut ahaztu dezakedalako.
- Zilbor-hestea behin betiko eteteko.
- Estilo berri baten sortzailea izateko: Dead Art-a.
- Nire bizitzaren filma ikusteko, mundu-estreinaldi pribatuan.
- Beste aldea ikustera joateko, ea oraindik birjinarik badagoen.
- Hotz nagoenean atonduko nautelako.
- Topatu dudan epitafio barregarria albait azkarren erabili nahi dudalako: Bazen garaia!
- Elbarriak nire hilobira igota sendatzen ote diren ikusteko.
- Hogeigarren mendeak, azkenean, zinez garrantzitsua den gertaera bat bizi dezan.
- Banpiro bilakatzeko, benetako neska gazteen odol miragarria edateko.
- Beti nahi izan dudalako hildakoen hizkuntzan hitz egin.
- Guztiok ezagutu dezazuen, modu dirdaitsuan, suizidioaz daukadan iritzia.
- Paris jada ez delako garai batean izan zena.
- Groucho Marx hilda dagoelako.
- Sherlock Holmes-en abentura guztiak irakurri ditudalako.
- Eguraldi iragarpenekin etsita nagoelako.
- Beste batzuek nire etsenplua jarraitu dezaten.
- Neure iraultza egiteko.
- Nire gaitasuna frogatzeko, huts egiten ez badut.
- Aberrigabe bilakatzeko.
- Lagun taldea berritzeko.
- Legearen gainetik egoteko.
- Ondo egindako suizidio batek, larru-jotze arrunt batek baino gehiago balio duelako.
- Erietxe batean ez hiltzeko.
- Nire odolak mihise batean arrasto ederra marraztu dezan.
- Neure burua gorrotatzeko 1000 arrazoi on ditudalako.
Garazi
2012-07-25
Ehun ez, Danele, oporrik gabe ere oporretan baikaude, baina hona hiru (norbaitek behin esan zidan hori dela pluraltasunaren zenbakia), beste inor animatu aurretik:
1.- Liburu on aunitz daude oraindik ere irakurtzeke eta itzultzeke.
2.- Blog hau umezurtz geratuko litzateke, eta gure irakurle urri bezain estimatuek alferrik zabalduko lukete elearazi.
3.- Burugogorkeriagatik?
Gure herriaren eta adiskideen askatzea begiokin ikusteko aukerak murriztuko liratekeela ez aipatzeagatik, jakina…
(Uf, denbora gehiegi eman dut nire buruaz beste ez egiteko arrazoi xixtrin horiek bilatzen, malo!)