Chimamanda Adichie: Istorio bakarraren arriskua

abuztua 16, 2012 @


250px-Chimamanda_Adichie

Asteari azken bultzadatxoa emateko hona Chimamanda Adichie (Abba, Nigeria, 1977) idazleak Oxforden (Ingalaterra) 2009an emandako hitzaldia, istorio bakarraren eta estereotipoen arriskuen inguruan. Adichiek medikuntza ikasketak hasi zituen Nigeriako unibertsitatean baina 19 urterekin AEBetara joan zen, non politika, komunikazioa eta idazketa sortzaileko ikasketak buru baitzituen hainbat unibertsitatetan, hala nola John Hopkins edo Yalen.  2003an lehendabiziko eleberria argitaratu zuen, Purple Hibiscus (Algonquin Books, 2003) eta estreinako arrakastaz geroztik beste bi liburu kaleratu ditu: Half a Yellow Sun (Knopf/Anchor 2007) eleberria  eta The Thing around your Neck (Knopf 2009) ipuin bilduma. Egun irakaskuntzan eta literaturan dihardu. Besterik gabe, bere hitz indartsuekin lagatzen zaituztet. Ondo segi!

Bideoa TED erakundearen webgunetik hartu dugu. Eskerrik beroenak Ainhoa Doradori honen berri emateagatik.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=6QHpkEUbxL4&feature=youtu.be]

Interesa duenarentzat hona hitzaldiaren transkribaketa euskaratua:

 Istorio kontalaria naiz eta zenbait istorio pertsonal kontatu nahi dizkizuet, “istorio bakarraren arriskua” deitzen dudanaren inguruan. Nigeriako ekialdeko unibertsitate campus batean hazi nintzen. Amak dioenez bi urte nituenean hasi nitzen irakurtzen, baina nik uste dut laurekin-edo izan zela. Irakurle goiztiarra beraz, eta ume-liburu britainiar eta estatubatuarrak irakurtzen nituen.

 Halaber, idazle goiztiarra izan nintzen eta zazpi urte ingururekin idazten hasi nintzenean, ama gajoak irakurri behar izaten zituen arkatz eta koloretako istorioak, ordura arte irakurritakoen berberak ziren: pertsonai guztiak zuriak eta begi-urdindunak ziren, elurretan jostatzen ziren, sagarrak jaten zituzten eta eguraldiaz mintzo ziren, zein ederra zen eguzkia irten izana. Nahiz eta ni Nigerian bizi eta handik kanpo sekula egon ez. Ez geneukan elurrik, mangoak jaten genituen eta ez ginen sekula eguraldiaz mintzo, ez baitzegoen beharrik.

 Nire pertsonaiek jengibre garagardoa edaten zuten, irakurtzen nituen liburu britainiarretako pertsonaiek hori edaten zutelako. Nahiz eta nik ez nuen edari hartaz arrastorik ere. Urte luzez jengibre garagardoa dastatzeko desira amorratua izan nuen. Baina hori beste kontu bat da. Adibideak erakusten duena da, istorioen aurrean oso hunkiberak eta sentiberak garela, bereziki umetan. Irakurri nituen liburu guztietako pertsonaiak kanpotarrak zirenez, sinetsi nuen liburuetan berez kanpotarrak agertu behar zirela, eta liburuen gaiek nirekin zerikusirik ez zuten kontuei buruz izan behar zutela. Gauzak aldatu ziren liburu afrikarrak aurkitu nituenean. Ez zeuden asko eta liburu atzerritarrak baino zailago ziren topatzeko.

 Baina Chinua Achebe eta Camara Layeren gisako idazleei esker literatura ulertzeko nire modua aldatu zen. Konturatu nintzen ni bezalako jendea, txokolate koloreko azala eta mototsetan bildu ezin zen ile kizkurra zuten neskak ere agertu zitezkeela literaturan. Ezagutzen nituen gauzen inguruan idazten hasi nintzen.

 Irakurtzen nituen liburu estatubatuar eta britainiar horiek maite nituen. Nire irudimena esnarazi zuten. Mundu berriak zabaldu zizkidaten. Baina nahigabeko ondorioa izan zen, ez nekiela ni bezalako jendea literaturan agertu zitekeenik. Beraz literatura afrikarrak salbatu ninduen liburuen izaerari buruzko istorio bakarra ezagutzetik.

 Klase ertaineko familia nigeriar ohiko batetik nator. Nire aita irakaslea zen. Nire ama administratzailea Eta ohikoa zen bezala, gurekin bizi ziren etxeko zerbitzariak genituen, sarri inguruko nekazal-herrietakoak zirenak. Zortzi urte bete nituen garaian, mutil berri bat hartu genuen. Fide zuen izena. Berari buruz amak esan zigun bakarra izan zen, bere familia oso txiroa zela. Nire amak, ñameak, arroza eta gure arropa zaharrak bidaltzen zizkien. Afaria amaitzen ez nuenean, amak esaten zidan: “Jan guztia! Ez al dakizu Fide bezalakoek ez daukatela ezer ez?” Beraz Fideren familiarekiko sekulako errukia sentitzen nuen.

 Larunbat batez bere herrira joan ginen bisitan eta bere amak tindatutako errafiaz egindako saski eder bat erakutsi zigun, anaiak egindakoa. Zur eta lur gelditu nintzen. Ez zitzaidan otu familiako norbaitek zerbait egin zezakeenik ere. Beraiei buruz esan zidaten bakarra txiroak zirela zen, ondorioz ezinezkoa zen niretzat beraien txirotasunetik haratago ikustea. Txirotasuna zen beraiei buruzko nire istorio bakarra. Hainbat urte beranduago, honen inguran pentsatu nuen Nigeriatik AEBetara ikastera joan nintzenan. 19 urte nituen. Nire pisukide estatubatuarra harrituta neukan. Galdetu zidan nola ikasi nuen horren ondo ingelesa eta Nigeriako hizkuntza ofiziala zela esan zionean erabat nahastuta gelditu zen. Galdetu zidan ea nire “musika tribala” entzuterik zeukan eta ondorioz nahiko atsekabetuta zuen Mariah Carey-ren kaseta jartzeak. Uste zuen ez nekiela sukaldeko sua erabiltzen.

Harritu ninduena zera izan zen: nitaz errukitu zen, ni ikusi aurretik ere. Nirekiko bere lehenengo jarrera, afrikarra nintzenez, nagusitasun eta asmo onezko errukia izan zen. Nire pisukideak Afrikaren inguruko istorio bakarra zuen: hondamendiaren istorio bakarra. Istorio bakar honetan ezinezkoa zen inondik inora afrikarrek bere antzik izatea, ezinezkoa gurekiko errukia baino sentipen konplexuagorik sentitzea, ezinezkoa pertsona arteko harremanik egotea.

 Aitortu behar dut AEBetara joan aurretik ez nuela nire burua kontzienteki afrikartzat hartzen. Baina AEBetan Afrika aipatzen zen bakoitzean jendeak nigana jotzen zuen. Nahiz eta ez nekien deus Namibia gisako tokiez. Baina nortasun berri hori onartzera iritsi nitzen, eta hainbat modutan neure burua afrikar gisa ikusten dut. Oraindik ere amorratzen nauen arren Afrika herrialdetzat hartzen denean, adibidez duela bi egun Lagosen hartutako hegaldian iragarpen bat egin zuten “India, Afrika eta beste hainbat herrialdetan” aurrera eramandako karitate lanari buruz.

 AEBetan afrikar bezala hainbat urte eman ondoren, nire pisukidearen erantzuna ulertzen hasi nitzen. Nigerian hazi izan ez banintz, eta Afrikari buruz nekien guztia irudi ezagunetatik baletor, nik ere pentsatutko nuke Afrika paisai eta animalia ederrez betetako tokia zela, non jende ulertezina bizi baitzen, guda zentzugabeak egiten zituena, txirotasun eta HIESaren ondorioz hiltzen zena eta beraien kabuz hitz egiteko ezgai izanik, atzerritar zuri, atsegin batek salbatzeko zain bizi zena.

 Afrikaren inguruko istorio bakarra, nire ustez mendebaldeko literaturatik dator. Hona John Locke Londresko merkatariak idatzitakoa, 1561an Afrikako mendebaldera joan zen eta bidaiaren kontakizun miragarria egin zuen. Afrikarrak “etxerik ez daukaten piztiak” deitu ondoren, zera dio: “Ez daukate bururik, begiak eta ahoa bularraldean dituzte”.

 Barre egiten dut hau irakurtzen dudan aldiro eta John Lockeren irudimena miretsi beharreko zerbait da. Garrantzitsuena da, alabaina, horrela hasi zela istorio afrikarrak kontatzeko mendebaldeko ohitura: Afrika subsahariarra negatiboen, ezberdintasunaren eta iluntasunaren lurralde gisa deskribatzen duen ohitura, non jendea, Rudyard Kipling poeta handiak esan moduan “erdi-deabru, erdi-umea” baita.

 Konturatzen hasi nintzen nire pisukide estatubatuarrak bizitzan zehar istorio bakar honen hainbat aldagai ikusi eta entzunak zituela, nire eleberria ez zela “egiazki afrikarra” esan zidan irakasleak bezala. Prest nengoen onartzeko eleberriko zenbait gauza ez zeudela ondo, zenbait tokitan huts egiten zuela, baina ezin nuen pentsatu ere egiazkotasun afrikarra delako zerbait lortzerako orduan kale egin zezakeenik. Egia esan, ez nekien zer zen egiazkotasun afrikarra ere. Irakasleak esan zidan pertsonaiek bere antz gehiegi zeukatela, hezitako klase-ertaineko gizon bat. Nire pertsonaiek autoak gidatzen zituzten, ez ziren hiltzen. Ondorioz ez ziren egiazki afrikarrak.

 Baina berehala aitortu behar dut ni ere errudun naizela istorio bakarraren kontuan. Duela zenbait urte AEBetatik Mexikora joan nintzen. AEBetan giro politikoa gori zegoen eta immigrazioaren inguruko eztabaidak zeuden. AEBetan sarri gertatzen den eran, etorkinak eta mexikarrak gauza bera bilakatzen dira. Mexikarrei buruzko istorio mordoa zeuden non osasun-sistema hondatzen zuten, muga baimenik gabe gurutzatzen zuten eta mugan preso hartzen zituzten pertsona gisa deskribatzen baitituzten.

 Gogoan dut Guadalajaran emandako lehenengo egunean jendea ikusi nuela lanera bidean edo merkatu plazan tortillak biribiltzen, erretzen, barrez. Gogoan dut hasieran harridura sentitu nuela. Ondoren erabat lotsatu nintzen. Konturatu nintzen komunikabideek mexikarrei buruz esandakoan hainbeste murgildu nintzela, non niretzat gauza bakarra bihurtu baitziren: etorkin doilor. Mexikarrei buruzko istorio bakarra sinetsi nuen eta nire buruaz ezin lotsatuago sentitzen nintzen. Horrela sortzen da istorio bakarra, jende multzo bat gauza bakar gisa erakutsi, soilik gauza bakar gisa, behin eta berriz, eta hori bilakatzen dira.

 Ezinezkoa da istorio bakarraz hitz egitea, botereaz aritu gabe. Munduko botere egituren inguruan pentsatzen dudan aldiro, igbozko hitz bat datorkit burua: “nkali”. Izen bat da, gutxi gora behera “bestea baino handiagoa izatea” esan nahi duena. Gure mundu ekonomiko eta politikoa bezala, istorioak ere nkaliaren printzipioak mugatzen ditu: nola kontatzen diren, nork kontatzen dituen eta zenbat istorio kontatzen diren, boterearen araberakoak dira.

 Boterea ez da soilik beste pertsona baten istorioa kontatzeko gaitasuna, baizik eta kontakizun horixe pertsona horren behin-betiko istorioa bihurtzekoa. Mourid Barghouti poeta palestinarrak dionez, jende-talde bat dispossess nahi baduzu, modurik errazena da beraien istorioa kontatzeko “bigarrenik” hitzarekin hastea. Hasi istorioa indigena amerikarren geziekin, britainiarren etorrerarekin beharrean, eta istorioa zeharo ezberdina izango da. Hasi istorioa afrikar estatuaren porrotarekin eta ez afrikar estatuaren sorrera kolonialarekin eta istorioa zeharo ezberdina izango da.

 Berriki unibertsitate batean mintzatu nintzen eta ikasle batek esan zian lotsagarria zela gizon nigeriarrak bortxatzaileak izatea, nire eleberriko aita bezala. Erantzun nion American Psycho izeneko eleberria irakurri berri nuela eta lotsagarria zela estatubatuar gazteak hiltzaile serial izatea. Noski amorrazio une batean esan nuen hori.

 Ez litzaidake sekula otuko irakurri dudan eleberri bateko pertsona hiltzailea delako estatubatuar guztiak hiltzaileak direla pentsatzea. Hori ez da ikaslea baino pertsona hobea naizelako baizik eta AEBen botere ekonomiko eta kulturalaren ondorioz AEBen inguruko istorio asko entzun ditudalako. Tyler eta Updike eta Steinbeck eta Gaitskill irakurri ditut. Ez dut AEBen istorio bakarra. Duela zenbait urte jakin nuenean idazleek haurtzaro zorigaiztokoak izan behar omen dituztela arrakasta lortzeko, gurasoek  neure aurka egindako gauza zekenak asmatzen hasi beharko nintzela pentsatu nuen. Baina egia esan oso haurtzaro zoriontsua izan nuen, barrez eta maitasunez betea, familia estu batean. Close-knit

 Baina nire aitonak errefuxatu-esparruetan hil ziren. Nire lehengusua Polle osasun-arreta egokia jaso ez zuelako hil zen. Nire lagun minenetako bat, Okoloma, hegazkin istripu batean hil zen gure suhiltzaile-kamioiek urik ez zutelako. Gobernu militar errepresiboenpean hazi nintzen, zeinak hezkuntza gutxiesten baitzuten eta hortaz nire gurasoek batzuetan ez zuten soldatarik jasotzen. Haurra nintzela ikusi nuen nola desagertzen zen marmelada gosaltzeko mahaitik, ondoren gurina, ondoren ogia garestiegi bihurtu zen, ondoren esnea murriztu genuen. Eta guztiaren gainetik, nolabaiteko izu politiko normalizatuak hartu zituen gure bizitzak.

 Istorio guzti hauek naizena egiten naute. Baina soilik istorio hauei jaramon egitea nire esperientzia murriztea da eta osatu nauten beste hainbat istorio bazter uztea. Istorio bakarrak estereotipoak sortzen ditu eta estereotipoen arazoa ez da gezurra direla, baizik eta osatu gabe daudela. Istorio bat, istorio bakarra bilakatzen dute.

 Noski, Afrika hondamendiz betetako kontinentea da: batzuk erraldoiak dira, hala nola Congoko bortxaketa izugarriak eta beste batzuk goibelak dira, hala nola Nigerian lanpostu bakar baterako 5000 pertsona aurkeztea. Baina beste hainbat istorio ez dira hondamendien ingurukoak eta horiei buruz aritzea oso garrantzitsua da, besteez aritzea bezainbeste.

 Beti iruditu izan zait ezinezkoa dela toki edo pertsona bati lotzea, toki edo pertsona horren istorio guztiei lotu gabe. Istorio bakarraren ondorioa honakoa da: jendeari duintasuna lapurtzen dio. Giza berdintasuna onartzea zailtzen du. Gure desberdintasunak azpimarratzen ditu, gure berdintasunak bainoago.

 Zer gertatuko litzateke Mexikora joan aurretik inmigrazioaren inguruko eztabaida bi aldeetatik jarraitu izan banu? Amak esan izan baligu Fideren familia txiroa eta langilea zela? Telebista sare afrikarra bagenu, munduan zehar Afrikako hainbat istorio zabalduko lituzkeena? “Istorio oreka”, Chinua Achebe idazle nigeriarrak deitzen duen bezala.

 Zer gertatuko litzateke nire pisukideak Mukta Bakaray nire editore nigeriarraren berri izango balu, zeinak bankuko lana utzi eta argitaletxea zabaltzeko ametsa bete baitzuen? Ohiko jakintzak dio nigeriarrek ez dutela literaturarik irakurtzen. Bera ez zegoen ados. Bere ustez irakurtzen zekien jendeak irakurriko zuen, eskuratu eta ordaindu zezaketen literatura emanez gero.

 Nire lehendabiziko eleberria argitaratu eta gutxira Lagoseko telebista batean elkarrizketatu ninduten eta mezulari gisa bertan lan egiten zuen emakume bat hurbildu zitzaidan eta zera esan zidan: Oso gustuko dut zure eleberria. Ez zitzaidan amaiera gustatu. Jarraipena idatzi behar duzu eta hau da gertatu behar dena…” Jarraipena nola idatzi behar nuen azaldu zidan. Xarmatzeaz gain erabat hunkitu ninduen. Hona Nigeriako herritar arrunt bat, irakurle izan ezin daitekeen horietakoa. Liburua irakurri ez ezik bere egin zuen eta jarraipena idazteko moduak nolakoa behar zuen argitu nahi izan zidan.

 Zer gertatuko litzateke nire pisukideak nire lagun Fumi Ondaren berri izango balu, zeinak telebista saio bat baituen Lagosen eta bertan jendeak ahaztu nahi dituen istorioak azaltzen baitituen? Lagoseko erietxean pasa den astean egindako bihotz-ebakuntzaren berri izango balu? Nigeriako gaur eguneko musikaren berri izango balu, inglesa, pidgina, igboa, yoruba eta ijao nahasten dituzten pertsona iaioak, Jay Z, Bob Marley eta arbasoen ekarpenez blai? Duela gutxi epaitegietara jo duen emakume abokatuaren berri izango balu, zeinak pasaportea berritzeko emakumeek senarraren baimena behar dutela dioen legea salatu duen? Nollywooden berri izango balu, zeina filmeak egiten diharduen jende berritzailez beteta baitagoen, zeinak nahiz eta hutsune tekniko handiak izan film ezin arraskatsuagoak ekoizten baitituen? Nire ile-txirikordatzaile ambitious handinahiaren berri izango balu, zeinak berriki bere negozio propioa hasi baituen? Edota negozioak abiatzen dituzten beste milioika nigeriarren berri izango balu, batzuetan huts egin arren berriz ere altxatzen direnak?

 Etxean nagoen bakoitzean nigeriar oro irritate duten ohiko arrazoiekin topatzen naiz: huts egindako azpiegitura, huts egindako gobernua, baina baita gobernua gorabehera eta ez gobernuaren eraginez aurrera jarraitzen duen jendea. Tailerrak egiten ditut udaro Lagosen eta harrigarria zenbat jendek hartzen duen parte, zenbat jendek idatzi nahi duen, istorioak kontatu nahi dituen.

 Nire Nigeriako editoreak eta biok Farafina Trust izeneko proiektua hasi berri dugu eta liburutegi berriak eraikitzeaz gain, jada badaudenak hornitu nahi ditugu, ezer ez daukaten eskolei liburuak eman eta hamaika tailer antolatu, irakurtzeko eta idatzeko, gure istorio anitzak kontatzeko gogoz dauden guztientzat. Istorioak garrantzitsuak dira. Istorio anitzak garrantzitsuak dira. Istorioak kentzeko eta gaiztotzeko erabili dira baina istorioak boterea emateko eta humanize ere erabili daitezke. Istorioek jende talde baten duintasuna hautsi dezakete, baina baita duintasuna hautsia konpondu.

 Alice Walker idazle estatubatuarrek iparraldera joandako hegoaldeko senitarteei buruz idatzi zuen. Atzean utzi zuten hegoaldeko bizitzaren inguruko liburu bat erakutsi zien: “Eserita liburua irakurri zuten, liburua irakurtzen aditu ninduten, eta nolabaiteko paradisu bat berreskuratu genuen”. Istorio bakarra errefusatu arbuiatu dugunean, konturatzen garenean sekula ez dagoela toki bati buruzko istorio bakarra, nolabaiteko paradisua berreskuratzen dugu. Eskerrik asko.