Itsasoak hamaika ttantta

abuztua 20, 2012 @


kantauri-itsasoa

Danelek jarri duen azken bideoaren harira, lagun baten hitzak etorri zitzaizkidan gogora, eta hala idatzi nuen postari erantzunean. Hitzok azaltzen ziren artikulura jo nuen, idaztean zehatza izan nahian, eta 2010ean argitaratu zenean bezala, gustura irakurri nuen. Gazteleraz idatzi zuen Jon Jimenezek Diario de Noticiasen kaleraturiko artikulua, eta euskarara ekartzea erabaki dugu, esan esaten baitu zerbait, eta euskaraz ere aunitzek ulertuko dutelako. Autoreak berak zuzendu du eta oniritzia eman dio euskarazkoari. Bere laguntza eta aldarte ona eskertu nahi diot hemendik.

Itsasoa gara

Jon Jimenez – Txalapartako editorea

Aurreko batean, Ken Zazpiren Itsasoa gara single berria lehenengoz entzun eta gero, lagun bati galdetu nion entzuna ote zuen. Ezetz esan zidanean, entzuteko gomendatu nion. Abesti ona iruditu zitzaidan. Sakona. Bukatu zuenean, ordea, lagunak esan zidan: “Tristea, ezta?”. Bo, musika bai, triste samarra zen. Baina malko haiei esker orain itsasoa gara dioen letra ezin bakarrik tristea izan. Bazuen zerbait positibotik, baita ere, edo hala uste nuen. Eta, ohikoa dudanez, abestia hainbat aldiz segidan entzun nuen (kaskoak jarri eta repeat botoiari sakatzea aski modu erraza da abestiak ikasteko). Etenik gabe.

Eta egia zen. Triste samarra zen. Eta, lagunari deus esan gabe, pentsatu nuen, “zergatik eginen dute malkoek bakarrik itsasoa? Itsaso hau barreek eta zalantzek, minak eta plazerak ere osatuko dute, ezta?”. Eta berehala gogora etorri zitzaizkidan hamabost urteko neska-mutilak, hurrenez hurren, Ken Zazpiko jarraitzaile sutsuak edo zaleak. Oihuka. Eta horrek guztiak gogorarazi zidan emo deituriko eta kopetan behera ilea erortzen uzten duen hiri-tribu hori, zeinak heriotza bizimoldetzat baitu. Eta pentsatzen jarraitu nuen. Eta gero irakurtzen jarri nintzen. Gizarte israeldarrak hartzen dituen hamaika molde eta zentzuez mintzo da Alberto Pradilla El judío errado (Txalaparta, 2010) liburuan, gizartearen bazterrei buruz, hots, israeldar freakyei buruz. Gizarte horretako itzalez. Eta berriz pentsatu nuen: hain urrun joan gabe ere ohiz kanpoko gauzak aurki zitzakeen. Hemen ere badugu antzeko zerbait. Badira nerabe cani, choni edo poligoneroekin elkartzen diren nerabe emoak. Shakiraren Waka-waka kantarekin desfasatzen duen jendea dago, eta Barricadaren estás-asustado-tu-vida-va-en-ello kantatu gabe parranda egin ezin dezakeen jendea. Edo bada biak aldi berean denik ere. Badira La Oreja de Van Goghtarrak eta Des-kontroltarrak. Baita txunberoak ere. Seme-alaba ingeniariak dituzten baserritarrak daude, eta bada, halaber, txulapo kapela eta panazko jaka daraman gizon bat, egunero, canichea paseatzera ateratzen duenean, handitasunez “buenos días” batekin agurtzen nauena.

Ezin dut herri hau ulertu hori guztia gabe. Ezin dut itsaso hau ulertu malkorik eta barrerik gabe. Ezin dut ulertu Joxe Azurmendiren demokrata eta biolentorik gabe, edo sei hilero Savaterrek eskaintzen dizkigun haurrentzako moduko auto-laguntza etikoko liburu moralizatzailerik gabe. Bera bezalako jenderik gabe, zeinak moxalak bataiatzen baititu ardo zuriarekin eta marrazkilarien izenekin. Ezinen nuke ulertu, ezta ere, aldi berean Opus Deikoa eta Gasteizko mendi taldekoa sentitzen den jende hori gabe. Ezta Erriberako nekazariaren bazkalondoko sol-y-sombra edo Botxoko koadrilaren bilbainaden eta lepoan korapilaturiko jertserik gabe ere. Eta ezinen nuke ulertu, ezta ere, prakek galtzontziloa erakusteko balio dutela dioen moda hori gabe, edo beste hori gabe, zeinak gona laburraren azpian prakak janztea aldarrikatzen baitu. Ezin dut ulertu txistularirik gabe, baina ezta Gernikako arbola oboearekin jotzen duten horiek gabe ere, pilotaririk edo golfaririk (eta golforik) gabe.

Ezin dut ulertu batzoki, herriko etxe edo putetxerik gabe. Ez herriko tabernarik gabe. Ezin dut irudikatu gure jatorria Edenean bilatzen duten liburutegiko arkeologorik gabe, ezta zoro utopiko komunistarik gabe. Ezin dut ulertu dirurik eta kapitalismorik gabe, baina ezta auzolan, sindikatu eta langilerik gabe ere. Ezin dut ulertu abizena Muñoz, Gómez edo Jiménez duen eta euskaraz Gerrikaetxeberria batek baino hobeki hitz egiten duen jenderik gabe. Itxurazko separatistarik eta, bere zabalean, banantzea eta dibortzioa aldarrikatzen dutenik gabe. Ikastolerorik, euskaldun zaharrik edo frantses euskaldun monolingue monolitiko frantses hiztunik gabe. Ezta txakurrik, txirularik eta txakurtxirularik gabe. Ez cutorik ez obolaktobarazkijalerik gabe. Ezin dut ulertu barre, malko, abesti, isilune, begirada eta hitzik gabe. Ezin dut zentroa ulertu bazterrik gabe. Ezin dut herri honen independentziarako bidea ulertu abesti baten tristeziatik bakarrik. Ez dut ulertzen zergatik desfasatzea ez den independenteagoa izateko modu bat. Ezta sufrimenduaren bidez baino ez askeagoa egitea ere.

Eta behin honaino helduta, ez naiz deus ulertzeko gai. Orain argi eta garbi dudan bakarra zera da, behingoagatik ulertuko dela idazten dudan zerbait. Eta ulertuko da, hain zuzen, ez dudalako deus esaten eta espainolez esaten dudalako.