Amorruz irakurtzen ditugu berriak eta inpotentziaz begiratzen aldatzen ez diren jarrerak. Baina amorruak eta inpotentziak bakarrik ez, maitasunak elikatzen duen indarraz ere egiten dugu aurrera. Sareko atal honetan ezin aunitz egin, bestela ere badugu nondik tira eta nora jo. Oihukatuko ditugu kalean aldarriak, zabalduko dugu mezua, helaraziko dugu elkartasuna, idatziko ditugu miresmen eta maite hitzak. Baina, halere, ezin isilik geratu. Aipatu indarraren beste askabide bat izan nahian, Askapena atalak argitaratu duen gutun labur hau euskaratu nahi izan dugu.
Saharar preso ohi baten mezua Iosu Uribetxebarriarekiko elkartasunez
Mohamed Barkan naiz, saharar preso politiko ohia eta Hedabide Taldeko kide. Layounne okupatutik, elkartasuna adierazi nahi diot bai Iosu Uribetxebarria preso politikoari bai orain borrokan diren euskal preso politiko guztiei.
Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diet legezkoak diren aldarrikapenei erantzuteko eta larriki gaixo diren preso politikoak aske uzteko.
Mendebaldeko Saharan (okupatutako lurraldeak) ongi baino hobeki dakigu nola urratzen diren preso politikoen eskubideak espetxe marokoarretan. Kartzelan egon nintzen garaian, bi gose greba egin nituen hango bizi baldintzak aldatu zitezen. Presio neurri horrekin, eguneroko tratu txarrekin bukatzea zen asmoa. Ikasteko, osasun egoera duina izateko eta senideen bisitak jasotzeko eskubidea bermatzea ere eskatu nahi genuen.
Egoera aldatuko zela promes egin baziguten ere, gure eskubideak urratzen jarraitu zuten. Bigarren gose greban, kartzela bateko preso politiko guztiak elkarrekin jartzea lortu genuen. Zoritxarrez, ongiegi ezagutzen dugu norbere eskubideak aldarrikatzen dituztenen aurka estatuek duten mendeku jarrera.
Nazioarteko erakundeek Espainiako eta Frantziako gobernuak presionatu beharko lituzkete, euskal preso politikoen giza eskubideak errespeta daitezen.
Espero dut Euskal Herrian arrazoi politikoak direla-eta atxilotzeari behingoz utziko diotela, eta munduko herri guztiei bezala, autodeterminaziorako eskubidea emanen zaiola.
Agur iraultzaile bat Iosuri eta borrokan dauden preso politiko guztiei.
Askatasuna presoarentzat eta itxaropena desagertutakoarentzat (esaera sahararra).
Mohamed Barkan (saharar preso politiko ohia)
abuztua 24, 2012 @ Garazi