Alabak aitari

iraila 3, 2012 @


clemence boulouque

Literaturaren belaunaldi berriko idazle nagusienetakotzat dute aunitzek Clémence Boulouque, frantziar estatuan. Hamahiru urte zituela galdu zuen aita, Gilles Boulouque epaile antiterrorista; Paris aztoratu zuten 1986ko eraso uholdeak aztertzeko ardura eman zioten, eta presio politiko-komunikatiboa gehiago jasan ezinik, 1990ean bere buruaz beste egin zuen. Orduan piztu zitzaion alabari literaturarekiko zaletasuna. Mort d’un silence (Gallimard, 2003) du lehen liburua, eta ezagunena, filma ere egin baitzuten hori oinarri hartuta. Aurretik zuen lana utzi eta idazteari, kazetaritzari eta literatur kritikari ekin zion buru belarri. Ondoren hamar liburu baino gehiago plazaratu ditu paristar gazteak, eta ospea ere lortu du, nahiz eta gure herrira ez den oihartzuna ozenegi heldu. Le Figaro littéraire, Transfuge eta Lire aldizkarietan idatzi ohi du.

Psychologies aldizkarian kaleratu zen hona ekarri nahi izan dugun gutun hau, autoreak aitari idazten diona. Lagun batzuen bidez izan dugu honen berri, eta, besterik ezean, itzulpena, behintzat, haiei eskainia da; Saioa eta Alexentzat.

Bihotzeko aita,

Maite dut pentsatzea zuk arrazoi zenuela eta ulertu dudala, urratsez urrats, bakarrik, zenbateraino eta zergatik. Sinkronia falta duen pelikula bat nola, hala entzuten dut maiz zure ahotsa, nire memoriaren irudien gainetik higitzen. Ez da deus garrantzitsuagorik errugabetasun-presuntzioa baino, esaten zenidan. Batzuetan, ozen fidatzen zenizkidan zure pentsamenduak, ulertuko nituela usteko bazenu bezala. Edo agian jakitun zinen ikasgaiak aski azkar azaldu behar zenizkidala, nolabait, bazenekielako geratzen zitzaizkizun egunak ez zirela aunitz. Hogeita bat urte dira joan zinela*. Hilik baitzaude, gazte-gaztetan hala oniritzi zeniolako, antza, eta orain errezelo batek atsekabetzen nau, bai ni bai gutariko asko, zeinek zurekin bizi izan baikenuen oinaze eredugarriek urraturiko iragana. Nire neba-ahizpa umezurtzek eta nik failetan, zulo beltz amaigabeetan, nahitaez murgildu beharko bagenu bezala. Boris Cyrulnikek iradokitako erresistentzia-moldea armadura gisara baliatu dut, berme intelektual eta froga gisara: bizitza etengabeko aurkikuntza balitz bezala maitatzea eta desengainuekin akabatzeko atsedenik gabe obratzea ez da sinestera heltzen garen gezurra, bizimolde bat baizik. Malkoen laztasuna ezagutzeak malkoak urrun izatera gonbidatzen gaitu.

Baina zenbaitek irrietan malkoak entzuteko eta gu iraganari eta bakarrik iraganeko tristeziari lotzeko duten joerak gehiegitan egurtzen nau oraindik ere. Epaitzen duena lasaitu egiten da, jakina. Lasterregi ematen diren epaiak dira minak beldurtzen dituen pertsona horien ur geldiak. Ez al dakite aurrez aurre begiratu behar diotela beldurrari, berarengandik libratzeko? Ez naiz, ez gara egurtu gaituen zorigaitzera murrizten edo betikotzen. Hori zigor bikoitza litzateke. Inork ez lituzke ordaindu behar, txanpon txikitan, bere zauriak besteen begiradetan. Bihotz-bihotzez irudika eta desio ezazu arima bare bat bestearengan, bai bestearentzako bai norberarentzako: sinetsi nahi dut hori dela, baita ere, sekula ez ahanzteko eskatzen zenidan errugabetasun-presuntzioa. Maite dut pentsatzea zuk arrazoi zenuela, bai, eta maite dut, baita ere, argitzen saiatzen naizen pasarteek barruan oihartzuna egitea, esaten baitidate zenbateraino den zure hutsunea kapitulu bat eta ez besterik, zure presentziaren modulazio bat. Eta, egunero, poz bakoitzean, gu horren lekuko izatea.

Clémence

*Gilles Boulouquek, terrorismoaren kontrako epaileak, presio komunikatibo-politiko jasanezinaren pean, 1990eko abenduaren 13an egin zuen bere buruaz beste.