ZORIONAK, DANELE!

iraila 13, 2012 @


sautrela

Danele Sarriugarte Mochales (geografikoki gipuzkoarra, fonetikoki bizkaitarra eta lexikoki Euskal Herri osokoa, 1989) blog honetako kide prestuak irabazi du aurtengo Igartza Saria, “Mamuak” izeneko eleberri-proiektuarekin. Pozez zoratzen jaso zuen Danelek berria eta bigarren eskuko azoka horietako batean boneta erostera joan zen segituan, idazleen cogollicoan errazago integratzeko. Pare bat aste dira Berlinetik iritsi zela eta, beraz, nahastuta dabil oraindik gaixoa, nahiz eta badugun susmoa jetlagarena baino patxaranarena izanen dela errua. Eromenak bereganatzen ez badu edo bere hitzetan galtzen ez bada, urtebetean aurkeztuko du eleberria. Algara, loria eta bozkario horretan, ordea, ezkutuan, badu arantzatxo bat: berandu heldu da, Sautrelako (goian bego) kamerek ez dituzte haren adats mugimendu kulunkariak harrapatuko. Horregatik, blog honetako beste kideak, cortapega zoragarriaren bidez, bihotzez taxutu du Sautrelaren ahizpa den saio-elkarrizketa hau, bataren omenaldi eta bestearen zorion-opari gisara. Tonua eta hasierako doinua norberak jar dezala –aski da irakurketa nabarmen moteldu eta silabak ongi markatzearekin–.

***

Irakurle, izan zaitez ongi etorria Kontrapasera, zuen etxera, euskal letren errepublika txiki honetara. Gaur, gurean, Danele Sarriugarte dugu, “Mamuak” izeneko proiektuarekin aurtengo Igartza sariketaren irabazle dena. Behar-beharrezkoak ote dituzte egungo idazle hasiberriek sariketak, bekak, eta halakoak aurrera egiteko? Zer ote dute gazteek literaturaren lurraldeari eskaintzeko? Euskal literaturaren plazan zer aurkitu duen eta zer erantzun, zer dardara, ze gustu bilatzen dituen jakin nahian helarazi dizkiogu honako galdera xume bezain jakingarri hauek gonbidatuari. Horiexek gaurko menuaren osagai nagusia. Eskerrik asko gurekin egoteagatik, Danele Sarriugarte, eta segi horrela, gogor.

Zer deitu behar zaitugu orain, idazle edo itzultzaile?


Zuk nahi duzun moduan deitu nazakezu, bonbon.

Zer burutaziori egin zenion kasu sariketara aurkezteko?


Ez dakit ba, klima aldaketak eragindako hego haizeren bati ziurrenik. Dena dela, ziur esan dezakedana da ez nuela aintzat hartu kazetari eta itzultzaileen galdera deserosoei erantzun beharko niela…


Orain esanen didazu saria ez zenuela inondik inora espero eta oraindik ere lanak dituzula sinesten…


Kar kar. Ba bai, topikoari men egingo diot eta horixe bera esango dizut: ez nuen espero eta ezin dut sinetsi. Izan ere, Elgoibarko jaien amaiera inguruan eman zidaten berria eta ni garaian etxetik urrun xamar nengoen, traumatuegi nire blogkideak ez ninduelako nire egunean zoriondu eta baita ere elgoibartar ororentzat urteko egun garrantzizkoenetakoa den txiki eguna galdu nuelako, edaten hasi nintzenetik lehendabizikoz. Bi gertakizun horiei aurre egin arte, ezingo diot Igartzarena asimilatzeari heldu.

Ejem… Azken urteotan gazte aunitz ateratzen dira gisako sariketetatik, agian bestela baino gehiago. Zer pentsatu behar dugu, bestela ez zirela aterako (literaturaren plazara)?

Ez dakit sariketarena errazagoa den, baina dudarik gabe erosoagoa da, parte hartzaileek “soilik” lagin bat eta azalpena bidali behar dutelako, eta irabaztekotan sari ekonomiko nahiko majoaz gain (batez ere gazte batentzat) lana argitaratuko denaren ziurtasuna izango dutelako. Bestela aterako liratekeen ala ez ezin jakin, jada sariarekin atera badira kabalistikan ibiltzeak ez du merezi. Izan ere beste aldetik ere galdetu baitaiteke: sariketak duela urte gehiago ezarri izan balira, orduan egun zaharragoak baina garaian gazteak zirenek zer egingo zuketen? Eskuizkribuak argitaletxera bidali ala sosen eta argitaralpen ziurtatuaren alde egin?
Dena den, sariketek gehienbat literaturaren plazara SARTZEKO balio dute, esango nuke sariaren ostean datorrela garrantzitsuena eta zailena, hau da bertan jarraitzea eta zeure arkupetxoa eraikitzea.

Zer adierazi nahi duzu nobelarekin? Ezagutzen zaituen irakurleak Danele biluzi bat aurkituko al du?

Nobela krisi edo egoera aldaketa bortitz batekin hasten da, kasu honetan maitasun-harreman baten amaiera. Pertsonaia nagusiak orduan harreman osoa birgogoratuko du, hori baldintzatu duten mamu edo obsesio pertsonalei arreta berezia emanez. Neurri batean edo bestean pertsona guztiok dauzkagun neurosiak dira liburuaren gai nagusia.
Esango nuke ezagutzen nauten gajoak nahiko ohituta daudela Danele biluzia aditzera eta gai eta ideien aldetik betiko berbajarioa aurkituko dutela, hori bai, idatzizko hizkuntzaren galbahe estilistikotik igarota, hau da, beste euskalkietako hitz potoloago eta mendeko perpausekin dotoretuta eta s eta z soinuak bereizteko moduan idatzita. Agian kuriosoenek errealitatearekiko paralelotasunak eraiki nahiko dituzte, baina azpimarratu dezadan fikziozko lana dela.

Kuriosoenek edo morbosoenek… Baina, esadazu, zer da mamuagoa: epe hertsi batean eleberri bat burutu beharra edo gure herriko literaturaren “plazan” sartzeko prestaketa psikologikoa?


Kar kar berriz. Planteatu didazun azken galdera horrek mamuak-en bigarren zati bat idazteko bazka emango dit agian, ikusiko dugu. Oraingoz eta badaezpada, ia-ia helikopteroz bakarrik aurkitu daitekeen txoko batera noa lana burutzera, eta Durangoko Azokara agertzekotan inkognitoan joango naiz.

Azken galdera, Danele… Irribarre eginen duzu biografiako argazkian?

Hori nire agentearekin eztabaidatu behar dut.

***

Igartza sariketaren harira Daneleri egiten dizkioten beste elkarrizketa profesional eta aspergarriagoak irakurri nahi badituzue, hauek estekak (agertu ahala azpian gehituko ditugu):

Sariaren berri

– Danele Sarriugartek irabazi du Igartza saria, ‘Mamuak’ nobela proiektuarekin – Berria

– Danele Sarriugarteren «Mamuak» eleberri proiektuak irabazi du aurtengo Igartza saria – Gara

– Danele Sarriugarte elgoibartarrak irabazi du Igartza Saria – Diario Vasco

– Danele Sarriugartek jaso du aurtengo Igartza literatur beka – Barren

– Danele Sarriugarte XV. Igartza Sariaren irabazlea – Nontzeberri

Elkarrizketak

– “Azken sei urteotan beka emakumeentzat izan bada, agian lan txukunagoak aurkeztu ditugulako izango da” – Noticias de Gipuzkoa

– “Helburu estetikoetarako, ezin hobea iruditzen zait intentsitatea” – Elkar-en bloga

– “Igartza saria aukera paregabea da edozein idazle gazterentzat” - Hitzen Uberan

– Elkarrizketa Goierri Telebistan, sari-banaketaren aurretik. – Goierri TB

– Elkarrizketa Euskadi Irratiko Arantxa Iturberen saioan. – Euskadi Irratia