Joan zen asteko asteazkenean lau urte bete ziren David Foster Wallace[1] (New York, 1962 – Kalifornia, 2008) idazle estatubatuar sonatuak bere buruaz beste egin zuenetik. Bere belaunaldiko idazle garrantzizko eta eragin handikoenentzat dute askok eta aspaldidanik genuen bere testutxoren bat hona ekartzeko gogoa. Beraz, jada estatubatuar dezente ekarri ditugun arren, efemeridea probestea erabaki dugu. Gainera, DFW pil-pilean dabil azkenaldian, alde batetik Breat Easton Ellis American Psycho (Vintage Books, 1991) eleberriaren autoreak eskaini dizkion txio ez-oso-abegitsuengatik eta bestetik, D.T. Max idazleak haren biografia argitaratu berri duelako: Every Love Story is a Ghost Story (Viking Press, 2012).
DFW unibertsitate-irakasle familia batetik zetorren, aita filosofiako irakaslea zuen eta ama, aldiz, ingelesekoa. Giro honetan hazteak izugarrizko eragina izan zuen DFW erraldoiki adimentsuaren izaeran eta familia intelektualaren irudia bere lan askotan errepikatzen da, agian nabarmenen Infinite Jest (Little Brown, 1996) eleberri mardulean eta laudatuenean eta idazten dagoen honen gogokoenean. DFW berak ingelesa eta filosofiako ikasketak burutu zituen Armherst Collegen, 1985ean summa cum laude graduatuz, eta bi urte beranduago idazkuntza sortzaileko masterra erdietsi zuen Arizonako unibertsitatean. Urte berean lehendabiziko eleberria argitaratu zuen, hain zuzen, The Broom of the System (Viking Press, 1987) eta horren ondotik etorriko zen Girl with Curious Hair (W.W. Norton & Co., 1989) narrazio bilduma. Aurrez aipatutako Infinite Jestekin iritsiko zitzaion arrakasta kritikoa zein komertziala.
Unibertsitate irakasle gisa jarduteaz gain, artikulugile oparoa ere izan zen DFW, besteak beste Rolling Stone, The New Yorker edo Harper’s Magazine aldizkarientzat saiakera antzeko lan ugari idatzi zituen. Horietako asko hainbat liburutan bildu dituzte, hala nola, A Supposedly Fun Thing I’ll Never Do Again (Little Brown, 1997) eta Consider the Lobster (Little Brown, 2005).
Gaurkoan dakarguna DFWk 2005ean Kenyon Collegeko graduazio ekitaldian emandako hitzaldia da, non goi-mailako hezkuntzaren balioaz eta esanahiaz mintzo baita. Besterik gabe, zuekin David Foster Wallace jauna. On degizuela.
[1] Hemendik aurrera DFW.
HAU URA DA
Hona igerian dabiltzan bi arrain gazte eta kontrako norabidean datorren arrain zaharrago batekin topo egiten dute, zeinak agurtu eta galdetzen baitie: “Egun on, mutilak. Nola dago ura?” Bi arrain gazteek aurrera jarraitzen dute tarte batez eta azkenean batak besteari begiratu eta diotsa: “Zer arraio da ura?”
AEBetako graduazio hitzaldietarako eskakizun estandarra da hauxe, parabola gisako istorio txiki didaktikoa erakustea, alegia. Istorioaren kontua generoaren hitzarmen onenetariko eta pitokeriarik gabekoenetarikoa da, baina beldur bazarete ez ote dudan neure burua arrain zahar eta jakintsutzat aurkeztuko eta zuei, arrain gazteei, ura zer den azalduko, ez zaitezte larritu, ez bainaiz arrain zahar jakintsua. Arrainen istorioaren gakoa zera da, sarritan errealitate begien bistako eta garrantzitsuenak direla ikusteko zailenak eta eztabaidatzeko gaitzenak. Ingelesezko esaldi baten forman adierazita hau topiko hutsala besterik ez da, baina kontua da existentzia helduaren eguneroko zangetan, topiko hutsalek hil ala biziko garrantzia izan dezaketela, edo hori iradoki nahi dizuet goiz lehor eta maitagarri honetan.
Noski, gisa honetako hitzaldietako eskakizun nagusia betetzeko, zuen ikasketa humanistikoen esanahiaz mintzatu beharko nintzateke, azaltzen saiatu beharko nuke jasotzear zaudeten titulua ez dela soilik kitapen materiala baizik eta giza baloreak ere badituela. Beraz, hitz egin dezagun graduazio hitzaldien generoan dagoen klixe nonahikoenaren inguruan, hau da, humanitate ikasketak egitearen helburua ez dela zuen buruak jakinduriarekin betetzea baizik eta “pentsatzen irakastea”. Ni nintzen moduko ikasleak baldin bazarete, horrelakoak aditzea ez zaizue sekula gustatu eta norbaitek pentsatzen irakatsi behar zizuela esateak apur bat irainduta sentiarazi zaituzte, izan ere, hau bezain ona den unibertsitate batean onartua izate hutsak nahikoa beharko luke pentsatzen badakizuela frogatzeko. Baina azalduko dizuet humanitateen klixea ez dela inondik inora iraingarria, zeren eta honelako toki batean pentsatzearen inguruan erdietsi beharko zenituzketen irakaspenak ez dira hertsiki pentsatzeko gaitasunari buruzkoak, baizik eta zertaz pentsatu aukeratzeari buruzkoak. Zertaz pentsatu aukeratzeko orduan erabateko askatasuna duzuela hain agerikoa iruditzen bazaizue, non ez baitu merezi horren inguruan hausnartzen denbora galtzeak ere, arrain eta uraz gogoetatzeko eskatuko dizuet eta guztiz agerikoak diren gauzen balioarekiko duzuen eszeptikotasuna zenbait minutuz baztertzeko.
Hona beste istorio didaktiko txiki bat. Bi tipo bata bestearen alboan eserita daude Alaskako oihan urrunean. Tipoetako bat sinestuna da, bestea ateoa eta Jainkoaren existentziaz eztabaidatzen ari dira, laugarren garagardoaren ondotik agertu ohi den intentsitate berezi horrekin. Eta ateoak dio:
-Hara, ez da ez dudala Jainkoarengan sinesteko benetako arrazoirik. Ez da ez dudala sekula Jainkoaren eta otoitz egitearen kontu guztia probatu. Joan zen hilabetean kanpalekutik kanpo gelditu nintzen demaseko ekaitzaren erdian eta erabat galduta nengoen eta ezin nuen deus ikusi eta zero azpitik 50 gradu zeuden, beraz, saiatu nintzen: elurretan belauniko jarri eta deiadar egin nuen “O, Jainkoa, Jainkorik bada, ekaitzean galduta nago eta hilko naiz ez badidazu laguntzen”.
Eta orain, tabernan, tipo sinestunak ateoari begiratzen dio, zur eta lur.
-Tira, orduan orain sinesten duzu – esaten dio, – azken finean hemen zaude, bizirik.
-Ez, gizona, hau da gertatu zena: pare bat inuit inguruan zebiltzan eta kanpalekurako bidea erakutsi zidaten.
Erraza da istorio hori analisi humanistiko estandar moduko baten bidez azaltzea: bizipen berberak esanahi guztiz ezberdinak izan ditzake bi pertsona desberdinentzat, kontuan hartuta bi pertsona horiek bi sinesmen eredu desberdin eta bizipenen esanahia eraikitzeko bi modu diferente dituztela. Tolerantzia eta sinesmen aniztasuna estimatzen ditugunez, gure analisi humanistikoan ez dugu sekula adierazi nahi izango tipo baten interpretazioa zuzena dela eta bestearena, aldiz, faltsua edo okerra. Hori ez da txarra, baina azkenean ez dugu egundo eztabaidatzen nondik datozen norbanakoen eredu eta sinesmenak. Hots, bi tipoen BARNEKO zein tokitatik datozen. Pertsonak munduarekiko duen jarrera oinarrizkoena eta bere bizipenen esanahia jada ezarrita bailegoen, garaiera eta oinaren neurria bezala; edo kulturatik automatikoki xurgatuko bailitzan, hizkuntza bezala. Esanahia eraikitzeko dugun modua aukera pertsonal eta intentzionala ez bailitzan. Gainera, harropuzkeriaren kontua dago. Sinestuna ez den tipoak ziurtasun osoz dio inuiten agerpenak ez duela zerikusirik bere laguntza eskatzeko otoitzarekin. Egia da, sinestun askok ere modu harroputzean eta erabat ziurrean azaltzen dituzte haien interpretazioak. Ziurrenik ateoak baino are nardagarriagoak dira, gutxienez gutako gehienontzat. Baina dogmatiko sinestunen arazoa, hain zuzen, istorioko ez-sinestunaren berbera da: ziurtasun itsua, preso egotea bezalakoa den burugogortasuna, hain erabatekoa, non presoak ez baitaki giltzapetuta dagoenik ere.
Kontua da, nire ustez, pentsatzen irakasteak, hein batean, horixe esan nahi beharko lukeela. Ez hain harroputza izatea. Neure buruaren eta neure segurtasunen inguruan kontzientzia kritiko apur bat izatea. Izan ere, automatikoki ziurtzat jo ohi ditudan kontuen ehuneko handi bat azkenean okerrak edo engainuzkoak izan ohi dira. Hori bide gogorrenetik ikasi dut, eta zuei graduatuei ere hala gertatuko zaizuela esango nuke.
Hona adibide bat, automatikoki ziurtzat jotzen dudan gauza horietako bat erabat okerra dela erakusteko: nire berehalako bizipen guztiek baieztatzen didate sakonki sinisten dudan zerbait, hots, unibertsoaren erdigune absolutua naizela, existitzen den pertsonarik benetazkoena, biziena eta garrantzizkoena. Gutxitan pentsatzen dugu gisa honetako egozentrismo natural, oinarrizko honen inguruan, sozialki higuingarria baita. Baina, gutxi gorabehera berbera da guztiontzat. Gure besterik-ezeko izaera da, jaiotzean gure paneletan konektatutakoa. Pentsatu: zu izan zara eduki dituzun bizipen guzti-guztien erdigunea. Bizi duzun mundua hor dago ZURE aurrean edo ZURE atzean, ZURE eskubitara edo ezkerretara, ZURE telebistan edo ZURE pantailan. Eta abar. Beste pertsonen pentsamenduak eta sentipenak nolabait komunikatu behar zaizkizu, baina zeureak hain dira berehalakoak, presazkoak, benetakoak.
Mesedez ez zaitezte larritu, konpasioaz edo besteak kontuan hartzeaz edo bertute delako horiez predikuka arituko natzaizuelakoan. Ez gara bertuteaz ari. Ari gara, nire besterik-ezeko izaera natural eta jaiotzazkoa, hots, sakonki eta literalki egonzentriko izatea eta guztia neure buruaren leiar horren bitartez ikustea eta interpretatzea, nolabait aldatu edo nigandik ezabatzeko erabakia hartu eta horretarako lan egiteaz. Besterik-ezeko izaera modu horretan doitu dezaketen pertsonak, sarritan, “ondo-doituak” deitzen dituzte, nire ustez ez dena besterik gabe hautatutako terminoa.
Egoera akademiko arrakastatsu hau kontuan hartuta, ageriko galdera bat da, ea gure izaera doitzearen lan hori burutzeko zenbateraino den ezinbestekoa jakinduria edo adimendua. Galdera korapilatsua da. Ziurrenik hezkuntza akademikoaren alderdirik arriskutsuena da – gutxienez nire kasuan – aferak gain-intelektualizatzeko dudan joera sustatzen duela, nire buru barneko eztabaida abstraktuan galtzekoa; besterik gabe nire begien parean gertatzen ari denari jaramon egin beharrean, nire barnean gertatzen ari denari jaramon egitea.
Ziur nago zuek ere dagoeneko ikasi duzuela zinez zaila dela erne eta adi irautea, zure buru barneko etengabeko bakarrizketarekin hipnotizatuta egon beharrean (baliteke une honetan bertan horixe gertatzen egotea). Neure graduaziotik hogei urte igaro direnean, gutxinaka ulertzen joan naiz pentsatzen irakasteari buruzko ikasketa humanistikoen klixea askoz sakonagoa eta serioagoa den ideia baterako gakoa dela: pentsatzen ikasteak egiatan esan nahi du nola eta zer pentsatzearen gainean kontrol pixka bat izaten ikastea. Zeri jaramon egin aukeratzeko eta bizipenetatik esanahia nola eraikiko duzun aukeratzeko kontzientzia eta ezagupen nahikoa izatea esan nahi du. Helduen bizitzan gisa honetako hautuak egiteko gai ez bazara, galduta egongo zara. Pentsatu honako klixeaz: gogoa zerbitzari aparta da baina ugazaba terriblea.
Klixe horrek, beste hainbat klixek bezala, azalean sinesgaitza eta txepela dirudien arren, zinez egi handi eta terrible bat adierazten du. Ez da inondik ere ustekabekoa pistola batekin beren buruaz beste egiten duten helduek ia beti buruan ematen dutela tiro. Ugazaba terriblea tirokatzen dute. Eta ezin uka, beren buruaz beste egiten duten horietako asko, jada hilik zeuden tiroa eman baino askoz lehenagotik ere.
Nire ustez honakoari buruzkoa izan beharko luke zuen ikasketa humanistikoen benetako eta pitokeriarik gabeko balioak: nola ekidin zure heldu-bizitza eroso, oparo eta errespetagarria hilik ematea, inkontziente, zure buruaren eta zure besterik-ezeko izaeraren esklabo, berdingabeki, osoki, inperialki bakarrik, egunak joan eta egunak etorri. Horrek hiperbola bat iruditu dezake, edo zentzugabekeria abstraktua. Izan gaitezen konkretoagoak. Egi hutsa da graduatzera zoazten azken urteko ikasleek ez duzuela ideiarik ere ez, “egunak joan eta egunak etorri”-ren benetako esanahiaz. Badira bizitza heldu estatubatuarraren zenbait zati oso eta zabalak, zeinak ez baitira graduazio hitzaldietan inoiz aipatzen. Horietako batek asperdura, errutina eta frustrazio hutsalarekin zerikusia du. Areto honetako guraso eta pertsona zaharragoek ondoegi ulertuko dute zertaz ari naizen.
Adibide bat jartzearren, demagun pertsona heldu baten bataz besteko egun bat dela: goizean altxatzen zara, zure lanpostu erronka jotzaile, profesional eta unibertsitate gradudunera zoaz, gogor egiten duzu lan zortzi edo hamar orduz, eta eguna amaitzean nekatuta zaude eta pixka bat estresatuta eta egin nahi duzun bakarra etxera joatea eta ondo afaltzea eta agian ordubetez edo atseden hartzea da, eta gero begiak goiz batzea, noski, biharamunean berriz ere altxatu eta den-dena errepikatu beharko duzulako. Baina orduan konturatzen zara etxean ez daukazula janaririk. Aste honetan ez duzu erosketak egiteko astirik izan zure lanpostu erronka jotzailearen ondorioz eta hortaz, orain, lanaren ostean autoa hartu eta supermerkatura joan behar duzu. Lanegunaren amaiera da eta ziur aski trafikoa horrelakoa izango da: oso txarra. Beraz, dendara iristeko ohikoa baino askoz denbora gehiago behar duzu eta azkenean iristen zarenerako jendez josita dago, izan ere, lan egiten duten beste pertsonak ere soilik ordu honetan saiatu daitezke janari apur bat lortzen. Denda lazgarriki argiztatuta dago eta musika arima-hiltzailea edo pop korporatiboa jartzen dute etengabe, eta hauxe da egon nahi zenukeen azkenengo tokia baina ezinezkoa da besterik gabe sartu eta irtetea; dendako pasabide erraldoi eta gain-argiztatu nahasietan alderrai ibili behar duzu behar dituzun gauzak topatzeko eta orga kakatsuarekin maniobratu behar duzu, orgak daramatzaten beste pertsona nekatu eta presadun guztien artetik (eta abar, eta abar, zenbait gauza kanpoan lagatzen ditut oso zeremonia luzea baita) eta azkenean afaltzeko behar duzun guztia lortzen duzu baina orain kaxa gutxiegi daude zabalik nahiz eta egun-amaierako-presazko-bolada izan. Ondorioz, kaxako ilada sinesgarriki luzea da, eta hori txepela eta amorragarria da. Baina ezin diozu frustrazioa kaxan lanean ari den andere frenetikoari jaurti, zeinak ordu gehiegiz lan egiten baitu gutako edonorentzat irudikaezina den lanpostu gogaikarri eta zentzugabean.
Edonola ere, azkenean kaxaren hasierara iristen zara eta janaria ordaintzen duzu eta “Egun ederra izan” esaten dizute, heriotzaren ahots absolutua den ahotsarekin. Ondoren, zure plastikozko poltsa mendre higuingarriak sartu behar dituzu zoroki ezkerralderantz jotzen duen gurpil eroa daukan organ, aparkaleku bete, koskadun eta zabordunean zehar, eta ondoren etxeraino gidatu behar duzu, trafiko geldo, astun, 4×4-ibilgailuz-jositako eta presazkotik, eta abar, eta abar.
Hemen gauden denok egin izan dugu halakorik noizbait, jakina. Baina oraindik ez da zuen, graduatuen bizitzako benetako errutina izan, egunez egun, astez aste, hilabetez hilabete, urtez urte.
Baina izango da. Eta horrekin batera beste hainbat errutina deprimigarriago, gogaikarriago eta ustez zentzugabekoagoak. Baina hori ez da kontua. Kontua da gisa honetako zabor hutsal, frustragarriarekin hasiko dela aukeratzearen lana. Izan ere trafiko buxaketek eta jendez betetako pasabideek eta kaxarako ilada luzeek pentsatzeko parada ematen didate eta pentsatzen dudanaren eta jaramon egiten diodanaren gaineko erabaki kontzientea hartu ezean, haserre eta zorigaiztoko sentituko naiz erosketak egitera noan bakoitzean. Izan ere, nire besterik-ezeko izaera naturalak dio egoera guzti horiek berez niri buruzkoak direla. NIRE goseari eta NIRE nekeari eta NIRE etxera iristeko desirari buruzkoak, eta irudituko zait gainontzeko guztiak soilik nire bidea oztopatzen daudela. Eta nortzuk dira nire bidea oztopatzen ari diren guzti horiek? Begira zelako nardagarriak diren gehienak, eta zein tentelak, eta behi-modukoak eta begirada-hilekoak eta ez-gizakiak diruditen kaxarako ilaran, eta begira zein gogaikarria eta errespetu gabekoa den mugikorretik ozen hitz egitea ilararen erdian zaudenean. Begira zein sakonki eta pertsonalki bidegabea den guztia.
Edo, jakina, nire besterik-ezeko izaeraren fase sozialki kontzienteagoan banago, egun-amaierako trafikoan tarte bat eman dezaket bidea blokatzen duten 4×4 ibilgailu, eta Hummer eta V-12 kamioi erraldoi eta tentelengatik gogaituta, beraien 160 gasolina litro xahutzaile eta berekoiak erretzen dituztelako eta pentsatu dezaket eranskailu aberkoi edo erlijiosoak beti daudela ibilgailu handienetan eta nazkagarriki berekoienetan, zeinak gidari itsusienek, begirunegabeenek eta oldarkorrenek gidatzen baitituzte. Eta pentsatu dezaket nola gure umeen umeek gorrotatuko gaituzten etorkizuneko erregai guztia xahutzeagatik eta ziur aski klima zapuzteagatik, eta pentsatu dezaket zein mainatuak eta tentelak eta berekoiak eta higuingarriak garen guztiok, eta egungo kontsumo gizartea kaka besterik ez dela, eta abar eta abar.
Ulertzen didazue.
Dendan eta autopistan horrela pentsatzea aukeratzen badut, ondo. Askok egiten dugu. Baina honela pentsatzea hain erraza eta automatikoa denez, ez dago aukeratu beharrik ere. Nire besterik-ezeko izaera naturala da. Helduen bizitzaren aspektu aspergarri, frustragarri eta jendez betetakoak bizitzen ditudan modu automatikoa da, munduaren erdigunea naizela dioen sinismen inkontziente automatikoan nagoenean, munduaren lehentasunek nire berehalako behar eta sentipenen araberakoak izan beharko luketela uste dudanean.
Kontua da, noski, gisa honetako egoerez pentsatzeko hainbat modu erabat desberdin daudela. Trafiko honetan, ibilgailu guzti hauek geldi eta ezer egin gabe nire bidearen erdian daudenean, ez da ezinezkoa 4×4 ibilgailuetan doazen pertsonetako zenbaitek noizbait auto istripu ikaragarriren bat nozitu izana eta orain gidatzeak hainbesterainoko izu laborria sortzen dienez, terapeutak agindu izana 4×4 erraldoi, astun horietako bat erosteko, gidatzerakoan seguru sentitu daitezen. Edo aurreratu berri nauen Hummer hori agian gaixo edo minez dagoen haurtxo baten aitak gidatzen du, eta umea erietxera eraman nahi du eta bere presaka ibiltzeko arrazoia nirea baino handiagoa eta zilegiagoa da: egiatan, ni naiz BERE bidea oztopatzen dagoena.
Edo nire burua behartu dezaket honakoa kontuan hartzera, hots, balitekeela supermerkatuko ilaran dauden beste guztiak ere ni bezain aspertuta eta frustratuta egotea eta agian pertsona horietako batzuek nirea baino bizitza gogorragoak, gogaikarriagoak eta mingarriagoak izatea.
Berriz ere, ez pentsatu aholku moralak ematen ari natzaizuenik, edota horrela pentsatu behar duzuela esaten nagoenik, edota norbaitek zuek automatikoki horrela ekitea espero duenik. Zaila delako. Gogoa eta ahalegina eskatzen du eta ni bezalakoak bazarete, batzuetan ez zarete gai izango edo, besterik gabe, ez duzue gogorik izango.
Baina egun gehienetan, zeure buruari aukera bat emateko bezain kontziente baldin bazara, ilaran bere semeari garrasika egin berri dion andere lodi, begirada-hileko eta gain-makillatutakoari modu diferentean begiratzea aukeratu dezakezu. Agian, normalean ez da horrelakoa. Agian, lorik egin gabe eman ditu azken hiru gauak, hezur-kantzerraz hiltzen ari zaion senarraren eskuari oratuta. Edo agian andere hauxe bera da motordun ibilgailuen saileko soldata baxuko langilea, zeinak atzo zure ezkonkidearen arazo izugarri eta amorragarri bat konpondu baitzuen, adeitasun burokratikoko keinu baten bidez. Noski, ez da gertaerraza baina ez da ezinezkoa ere. Aintzat hartu nahi duzunaren araberakoa da soilik. Errealitatea zer den automatikoki ziurtzat jotzen baduzu, eta zure besterik-ezeko izaeran bazaude, orduan zuk, nik bezala, ez duzu aintzat hartuko amorragarria eta miserablea ez den posibilitaterik. Baina, jaramon egiten ikasten baduzu jakingo duzu badirela ere beste aukera batzuk. Zure esku egongo da egoera bete, bero, geldo, kontsumo-infernu antzeko bat ez bakarrik zentzuduntzat hartzea, baizik eta sakratutzat, izarrak sortu zituen suarekin batera: maitasuna, laguntasuna, gauza guztien sakoneko batasun mistikoa.
Kontu mistiko horiek ez dute zertan egiazkoak izan. Letra larriz idatzitako Egi bakarra da zuk zeuk erabakitzen duzula nola ikusiko eta hartuko duzun egoera.
Hau da, nire aburuz, benetako hezkuntzaren askatasuna, ondo-doituta egoten ikastearena. Kontzienteki erabaki dezakezu zerk duen esanahia eta zerk ez. Zer gurtu erabaki dezakezu.
Hona arraroa izanagatik egia den beste zerbait: helduen bizitzako eguneroko zangetan, ez dago ateismoa deitu daitekeen ezer. Ez dago ez-gurtzea deitu daitekeen ezer. Denek gurtzen dute. Ematen diguten aukera bakarra da zer gurtu erabakitzearena. Eta agian jainkoarekin edo espiritualtasunarekin lotutako zerbait aukeratzeko arrazoi erakargarria da – berdin du Jesukristo, edo Allah, edo Yahweh edo Wiccan Ama Jainkosa, edo Lau Egi Nobleak, edo printzipio etiko sorta hautsezinen bat – gurtzen duzun beste ia edozerk bizirik irentsiko zaituela. Dirua eta gauzak gurtzen badituzu, bizitzaren zentzua horien bidez eraikitzen baduzu, orduan ez duzu sekula nahikoa edukiko, ez duzu sekula sentituko nahikoa daukazunik. Hori da egia. Gurtu zure gorputza eta edertasuna eta xarma sexuala eta itsusi sentituko zara beti. Eta denbora eta adina agertzen direnean, milioika heriotz jasango dituzu, lurperatua izan aurretik ere. Maila batean, gauza horiek badakizkigu dagoeneko. Mito, esaera zahar, klixe, epigrama eta parabola moduan kodifikatuak izan dira, istorio handi ororen hezurdura dira. Egia eguneroko kontzientziaren aurrekaldean mantentzean datza trikimailua.
Gurtu boterea eta azkenean ahul eta beldurtuta sentituko zara eta besteen gainean are botere gehiago izatea beharrezkoa izango duzu zure beldur propioa sorgortzeko. Gurtu zure adimendua, azkartzat hartua izatea, eta tentel sentituko zara azkenean, edozein unetan deskubritu dezaketen iruzurra. Gurtze mota horien ezaugarri azpijokaria ez da doilorrak edo bekatuzkoak direnik, baizik eta inkontzienteak direla. Besterik-ezekoak dira.
Gradualki sartzen zaizkizun gurtze motak dira, egunez egun, ikusten duzunari eta balioa neurtzeko moduari dagokionez gero eta selektiboago bilakatuz, egiten ari zarenaz erabat kontziente sekula izan gabe.
Benetako mundu delakoak ez dizue zuen besterik-ezeko izaerarekin ekiteko gogoa kenduko, izan ere gizonen eta diruaren eta boterearen benetako mundu delakoa pozik dago beldurrak eta amorruak eta frustrazioak eta egarriak eta norberaren gurtzeak osatzen duten igerileku horretan kantari. Geure egungo kulturak bide horiek baliatzeko erabili dituen moduek ohiz kanpoko ondasuna eta erosotasuna eta askatasun pertsonala sortu dituzte. Guztiok geure burezur formako erresuma txikien jaun izateko askatasuna, bakar-bakarrik sorkuntza ororen erdigunean. Askatasun mota hori askok gomendatzen dute. Baina, noski, badira beste hainbat askatasun mota eta preziatuena denari buruz ez duzue asko entzungo desiratzearen eta erdiestearen kanpoko mundu handian… Benetan garrantzizkoa den askatasun motak arreta eta kontzientzia eta diziplina eskatzen ditu, eta beste pertsonez benetan arduratzeko gaitasuna eta beraiengatik norbere burua eskaintzekoa, behin eta berriz, eguneroko hamaika egoera ez-erakargarritan.
Hori da benetako askatasuna. Hori da ikasia izatea eta nola pentsatu ulertzea. Alternatiba inkontzientzia da, besterik-ezeko izaera, arratoi arraza, infinitua den zerbait eduki izanaren eta galdu izanaren etengabeko sentipen zaurgarria.
Badakit guzti hau ez dela dibertigarria eta freskagarria edo erraldoiki inspiratzailea, graduazio hitzaldi batek beharko lukeen moduan. Niri dagokidanez letra larriz idatzitako Egia da, apaingarri erretoriko saldoaz biluzturik. Zuek nahi duzuena pentsatzeko eskubidea duzue, jakina. Baina mesedez ez ezazue baztertu muturtuta eta hatza altxaturik ematen diren sermoi horietako bat bailitzan. Esandako ezer ez da egiatan moralitateari buruz edo erlijioaz edo dogmaz edo heriotza osteko bizitzaren galdera bitxiez.
Letra larriz idatzitako Egia heriotza AURREKO bizitzari buruzkoa da.
Benetako hezkuntzaren benetako balioaz da, zeinak ez baitauka kasik zerikurisik jakinduriarekin, eta hertsiki loturik baitago kontzientzia soilarekin; benetakoa eta funtsezkoa denaren kontzientzia, geure begien bistan horren ongi ezkutatuta, non etengabe errepikatu behar baitiogu geure buruei:
“Hau ura da.”
“Hau ura da.”
Irudikaezinki zaila da hau egitea, kontziente eta bizirik irautea helduen munduan egunak joan eta eguna etorri. Hortaz, beste klixe handi bat ere egia da: zure hezkuntza bizitza osorako lanbidea DA, benetan. Eta noiz hasten da? Orain.
Zortea baino askoz gehiago opa dizuet.
Zinema eta biografia: Danele Sarriugarte, Cristina Lasa & Harkaitz Cano solasean | High Alaitasuna
2015-09-02
[…] konfigurazioan”: norberekeria, kontzientziarik eza, sasi-lehiakortasuna. Honela dio DFWk, Danele Sarriugartek egindako itzulpen […]