Itzultzaileak mintzo: Naroa Azurmendi eta Manex Beristain

urria 1, 2012 @


DSC03369

Aspaldi ez garela itzultzaileekin aurrez aurre aritu, baina hausnarketarekin gertatu bezala, abiatu da ikasturtea eta solasaldiei ere berriz heldu nahi diegu. Beraz, udazkenari hasiera emateko, ezohiko itzulpen proiektu baten berri ematera gatoz, hain zuzen, Naroa Azurmendi eta Manex Beristain azpeitiarrek Nepalen burutu dutena. Azurmendi itzultzailea da ikasketaz eta irakasle ofizioz eta Beristainek, irakaslea izateaz gain, haurrentzako ipuin bat auto-editatu zuen 2011an: Krixpin kaktusa

Iragan udan Nepalen egon ziren eta ipuin bat osatu dute bertako eskola bateko langile eta haurrekin elkarlanean. Ipuina nepalieraz eta euskaraz egongo da.

Gure aldetik eskerrik beroenak Garbiñe Manterolari proiektu interesgarri hau gugana ekartzeagatik eta sortzaileekin harremanetan jartzen laguntzeagatik.

Elearazi: Nola sortu zen Nepalera joateko ideia? Oro har nolakoa izan da han egindako lana eta esperientzia?

Naroa Azurmendi eta Manex Beristain: Biok genuen aspalditik horrelako bidaia bat egiteko asmoa, eta kasualitatez Kathmanduko neska batekin jarri ginen harremanetan. Hilabete batzuetan emailez egon ondoren, ikusi genuen proiektu txiki hau martxan jartzea posible zela eta halaxe animatu ginen. Kathmanduko auzo batean egon gara, Binshengolan. Auzoa hirigunetik orduerdira-edo dago, eta bertako eskola txiki batean egon gara lanean eta bizitzen. Eskola bera oso itxura oneko eraikina da kanpotik, baina berehala konturatu ginen gabezia asko zituela. Eskola bezala beharrezkoak diren gauza asko falta ziren, gehienbat materiala. Bi ildotatik heldu diogu lanari: alde batetik, sentsazio desberdinak lantzeko jolas libreak proposatu dizkiegu bertako langileei. Bestetik, eskolako arduradunarekin aritu gara gela bat txoko desberdinetan antolatzen. Bertako beharrak identifikatu, elkarrekin proposamenak aztertu eta erosi beharreko materiala zehaztu dugu. Horretarako dirua lortzeko, haurrentzako ipuin bat sortu dugu guztion artean. Lau nepaliar gazterekin bizitzen egon gara hiru astez, eta konturatu gara oso desberdinak garela egunerokotasunean. Kultura eta tradizioen eraginagatik, batzuetan ez da erraza izan elkarrekin komunikatzea eta elkar ulertzea, baina guztiok ere oso irekita egon gara eta oso aberasgarria izan da.

E: Nola sortu zen ipuina itzultzearen ideia/proiektua? Zein da ipuinaren argumentua?

N.A. eta M.B.: Gure asmoen barruan bazegoen ipuina sortzearena, baina hara joan arte ez genuen ezer zehatzik. Lehenik eta behin, hango errealitatea eta beharrak ikusi nahi genituen. Hala, materialaren beharra betetzeko aukera polita zela iruditu zitzaigun behin han geundela, eta, gainera, eskolako bertako bizipenak lagundu zigun istorioa sortzen. Bestalde, itzultzearena oso prozesu polita izan zen, ia eskola guztiak hartu baitzuen parte. Ipuineko protagonistak eskolako bi ume dira, eta espazioa ere bertan oinarrituta dago, betiere haurren ikuspegi magikotik begiratuta.

E: Zein da/zen lortu nahi duzuen/zenuten helburua?

N.A. eta M.B.: Lehen esan bezala, alde batetik aipatutako gela hornitzeko dirua lortzea zen helburua. Bestetik, oso interesgarria iruditzen zaigu ipuinaren bidez Nepalgo zati txiki bat hona ekartzea.

E: Nolakoa izan da itzulpen prozesua: itzultzaileak topatzea eta itzultzea bera?

N.A. eta M.B.: Hasteko, garbi genuen euskaraz eta nepalieraz aterako zela ipuina. Hori hala, bi hizkuntzak inork ez zekizkienez, itzulpenean tarteko hizkuntza baten beharra genuen. Guk ipuina euskaraz sortu genuen, eta geuk itzuli genuen ingelesera. Gero, eskolako batek ingelesetik nepalierara itzuli zuen eskuz; izan ere, hor ez zen bukatu prozesua. Nepalieraz ordenagailuz idaztea ez da hain erraza, eta eskolako beste langile bati eskatu behar izan genion ordenagailuz idazteko. Prozesua uste baino konplikatuagoa izan zen, baina oso polita.

E: Nepaliar eta nepalierarekin lanean jarraitzeko asmorik duzue?

N.A. eta M.B.: Proiektuak hemen aurrera darrai, eta horretarako haiekin harremanetan gaude. Aurrez erabakitako materiala erosteko dirua bidaliko diegu, eta haiek gelaren garapenaren berri emango digute.

E: Etorkizuneko beste proiekturik?

N.A. eta M.B.: Proiektu hau bukatu arte, ez gara hurrengoan pentsatzen hasiko. Hori bai,  ipuinarenak beste ate batzuk ere zabaldu dizkigu. Esate baterako, ipuin-kontaketa egiteko proposamena egin digute Azpeitiko liburutegikoek eta aurrera begira gure proiektua zabaltzeko ilusioz eta gogoz gaude.