Schwarzfahrer – Pepe Danquart

urria 11, 2012 @


Pepe-Danquart

Kontuan hartuta 1) ipodaren kablea batek-daki-non utzi nuenez gailu gajoak azken hiru hilabeteotan bateria usaindu ere ez duela egin eta 2) garraio publikoko zenbait txoferrek Death Proof-eko hiltzailea direla sinetsita hartzen dituztela gure errepide lau zein malkartsuetako bihurguneak (eta ez dut izenik esan nahi baina batez ere etxe batekoak izaten dira eta nago zuetako askok jakingo duzuela nortaz ari naizen, plusen bat emango al diete bost minutu lehenago helmugaratu eta bidenabar kotxe gabeko dohakabeon bizitzak arriskuan jartzeagatik?) eta 2.1) hortaz, zuzen eta zurrun eta irakurri ezinik joan behar izaten naizela jesarlekuan jesarrita, gosaldu dudanarekin ingurukoen arropak ez zikintzeko; aise ondorioztatu daiteke, denbora hiltzeko baliabide gutxi gelditzen zaizkidala eskura autobusera igotzen naizenean eta askotan, ezin izaten dudala albokoen solasaren aditzea ebitatu (gainera badirudi garraio publikoak jendea bultzatzen duela barrenak husteko behar  jendarte-indibidualdu-honetan-gero-eta-larriago hori ozenki praktikatzera). Duela gutxi, beraz, mikroxenofobia kasu maitagarri batez gozatzeko aukera izan nuen, baina mikro aurrizkiak ez du ezdeusa esan nahi eta krisiarekin asko ugaldu dira fobia guztiak eta aski da.

Pepe Danquart (Singen, 1955) zinemagile alemaniarraren 1993ko film labur bat aurkezteko kontatzen dizuet hau guztia, horrek ere bai arrazakeria duelako hizpide. Horrelako lanetan erraz ikusten da non dagoen jazarpena eta atsoak guztiok sutuko gaitu (hots, sarrera luzearen ostean oraindik ere bideoa ikusten baduzue), baina zailagoa da eta maila batean baita garrantzizkoagoa ere, eguneroko bizitzan erne egotea eta hurkoarengan baina batez ere geure buruengan detektatzea jarrera eta diskurtso kaltegarri horiek.

Azkenik, laga testuinguru apur bat ematen, bideoaren ulermenarako beharrezkoa edo gutxienez oso lagungarria delakoan. Lehenik eta behin, izenburuari dagokionez, literalki bidaiari beltza esan nahi du, baina horrek alemanez esanahi metaforiko oso orokortua du, alegia, garraio publikoan bidai-txartelik gabe doan pertsona da (geuk ere maiz erabiltzen dugu kolore hau ekintza ilegaletarako, adibidez, diru beltza edo beltz lan egitea). Kasu honetan noski, esaldiaren esanahi metaforiko eta literalaren arteko jokoaz baliatzen da zuzendaria. Bigarrenik, bideoko protagonistak “hotentote” hitza darabil, zeina khoikhoi Afrika mendebaldeko herri indigenari erreferentzia egiteko erabili izan baita. Bukatzeko, aintzat hartzekoa da bideokoa 90. hamarkada hasierako Berlin dela, hots, DDRaren amaieraren ostean egoera berrira moldatzen saiatzen ari zen hiritarrena (ekialdea mendebaldearen arauetara makurtu beharra, langabezia tasa altua, ekialdekoen pobreza mendebaldekoekin alderatuta, etorkin kopuru handia). Garai hartan eraso xenofobo ugari eta larriak jazo ziren Alemaniako hainbat lekutan.

Obra honek 1994an Oscarra jaso zuen, film labur onenari.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=QOun1Ij-I9E]

Tags: